Elkarrizketak
03Azaroa
2005
03 |
Elkarrizketak

Andres Urrutia (Argia)

Elkarrizketak
Azaroa 03 | 2005 |
Elkarrizketak

Andres Urrutia: «Euskaldun bakoitza ezin daiteke araugile izan»
Andres Urrutiak, notario bilbotarrak laster urtebete egingo du Euskaltzaindiaren buru. Urte honetako uztaz eta datozen urtetako helburuez galdetu diogu akademia sortu zenetik euskaltzainburu den zazpigarrenari. Hiru ardatz aipatu ditu: ikerkuntza, estatutuaren aldaketa eta finantziazio marko berria.
 
Urtebetean berrikuntzaren bat ikusiko genuela esan zenuen.
Egin berri dugu hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru foru aldundiekin finantziazio berrirako. Guretzat hori gakoa da, besteak beste gure geroa ahalbidetzen duelako. Hitzarmen horren bitartez lortuko dugu finantziazio duina izatea. Hitzarmen berrian badira aldaketa garrantzitsuak: baliabide materialak informatikaren alorrean eta baliabide pertsonalak. Zenbait pertsona adjudikatuko genituzke proiektu zehatzekin. Ikerkuntzaren ikuspegitik hori behar-beharrezkoa da. Batez ere diot hori, Euskaltzaindiak bereganatu behar dituelako gaur egun euskalgintzan ari diren taldeak: itzultzaile, idazle, teknikari, kazetari eta hainbat. Integratzeko modu asko daude, baina beharko genuke jakin beraiek zer egiten duten eta beraiek, berriz, guk zer egiten dugun. Sarritan gerta daiteke beraiek egiten duten lana guk ez ezagutzea eta alderantziz.
 
Euskaltzaindiari haize berria ekarriko diozula diote. Balizko haize bolada berri hori sartu al da Euskaltzaindian?
Horretarako badira euskaraz gutxienez bizkaieraz «ei» eta gipuzkeraz «omen». «Ei» eta «omen» baino nahiago nuke aditza deklinatu orainaldian eta ziurtasun osoz.
 
Asmoa Euskaltzaindia XXI. mendearen mailara jartzea dela diozu. Zer esan nahi du horrek?
Elkarrizketa hau oso xelebrea da zeren proiektuak plazaratu eta gauzatu baino lehentxuagoan egiten dugunez, oraindik gauza batzuk planteatze mailan eta beste gauza batzuk gurari mailan daude.
 
Euskaltzainburu berriak ilusio berriak eragiten ditu ordea jendearengan.
Hala da. Euskaltzaindiaren tempusak oso bereziak dira eta aldi horien arabera jokatu egin behar duzu, zerbait aldatzeko bada ere. Gauza bat esan nuen kargua hartu bezain laster: "Jarraitasuna izango da nagusi, baina jarraitasun horretan gauza batzuk bai nabarituko direla». Horretan ari gara, besteak beste, ikerkuntza proiektuak jarri ditugulako martxan, estatutuaren aldaketa ere hortxe dugulako eta batez ere, finantziazio marko berriak ekarriko digulako beste ahalbide bat. Hiru ardatz nagusiak horiek badira ere, gutxienez beste bi helburu banituzke. Bata: urgazle diren euskaltzainak Euskaltzaindiara hurbildu eta urgazle berriak ekarri. Nondik? Zientzia, teknika... mundu profesionaletik. Alor horietako ordezkariak ez baitaude hemen. Bestea: euskalgintzan ari diren elkarteekin, pertsona juridikoekin lan egin hitzarmenen bidez, baina maila instituzionalean.
 
Gazteria ere erakarri nahi omen duzu.
Orain bi euskaltzainen lekua daukagu hutsik. Bat betetzeko hautagaia hor dago (Ana Toledo). Ikusiko dugu bigarrenarekin zer gertatzen den, baina asmoa da Euskaltzaindian lan egin dezakeen jendea erakartzea. Euskaltzaindiak behar dituenak dira euskalgintzan murgildurik egon eta nolabaiteko ekarria egingo dutenak. Euskaltzaindia ari baita, besteak beste, batua zehazten eta horretarako arlo asko ukitu behar izaten dira eta arlo horietako nolabaiteko adituak behar ditugu. Duela 30-40 urte pentsa ezina zena, gaur egun, kimikaz, ingeniaritzaz euskaraz ari gara eta horiek ere badute euren isla hizkuntzan. Horrek ez du esan nahi unibertsitateko irakasleak, idazleak... behar ez ditugunik, baina besteak ere bai.
 
