Gaur San Inazio eguna da, oroitzapenez beteriko eguna Euskadin. Egun garrantzitsua da Euzko Alderdi Jeltzalearentzat. 110 urte daramatzagu lanean, borrokan, gogo handiz eta ilusio batekin: Euskadi, euskal nazioa izatea. Abertzaleak gara. Eta gure helburuak sortzaileek 1895. urtean izan zuten berbera izaten jarraitzen du: nazio bat eraikitzea. Gure ezaugarriekin bat etorriko den euskal nazioa, euskaldunok gure bizitza-proiektua askatasunez garatu ahal izateko bertan, nazio bezala agertuko dena munduaren aurrean eta esparru ezin hobea izango dena gure garapena eta behar dugun ongizatea bere baitan aurkitzeko. 110 urtetan, Sabino Aranaren eta XIX. mende bukaerako jeltzaleen xede demokratikoetako asko lortzen joan gara. Urte hauetan guztietan zehar, 110 urteotan alegia, abertzaleen eta euskal herritar guztien ahalegin handiak, sufrimendu handia, konpromiso handia eta –zergatik ez esan-- atsegin handia ere izan dira.
Gaur, 2005eko uztailaren 31n, 1895ean baino nazio osatuagoa gara. Gure hizkuntza, duela ehun eta hamar urte atzera egiten bazuen ere nekazal munduan baztertuta geratzeko arriskuarekin, indarberriturik dago eta euskararen hiztun-kopurua egunero handitzen doa. Egunez egun euskarak eta euskal kulturak prestigio soziala irabazten dute eta gaur egun, irratian, telebistan, prentsa idatzian eta interneten komunikazio-bide eta emaitza dira, aldi berean. Gure erakundeak euskal herritar guztientzako erreferentzia dira, gure autogobernu-mailari esker gure nortasunari eutsi eta berori garatu ahal izan dugu, eta gure historiako euskal gizarterik prestatuena eta trebatuena izan dezagun lagundu du.
1895. urtean, desberdintasunez eta injustiziaz beteriko gizarte hartan, gutxi batzuek ondasunak lantzen zituzten, herritar asko oinarrizko ongizate-mailara heltzen ez zen bitartean. Gaurko Euskadi ekintzaile eta dinamiko honek, berriz, orduko gizarte hura Europako eta munduko gizarte garatu eta sozialki orekatuenetako bat bihurtzeko aukera eman du. 1895ean gure herria banatzen zuen muga hura, kontinenteko eta penintsulako euskaldunak mundu ezberdinetako atzerritarrak izan zitezela saiatzen zena, desagertu egin da, eta egun, gure bizitasun, lan eta adoreari esker Iparralde eta Hegoaldeko ekonomia, gizartea, kultura eta bizimoduak uztartzen joan gaitezke. Azken finean, euskaldun guztien artean gizarte komuna eratzen joateko.
Gaur nazio osatuagoa gara, duela mende bat eta hamar urte finkatu zen helburutik hurbilago gaude. Eta eskerrak eman behar dizkiegu horregatik hau guztia egia bihurtu duten gizon-emakumeei. Askok izugarri sufritu izan du gainera. Gerra, fusilamenduak, erbestaldia, diktadura, terrorismoa edo estortsioa pairatu dituzte. Beste batzuek, berriz, egunez eguneko eginkizuna izan dute. Hezkuntza- edo prestakuntza-proiektu bati ekin diote. Enpresa-proiektu bati. Unibertsitatea, ikastola, enpresa, teknologi zentroa, dantza-taldea zein gau-eskola sortu edota udal bat edo bestelako erakunde bat abiarazi dute. Soroan, itsasoan edo lantegian lan egin dute. Seme-alabei hizkuntza, kultura eta balioak erakutsi dizkiete sendiaren baitan. Barre egin dute, bizi izan dira, ilusioa erakutsi dute. Bizitzako gorabeherak sufritu dituzte, negar egin dute, baina burua jaso eta aurrera jo dute berriro ere.
