Atutxa: "Epaiketa goitik behera politikoa izan da"
Ezpala
Ez ei du politiko profesionaltzat bere burua inoiz ikusi: "A zer askatasuna sentitu dudan politikatik urrundu naizenetik". Eta zer esanik ez epaitegiak, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaorekin batera, desobedientzia akusaziotik errugabea dela erabaki duela jakin duenean.
Aurki hilabete beteko da Sabino Arana kultur elkargoak presidente izendatu zintuenetik. Zure egitasmoa "abertzale guztientzako elkargune-izaera indartzea eta gogoeta intelektualaren arloan abertzale ez direnekiko harreman eta bizikidetzarako plataforma gisa sendotzea" ei da.
Hala da. Elkargoak abertzale direnen eta ez direnen topagunea izan nahi du, nahiz eta horien egitasmoak desberdinak dira. Abertzaleok abertzale ez direnekin eztabaidatu dezagun nahi dut; arrazoia gehienetan zatituta egiten denez, elkarrizketa bultzatu gura dut. Sabino Arana kultur elkargoaren jarduna gaurdaino ez da itxia izan, baina egin den guztia, agian, ez da behar adina ezagutzen.
Aldaketa plataformako presidenteak, Joseba Arregik, Elkargoak Artean dituen artxibo eta dokumentuak instituzio publiko baten esku uzteko eskatu du.
Komunikabideak ez dira biderik egokiena gai hau konpontzeko; Aldaketa plataforma, izatez, ez da ezertarako ere Elkargora zuzendu. Adibidez, inolako zarata barik alderdiak elkargoan zituen Kataluniako zenbait dokumentu hartu, Jaurlaritzari eman eta horrek Generalitat-eri eman zizkion.
Artean dauden zenbait dokumentu garai bateko Jaurlaritzarenak dira, baita partikularrek Elkargoari emanikoak ere eta guztiak herri honen eskura daude. Aurrera begira prest gaude altxor horren guztiaren etorkizunaz hitz egiteko.
Bilbao, Knörr eta zu epaitu zintuzteten egun berean Askatasunak komunikatu bat plazaratu zuen eta "Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiaren baitan kokatu beharrezko auzi politikoa da" adierazi zuen. Iritzi berekoa al zara?
Ia-ia bat nator. Ez daukat inolako zalantzarik Justizia jauregian ez zituztela Kontxi Bilbao, Gorka Knörr eta Juan Maria Atutxa epaitu, Eusko Legebiltzarra baizik. Eta Madrildik heldutako aginduak ez ziren hiru pertsonen aurka zuzendu, erakundearen aurka baizik. Beraz, epaiketa goitik behera politikoa izan da.
Askatasunak era honetako adierazpena egin izanak harritu al zintuen?
Beno, ez gaude era honetako diskurtsoak entzutera ohituta, baina harridura baikorra da.
"Espainia eta Frantzia ez dira inor euskal herritarrak epaitzeko" erantzi zuen Askatasunak.
Oso adeitsua naiz legeekin eta guk defendatu dugunok ez du zerikusirik adierazpen horrekin. Botereak banatzea eta Eusko Legebiltzarraren antolaketa ahalmena defendatu ditugu. Gure Legebiltzarra txikia bada ere, gorputz osoa du eta gainontzekoei bezala errespetu berbera zor zaio; bertan dauden legebiltzarkideei dagokie une oro hori aldarrikatzea.
Epaiketan alderdi ezberdinetako legebiltzarkideak aritu ziren deklaratzen. Doinu bera antzeman al zenuen beraien adierazpenetan eta zuk sentitzen duzunaren artean?
Ez. Ez dut inolako zalantzarik herri honetako pluralismoak gure erakundeak era ezberdinean ikusten dituela. Batzuk, erabat sinisten dugu, beste batzuk ez.
Eta zein dira sinisten ez dutenak?
Ba, adibidez, PPkoak. Eta argi eta garbi gainera.
Beraz, Carmelo Barrio jaunak epaiketan egin zituen adierazpenek ez zituzten harritu.
Ez, ezertxo ere ez. Hirurok ez dugu egin eta etorkizunean ez dugu egingo Barrio jaunak gugaz egin duena: azpijokoz jardun du gure kondenaren bila. Barrio ez da lekuko arrunta izan, atzean beste asmo batzuk zituzten". Hori deklaratzeaz gain zirikatzen aritu da; gu auzitegia mespretxatzen aritu ginela esatea, ez da pertsona zintzo baten jokaera. Barriok jakin badaki ez genituela pertsonak defendatu. Legebiltzarra baizik. Baina Legebiltzarrean sinesten ez bada, hori da hartzen den jokaera.
Eta beste alderdien jokabidea, zer nolakoa iruditu zitzaizun?
