Hitzaldia
26Iraila
2004
26 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
2004. Alderdi Eguna

Hitzaldia
Iraila 26 | 2004 |
Hitzaldia

Balioen garaia gazteek erabakitzeko ordua
Xiberotik etorritako abertzaleok, Baxenafarrekoak, Lapurditik etorritakoak, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Arabatik etorritako abertzale guztiei. Eguerdion guztioi.
Lurralde ezberdinak, hizkera anitzak, Axular idazle nafarrak orain dela ia laurehun urte esan zuen bezala: “Zeren anitz moldez eta diferentki mintzatzen baitira Euskal Herrian”. Baina, aldi berean, nazio bat eta bakarra, Iparraldeko Michel Labaguerie-k kantatu zuen moduan: “Gu gira Euskadiko gaztedi berria, Euskadi bakarra da, gure aberria”.
Nire aitak umea nintzela erakutsi zidan Labaguerie-ren abestia. Gure seme-alabek ere horixe ikasiko dute. Eta gure seme-alaben seme-alabek katea jarraituko dute. Aspalditik gatoz, antzinatik, hemen gaude oraindik, eta herri honek, gaur eta hemen, ezer baldin badu, batez ere etorkizuna du. Ezinezkoa egingo zaielako Herri bat garela ukatzea, ezinezkoa gure naziotasuna ez onartzea. Indarra dugulako. Indartsu gaudelako.
Helburu hau lortzeko tresna geldiezina eskutan dugulako. Demokrazian indartsuena den tresna, hain zuzen ere: Hiritarren hitza eta borondatea. Horrexegatik, bakean eta askatasunean, gure etorkizuna erabakiko dugu.
Kanpotik heldutako lagun gonbidatuak ere agurtu nahi ditut. Kataluniatik etorritakoak. Xabier Letek Kataluniari buruz esan zuen bezala, “zu zera beste aberri, etxe hurbil maitea”. CiUtik Josep Antoni Duran eta Felip Puig; Kataluniako iparraldetik Jordi Vera; Galiziatik, Xose Manuel Beiras laguna; Valentziatik Josep Maria Panyella; Mallorcatik Pere Muñoz eta Damià Nicolau; Kanariar uharteetatik Juan Jesús Ayala eta..., Andaluziatik Juan Carlos Soriano, Kurdistaneko laguna Carlos Kurdi, Afrikako Angolako eta Biokoko lagunak Virgilio Samakuba eta Honorato Mao,  Saboiatik Claude Gervais eta Patrice Abeille, Okzitaniatik Philippe Sour, Bretainiatik Pierre Fourel, eta Italiatik Flaminia Baffigo.
Baina gaur, batez ere, gogora ekarri nahi ditut falta diren guztiak. Aralarko San Migeletik hasi eta gurekin alderdi egunetara azken urteotan etorri izan direnak. Aititak, amamak, batzuentzat aita, beste batzuentzat ama, besteentzat anaiak, arrebak, ahizpak edo nebak. Betirako joan zaizkigunak. Gure aurretik izan diren guztiak gogoratu nahi nituzke gaur. Beraiei esker gaudelako hemen. Eta alderdi hau, eta Herri hau, gaur egungo askatasun-mailara eta dugun ongizatera heldu bada, aurreko belaunaldien lanari esker izan delako. Beraiei esker. Gaur ez daude zelai honetan, baina gogoan ditugu. Eta batez ere, beraien bidetik, beraien ildotik, jarraitzeko prest gaude.
Orain dela hogeita bost urte Olarizun eta Aixerrotan EGIren akanpadan ginen gazte asko, gure seme alabekin etorri gara gaur Forondara. Eta hemen aurrean lo gutxi eginda zaudeten gazteak, zuen seme alabekin etorriko zarete urte gutxi barru. Xabier Lete berak zioen bezala, « gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak ». Hau da gure herriaren katea. Urteak joan eta urteak etorri, eten ez den katea. Abertzale baten eginkizuna, kate honek iraun dezan lana egitea da.