Hala eta guztiz ere, begiak zabalik baditugu eta XXI. menderako eta XXI. mendeko euskal nazioa eraikitzen jarraitzeko oraindik egiteko handia badaukagula konturatzen gara.
Horregatik guztiagatik, gaur ez dut zuen aurrean mitina botatzeko asmorik. Beste aukera batzuk egongo dira horretarako. Gaur, San Inazio egunean, alderdiaren sorreraren 110. urteurrena ospatzen dugun honetan, eta hemen, Sabin Etxean, zuen aurrean, alderdiko lagun hautetsiak eta alderdikide guztien ordezkariak zareten guztien aurrean, ez naiz etorri txaloak entzutera ez neure buruari edo zuei losintxak esatera (ezta egun atsegina pasa dezazuen ere). Euskadiren geroarekin dugun konpromisoaz, batik bat, hitz egitea hartu dut helburu baita EAJren edo, hobeto esanda, etorkizuneko EAJren geroko giltzarriak, labur bada ere, zuekin partekatzea ere. Uste dut aukera, momentua eta auditorioa horretarako paregabeak direla.
Nazio-proiektu euskalduna, europazalea eta modernoa
Sabinok eta lagunek ongi egin zuten garai hartan, Europan eta munduan zabaltzen ari ziren joera modernoekin bat egin baitzuten. Herri baten sentimendua eta galtzen zihoan nortasun batena ulertzen jakin, eta proiektu bat bilatu zuten, sentimendu hori guztien ilusio bilaka zedin. Nazio baten proiektuan, Kontinente Zaharrean zabaldurik zeuden joera nazionalisten harian, Sabinok galdera egokiak egin zizkion bere buruari, eta erantzunak aurkitu zituen. Agirrek, Ajuriagerrak, Landaburuk, Irujok, Rezolak eta beste hainbatek, proiektu euskalduna, europazalea eta modernoa sortu zuten. Baina gerrak, porrotak eta bukaerarik gabeko diktadurak belaunaldi bikain haren jenialtasuna, gogo bizia eta konpromisoa itzali zuten.
77ko belaunaldiak, Arzalluz, Ardanza, Garaikoetxea, Zubiri, Retolaza, Galdos, Robles, Ormaza, Gerenabarrena, Makua, Estabillo, Alkain, Unzueta eta beste asko buru izan zituen belaunaldiak, alegia, EAJren eta euskal abertzaletasunaren helburuak finkatzen jakin zuen, nazioa eraikitzeko. Haien helburuak izan ziren erakundetzea, autonomia, industri birmoldaketa, Europaren aldeko apustua, gizarte-susperraldia eta euskararen aintzat hartze publikoa eta komunikabide publikoak. Herrialde honek behar zuen arnasa izan zen, diktadura luzearen, autarkiaren eta bat-bateko ekonomi hasieraren ondorioz, baita trantsizio politikoaren ondorioz ere, euskal gizarteak nortasuna galtzeko eta ekonomi porrota pairatzeko zorian zegoenean, aurrera jarrai zezan.
