Orain dala 74 urte, 1931ko azaroan, Jabier Landaburuk, Kongresurako Arabako diputatua eta, gero, erbesteko lehendakariordea izandakoak, Nos recondujo a nuestro hogar artikulu hunkigarria idatzi eban “Euzkadi aldizkarian”; orain horren zati bat irakurri nahi dot zeuontzat:
"Eta gizon bat agertu zan. Probidentzia? Kasualitatea? Eta gizon horrek aberkideek ordura arte igarri gabeko arazoak nabaritu ebazan.
Gizon hori joan zan, baina bere lana bizirik dago. Gaur egun, herri hau bere bizitza eraikitzen dabil, eta laster bizitza hori bere esku edukiko dau erabat. Lortu egingo dau, horretarako eskubidea dauelako, baina baita (eta hau oso garrantzitsua da) lortu nahi dauelako eta aurrera atera ahal izango dauelako. Garai batean pertsona baten nahia izandakoa guztion nahi da orain; bihar herri osoaren borondate irmoa izango da".
Gaur, hirurogeita hamalau urte geroago, behin eta barriz jarraitzen dogu esaten Euskadik bere bidetik diharduala herrigintza lantzen eta Jabier Landaburuk esandako moduan burutuko dogula. Nazio bat garelako. Nazioak eskubide osoa daukate herritarren erabagi askearen bitartez euren etorkizunaz jabetzeko. Eta herri honek sekulako borondatea dauka helburu hori lortu ahal izateko. Hauxe izan zan Sabino Aranak erakutsi euskuna esan ebanean: “Euskotarren aberria Euskadi da”. Berak egin ginduan abertzale. Eta horregatik omentzen dogu.
Sabino Arana ez zan integrista izan. Ez zan kontserbadorea izan. Bere garairako berritzailea izan zan. Tentsio positiboa sortu eban kontzientzia askotan. Euskadiko etxe askotan bere ideiek eragin itzela izan eben. Kezka. Ezerosotasuna. Jendeak hauxe galdetzen eban: “Geurea foruak baziren, zer esan nahi dau jaun horrek nazioa eta aberria aipatzen dituenean?”. Sabino modernoa izan zan. Internazionalista eta guztiz demokrata izan zan. Internazionalismoaren eraginez, espetxera sartu eben, kubatarrekiko alkartasuna izateagatik. Euskaldunok XX. mende hasi barriari aurre egiteko behar genduzan erronkak planteatu ebazan. Eta, 110 urte geroago, guk ere helburu bera daukagu. Horrexetarako sortu zan geure Alderdia.
Sabinok Estatuko erakundeen nagusitasun jarreren aurka egin eban, argi eta garbi: jarrera politikoak, sozialak, kulturalak eta intelektualak. Estatuaren agintekeriaren aurrean, partaidetza politiko hurbilagoa, horizontalagoa eta demokratikoagoa proposatu eban. Eta hori guztia orain dala 110 urte.
Alderdia tresnatzat
Sabino 2005ean biziko balitz, zalantza barik, XXI. mendeko Euskadiren erronkei buruz galdetuko eutson bere buruari. Eta, galdera horri erantzuteko, XXI. mendeko planteamenduak eta formulak erabiliko ebazan. Gaur egun munduan dabiltzan ideiak erabiliko ebazan. Bere ideia nagusienetariko bat humanismoa izan zan, eta bere garaiko joera modernoekiko konpromisoa. Europako XIX. mende amaierako joera nazionalistekin bat egin eban. Euskadira Europan modan egoan nazionalitateen printzipioa aplikatu eban. 110 urte geroago, guk beste horrenbeste egin behar dogu. Horixe da aurrean daukagun erronka.
Sabinoren meriturik handiena ez zan ideologikoa izan. Agustin Xaho, Larramendi eta beste hainbat aurretik ibili ziran Sabinok geroago zabaldutako teoriak lantzerako orduan. Sabinoren meriturik nabarmenena ez zan ideia barriak asmatzea izan, han eta hemen zabalduta egoazan ideiak indarrean jartzeko motor edo makinaria barria sortzea baino. Hau da, Alderdia, Euzko Alderdi Jeltzalea. Sabino Aranak bere sasoiko gizartea aztertzen dau eta mugimendu barria antolatzen dau, olioa moduan zabalduko dana. 1895an sortu eta, 15 urte baino ez ditu behar izango herririk herri Alderdiaren sare garrantzitsua edozenbat udaletan zabaltzeko. Izan ere, azken bolada honetan hainbat uri-erakunde eta batzokiren mendeurrena ospatzen ari gara.