Hogeita zortzigarren alderdi eguna dugu hau. Eta gaur gogora ere ekarri nahi dut hogeita bost urtetan hemen hizlari izan dugun gizona. Abertzaletasunak izan dituen hogeita bost urterik arrakastatsuenetan gure alderdiaren gidari izan dena: Xabier Arzalluz.
 Badakit ez zarela omenaldi zalea, Xabier. Ondo dakigu, Euskalduna Jauregian esan zenuen bezala, ate txikitik irtetea nahi izan duzula. Baina gugandik ez zara irten Xabier.
Hemen jarraitzen duzu. Nahi nuke Xabier, gaur, Forondako zelai hau, zuretzako omenaldi xumea izatea. Behar bada zuk askoz ere hitz ederragoekin esango zenuke. Nik soil-soilik, eta hemen gauden guztion izenean, esker ona adierazi nahi nizuke, Xabier.
2004. urte honetan hiru urteurren ospatzen ditugu: Agirre lehendakaria jaiotzearen mendeurrena, EGIren sorreraren mendeurrena eta Gernikako Estatutuaren hogeita bosgarren urteurrena. Orain dela 100 urte Agirre lehendakaria jaio zen. Harro gaude José Antonio Agirreren jarraitzaileak izateaz. Agirreren, Manuel de Irujoren, Juan Ajuriagerraren, Xabier Landabururen, Joseba Rezolaren, Leizaola lehendakariaren eta abarren seme-alabak gara. Frontean faxismoaren aurka borrokatu zen belaunaldi osoaren ondorengoak gara. Gerra kontseiluak eta, sarritan, fusilamenduak jasan zituenen ondorengoak. Askok erbestera joan behar izan zuten, egunen batean Euskadi aske batera itzultzeko asmoz. Harro gaude gure aurrekoez.
Agirre lehendakaria belaunaldi horretako erreferentea da. Segurutik XX. mendeko euskaldunik garrantzitsuenetarikoa izan da. Zapaldutako herri baten lehendakaria izan beharrean, beste Estatu bateko presidentea izan bazen, mende osoko Europako estatistarik handienetarikoa izan zela esango litzateke.
Aznarri inoiz ere ez diogu barkatuko, gezurraren eta manipulazioaren bidez, Agirreren, Ajuriagerraren eta Irujoren Alderdiaren izena biolentziaz zikindu nahi izana. Ez dugu inoiz ere ahaztuko Aznarrek Estatuko aparatu politiko eta mediatiko osoa erabili zuela, abertzaletasuna biolentziarekin lotzeko eta horren izen ona zikintzeko. Agirre lehendakariak eta horren belaunaldiak Gernikaren inguruko gezurra eta manipulazioa bizi izan zituzten. Guk, berriz, bost urtetan ETArekiko konplizitatearen inguruko gezurra bizi izan dugu. Iruzur egin diete fede oneko espainol askori. Ez dugu inoiz ere ahaztuko manipulazio hori.
Izan ere, Agirrek argi eduki du beti abertzaleok askatasuna eta demokrazia aukeratuko genuela, intolerantziaren eta faxismoaren aurrean. Eta horren ondorengoak garenok badakigu ETA intolerantziaren adierazlea dela. Zinegotziei mehatxu egitea, ertzainei eraso egitea, horien familiei beldurra eramatea edo enpresaburuei estortsioa egitea (txantajea onartzeko prest ez egoteagatik) faxismoa dela, argi eta garbi. Gizakiaren bizitzaren gorengo balioa ere Agirrek eta horren belaunaldiak erakutsi zigun.
Hunkigarria da Espinosa sailburuak Agirre lehendakariari Gasteizko espetxean exekutatua izan baino lehen bidalitako gutuna irakurtzea. Azkenean hauxe esan zion: “Besterik ez, lagun min hori eta lehendakari handi hori. Historiak denok epaitzen gaituenean, jakingo dute ahalegin guztia egin genuela presioen heriotza ekiditeko eta geure aurkako ideia guztien errespetua kontserbatzeko. Besarkada handi bat betira arte”.