Gaur egun ere ongi aztertu behar dugu gure ingurunea eta bizi garen mundua. Hortaz, norberak galdera egokiak egin behar dizkio bere buruari eta erantzun eraginkorrak zintzotasunez bilatu behar ditu; gure nazioa, XXI. mendeko Euskadi berria -eta era berean, antzinakoa- eraikitzeko egitasmoa hurbiletik, benetan, espantuka hasi barik, konplexu gabe, zabal-zabal bultzatzen jarraitzeko konpromisoa eta ahaleginak azaltzen dituzten erantzunak eman behar ditugu, hain zuzen ere. Bestetik, ez dugu ahaztu behar mende honetan ugari direla ingurumen-arloko erronkak, kontinente arteko migrazio-mugimenduak, biztanleria zahartzen ari dela, mugarik gabeko hezkuntza, enpresak mundu-mailakoak bihurtzeko prozesua, sarean lan egiteko aukera, internet bidez haien jakituria eta zerbitzuak eskainiz Indian, Europan, Txinan eta Amerikan bizi diren pertsonen arteko zuzeneko lehia dagoela, Europako betiko Estatuak desagertzen ari direla, politikaren ikuspuntutik bat eginda dagoen Europan batasun eta aniztasunaren arteko oreka berria definitu beharra dagoela, nazioarteko eremu eleaniztunaren baitan hizkuntza nazionalak birdefinitu behar direla eta abar, eta guk mende honetarako nazio-proiektua gogoan hartu dugu.
Hausnarketa, eztabaida eta ekarpenetarako garaia
Geuk, Euzko Alderdi Jeltzaleko abertzaleok, premiazkoa dugu honetaz guztiaz hausnartu, eztabaidatu eta lan egitea. Eta egin ere elkarrekin egin behar dugu. Izan ere, erronkei arrakasta handiz aurre egiteko erantzun egokiak aurkitzeko eta aplikatzen jakiteko, nahitaezkoa izango da guztiok, bakoitzak dugun erantzukizunaz, gure lidergo politiko eta sozial propioa gure gain hartzea Euskadik bizi duen bidegurutze historiko honetan XXI. mendeko euskal nazioa eraikitzeko. Alderdi liderrak, hots, Euzko Alderdi Jeltzaleak, berezkoa duen ausardiaz, soseguaz eta trebetasunaz egiten baldin badugu, ziur nago lortuko dugula, Euskal Nazioa eraikitzen jarraituko dugula.
Gure eginkizuna, Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euzkadi Buru Batzarraren egitekoa da lidergo politikoan aritzea Euskadin, alderdikideen eta ordezkaritza-organo guztien laguntza, gaitasun politiko, adore, eta lan koordinatuaz.
ü 110 urteren ondoren, Sabino Aranaren pentsamendua eraginkortasunez gure egin eta berrinterpretatu behar dugu, eta,
ü gure arbasoen, bide luze honetan, erronka amaigabe eta dinamiko honetan gure aurretik egon direnen legatua jaso behar dugu, Euskadi bezala bizirik dauden nazioak dinamikoak direlako.
Gure alderdiak aurrez aurre bizi izan ditu bidegurutzezko abaguneetan eta erabaki estrategikoak hartu behar izan ditu une larri eta historikoetan. Jardun horretan gure Herriari atxikitako pentsamendua utzi digu, beti ere zentzuz eta erantzukizunez jantzia. Gure alderdiaren idatzietan behin eta berriz errepikatu ohi da helburu beretsua, hau da Euskal Herria bere nahikundea azaltzeko eta bere nortasunaren arabera eraikitzeko gauza izan dadila, bere oinarrietatik abiatuta eraiki ahal izatea alegia.
Bada, bai, hau, XXI. mendeko Euskal Nazioaren definizio ederra: askatasuna eta demokrazia erabilita bere nahia adierazten duen, eta une historiko bakoitzean, bizitasun handiz bere burua eraikitzen duen gizartearen definizioa.
Horixe da ere gure helburua gaur, 2005 urtean, mende berri batean eta milurteko berri batean guztiz abiadura azkarrez sartu eta gero. Munduari –bene-benetan eta fisikoki- irekita egongo den Euskal Nazioa eraiki behar dugu, espazio handi eta irekien aldeko apustua egiten duen munduari, Euskadi bezalako nazioek haien aintzat hartzea eta garapena bere baitan bilatzen duten munduari irekita egon behar dugu.
Baina Euskal Nazioa XXI. mendean gehiago ere bada. Egun, inoiz baino gehiago beharbada, Euskadiren barnealderantz ere irekita dagoen nazioa da, elkarrekin bizi garen, lan egiten dugun, gozatzen dugun eta sufritzen dugun guztioi irekita egongo dena.
