Hitzaldia
02Urtarrila
2006
02 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
2005eko balantzea eta 2006rako helburuak

Hitzaldia
Urtarrila 02 | 2006 |
Hitzaldia

Prentsaurreko honetan Euzko Alderdi Jeltzaleak 2005. urtean izan duen balantzea aztertu nahi dugu eta, halaber, 2006. urte berri honetarako erronkak eta helburuak aurkeztu.
Euskal gizarteak legegintzaldi honetan berriz jarri du uste osoa EAJ-PNV alderdiarengan, alderdia hurrengo 4 urteetan Euskadin buru izateko. Eta horixe da, hain zuzen ere, apaltasun osoz baina era berean uste osoz hartu dugun erronka. Ibarretxeren izendapena berritu dugu eta Gobernuan hiruko akordio berri bat egitean lehenak izan gara, betiere aurreikusi ditugun zereginak burutu ahal izateko. Aipatu zereginak, funtsean, lau dira: bakea, ekonomi-ongizatea eta enplegua, bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako herritarrentzako zerbitzuak eta normalizazio politikoa. Eta horiek guztiak burutu ahal izateko, euskal gizarteak 2005. urte honetan erakutsi digun beste mezu bat barneratu dugu: akordio zabalak egiteko beharra eta talde ezberdinen artean ados jartzeko beharra herrialdearen proiektua aurrera eraman ahal izateko.
 
Euskopolis: Berrikuntza eta modernizazioa
 
Akordiorako urrats atsegin batekin amaitu dugu urtea. EAJ-PNV alderdiak bi helburu zehatz lortzeko asmoz bultzatu ditu akordioak: berrikuntza eta modernizazioa Euskadin. Herritar gehienak lasai gelditu dira eta batez ere pozik gelditu dira akordio horiekin; soilik ez dira izan akordioak gustukoak adostasunik ezaren eta norgehiagokaren lubakian euren erara bizi direnentzat, muturrekoentzat alegia, PP nahiz EHAKrentzat. Lehenengo akordioa Estatuko Aurrekontu Orokorren gainekoa izan da. EAJ-PNV alderdiak aurrekontu horiekiko konpromiso bat hartu du eta horrek, zalantzarik gabe, Euskadiko ekonomi-ongizaterako eta bizi-kalitaterako onurak ekarri ditu. Abiadura handiko tren modernoa ere errealitate bihurtuko zaigu. 4.100 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da (Euskadin sekula egin den inbertsiorik handiena); eta horri esker, gure bizimodua aldatu egingo da. Donostian biziz gero normaltasun osoz lan egin ahal izango dugu Bilbon, edo Bilbon biziz gero Gasteizen lan egin, edo Gasteizen biziz gero Donostian lan egin, etxetik lanera ordu erdian eramango gaituen garraio publikoa izango dugulako. Euskadiko lurralde-antolaketa eraldatu egingo da. Azkenean Euskopolis zer den jakingo dugu, komunikazio-ardatz horren inguruan gauzatutako bizimodua duen euskal hiria, eta gero Eurohiriarekin integratuko dugu, Donostia-Baiona ibilbideak etenik gabeko hiri hau batuko duelarik: Euskal Hiria.
 
Obra horren ondorioz, gure administrazioen ekonomi-jarduera, teknologi berrien aplikazioa, enpleguaren sorrera, zerga-sarrerak asko izango dira. Eta akordio horren barruan ezin aipatu gabe utzi Pasaiako badia leheneratzeko eta Kanpoko Portua egiteko laguntza, Gipuzkoak hurrengo hamarkadarako ekonomia eta ingurumen aldetik duen erronka handia baita berau, eta europar mailako zentro zientifiko-teknologikoaren sustapena. Eusko Jaurlaritzak, gainera, tren modernoaren proiektua sustatu dezake, urtero Estatuari ordaintzen diogun Kupotik egindako inbertsioak deskontatuz. Horrenbestez, autogobernurako aurrerapen garrantzitsuak ditugu aurrean.
 
Erakundeen arteko hitzarmenak
 
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen onarpena garrantzitsua izan da, 2006ko legealdia oreka instituzionalaz hasi baita. Eusko Legebiltzarraren bi herenaren onarpena izan duten aurrekontu horiek, azpiegituren, enpleguaren eta etorkizuneko ongizatearen oinarri diren zientziaren eta teknologiaren, hezkuntzaren eta kalitatezko osasun zerbitzuaren alde egiten dute. Eta aurrera begirako pausuetan akordio horrek zer nolako garrantzia duen ere ezin da ahaztu, batez ere, azken urte hauetan euskal politikagintzak bizi izan dituen jarrera urrunak gerturatzeko. Berreskuratu berri dugun konfiantza hori behar izango dugu, guztion artean, bakea eta normalkuntza politikoaren erronka lortzeko.
 