Bere ardurapeko presoen duintasuna eta eskubideak mantentzen saiatu ziren. Horiexek ziren euren balioak. Balio horiek dira orain geureak. Beraz, errespetu bera eskatzen dugu presoen familientzat, joan-etorri luzeak egin behar izaten baitituzte etxekoak ikusteko. Preso horiek egindako delituak oso ankerrak izan arren, euren gurasoak, neba-arrebak eta seme-alabak ez dira errudunak. Eta inork ere ez du eskubiderik horien aurkako mendeku politika aplikatzeko.
Horiexek izan ziren Manuel de Irujoren balioak, 1938an Errepublikako ministrotzat dimititu zuenean, heriotza zigorrak sinatu nahi ez zituelako. Hori guztia gure Alderdiaren oinarrian eta bihotzean dago, eta gizakiaren askatasunaren eta duintasunaren aurka doazen guztiek badakite aurrean izango gaituztela beti.
Agirre lehendakariaren beste pasio handia euskal nazioaren defentsa izan zen. Estatuko gainerako herriekiko errespetuzko erlazioaren bila zebilen beti, baina naziotzat dugun askatasunean eta proiektu horretan parte hartzeko borondate askean oinarrituz. Jarrera hori ere Euzko Alderdi Jeltzalearen barnean dago.
Orain dela 26 urte, Olarizuko Alderdi Egunaren ostean, Alderdiak Biltzar Nazionala egin zuen, Konstituzioarekiko jarrera finkatzeko. Biltzar horretan, 78ko udazkenean, EBBk Konstituzioari buruzko gogoeta bat aurkeztu zuen, eta bertan hauxe esaten zen: “Alderdi Nazionalistatzat nekez egon gaitezke ados Estatuaren agintetik (jatorrizko subiranotasuna berorrek duelakoan) emandako autonomia soilik ematen duen Estatuaren ulermenarekin”.
Horixe izan zen gure jarrera 1978an eta horixe da 2004an ere. Beraz, jakin dezala Zapatero presidenteak, Konstituzioaren erreforma planteatzen ari den garai honetan: euskaldunok Estatu proiektuan parte hartzeko, borondatezko partaidetza bermatu behar zaigu, erabakitzeko daukagun ahalmenean oinarrituz. Horixe da gakoa. Ezin izan zen 1812an. Ezin izan zen 1931n. 1978an ere ezin izan zen, eta beraz, Euskadiko gizartearen zatirik handienak ez zuen onartu Konstituzioa. Ez dugu inoiz ere onartuko eskubide hori errespetatzen ez duen Espainiako Konstituziorik.
Agirre lehendakaria europazale amorratua izan zen. Gaur egun, Borrel edo Mayor Oreja bezalako jakobinoek Europaren aldeko apustua egiten dutela diotenean, gogoratu behar da Agirren, Irujoren, Landabururen, Rezolaren eta faxismoaren aurka borrokatu, erbestea jasan eta Europa politikoaren sorrera eragin zuen belaunaldiaren seme-alabak garela.
Manuel de Irujok esan zuenez, belaunaldi horrek berehala ulertu zuen Europa hori ez zela guk nahi genuen herrien Europa, estatuen Europa baizik.
 Baina Europar Batasun horrek, bertan estatuek agindu arren, aukera emango du mugak desegiteko eta gu etorkizunean Europaren barruko nazioa izateko.
Inork ez digu esango, gainera, gu baino europazaleago denik. Agirre, Landaburu eta Irujoren eskutik, Eusko Alderdi Jeltzaleak Europar Batasunaren sorreran egon baitzen. Eta ez beste inor baino argiagoak garelako. Muga batek zatitutako herria izan garelako baizik.
Mugek zatitutako herriak eta estaturik gabeko nazioak gara Europaren defendatzailerik sutsuenak. Horregatik ausartu izan gara eskatzen, behin eta berriz, Estatuen armada, muga, diplomazia eta enbaxadarik gabeko Europa batua. Munduan zehar ahots eta ordezkaritza bakarra izango duen Europa batua aldarrikatzen dugulako.
