Baztarrika: "Egiazko elebitasuna lortzea ezinezkoa da deserosotasunik eta nekerik sortu gabe"
Urtarrilean sei hilabete beteko dituzu karguan. Erosoago al zaude?
Jakina. Nahikoa denbora da gauzen nondik norakoez jabetzeko. Lantaldea ere jadanik osatua dugu eta lurreratzen ari garela esaten jarrai-tzeko aitzakiarik ez dugu. Buru-belarri ari gara lanean.
Asteartean azalduko duzue Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren ildo nagusiak zeintzuk izango diren.
Legealdi honetarako gure konpromisoak finkatuko ditugu. Izan ere, gizarteari kontratu moduko bat eskaini nahiko genioke Hizkuntza Politikaren arloan. Non gauden eta nondik gatozen aintzat hartu behar dugu, baina etorkizunari begira zenbait konpromiso hartzea aproposa litzateke. Aurrez aurre dugun erronka nagusia erabilerarena da eta modu eraginkorrean aurre egingo badiogu, zenbait eremutan programa bereziak abian jarri eta sendotu behar ditugu erabileraren mesedetarako.
Zeintzuk dira arlo horiek?
Lehentasun handia eman nahi diogu arlo sozio-ekonomikoari. Lan munduan euskararen erabilera areagotu eta sendotu behar dugu, eta horretarako enpresariak eta sindikatuak aintzat hartu behar ditugu, baita merkataritza ganberak, elkarte profesionalak eta era horretako eragile naturalak. Horrez gain, garrantzi handia eman nahi diogu euskarari administrazioan, euskara zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza ere izan dadin. Halaber, teknologia berrien munduan sarbidea ireki behar diogu euskarari, esparru horretan gure hizkuntzak leku propioa hartu eta mundu zabalaren esku egotea beharrezkoa delako. Beraz, euskarari leku duin eta egokia dagokio Internet-en.
Eta eremu ez formaletan zein ekimen bultzatuko duzue?
Esparru horietan ere euskararen erabilerari bidea ireki behar zaio. Esate baterako, aisialdia, kultura eta kontsumoarekin zerikusia duten produktuetan euskara gizarteratu behar dugu.
Etorkinak aintzat hartuko al ditu sailburuordetzak?
Bai, noski. Gizartea aldatzen ari da. Gero eta etorkin gehiago hartzen ari den gizartean bizi gara eta horren aurrean, euskarari dagokionez ere, programa bereziak ezarri behar ditugu. Hona datozen etorkinak gure gizartean modu naturalagoan integra daitezen, hezkuntza sistema eta helduen euskalduntze eta alfabetatze programak egokitzea ezinbestekoa da.
Euskararen normalizazioari dagokionez, zein da zabaldu nahi duzun mezua?
Gizarte osoak bereganatu behar du euskararen arazoa. Gizarteak jakin behar du euskara ez dela beste ba-tzuen kontua, ez eta kolore politiko jakin batzuena ere: euskara guztion ondarea da. Joseba Sarrionaindiak nonbait idatzi zuen euskararen paradoxarik larriena honako hau dela: "Euskara guztion ondarea da baina gutxi batzuen hizkuntza".
Hori al da euskararen itzalgune nagusia?
Euskal gizarteak ahalegin handia egin du azken 20 urteotan eta Euskararen Legeak, hizkuntza politikek eta gizartearen beraren ahaleginak berealdiko emaitzak eman ditu. Alabaina, edozein prozesu sozialetan gertatzen den bezala, itzalguneak badaude, argiagoak gehiago badira ere. Hutsuneak bi dira nagusiki. Bata erabilpenaren kontua da, bestea adostasunarena. Azken 20 urteotan, euskararen inguruko adostasun sozial, politiko eta kulturalak ez du aurrera egin.
Lortutako akordio mailak atzera egin al du?
Nik esango nuke atzera egin duela, bai. Orain dela 20 urte, euskararen inguruan zegoen adostasun politikoa gaur baino handiagoa zen. Egin beharreko lana ikaragarria da eta adostasun politikoa, soziala eta kulturala areagotzeko premia dago.
Nola?
Batetik, onartu behar dugu helburua hauxe dela, egiazko elebitasun orekatura iristea. Horretarako, euskararen aldeko politika susta-tzaileak nahitaezkoak dira. Politika horrek malgua, pragmatikoa eta integratzailea izan behar du, herritarren borondatera egokituta. Gainera, kontuan hartu behar dugu hau ez dela gauetik goizera konpontzen den arazoa. Gizarte osoaren konpromisoa, tentsio puntu bat, beharrezkoa da. Egiazko elebitasuna gehiegikeriarik gabe lor-tzea posible da baina deserosotasunik eta nekerik sortu gabe ezinezkoa. Egoera gutxituan dagoen hizkuntza euskara da eta berdintasun egoerara iristeko deserosotasunak egongo dira gizarte osoaren partetik. Erdal elebakartasunaren inertzia gainditu beharra dago, benetan uste badugu euskara guztion ondarea dela.
