Zeresan handia eman du Josu Jon Imazek San Inazio egunean aipatu zuen "burujabetza partekatua" kontzeptu horrek...
Bai, baina ez da inondik ere kontzeptu berria. Arturo Campionek gai honetaz hitz egin zuen duela 100 bat urte, baita Agirrek, Landaburuk, Irujok eta beste askok ere. Politikara modu teorikoan dedikatzen diren politologoak berak ere subiranotasun partekatua, kosubiranotasuna eta interdependentzia gisako kontzeptuak aspaldiko kontuak direla esaten hasiak dira.
Ibarretxe lehendakaria Madrilgo Kongresuan egon zenez geroztik, Legebiltzarrak onartutako Estatutu berrirako proposamena hilda zegoela aldarrikatu izan da eskuin-ezker. Imazen adierazpenaren haritik, EAJk orduan esandakoari eusten diola esan genezake?
Subiranotasun partekatuaz hitz egiten dugunean, alde batetik erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, hori baita burujabetzaren adierazpideetako bat. Baina horrekin batera, paktua edo ituna lortu beharra azpimarratzen dugu, erabakia partekatua izan dadin. Horrexetan oinarritzen da Estatutu berrirako proposamena. Gorte Nagusietara eraman genuen negoziatzera, halaxe eskatzen baitu esku artean daukagun Gernikako Estatutuak, baina Gorte Nagusien gehiengoak muzin egin zion legebiltzarreko mandatuari eta Gernikako Estatutuari, negoziazioa bera ukatuz.
Baina Joseba Egibarrek esan duenez, subiranotasun partekatzeko lehendabizi subiranotasun izan behar da, ezta?
EBBn pertsona asko gara eta gure artean onartzen ditugun gaiak EBBko kide guztiok defendatzen ditugu. Nolanahi ere, adierazpen bakoitzak bere testuinguru zehatza dauka, eta testuinguru horiexetan kokatu behar dira. EBBko lehendakariaren izenpea duen dokumentuan, esate baterako, ez da kontzeptu berri edo ezezagun bat bera ere adierazten. Estatuarekiko ituna aldarrikatzen dugunean, "inposaketarik ez eta debekurik ez" esaten dugunean, erabakitzeko eskubideaz eta denon artean eta Estatuarekin negoziatu beharraz hitz egiten dugu.
Historikoki, Gernikako Estatutuaren testuinguruan, gauza bera aldarrikatu izan dugu. Ez dut kontraesanik ikusten orain arte argitara eman ditugun testu eta dokumentuen aldean. Gaur egun, munduan, bata bestearekin eta elkar ulertuz finkatzen dira bizikidetza esparruak.
"Burujabetza partekatua" kontzeptu horrek esan nahi du EAJk uko egin diola independentzia lortzeari?
Dokumentu horretan esaten dena da, dependentzia-independentzia binomio horren ondoan, edo XIX. mendean nazio-estatuen sorreran sortu zen independentzia edo subiranotasun kontzeptu horien aldean, XXI. mende honen hasieran, non estatu askok ez baitute armada eta moneta propiorik, ezta fronterarik ere, orduko kontzeptu haiek gaindituta geratu direla. Guk momentu historiko honi eta gizarteak esan duenari begira jarrita, binomio hori gaindituz hitz egin behar dugula uste dugu.
Koiuntura historiko bakoitzean egiten dituzun apustuak sorrerako helburu nagusien adierazpide estrategikoak besterik ez dira. Gure buruzagi historiko batek esan zuenez, EAJ euskal gizartearen gehiengoaren adierazpide politikoa da. Nik ez dakit euskal gizartearen gehiengoaren adierazpide politikoa garen, baina alderdi buruzagia garen aldetik, gure ideologiarekin bat datorren eskaintza bat egin behar diogu gizarte osoari. Bidegurutze batean bizi gara. Estatuaren egitura eta orain arteko autonomien egikaritza mahai gainean dugu berriro mintzagai. Horrekin batera, hauteskundeetako emaitzen irakurketa egokia egin behar dugu, eta beste bidegurutze batzuetan bezalaxe, galderak planteatu nahi ditugu aurretik erantzunak asmatu ahal izateko.
Baina galderara itzulita: uko egin diozue Euskadi independentea lortzeko asmoari?
EAJk ez dio ukorik egiten ezeri. Guk uste dugu nazioa garela, geure buruaren eta gure eskubide kolektiboen kontzientzia dugun komunitatea, alegia. Guk uste dugu erabakitzeko eskubidea dugula, baina gure identitate anitz eta irekiari adierazpide bat bilatu behar diogu denon artean. Horixe da, alderdi nagusia garen aldetik, gure gain hartu dugun erronka eta erantzukizuna.
Non geratzen dira Nafarroa eta Iparraldea?
Nafarroa eta Iparraldea euskal nazioaren zati garrantzitsu eta ezinbestekoak dira guretzat. Euskal nazioa eraikiz joateko, eguneroko lokarriak estutu behar dira Hegoaldea eta Iparraldearen artean, elkarrekin egiteko moduko gauza asko baitugu herritarren onerako. Nafarroako Parlamentua eta Eusko Legebiltzarra erakunde amankomun bat egitearen aldeko agertu ziren, baina beren burua horren demokratikotzat jotzen duten Gorte Nagusiek ukatu egin zieten bai Nafarroari bai Euskal Autonomia Erkidegoari euren marko juridikoaren barruan elkarlanerako erakunde komun bat sortzeko aukera.