Agirrek ondo zekien gure herria bi estatutan banaturik dagoela. Ondo zekien, euskaldunok Euskadi batua edukitzeko (Iparralde eta Hegoalde batuta), beharrezkoa zela Europar Batasunaren prozesuak aurrera egitea eta, egunen batean, Bidasoaren muga betiko desagertzea. Izan ere, Europar Batasunaren prozesuak aurrera egin ezean, Iparralde eta Hegoalde urrun egongo dira bata bestetik. Eta gure helburu politikoa Aturritik Ebrorako eta Enkarterrietatik Zuberoarako Euskadi izango da beti. Hori ahazten badugu ez du mereziko Alderdi honetako militantea izatea.
Eta Agirre euskaltzalea izan zen. Bere hizkuntza maitea, euskara, landu eta menderatu egin zuena. Eta bere seme-alaba guztiei, irakatsi ziena. Egungo Ibarretxe lehendakariak egin duen gauza berbera. Agirre lehendakariaz harro sentitzen garan moduan, gaur, lehendakari, zutaz ere harro sentitzen gara. Gure lehendakaria zarelako, eta gure lehendakaria izango zarelako.
Aurten EGIren mendeurrena da, eta horri behar bezalako aipamena egin behar zaio. Harro nago EGIko militantea izanaz. EGIk herri hau maitatzen erakutsi zidan. EGIk nire militantzia gidatu duten oinarrizko balio politikoak erakutsi zizkidan: euskal nazio integratzailea, askatasuna, giza eskubideen errespetua eta justizia soziala. Zor handia daukat EGIrekin. Beraz, lehenengo eta behin, dei egin nahi diet Alderdiko organoei. Gazte horiek Alderdiaren bizitza politikoan parte hartzeko aukera eman behar diegu. Gauzak ondo eta txarto egiteko aukera eman behar diegu. EGI, izan ere, Alderdiak gazteekiko dituen politiken erreferentea izan behar da.
Baina Alderdiko gazteekiko zorroztasuna ere erakutsi nahi dut. Heziketa ona behar duzue. Asmo handiko proiektuak eduki behar dituzue. Kritikoak izan behar zarete, batik bat zeuen buruarekiko. Zeuen beharra daukagu, inoiz baino gehiago.
Baina heziketa onekoak izan behar zarete. Euskal nazioa eraikitzeko konpromisoari, Alderdiak duen konpromisoari, jarraipena emateko ardura duzue. Hasieran, “gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak” ospetsua aipatu dut. “Zuek zerate ardaxka gazteak”. Erantzukizun historikoa duzue, batez ere Alderdia gure herriak lortuko duen marko berriaren eragilea izango den une honetan. Izan ere, une honetan gure etorkizuna aukeratuko dugu bakean eta askatasunean.
Konpromisoa eskatu nahi dizuet. Eta, batik bat, balioak. Errespetuaren balioa, pertsonen errespetua, horien eskubideen errespetua, bizikidetzaren errespetua, gizarte baten erabaki demokratikoen errespetua, gutxiengoen errespetua, kohesio sozialaren errespetua, baztertuenen laguntza, desberdintasunarekiko errespetua...
Horiexek dira EGIko gazte batek defendatu beharreko balioak. Eta, gainera, konpromisoa. Herri proiektu batekiko konpromisoa, politika agintea, eragina edo interesak lortzeko baliabidetzat hartzen dutenen aurrean.
Eta, batez ere, baztertu gorrotoa zeuen bihotzetik. Ez izan gorrotorik iraintzen zaituztenei, mehatxu egiten dizuetenei, mesprezatu egiten zaituztenei. Horixe da Alderdiaren handitasuna, eta zuek horri eutsi beharra duzue. Lurgorri bezalako pertsonen ereduari jarraitu behar diozue: ez zuten inoiz gorrotorik izan, ez zuten inoiz ezer eskatu eta den-dena eman zuten, baita euren bizitza ere, herri honen alde.
Bestalde, 25 urte dira Gernikako Estatutua onetsi zenetik. Orain dela 25 urte, Aixerrotan, Baietza proposatu genuen Estatutuaren alde: “Estatutuari Bai”. 25 urte igaro dira, eta argi asko eta itzal batzuk egon dira.