"Politika sustatzaileak" aplikatu behar direla diozunean, zertaz ari zara? Diskriminazio positiboaz?
Hitza ez zait gustatzen baina kon-tzeptua hori dela esan daiteke.
Horrelako politikek erdal eta euskal munduen arteko erlazioa oztopa dezakete?
Ez. Nik asko azpimarratzen dut hizkuntza politika malgua, pragmatikoa eta integratzailea izan behar dela, eta herritarren atxikimendua jasotzea ezinbestekoa dela. Baina egoera hobe batera ezin gaitezke iritsi egoera txarragoan dagoen hizkuntzaren aldeko politikak bultzatzen ez baditugu. Malgua bai, baina lasaitasun osoz hauxe onartu behar dugu: egun, bere hizkuntzan bizitzeko arazoak eta eragozpenak dituena euskal hiztuna da. Gaztelaniaz bizi nahi duenak, berriz, ez du arazorik. Herritarron elkarbizitza sendoagoa, baketsuagoa eta maitagarriagoa izango badugu, hizkuntza kontuan ere berdintasunean jokatzeko aukera dugulako izango da.
Baina hori denbora behar duen prozesua da.
Aurrerapausoak pixkanaka ematea da logikoena baina erdal munduari modu maitekorrean esan behar zaio bere buruari exijitu behar dio euskararen mundura hurbiltzea. Hor arazo bat badago, erdal munduaren eta euskal munduaren arteko etena. Zenbait erdalduni bost axola zaio euskal kulturaren kezkak zeintzuk diren jakitea, eta ez du inongo interesik erakusten. Horrek ez dio inongo mesederik egiten elkarbizitzari. Erdal elebakartasuna bakarrik defenditzeak ez du zerikusirik unibertsaltasuna edota modernotasunarekin.
Eta nola jokatu lezake euskararen munduak berak?
Beharbada, egiten dugun baino gehiago egin genezake. Nire ustez, erdal munduari erakutsi eta azaldu behar zaizkio euskaraz sortzen diren maila bikaineko gauzak. Horrela konturatuko lirateke euskara ez jakitearekin elkarbizitzak eta euskara ez dakitenek galtzen dutela soilik. Elebitasunerako ekarpen handiena ez du egiten elebitasuna hitzez defenditzen duenak eta elebakartasuna modu militantean praktikatzen duenak, baizik eta inongo arazorik gabe euskaraz zein erdaraz jarduten duenak. Halaber, hizkuntzak aurrez aurre ipintzeko jarrerak ezkorrak dira, ez dute ezer onik ekartzen. Nik benetan sinisten dut hizkuntzen arteko elkarbizitza baketsuan.
Adostasuna lortzearen xedea aipatu duzu. Lehenik eta behin, alderdiak jarri beharko lirateke ados?
Premiazkoa da denon artean adostasuna bilatzea, eta alderdi artean ere, euskararen inguruko eztabaidak ez dira izan behar liskarretarako eztabaidak. Enfrentamendu politikotik at uzteko jarrera eduki behar dute alderdi guztiek, eta euskararen aldeko jarrera positiboak hartu. Eta onuragarria izango litzateke gizarte eta kultur arloko eragileek berdin jokatzea, euskararen aldeko aldarrikapena handiagoa izan behar delako. Gure ustez, hizkuntza politikaren inguruan elkarrizketa zabala irekitzea ezinbestekoa da, adostasun sozial, kultural eta politikoa berrindartzeko. Hori da, hain zuzen ere, legealdi honetarako geure buruari jartzen diogun egitekoa.
Noizbait aipatu duzu gizartearen aldaketarekin batera, euskararen tresnak gaurko egoerara egokitu behar direla. Euskararen Legea 1982. urtean onartu zen. Uste al duzu aldatzeko garaia dela?
Euskararen Legea tresna egokia da dagoen moduan; ez dut uste aurrera egiteko oztopoa denik. Alabaina, bere legegintza-garapena behar du. Esate baterako, toki-telebistei dagokienez, dekretu bat badago eta horrek bere arautze propioa beharko du. Beraz, era horretako garapenak logikoak dira baina Euskararen Legearen bizkarrezurra tresna egokia da aurrera eman behar dugun bidea eramateko.Bere garaian, adostasun maila handia lortu zuen Legeak eta gaur esaten badugu akordio maila berrindartu behar dugula, nik uste dut bizkarrezur egokia dela.
Eta hezkuntza ereduak?
Eusko Legebiltzarrak berak onartu du horiek eguneratzeko premia dagoela. Helburua honako hau da: derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleek eduki dezatela behar besteko gaitasun komunikatiboa bi hizkuntza ofizialetan jarduteko. Emaitzek adierazten dutenez, egungo ereduek ez dute hori behar bezala bermatzen. Hezkuntza sistemak eguneratu behar ditugu baina ahalik eta adostasun handiena lortuz eta azterketa oinarri pedagogikoetan planteatuz, ez oinarri politikoetan.