Batzuetan ondo, baina beste batzuetan Barriorenaren antzekoa. PSE-EEren baitan ere, pertsonak eta pertsonak daude. Bere garaian PPk eta PSE-EEk norabide gabeko prozesua bultzatu nahi izan zutenez; orain, orduan ereindakoa jasotzen ari dira.
Sozialista Madrilen agintzen ari direnez, PSE-EEn beste jarrera bat antzematen al duzu?
Egoera malguagoa ikusten diot, bere jokaera beste era bateko da, baina garai batean eragindako ekaitzen ondorioa tsunami bat balitz bezala sufritzen ari da. Hau da, noiz hasten den jakiten da, baina bere eragin kaltegarria noiz amaituko den ez. 2002ko abuztuak eta irailean hasi ziren Garzonen autoak eta PP eta PSOEren babesa jaso zuten. Sozialisten egungo "talanteak" ez du zerikusirik duela urte biko jarrerarekin; zuhurrago eta zintzoago antzeman dut.
Jose Mari Aznarrekin, bestalde, demokrazia arriskuan ikusi nuen. Jaurlaritza eta EAJri 2003ko ekainaren hiruan jakinarazi nien nire jarrera: "presidente naizen artean, Legebiltzarra defendatuko dut". Autonomia bertan behera uzteko 155. artikulua ahoz aho ibili zen eta Kantabriako presidenteak, adibidez "sar ditzatela espetxean" esan zuen. Horiek barru-barrutik esandako hitzak dira.
Ametsetan bederen, inoiz Lagebiltzarra ertzainez babestua ikusi al duzu?
Inoiz pentsatu dut eta arrisku hori ia-ia 2003ko ekainean sentitu nuen. Legebiltzarkide hurbilenekoei, "atera egin beharko naute" esan nien.
Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal orokorrak hiruroi leporatzen zitzaizuen desobedientzia delituak Kode Zibilean lekurik ez zutela esan arren, epaitu egin zaituztete.
Hasieratik lotsagarritzat jo nuen prozesua, eta epaileak instrukzio luze baten ostean prozesua artxibatu arren, ultraeskuindarren errekurtsoa aurkeztu eta onartzea bidegabekeria izan zen.
Demokrazia umezurtz ikusi al duzu?
Epaiketan zehar eta une honetan ez; 2003an bai. Bitxia da benetan Auzitegiko Sala batek Euskadiko Auzitegi Goreneko presidentea baztertu izana horren inpartzialtasuna kolokan ikusten zuelako. Ez al zukeen hobe bere kabuz uko egitea?
Mendeku asmorik antzeman al duzu?
Zenbaitengan ulertezintasuna sumatu dut, batzuk ez direlako konturatzen herri honen borondatea gordetzen duen erakunde indartsu bat daukagula. Milaka bider esan izan diet legebiltzarkideei "jaun-andreok, herria bilduta dago". Horretan sinistu egin behar da eta badira pertsonak Legebiltzarra bigarren mailako gunetzat dutenak; horientzat herria Madrilen biltzen da.
Epaiak aske utzi zaituztete.
Ez egin errudun eta hala demostratu da baina hori ez da gehien kezkatzen nauena. Madrilel primeran zekien zer emaitza izango zen eta halere aurrera egitea erabaki zuen Legebiltzarra horma biren artean ipiniz. Guk erakundea defendatuko dugu.
Maiatzean Legebiltzarreko agurrean zera esan zenuen: "egoera korapilatsuak, gogorrak eta dramatikoak bizitzea tokatu zait, baina inoiz ez nuen pentsatu ere egingo miseria iritsi den lekura heldu zitekeenik".
Ez naiz batere damutzen hitz horiek esan izanaz baina adierazpen hori pertsona batzuei zuzendu nien: ez dut izenik esango, eurek oso ondo dakite nortaz ari naizen. Alderdi politikoek beraien taktikak izaten dituzte eta ez dut hori gaitzesten, bai ordea erreferentzia pertsonalak.
Zortzi urtez Herrizaingo sailburua izan zinen, askorentzat aingeru guardakoa. Ondoren, Legebiltzarreko presidente zazpi urtez; hemen zure irudia beste norabide bat hartu zuen.
Herrizaingo sailean ertzainei beti gauza berbera errepikatzen nien, "gaizkile bat atxilotzen duzuen bakoitzean eskubideak dituela gogoratu". Bestalde, zeregin horretan "batzuei" kalte asko eragiten nienez, jaso nituen kritika gogorrak.
Ondoren Legebiltzarreko presidente izan nintzenean, nor eta egun justiziatik ihes eginda dagoen Josu Urrutikoetxeari "jauna deitzen nion". Zergatik? Demokrazian sinisteaz gain herri honetako jende kopuru inportante baten ordezkaria zelako. Eta desobedientziaren saltsa hasi zenean PP eta PSE-EEkoek bere alde egiten nuela leporatu zidaten. Nola daiteke burua lehertu ez diezadaten Legebiltzarrera iristeko hainbat buelta eman behar izatea eta Urrutikoetxearen "kide" naizela esatea?