Balioez ari gara
Horrela ikusten dugu guk Euskal Nazioa, eta gure ikuskera honek benetako esanahiaz jantzitako zenbait balio biltzen ditu bere baitan. Izan ere, gu euskal nazioaz eta bere burua eraikitzen duen gizarteaz ari garenean, jakineko balioez ari gara:
n Elkartasunez ari gara. Aurrerapenetatik aparte bizi diren pertsona eta kolektiboekin, ezberdinak diren pertsonekin, egunero eta modu eraginkorrean benetako elkartasuna izateaz ari gara. Nazioa egitea, elkartasunezko giroa sortzeko modurik hoberena da XXI. mendean, gizakiak bere indibidualismoa apurtuz, eta behartsuenaren, aukerak ez dituenaren beharrizanei erantzungo dion komunitatea sortuz.
n Bizikidetzaz ari gara. Euskal gizartea, euskal nazioaren adierazgarririk onena den aldetik, euskal gizartearen barne konfigurazioari lotuta dagoen bizikidetzaz ari gara. Euskal Nazioko sentimendu eta nortasun politiko aniztasuna haustura sozialetik babesteko bide bakarra da herritarren bizikidetza. Sentimendu eta nortasun aniztasun hori gure historiaren zati ere bada, Herri gisa dugun berezko nortasunaren zati. Aniztasuna euskal gizartetik kendu nahi duena, nazio gisa dugun nortasunari erasotzen ari da.
n Euskal gizartearen kohesioaz ari gara. Kohesioa gatazka politikoa gainditzeko edozein oinarri-akordio hartzeko oinarrizko irizpidetzat ulertzen dugu. Euskal gizartearen kohesioa lehentasunetako bat da guretzat, kohesiorik gabeko gizarte barik ez baitago naziorik. Gizartea kohesionatzen duten bideak bakarrik izan daitezke etorkizunean nazioa sortzeko oinarriak.
n Autogobernuaren kudeaketa aurrerakoiaz ari gara. Kudeaketak horrek herritarren aukera pertsonalak errespetatu behar ditu. Ekintza positiboko politika egokien bidez, gutxiengotasun-egoeran bizi diren kolektiboak babestu behar ditu. Justizia eta ongizatea lotuta joan eta pertsona guztien zerbitzura egon daitezen lan egin behar du.
n Pertsonen hezkuntzaz eta prestakuntzaz ari gara, lehentasun politiko gisa. XXI. mendean euskal nazioaren aldeko apustua egitea, euskal herritar guztien prestakuntzari lehentasuna ematea da. Nazioek zentzua izateko pertsonen zerbitzura egon behar dute, nahitaez. Eta bizirik dagoen eta indartsua den nazio bat izateko, XXI. mendean pertsona bezala garatzeko tresnarik hoberena eskaini behar die herritar guztiei: hezkuntza eta prestakuntza.
n Dibertsitatearen inguruan elkartu beharraz ari gara, baita hizkuntza arloan ere. Hizkuntzen dibertsitatea maite dugu. Diferentziak gustatzen zaizkigu, baina berdintasunik ezak uxatzen ditugu. Hizkuntzen arteko berdintasunen aldeko gure konpromisoa areagotu behar dugu, euskaraz bizi nahi duten, nahi dugun euskaldunek bete-betean egiterik izan dezaten. Egiazko elebitasuna lortu ahal izateko urrats egokiak landu behar ditugu, mailaz maila eta beti ere gizartearen borondatea kontuan hartuz, benetan uste baitugu zenbat eta elebitasuna egiazkoagoa eta baliagarriagoa izan, are berdintasun eta kohesio gehiago izango dela gu guztion artean ere. Euskara denon premian dago eta, batez ere, euskara gehienbat behar duena zera da: erabilia izatea. Horregatik, euskara behar dugu edozein azpijoko eta bazterkeriatatik jagon. Eta, zer esanik ez, baita edozein erasotatik salbu ere. Eta behar dugu etenik gabe saiatu, era bateko zein besteko irizpide ezberdinen gainetik, euskal hiritar guztiok euskara denok kultura-ondaretzat geureganatu dezagun.