Azken orduotan lortutako beste akordio garrantzitsua gure lurraldeko hiru diputazioek adostutako sozietate gaineko zergaren ingurukoa izan da. Positiboa oso, instituzioek ahalegin handia egin baitute ehun ekonomikoari konfiantza eman asmoz. Gure instituzio arteko barne-egituran akordioetara iristeko eta elkar ulertzeko gaitasuna dagoela nabarmentzen dutelako. Ez ahaztu, ordea, badela konpondu beharreko arazo garrantzitsu bat. Europak eta Espainiako Estatuak Kontzertu Ekonomikoari zor dion legezko errespetua, errespetua inbertsioei eta enpresei segurtasun juridikoa emateko eta etorkizunari begira erreminta indartsu bat izateko, besteak beste, enplegua sortzeko, herritarrei ongizatea emateko eta munduko aktore ekonomikoek (Txina, India, Erdialdeko eta Ekialdeko Europa) gure enpresei jartzen dizkien erronkei aurre egiteko.
 
Horregatik, gure Batzar Nagusietatik eratorritako araudi fiskala blindatu behar dugu, Estatuarekin elkarlaguntza bilatu gure Kontzertu Ekonomikoa Europak errespetatu dezan. Luxenburgoko Justizia Epaitegian Azores-ko kasuaren inguruan Abokatu Nagusiak egindako adierazpenek Kontzertua, sistema fiskal orokor moduan, onartzeko atea zabalik uzten dute.
 
Kontzertu Ekonomikoari esker, Euskadiko diru bilketa hiru lurraldetako Diputazioek egiten dute eta banatu, Estatuari kupoa kendu eta gero, Eusko Jaurlaritza, Diputazio eta udaletxeen artean. Banaketa hori Ekarpen legeak finkatutako irizpideen arabera egiten da, eta aurten, 2006an, berriro negoziatua izan beharko da.
 
Instituzio bakoitzak ematen duen zerbitzuaren arabera (nork bermatzen duen hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, azpiegiturak…) banatzen da. Aurtengorako erronka, euskal gizarteak bizi duen egoeraren, erronka ekonomikoen eta biztanleriaren adinaren (gizarte gero eta zaharragoa, beraz, zerbitzu berriak) araberako eredua finkatzea da. Euzko Alderdi Jeltzaleak, maila ezberdinetan dituen ardura instituzionalei so eginez, akordio hori bilatzeko eta aurkitzeko erronka bere gain hartzen du.
 
Bakegintza eta normalizazioa
 
Datozen hilabetetarako erronka handia da bakea. 2005. urtean zehar EAJ-PNVk argi eta garbi erakutsi du EBBk urriaren 10ean onartu zuen ekimena medio zein den bere jarrera. Galtzen utzi ezin dugun aukera baten aurrean gaude. Horretara, ordea, balore zehatz eta gardenekin gerturatu behar gara.
 
Jakitun gara bake-nahia eta bere lorpena ezin direla inondik ere egitasmo edo helburu politiko jakineko baten menpe utzi. Baina jakin ere badakigu politika lagungarri gertatu daitekeela, alegia alderdien arteko elkarrizketa politikoak nolabaiteko normalizazioa erakarri dezakeela, bakea behingoz egia izan dadin eta gure herrian kokatu dadin.
 
Eta prozesu honek giltza bat du. Ezin dugu jarraitu behin eta berriz bazterrak nahasten, eta ez dugu onartu behar inor aritu dadin han-hemenka txipiroiaren tintarenak egiten. ETAri dagokio behingoz eta betirako indarkeria uztea, beti ere pertsonei egindako mehatxuak eta xantaiak baztertuz. 2005eko maiatzean Kongresuan eragin eta onartu genuen ebazpenean aditzera ematen den bezalaxe, indarkeria uzteko seinale argiak agertzen diren unean ETA eta Estatuaren botereen arteko elkarrizketa bideratuko beharko da. Eta alderdiak konprometitu gara ondoren salbuespenik gabeko elkarrizketari ekiteko, baldintzarik gabeko elkarrizketa alegia, herri honetako nahikunde politiko ezberdinek elkarren arteko topagunea aurkitu dezagun, nolabaiteko itun bat hiritarren erabakiak onartuz etorkizuna eraiki ahal izateko, hiritargoa baita azken unean kontsultaren bitartez akordioa onetsi beharko duena.
 
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere ekimenean dioenez gero, akordio horrek herri honetako nortasun eta sentsibilitate politiko ezberdinen arteko integrazioa landu beharko du, eta bere garaian Gernikako Estatutuak lortu zuen babesaren bezainbateko gehiengoa eskuratu behar izango du. Hau da, guztion arteko topagune berri bat, gutxienik aurrekoak lortu zuen besteko atxikimendua lortu beharko duena.
 