Urrian eta Aralarren ekimenez, polizi etxeetan atxiloturik daudenen egonaldiak grabatzeko Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zen ez legezko proposamenak aurrera egin zuen.
Presoen eskubideen ildoan, hori beste urrats bat da. Herrizaingo sailburu izendatu eta segituen hartu nuen lehen erabakia: Giza Eskubideen Deklarazioa ertzain-etxe guztietan ipintzea agindu nuen: "ea buruz ikasten duzuen" esan nien.
ETAk bi urte daramatza erailketarik burutu gabe. Aro baten amaiera edo ezinaren ezina?
Ezinaren ezina ez, nahi izanez gero ahal du. Ez da aro baten amaiera baina amaierarantz goaz tunelean; itxura hori hartzen diot. Baikor nago baina arazoa ez da bihar konponduko, ETAren baitan zoro asko baitago, eta ETAtik kanpo, aldiz, oztopatzaile asko. Gauzak kontuz egin behar dira. Ondo dakit, bestalde, oraindik ere ETArentzat Juan Maria Atutxak Euskal Herriaren etsaia izaten jarraitzen duela.
Gatazkaren amaiera bidean zein dira antzematen dituzun trabak?
ETAk herri ordezkari lanak egin ditzakeela ustea; ETAk bera eta bere presoak ordezkatzen ditu soilik. Beste traba bat da, gatazka jendea atxilotuz bakarrik amaitu daitekeela pentsatzea.
Anoetako deklarazioa ezagutzera eman zuen manifestuak urtea bete zuen astelehenean. Idatziaren asmoak gauzatzen ari al dira?
Adierazpena urrats garrantzitsua izan zen baina adierazpena adierazpena da. Idatziak, komunikatuak eta ekintzak ildo berberetik joan behar dute, bestela ez da sinesgarria. Kale istiluak, eta akzio-erreakzio ekintzak, zorionez, asko ahuldu dira.
Dispertsioa gaitzesten al duzu?
Nik dispertsioa ondo ikusten dut, baina baita hurbiltasuna ere, eta biak bateragarriak dira; hori EAEko, Nafarroako eta Errioxako espetxeak egokituz lortu daiteke. Justiziak ezin du mendekaria izan. Beste alde batetik, badakit, badirela presoak denek batera egon nahi ez dutenak, baina "gogorren" diskurtsoa nagusitzen da. Herrizaingo sailburutzako lehen urtetan batik bat birgizarteratze politikari bultzada eman nahi izan genion baina PPk dena pikutara bota zuen: sarri askotan publikoki esatera ausartzen ez baziren ere, une batean presoen ehuneko handi batek birgizarteratzeko asmoa azaldu zuen.
"Autonomien markoa hilda dago. (...) Argi gera dedila: halako urratsak egingo dituzten agintariek etorkizunari begira albora ezinezko erantzukizuna hartuko dute beren bizkar" dio ETAren azken agiria.
Ganoragabekeria da hori. Lan handia egin da daukagu Estatutua lortzeko eta tresna zoragarria izan dela ukaezina da. Halere Estatutua ez da bete eta ez da behin betirako. Eguneratzea eskubide bat da, baina pertsonen bizitza arriskuan jarri gabe.
Arnaldo Otegik urtebeteko espetxe zigorra jaso du Erregea iraintzeagatik.
Erregeak errespetatu merezi du eta lehendakariak ez?Zenbat aldiz leporatu dizkigute oinarri gabeko akusazioak. Eta orain zer, eta Erregearengatik esandakoak zigortu egin behar al dira? Epai horrek ez dauka ez hanka ez bururik.
Lehendakaria ez da Senatuan izan, antza, Ibarretxe Plana atzera bota izan zelako. Burugogorkeria edota irmotasuna?
Irmotasun osoa. Gure autogobernua sustraitua dago oso. Ez diot erkidego bakar bati mespretxu egiten baina badira ahaleginak egin behar izan dituztenak euren bandera asmatzeko ere. Galdetu euskal gizarteari ea Ertzaintza kendu gura duen.
Babes zabalarekin Patxi Lopez euskal sozialisten buru izendatu dute. PSE-EEk norabide berri bat hartu al du?
Duela urte batzuetakoarekin alderatuz, egungo PSE-EE ez da berbera. Nicolas Redondo eta Jaime Mayor Orejak osatu zuten "izatezko bikote"ak egun ez du funtsik. Ezberdintasun ikaragarriak dituzte Madrilen PSOEk eta PPk, baina oraindik ere hemen elkarrekin aritzen dira abertzaletasunaren aurka. Ez du lehengoaren antzik baina oraindik ere frontea antzematen dut.