Baina Alderditzat zuzen ibili ginen apustu hori egitean. Gaur egun, gazteok telebista euskaraz ikusten duzue. 1983ko Urte Berri egunean, batzuk negar egin genuen, albistegiak, filmak eta futbol-partidak euskaraz ikusi genituenean. Ordura arte ez genuen inoiz ere halakorik ikusi. Euskaraz alfabetatu beharra izan genuen, gaueskola batean. Guraso askok ezin izan diete seme-alabei gure hizkuntza erakutsi, baina orain, berriz, euskaraz jolasten dira euren ilobekin.
Garai hartan gure ekonomia zatika erortzen ari zen, eta orain, ostera, Europako errentaren gainetik gaude. Hitzarmen Ekonomikoa lortu genuen, eta geure herriaren egoera iraultzeko (galtzerdia balitz bezala) ahalmena lortu dugu. Ertzaintza garatu dugu. Harro esan dezakegu ez garela bakarrak izan lorpen horiek eskuratzen, baina aurrerapen horren eragile eta sustatzaile nagusiak eta aktiboenak izan garela.
Baina itzalak ere egon dira. Orduko Estatutua Ituna izan zen. Berori errespetatzeko konpromisoa hartu zuten bi alderdien arteko Ituna. Baina alderdiotariko batek ez du berea bete: 25 urte geroago oraindik ez ditugu transferentzia batzuk lortu, esaterako, Ikerketa, Gizarte Segurantza eta enplegu politikak ez daude Euskadiko erakundeen esku. Gizarte Segurantzak eta INEMek Euskadin sortzen duten soberakinarekin (kotizatzen duguna ken prestazioak), urtean bost Guggenheim eraiki ahal dira. Eta, gero, erregimenaren zerbitzuan dauden ekonomialariek esaten dute lehendakariaren proposamenak hondamenera garamatzala. Gainera, Madrileko Kongresuak lege asko onetsi ditu gure autogobernua murrizteko. Hezkuntzan, Unibertsitatean eta Osasunean egin dute hori. Ituna apurtu eta alde bakarretik aplikatu dute, eurek nahi izan duten bezala. Joko-arauak euren erara aldatu dizkigute.
Halaber, ez gaituzte utzi Europar Batasunean, erabakiak hartzen diren lekuan, presentzia edukitzen, eta horrela, ezin izan dugu gure autogobernua defendatu. Eusko Jaurlaritzak azken urteotan Brusselan egoteko aukera izanez gero, Sestaoko Naval enpresa orain ez legoke hondamendirako bidean egongo, PPk lehenengo eta PSOEk gero bertara bideratu baitute.
Hortaz, autogobernu berria behar dugu. Euskadin geure hezkuntza eta unibertsitate sistema eduki nahi dugu. Geure nortasuna errespetatuz, mundu ireki baterako heziketa eskaini nahi diegu geure gazteei. Beraz, aurrera atera nahi dugu Estatutu Politiko Berriaren proposamena.
Baliabide ekonomiko guztiak Euskadiko erakundeen esku egotea nahi dugu, eta ez, adibidez, abiadura handiko trenarekin gertatu dena: lehenengo zirriborroa orain dela 21 urte egin zen eta oraindik ere induskailu bat bera ere ez da martxan hasi. Estatutu Politiko Berria behar dugu aberastasuna eta enplegua sortzeko, aurrean dugun munduan moldatu ahal izateko.
Alde guztietan egoteko garaia da. Europan egon behar dugu, erabakiak bertan hartzen baitira. Itsas sektorea bertan defendatu behar da, baita enplegua sortzen duten enpresekiko pizgarriak ere. Horrexegatik ere nahi dugu itun berria. Bermeak eskaintzen dituen Estatutu berria.
Euskadiren eta Estatuaren arteko errespetuzko harreman eredua behar dugu.
Bertan parte hartu eta konpromisoak geureganatuko ditugu, baina askatasunez erabakitzeko ahalmenean oinarrituz, eta bidezko tresna eta politika guztiak aukeratu nahi ditugu, arazoei aurre egiteko gaitasuna edukitzeko. Estatutu Berriaren Proposamena horrexegatik ere nahi dugu.
Nik ezin izan nuen botorik eman Gernikako Estatutuaren garaian. Hemen gaudenon erdiak-edo ez genuen horretarako aukerarik izan. Gazteegiak ginen. Geu ere geure etorkizuna erabakitzeko irrikan gaude. Eta horretan saiatuko gara.