n Euskal nazioa osatzen duten pertsonak mobilizatuko dituen nortasun kolektiboaz ari gara. Beharrezko berrikuntza eta jakituria bultzatzeko aukera emango digun nortasun kolektiboa, herritarrentzat, oro har, baliabideak eta ongizatea sortuko dituzten proiektuak gauza ditzagun.
n Nortasun erakargarri eta toleranteaz ari gara. Haien etorkizuna gurekin partekatzera etorri nahi duten, gure nazioa aberastuko duten, haien jakituria gureari erantsiko dioten eta geroko euskaldunak izango diren pertsonak erakarriko dituen nortasuna, alegia. Etorkizunean nazio batek aurrera egiteko erakargarria izan behar du, bere nortasunarengatik, bere aukerengatik, bere kohesioarengatik, bere berrikuntzarengatik, bere prestakuntzarengatik eta bere tolerantziarengatik. Euskadi talde-lana da, eta merezi du. Eta Euskadik XXI. mendean arrakasta izango duen nazio liderra izan behar du.
Horixe baita gure xedea, abertzale gisa eta tradizio humanista duen Alderdi Nazional gisa daukagun helburua, hain zuzen ere.
Eta XXI. mendean ongi jokatzeko, euskal gizartearen xedeak, bere gurariak eta -zergatik ez- bere ametsak ongi interpretatzeko, herritarrak arreta handiz entzun behar ditugu. Liderrek –alderdi liderrek- bakoitzak bere gizartea interpelatu eta interpretatu behar baitute.
Euskadiko gizarte-bizitza garatzen den espazioetan, eremuetan, taldeetan egon behar dugu. Era berean, gure ekintza politikoari arreta handiz begiratu eta ebaluatu behar dugu sistematikoki. Berori hobetzeko, euskal nazioa eraiki beharra bultzatzen jarraitzeko, arlo politikoan eta gizartean dugun lidergoa sendotzen segitzeko.
Konponbideak eta akordio sakonak eskatzen dituen askotariko gizartea
Euskal gizarte berri hau, XXI. mendeko euskal gizartea, politikari dagokionez zer-nolakoa den argi eta garbi hausnartuz gero, zera ondoriozta genezake: sen berezia duen gizarte heldu baten aurrean gaudela. Askotarikoa dena sentimenduz, nortasunez eta gizarte-sentikortasunez. Ongi egituraturik dagoen eta bere eskubide demokratikoak zein diren dakien eta, aldi berean, bere xedeen jakitun den gizartea. Ordezkari politikooi eraginkortasun handiz lan egiteko, konponbideak bilatzeko eta akordio sakonak lortzeko eskatzen digun gizartea. Eta ez da, ez, lan makala!. Gizarte hori badela onartuz gero, jokaera politiko berezia gauzatu behar dugu eta era berean:
ü egoera zailei heltzeko gai izan behar dugu, hasiera bateko keinuak eta antzezpenak atzean utzi ditugularik;
ü lehentasunak antolatu eta erantzunak eta konponbideak aurkitzeko gai izan behar dugu;
ü sentimendu eta arazo ezberdinak kudeatu eta herritarrek ulertuko duten ikuspuntutik, erabakitzeko gai izan behar dugu.
Eta horretarako guztirako, eta gehiagorako ere, euskal gizarteak lidergo ukaezina eskaini digu geuri, nahiz eta hori kudeatzeko nahikoa den gehiengoa lortu ez dugun.