Euskaltzaindiaren arauek ez al dute hiztunengan ziurgabetasun linguistikoa sortu? Adibidez, zergatik idatzi behar da Kordoba k-z eta Cadiz c-z?
Edozein hizkuntzatan arauak konbentzio hutsak dira. Beste hizkuntzetan zalantzan sekula ez dugu jarriko, euskaraz berriz dena da zalantzagarria. Beharbada, araugintza horretan berriegi garelako. Arauak ûjurista naiz eta arauetan sinestu behar dutû, arau sozialak eta gramatikalak eta abar, malgutasunez erabili behar direla uste dut, malgutasuna erabili daitekeen lekuan. Ez bestelakoetan. Hizkuntzaren batasuna dago jokoan. Beraz, baldin eta badago erakunde bat horretarako agintaritza ofiziala duena eta euskarazko lurralde guztiak barruan hartzen dituena nik uste itsu-itsuan ibili beharrean eztabaidatzen zalantzagarri den ala ez, hori onartzeko modukoa izan daitekeela. Besterik da bakoitzak etxean izan ditzakeen asmoak, usteak... Gabinetearen ordu bakarti horietan filologo-linguista jokoetan norberaren burua sartzea.
Gero, Euskaltzaindiak beharko luke jakin kontrastearen bidez, ia arau hori gizartean nola dabilen. Puntu batzuetan asma dezakeelako eta beste batzuetan guztiz oker ibili. Problema da kontraste hori nola egin. Nik eskatuko nuke kontraste hori nahiko instituzionala izatea. Ezin daitekeena da norbera, euskaldun bakoitza, araugile izan. Hori anarkia da eta hizkuntzarentzat ez da ona.
 
Sortu, sortu eta sortu ari zarete: euskara batua, terminologia zientifikoa... Daukaguna zenbateraino baliatzen dugu?
Galdera ona. Nahiko nuke nik ere hori bera jakin. Bat: Daukaguna ezagutzen al dugu? Bi: Ezagutzen dugunetik erabiltzen dugu? Ala betiko tentazioan jausteko puntuan ibiltzen gara beti, hau da, lehena ni eta gerokoak gero. Batzutan errepikatu egiten dira lanak, bikoiztu egiten dira baliabideak lan bera egiteko. Horretan euskaldunok asko ikasi behar dugu, batera jokatzeko. Eta batera jokatze hau da oso inbokazio polita, elkarrizketan oso ondo geratzen da, baina gauzatu egin behar da egunerokotasunean eta zoritxarrez, ez da gauzatzen. Badirudi bakoitzak bere txokoa daukala eta txoko horretatik abiatuta badoala aurrera. Euskaltzaindiaren mentalitatea ez da hori. Gurea da ahal dugula behintzat, batzearen aldekoa, bakoitzari aitortuta zer egiten duen.
Beharbada hori da euskara moduko eremu urriko hizkuntzetan gertatzen dena, normatibizazio eta normalizazio prozesuan beti dago horrelako jokaera: aitzindaritza nork duen.
 
Txillardegiri omenaldi-liburua egin diozue. Berak ez du Euskaltzaindia-Txillardegi gaiari buruz hitz egiteko gogorik. Zuk ba al duzu zerbait esateko?
Txillardegiri buruz gauza bakarra esan dezaket. Begirunea eta miresmena diot eta uste dut liburu hori egiteko eta berari eskaintzeko merituak aspalditik daudela ondo frogatuak, aski frogatuak eta larregi frogatuak, bistan da. Beste gauza bat dira bestelako aferak. Nik egin behar izan dudanean beti Txillardegiren alde egin izan dut. Eta jakina, liburua aurkeztu genuenean esan nuena berresten dut, oraindik ere asko espero dugula Txillardegirengandik.
 
