Baina bake prozesuak ez du oraindik behar bezala aurrera egiten, eta, diskrezioaren irakurketa baikorra eginaz, isilpean jendea mugitzen ari dela sinetsirik, normalizazio politikoa helburu duen alderdi politikoz osaturiko mahai bat -edo mahai batzuk- sortzeko baldintzak aztertzeko unea dela iruditzen zait.
Lehendakariak ekainaren 22ko Legebiltzarreko bere hitzaldian ekarpen garrantzitsua egin zuen nire ustez:
- Alderdien arteko elkarrizketa-mahaia bideratzeko konpromisoa hartzen du.
- Bide horretan abiatzea errazago izan dadin, alderdi politikoei metodologia irekia eta malgua proposatuko die.
- Elkarrizketa prozesu erabakitzailea garatu baino lehenago, indar politikoen artean adostu behar genituzkeen printzipioen, edukien eta tresnen inguruan ekarpen bat egiten du.
- Horrez gain, Eusko Jaurlaritza bake eta normalizazio prozesuan eragile aktiboa izatea nahi luke, horretarako Normalizaziorako Kontseilu Politiko bat sortzeko proposamena egiten duelarik.
- Ikusten den bezala, Ibarretxe lehendakariak Hegoaldeko Autonomia Erkidegoan normalizazio akordio zabala lortzeko apustu sendoa egin du, eta, noski, apustu horrek orain arte lortu diren adostasunak gainditzeko eta areagotzeko helburua du. Horrek ez du esan nahi, ordea, orain arte lortu diren adostasunak errespetatu behar ez direnik; horixe da, hain zuzen ere, 2004ko abenduaren 30ean Legebiltzarrean gehiengo osoz onartu zen Estatutu Politiko Berriaren proposamenaren kasua.
Lehendakariak dio, eta berekin Jaurlaritza babesten dugun hiru alderdiok, Estatutu Politiko Berriak "zume" garrantzitsuak dituela, normalizazio akordioa iristeko ezinbestean negoziatu behar diren oinarrizko hainbat kuestiori erantzuna eskaintzen dietenak.
Besteak beste, ondoko zume hauek proposatzen dira:
- Euskal Herria subjektu politikotzat aitortzea.
- Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen onespena.
- Euskal Herria egun antolatuta dagoen eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatzea.
- Lurraldetasunaren ikuspegitik, zazpi lurraldeek lurralde esparru komun batean biltzeko duten eskubidea onartzea.
- Atxikimen askea, negoziatzeko beharra eta giza eskubideen lehentasuna.
Egia da beste proposamenek ere zilegitasun osoa dutela, baina EAJ, EA eta EBren ikuspegitik aipatu ditugun osagaiak giltzarri izan daitezke normalizazio akordioa iristeko. Hauexek dira, behinik behin, elkarrizketa fase hau hastear dagoenean, debaterako egiten ditugun ekarpenak.
Baina ez dago ukatzerik, sintesi modura kontzeptu bat jorratzea egoki balitz, hori "gatazkarena" izango litzatekeela. Aukera historikoa baitaukagu -esaldia gastatu ez baldin bada behintzat- XIX. mende hasieratik -Cadizeko Gorteetatik hain zuzen ere- piztu zen euskal gatazkari konponbidea eskaintzeko. Garai hartan ezarri zen Espainiaren nazio subiranotasun zatiezina, eta gure herriaren ukapen bortitza.