Azken urteotan euskal gizarteak lortu dituen ongizate eta bizimodu ona gure autogobernuaren fruitu izan dira gehienbat. Europako bataz besteko aberastasun-maila lortu dugu hainbat arlotan: errentan, lanpostuetan, enpresen ikerkuntzan...
Baina erabateko aurrerapauso nabarmena emateko ordua da. Euskadik hasi behar du bere burua Europako herrialderik aurreratuenekin konparatzen: Finlandia, Bavaria, Flandes, Baden-Wütenberg eta honelako herrialdeekin. Eta, horretarako, beste autogobernu-maila bat behar dugu... eraberritzaileagoa, modernoagoa, herritarrekin lotura izango duena eta euskal gizartearen babesaz baliatuko dena. Estatutu berria behar dugu, Euskadin Europan aitzindari izateko, bakean bizi izateko, geure aukerei buruzko ziurtasuna izateko, euskal gizon eta emakumeok ilusioz eta konfiantzaz gure etorkizuna erabaki ahal izateko. 
Euskaldunok aspaldian izan dugun egitasmorik ederrena dugu egiteko...
Bai. Euskaldunon belaunaldi batek aspaldidanik eskuartean izandako lanik zirraragarriena daukagu aurrean. Eta baztertu egin behar ditugu mugikortasunik eza, gure talde eskubideak ukatzen dituen zentralismoa eta, batez ere, ETAren biolentzia, horrek guztiak oztopoak jartzen dituelako gure herriak aurrera egiteko eta geure etorkizuna erabakitzeko. Lehenengo fase honetan guk hori ez lortzeko ahalegina egingo dute. Horrenbestez, udazken honetan 36 legebiltzarkide badugu eta 38 behar badugu, horiek lortzen saiatuko gara. Herri hau batzuek nahi duten tunel ilunetik atera nahi dugulako. Ez da temakeria. Borondate demokratikoa da. Iraunkortasuna da. Euzko Alderdi Jeltzalea da. Gaur egun, euskaldun bat inoiz baino garrantzitsuagoa da. Gutariko bakoitzak bere esku dauka indarra. Euskaldunok aurten mobilizatzen bagara, gure indarrekiko sinesmena badugu, gure etorkizuna eraikitzearen aldeko apustua egiten badugu, aurrera egingo dugu.
Gauza berezia eskatu nahi dizuet. Hau ez da lehendakariaren proposamena.
Euskaldun askoren proposamena da. Herri honek esfortzua merezi duela uste dugunon proposamena. Aurrean ditugun garai berrietarako autogobernua nahi dugunon proposamena. Euskaldunok Espainiako estatuarekin nahi dugun harreman mota aukeratzeko eskubidea dugula uste dugunon proposamena. Geure burua Europan eta munduan ikusten dugunon proposamena. Euskadi baketsua, arriskatzea merezi duena, nahi dugunon proposamena; bere etorkizuna erabakiko duen Euskadi nahi dugunon proposamena. Geuk erabakitzeko ordua da.
Gaur konpromiso bat hartuta irten behar dugu denok bertotik. Familian, lanean eta lagunekin lan egiteko konpromisoa. Bakeak, bizikidetzak eta denon borondatearen errespetuak hori merezi dutelako.
Orain dela 25 urte ere kalera irten ginen herri honek autogobernua edukitzeko; gaur egun ere abarketak eta ahotik belarrirako mezu sistema berreskuratu behar ditugu, herri honek bere etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko.
Zuen beharra daukagu. Zuotariko bakoitzaren beharra. Zuen konpromisoa behar dugu. Mobilizazioa behar dugu. Pertsona bakoitzaren indarra behar dugu. Urte oro garrantzitsuan gaude. Ondo jokatzen badugu, eta hori gutariko bakoitzaren esku dago, gure seme-alabek eskertu egingo dute. Etorkizuna irabaziko dugu. Nazioa garelako eta aurrerantzean ere izango garelako. Horixe da, lehen, orain eta gero, Euzko Alderdi Jeltzalearen helburua.

Gora Euskadi Askatuta

PARTEKATU