Ibon Sarasolak esan zuen Euskaltzaindiko bilerak ikusiko bagenitu "flipatu" egingo genukeela. Hala da?
Euskaltzaindiaren bileretan gauzak errespetuz egiten dira, eta jendea gaiak sakon aztertzeko eta erabakiak hartzeko gogoarekin etortzen da. Sarritan, gainera, puntu baten gaineko aurrekariak ezagutzen ez badira, zaila izaten da erabakiak hartzea. Flipatu baino, gozatu egiten da askotan, ikusirik hainbat aditu lanean euskara aurreratzeko ahaleginetan. Benetan aberasgarria da Euskal Herriko leku desberdinetako horiek eztabaidatzen ikustea eta puntuak argitzen jardutea. Horrek ez du kentzen, jakina, bilerak bukatu eta topikoak behar duenez, bazkaltzera joatea eta orduan, giroa aldatzea. Izan ere, gaur ez didazu galdetu Bazkaltzaindiarengatik eta prest nengoen erantzuteko.

Dendari ezezagunari, mekaniko ezezagunari... baita mediku ezezagunari ere euskaraz egingo nioke lehenengo hitza. Zuri, Bilboko notarioari gaztelaniaz egingo nizuke.
Praktikaren kontrakoa egingo zenuke.
 
Arraroa iruditzen zaizu ala?
24 urte dira notario hasi nintzela. Ondarroan nire kezka izan zen hain zuzen ere, hori saihestea. Nik nahi nuena zen ez bakarrik lehenengo hitza baizik eta bigarrena eta hirugarrena euskaraz izatea. Lehenengo hitza esaten dugu, baina bigarrena eta hirugarrena lehenengoa bezain inportanteak dira. Jendeak egiten zuen lehenengoa erdaraz eta gero: «Kontxo! Euskaldune berori!», «Euskalduna naiz eta zuka mesedez». Nire ahalegina izan da horrelako lanbideetan euskara naturaltasunez sartzea, ahoz behintzat euskaraz egin ahal izatea.
Zer da Bilbon gertatzen dena? Euskaldun zaharra bada gustura sentitzen da eta euskaldun berria bada euskaraz egingo du, ikusten duelako nolabait gorpuztuta berak ikasi duena. Idatzizkoa beste upeleko sagardoa da. Badakigu batzuk beti esango dutela: «A bai, notaritza!».
 
1988an ARGIAn, Joan Joxe Petrikorenak egindako galdera eta zure erantzuna dituzu hauek. Orain zer diozu?
Galdera: Ze kostako litzateke mundu juridiko publikoa euskalduntzea?
Erantzuna: «Administrazioa euskalduntzeko prozesua latza izango da. 20 urtetako epea beharko du gutxienez. Mundu honetan gainera, beste arazo bat dago: betidanik funtzionario direnek zer nolako oztopoak jarriko dituzte horren aurrean? Eusko Jaurlaritzak noraino heldu nahi dio afera honi? Funtzionarioek behintzat ez badute bereganatzen asuntu hau guzti honek porrot egingo du. Gero, honetaz aparte, oso garrantzizkoa izango da guzti honen desarroilatzeko sortzen den euskara ereduaren funtzionaltasuna».
Esango nuke azkeneko puntuan askoz gehiago egin dugula lehenengoan baino. Corpusaren ikuspegitik euskara estandarra egiteko ordutik hona pauso inportanteak eman dira, batasun nahiko zabalera iritsi gara. Euskara juridikoarekin itxaropentsu nago. Funtzionarioen euskalduntzean ez horren alai. Ez prozesua etenda dagoelako, baizik eta oraindik mentalitate aldaketarik ez dagoelako. Ez dut esan nahi gure mentalitatea goitik behera aldatu behar dugunik, ez bada kontsentsuz baino; erdaldunek euskara normalago ikusteko eta euskaldunek gehiago erabiltzeko. Funtzionarioekin gertatu izan dena da tituluak atera eta gero erabileran eskas, motz eta urri ibili. Badakite igeri egiten, igerilekua edo itsasoa aurrean dute, baina ez dira ausartzen euren buruak igerilekura botatzen. Eta igerian egin behar dute bestela jai daukagu. Euskalduntze eta alfabetatzean batzuk oraintxe konturatu dira justizian eta medikuntzan egin behar den lanaz. Langile horiek jendearekin lehen-lehenengo harremana dute.

PARTEKATU