Bere garaiko hauteskunde egituren aurrean, Sabino Aranak masako alderdiaren kontzeptu berria planteatu eta konektatu egin eban XX. mende hasierako euskal gizarteak behar ebanarekin. Horixe da, hain zuzen ere, aurrean daukagun beste erronka bat: euskal gizarteko pertsonak inplikatzea, hau da, Euskadirako proiektu barriaren alde egon eta alderdi politikoak organizazio esklereotizatutzat ikusten gaituen pertsonak inplikatzea. Pertsona horien ekarria eta hausnarketa beharrezkoak dira. Zuhur ibili behar dogu. Gizartearekiko partaidetza bideak ireki egin behar doguz. Horixe da alderdi politikotzat daukagun erronka nagusia. Ondo egiten badogu, tresna egokia izango dogu Interneten eta sareko lanaren garaiko euskal gizartea eraikitzeko. Sabinok egitura egokiak sortu ebazan bere garairako. Gure erronka beste horrenbeste egitea da, eta beraz, oraingo gizarterako moduko egiturak sortu behar doguz.
Gaur beste garai bat bizi dogu. Gaur egun, jende asko Bergaran bizi eta Gasteizen egiten dau lan. Diman bizi eta Zamudion egiten dau lan. Eta segurutik ezin dabe inplikatu ez udal erakunde batean eta ez bestean; baina agian parte hartu ahal dabe Alderdiaren foro batean (foro birtualetan ere bai), ideiak eskainiz nahiz hausnarketak eginez eta bakoitzak bere erako konpromisoak hartuz, konpromisoak era askotakoak izan daitezke-eta. Gure antolaketan eta pentsaeran hori guztia barneratu egin behar dogu. Etorkizuna hortik dator. Eta 2008ko Batzar Nagusia horren arabera antolatu behar dogu. Sabino oroitzea ez da nahikoa, baldin eta horren espiritua garatzen ez badogu. Edukiari formari baino garrantzi handiagoa eman behar jako.
Abertzaletasunaren etorkizuna
Bigarren hausnarketa abertzaletasunaren etorkizunaren ingurukoa izan behar da. Gizarte ireki batean daukagun eginkizuna zehaztu behar dogu; izatez ere, gizarte horretako euskaldun barriak Senegalen, Nigerian, Ekuadorren, Marokon edo Errumanian jaiotzen ari dira. Horixe da etorkizuna. Eta abertzaletasunak erantzun egokia eman behar deutso erronka horri. Eta apustua ezin da itxia (esentzialista) izan. Irekia izan behar da. Euskal nazioa irekia izan behar dalako errealitate horri dagokionez, bestela ez baitu etorkizunik izango. Geurea baino herri indartsuagoak eta handiagoak desagertu dira historian. Eta olatuari ondo heldu behar deutsagu, geuri ere gauza bera ez gertatzeko.
Batzuk pentsatuko dabe: Zer pasatuko da gure proiektu abertzaleagaz gero eta mundu globalago batean? Ba, hain zuzen ere, bere nortasunaren jabe izango dan proiektu nazionalak sekula baino zentzun gehiago eukiko dau, beti ere proiektu zabala bada behintzat. Egitasmo nazional zabala egiten badogu, kanpotik datozen euskal herritar barriak geure nortasunaren inguruan biltzeko gauza bagara, danon artean egindako nazio horrek arrakasta handia lortuko dau XXI. mendean. Europako naziorik aurreratuenen artean egongo gara. Hauxe da gure erronkarik handiena.
Gizaki eta kultura mailako erronka
Lehenengo eta behin, gizaki eta kultura mailako arrazoiarengatik. Mundua eta ekonomia globalizatu egin dira, eta CNN Hong-Kongera eta Zumarragara iritsi da. Milanera edo Shanghaira joaten gara lanera, eta mundua dena bat dela ematen dau. Mundu osoan ere film berak ikusten dira eta albisteek argiaren abiaduran zeharkatzen dabez kontinenteak. Fenomeno horrek batzuetan ikaratu egiten dauz hiritarrak. Lehia gogorra dago mundu zabalean. Baina gizakiak sustraian behar dauz. Txikira ere itzultzen da. Bakoitzak bere kultura behar du, bere komunitatea, herria, bera identifikatzen dauen errealitatea. Beraz, inoiz baino zentzuzkoagoa da errealitate naturalen identitatea. Euskal nazioa hurbileko identitatea da orain. Munduan ibiltzeko behar dogun arima da.