Historikoki, elkarlan handia egin izan da, bereziki Nafarroa eta EAE-ren artean. Kontzertu Ekonomikoaren defentsa elkarrekin egin izanda, eta Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza elkarlanean sortu zituzten. Beraz, harreman instituzionalak oso emankorrak izan dira historikoki. Guk bide horrexetan jarraitu nahi dugu, elkarrekin ibiliz gero gauza asko baitugu irabazteko. Baina harreman batzuen gainean zikina botatzen denean, borondate oneko herritarren artean mamuak eta beldurrak haizeatuz -halaxe jokatzen dute Nafarroako buruzagitza instituzionaletik-, horrela jokatzen dutenek ondo gogoan izan beharko lukete jarrera horrek beharbada ahuldu egiten dituela. Edozein modutan, gizartea helduagoa den neurrian eta hiritarrek iritzi propio eta partikularra landuagoa duten neurrian, mamu horiek uxatuz joango direla uste dut.
Mamu horietako batzuk Miguel Sanz presidentearen ahotik entzun ahal izan genituen lehengo egunean, Zapatero presidentearekin elkarrizketatu ondoren...
Ez zaio beldurrik izan behar gizartearen borondateari. Defentsiban jartzen dira bakarrik euren proiektuan sinesten ez dutenak edo euren proiektua oso ahula dela ikusten dutenak. Baina azken batean, Nafarroa nafarrek nahi dutena izango da, ez besterik.
Euskal errealitatearen puzzle honetan, ezinbestekoa da ETA eta indarkeria aipatzea. IRAk iragarri duen behin betiko su-etenak segidarik izango al du gure artean?
Berez itxaropena sortzen duen ekimena izan da IRArena. Gure kasuan, gauden egoeran, ondo pentsatu beharko genuke gutariko bakoitzak zer egin dezakeen bakearen alde. Nire ustez, oso garrantzitsua da Espainiako Estatuak presoekiko politika birpentsatzea. Beste edozein zuzenbide estatutan, presoek ukatuta dauzkaten eskubideak kenduta, gainerako eskubide guztiak errespetatu eta betearazi egiten dira, helburua preso dagoen pertsonaren gizarteratzea baita. Bestalde, zergatik pentsatu behar da preso bakoitzaren inguruan, familietan dauden pertsonak errudun kolateralak direla? Ez al da hobe pentsatzea inguruko pertsona horiek -gurasoak, senar-emazteak, seme-alabak...- bakerako eragile izan daitezkeela? Bakea landu behar bada, eurekin landu beharko da, eta euretako asko bake eragile izan litezke, seguru asko. Arazoak arazo, soluziobideak biolentzia ezetik eta biolentzia ukatzetik etorriko dira, ez dira etorriko behin ere elkarrizketa ukatzetik ez eta indarkeria erabiltzetik ere.
Une honetan, diskrezioa da, antza, erabili beharreko arma nagusia...
Halaxe uste dut nik. Diskreziorik ez badago, handiagoa suertatzen da nork bere buruari tantoa jartzeko tentazioa, eta handiago, halaber, herritarren artean egunerokotasuna hautsi eta antsietate moduko bat sortzeko arriskua. Antsietateak ez dira onak. Determinazioa behar dugu, noski, baina lasaitasuna, malgutasuna eta lanerako denbora ere bai. Nik uste dut, politikariok geure burua erakusteko dugun premia edo gogoaz aparte, herritarrek jakin behar dute lanean ari garela bakearen alde, eta zerbait esatekotan, izan dadila benetan mamia duen zerbait esateko, eta ez batak besteari ez dakit zelako trapu zaharrak eta ez dakit zelako kritika azalekoak egiteko.
Batasunak diskreziozko jarrera hori hautsi izana leporatu dizue haiekin izandako bileren berri emateagatik
Batasunak badaki, edo jakin beharko luke, eurekin hainbat eta hainbat bider egon izanagatik, guk elkarrizketa diskretuz hitz egiten dugula, ez sekretuz. Orain arte ez dugu egin, eta ez dugu egingo aurrerantzean ere.
PSErekin mantentzen ari zareten elkarrizketa diskretuen ildotik, aurrerapausoak eman al dira egoera politikoa baretzeko?
Nik uste dut kontraesanean jarriko nukeela neure burua esan dudan guztiarekiko gauza diferenterik esango banu. Hitz egiten ari gara eta lanean dihardugu; eta hau esanda, edo kentzen dut orain arte esan dudan guztia, edo bestela, hobe dut isilik egotea.
Arras bestelakoa da PPren jarrera. Azken aldi honetan, uko egin dio Espainiarekin hautsi nahi dutenekin hitz egiteari.
Bada, seguraski, horiexekin hitz egin beharko luke bereziki. Espainiarekin hautsi nahi izateak ez du esan nahi Espainiaren kontra zaudenik. Nire ustez, hitz egitea da onena bakoitzak zer nahi duen jakiteko, baina PPn jakingo dute nola jokatu behar duten.