Baina guztien onarpena bereganatu beharko duen akordioa, euskal hiritarren erabakiaren ildotik abiatu beharko dena, denok onartu beharko dugun erabakia hain zuzen ere, eta marko juridiko politiko berrian sartzeko bideak egin. Hau da, laburbilduz bi oinarritako akordioa proposatzen dugu: Ez derrigortu eta ez eragotzi. Ez derrigortu aurrekoek baino babes gutxiago izan lezakeen akordiorik, eta ez eragotzi aurrekoek baino atxikimendu gutxiago izan lezakeen akordiorik.
 
Euzko Alderdi Jeltzaleak negoziazioaren mahai gainean jarriko ditu Estatu Politiko Berriaren Egitasmoan biltzen diren formulazioak. Hauxe da gure helburua. Baina gure helburua izango da, beti ere gogoan izanda aurreko akordioek lortu zuten atxikimendua baino gehiago lortu dezaketen akordioek baino ez  dituztela euren barruan bilduko Euskadiren etorkizun politikoa bideratzeko oinarriak.
 
2006. urtean, datorren udaberriko udal eta foru hauteskundeak antolatu beharko ditugu. Honek, hiritarrari hurbilekoak zaizkion udal politikak zehaztera behartuko gaitu. Udal politika hauek baitira, azken finean, hiritarraren ongizatean eta bizi kalitatean eragin zuzena dutenak. EAJk, erakundeetatik azken 25 urteetan egin izan duen legez, udal egitasmoaren alde lan egingo du eta hiritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokituko da. 
 
Bakea lortzeko itxaropentsu gaude, nahiz eta itxaropen honek hainbat ñabardura eskatu. Behin eta berriz adierazten baitugu bakerik ez dela izango bortizkeriatan ari denak bortizkeriari muzin egiten ez dion bitartean eta demokraziaren eta politikagintzaren apustua egiten ez duen bitartean. Benetako borondatea behar dugu guztiok erakutsi, euskal gizarteak nahi eta behar duen autogobernu-maila euskal alderdi guztien artean adosteko lehenik eta, ondoren, Estatuarekin. Besteak beste, berrikuntza eta modernizazio egitasmo bat, Euskadi buruzagi izan dadin Europa barruan hazkuntza ekonomiko, ongizate eta bizimodu-kalitate handiko eremuen artean. Hauxe da gure erronka 2006ko urterako.
 
Nazioarteko harremanak
 
Alderdi gisa, gure nazioarteko harremanetan lan egiten jarraituko dugu. Ezin dugu ahaztu 2005. urtean euskal gizarteak egin zuen Europaren aldeko apustua eta egitasmo europar honen alde gogor lan egiten jarraitu behar dugu. Holandako eta Frantziako erreferendumetan (azken honetan, hots, Iparraldean, baiezkoaren alde), Bretainiakoan, Savoiakoan, Alsazian eta berezko nortasuna duten herrialdeetan eman diren referendumetan, bertako gizartearen eta Europaren arteko harremanak sendotu dira. 2005. urtean zehar ere, Europako Alderdi Demokrataren barruan dugun posizioa sendotu dugu; EADko lehen Kontseilua Bilbon ospatu genuen, mundu mailako Europako Alderdi Demokrataren Idazkaritza iraunkorra eratu dugu Ameriketako Alderdi Demokrata, Japoniako Alderdi Demokrata, Indiako Kongresuaren Alderdia, Thailandiako Alderdi Demokrata, Hong Kong-eko Alderdi Demokrata eta Filipinetako Alderdi Liberalarekin batera. EAJk bertan parte hartzen du, eta egon izan diren eztabaida-leku eta elkarrizketa guztietan izan da.
 
Mundua gero eta bateratuago dago. Erabaki asko mundu mailan hartzen dira; ingurugiroa dela, merkataritza dela, etab. Eta mundu mailako alderdi politikoak ez baldin badaude, demokraziak gizakia erabakietatik aldenduko du. Euzko Alderdi Jeltzalea hurbilekoa den alderdia dugu, euskalduna, lurrari estuki lotua. Guk gure nortasuna sendo eratzeko gogor lan egiten dugu. Zentzu honetan, Aberri Batzarrean, 2005. urtean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen Plana onartu dugu. Euskara, euskaldun gehienok babestu nahi dugun ondare kulturala izateaz gain, milaka gizon-emakumeek komunikatzeko erabiltzen dugun gailua baita.
 
Gure helburu nagusia gizakia da, eta gizakia mundu globalizatu honetan,  protagonista izaten jarrai dezan nahi baldin badugu, inolako konplexurik gabe jokatu behar dugu mundu zabal honetan. Alderdien arteko sareen alde eginez. Era irekian eta konplexurik gabe jokatzen baldin badugu aukerez beteta dagoen mundua zabalduko zaigu. 2006. urtean egitasmo honen alde jokatuko dugu zalantzarik gabe.
 
Josu Jon Imaz
EBBren lehendakaria

PARTEKATU