Hori dala eta, herri modura daukagun erronka datozen euskaldun barriak ondo integratzea da. Getorik ez sortzea, horiek gero beti lehertze direlako eta egonkortasuna apurtzen dabelako, Frantziako uri handien errealitateak agerian jarri deuenez. Gure komunitatean eta kulturan integratu behar doguz, eurak eta seme-alabak. Euskarari balioa eman behar jako, gizarte barruko komunikaziorako elementutzat. Gure identitatea indartu behar dogu eta euskaldun barriak horren partaide izan behar dira. Eta horiengandik onena hartuta, beti egin dogun moduan. Esate baterako, gure trikitixa ere Alpeetako dinamitari piamontearrek 1860an ekarritako musika-tresna da, eta trenbide trazatu berriko tunelak egitera etorri zirenean ekarri eben. Soinu diatoniko edo soinu txiki horri elizak infernuko hauspoa izena jarri eutson, inmigranteen musika alaia eta jai girokoa kezkagarria zalako garai hartako ohitura kontserbadoreetarako.
Erronka ekonomikoa
Eta, giza eta kultura mailako arrazoiak ez ezik, gure nazioa arrazoi ekonomikoengatik ere behar dogu. Gur egun, neurria ez da abantaila eremu ekonomiko baterako, lehiatzeko orduan. Eskualde mailako eremu handiak sortzen ari dira, mundu garatuan. Horietariko batzuek, esate baterako, Europar Batasunak, egitura politiko makroestatalaren ezaugarriak lortu dituzte; barne merkatua finkatua daukate, diru bakarra eta erabaki komun asko.
Lehen, nazio batek neurri eta dimentsio jakina behar eban. Gizarte eta ekonomia globalizatu batean, handia izatea ez da hobaria. Orain dirua eta informazioa nazioz gaindikoak dira, eta unitate txikiak ekonomikoki bideragarriak eta lehiakorragoak izan leikez. Azken urteotako arrakastarik handienak estatu txikiek izan dabez, adibidez, Finlandiak eta Irlandak, edo indarrez sortu diren eskualde ekonomikoek, esaterako, Alemaniako Bavaria, Italiako Lonbardia, Belgikako Flandes edo Japoniako Kansai. “Zona ekonomiko naturalak” dira, dinamismo handiko zonak; ekonomiaren aldetik mundura irekita eta ekonomia handian integraturik daude. Baina eremu horiek, berezko identitatea edukiz gero, lehiatzeko alde onak dituzte. Mugitzeko gauza dira, erronkak planteatzeko, arraunean batera egiteko, arima komuna daukatelako. Identitate komuna sentitzen dabelako. XXI. mendean proiektu abertzale nazionala sortzeko lehenengo arrazoia identitatea da. Baina bigarren arrazoia ekonomikoa da. Identitatea duen nazioak hobeto lehiatzeko aukera dauka, baina horretaz jabetu eta erronkari gogor heldu behar deutso.
Mundua aldatzen ari da. Gaur egun, hemen egiten diren gauza asko Txinan edo Polonian ere egiten dabez. Gure industria gure indar ekonomikoaren eta gure oraingo ongizatearen oinarria zian da. Bost edo sei urte barru gure industrian ezin izango deuz egin orain berton egiten diren gauza asko. Argi ibili behar dogu eta herritzat mugitu beharra daukatu, bestela garai txarrak datoz. Gure oraingo ongizatea ez da betiko izango. Gizarte mobilizazio handia behar dogu ikerketaren, teknologiaren, zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren alde. Hori beharrezkoa da sei edo zazpi urte barru txinatarrek edo hinduek egin ezin dabena egin ahal izateko. Eta denontzako lana izango dogu. Eta, erronka horiek planteatzeko, komunitatea ere izan behar dogu, identitatea daukan nazio batua, eta geure buruaz harro egon behar dogu.
Elkartasunaren erronka
Baina hirugarren arrazoi bat ere badago. Sortzen ari dan mundu hau gupidagabea da. Lehiakorregia da. Eta guztiek ez dituzte aukera berberak. Batzuk gaixorik dagoz. Haur batzuek gurasoak galtzen dabez. Beste batzuek HIESa edo elbarritasunen bat daukate. Denentzako hezkuntza unibertsala eskaini behar dogu. Aukera berberak guztientzat. Osasuna guztientzat. Bizitzak kolpe gogorrak jo arren. Eta gizarte zerbitzuak denentzat. Eta, gaur egun, abertzaletasunak komunitatea sortzen du. Identifikatzen garen elkartasun ingurua da, elkartasuna garatzeko aukera gehien eskaintzen dauena, eta horretarako mekanismoa ere inguru horretan sortu leike ondoen. Elbarria, HIESduna eta adinekoa gure komunitatekoak dira. Hori dala eta, komunitate naturalak balio handia dauka elkartasunezko mundua sortzeko, gero eta lehiakorragoa dan ekonomia batean. Horixe da XXI. mendean proiektu abertzalea izateko hirugarren arrazoia. Gainera, ez da ahaztu behar elkartasunak, kontzeptutzat, edozein komunitate edo hesi gainditu behar dauela eta gizaki guztiengana iritsi behar dala. Baina, errazen, norberaren komunitatearen barruan garatzen da.
Harrera onik ez daukaten neurrien erronka
Baina horren gaineko hausnarketa ere egin behar da. Biztanleria zahartzen ari da. Gastu soziala gero eta handiagoa da. Eta ezin leike diskurtso demagogikorik egin. Dena ez da jasangarria. Eta orain zerbitzu sozialak kontrol barik handituz gero, hamar urte barru agian ezin izango dogu guztia mantendu, gehien behar dabenentzat. Guztiontzako kalitateko hezkuntza, kalitateko osasuna danontzat, zerbitzu sozialak benetan behar dabenentzat. Horiexek dira erronkak. Eta, etorkizunean hori guztia mantentzeko, orain harrera onik ez daukaten neurriak hartu behar dira. Bestela, progresismo eza baten ostean, urte batzuk barru gehien behar dabenei ezin izango deutseguz aukera berberak bermatu.
Laburbilduz: Abertzaletasunak aurrez aurre dituen erronkak laburbilduko baditut, lehen eta behingoz nortasun irekia kanpotik datozkigun euskal hiritar berriak gureganatzeko. Ondoren, nortasun eragilea, mundu globalak jartzen deuskuzan erronka ekonomikoei erantzun ahal izateko behar bezain ondo trebatu eta ezagutza zein berrikuntza lantzeko gauza izan gaitezen. Hurrenez hurren, nortasun solidarioa, elkarrekin komunitate bat osatu dagigun eta zorigaiztokoek eta aukerarik izan dagien. Beti ere gogoan izanik gastu soziala ezin dala neurririk gabe gehitu, ongizate iraunkorra segurtatu beharra dogula eta hamar urte barruko beharrizanei gaur egungo premiei besteko segurtasuna zor izango deutsegula.
Hauek dira, XXI mende honetan euskal egitasmo abertzaleak dituen hiru erronkarik handienak. Arrakastaz egiten badeutsegu aurre, bai Alderdi honek eta baita euskal nazioak ere luzaro iraun ahal izango dabe hiritarren laguntzaz eta babesaz. Sabino Aranak berrikuntzak egiten asmatu eban eta berak bizi izandako gizartearen erronkei egokitzen eta atxikitzen jakin eban. Jarraitu dagigun bere bide eta adibidea. Euskaldun izanaz harro.
Laburtzeko: Nortasun irekia, datozen euskaldun barrientzat. Nortasun eragilea, berrikuntzako eta ezagupeneko erronka ekonomikoei aurre egiteko, hori beharrezkoa dalako mundu globalean lehiatzeko. Eta nortasun solidarioa, komunitatea sortzeko eta bizitzaren gogortasuna jasan dabenei aukerak emateko.
Horiexek dira XXI. mendeko Euskadiko proiektu nazional baten hiru erronkak. Horiei arrakastaz aurre egin ezkero, Alderdi honek eta euskal nazioak bizitza luzea eta hiritarren babesa izango dabe. Sabinok berrikuntza ekarri eban eta bere garaiko euskal gizartearen erronketara egokitu zan. Bere ereduari eta bideari jarraitu behar deutsagu. Eta harro egon behar dogu euskaldun izateagaz. Gora Euskadi Askatuta.
Josu Jon Imaz
Sukarrieta, 2005-11-27