Eta onartzen badugu –nik neuk behintzat onartzen dut-- euskal gizarteak zentzu eta heldutasun handiz jokatu duela, esaten digutena aurreiritzirik gabe entzuteko eta elkarrizketa heldua dela jakinik, eurei erantzuteko gauza izan behar dugu.
Euskadin hauteskunde-blokeak mugiezinak zirela uste zen iraganean, baina saltsa mehe egin behar dugu eta euskal gizartean mugitzen ari dena ikusi. Ezin dugu alde batera utzi bloke horien portaera soziopolitikoa segur aski eraldatzen joango dela, behintzat, haien hautemate tradizionalari dagokionez. Beharrezkoa da gizarte eta politika arloko gertakari berriez eta Euskadiko gizarte-proiektu nazional ezberdinez arduratzea baita euskal gizarteko sektore aktiboetako alderdiaz aparteko konpromiso sozialez ere. Egia da faktore horiek kantitatearen aldetik ugari ez direla oraindik, gure dimentsio eta eragin politiko eta sozialarekin erkatuta, baina ohikoak baino irakurketa soziologiko “zorrotzagoak” egitera behartzen gaituzte.
Halako gizarte-eraldaketa bati aurre egiteko, 110 urtetako historian izan ditugun balioei arreta jarri behar diegu. Gure berezko ibilbideari arreta jarri behar diogu baita alderdi humanista, itunzale gisa, euskal nazioa eraikitzeko konpromiso sendoa hartu duen talde gisa, abertzalea bakarrik ez den Herri baten gidari soziopolitikoa izateko bokazioa duen alderdi gisa historian zehar gauzatu dugun praktikari arreta jarri ere. Eta gaur egunera arte eutsi diogun garaiezintasuna horretan ere datza. “Euskadiko gehiengoen adierazpen politikoa” izateko gaitasunean, hain zuzen ere.
Kohesioa eta integrazioa lortuko duen akordio politikoa
Gure nazioarentzako ikuspegia dugu. Baita jakineko eginkizuna Alderdi gisa ere. Eta egiteko horrekin konpromiso sendoa hartuko dugu, Euskal gizarteak bere nahia adierazi eta bere oinarrietatik abiatuta eraikitzerik izan dezan. Gaur nabarmendu behar dugu orain dela 110 urte gertatu zen bezala, eginkizun historiko horrekin erabat konprometiturik gaudela. Eta 2005. urtean, bere oinarrietatik abiatuta eraikitzeak esan nahi du, askotariko sentimenduak, ñabardurak eta nortasunak antzematea, azken finean, euskal gizarteak duen indar osoa antzematea, eta indar hori oinarri hartuta, datorren aroetarako gure nazioaren zimenduak jarriko dituen akordio politiko sendoa lortzea. Eta bere nahia adierazi ahal izatea, gure nazioaren kohesioa lortuko duen, indartuko eta integratuko gaituen akordio politikoa berretsiz. Gure nortasun kohesionatu, solidario eta tolerantea erakargarri bihurtuko duen akordioa izan behar du, egun euskal gizartea osatzen duten pertsonak horretaz harro egon daitezen. Eta kanpoko pertsonek gurera etorri nahi izan dezaten, gurekin bizitza, ilusioak eta ametsak partekatzera. XXI. menderako nortasun erakargarria izango duen nazio irekia nahi dugu. Horixe da gure ametsa. Horixe gure jomuga.
Dependentzia/independentzia aukeraren aurrean, XXI. mendeko estatu-nazio propio ideiaren aurrean, apustu garbia egiten dugu: munduari irekita egongo den nazioa nahi dugu XXI. mendean; elkarrekiko dependentzia nahi dugu Europan; Espainiarekin, Frantziarekin eta Europarekin burujabetza partekatua nahi dugu. Horretaz ari gara, hain zuzen, erabakitzeko eskubidea eskatzen dugunean, negoziatu behar dugula ahaztu barik. Horretaz ari gara “inposiziorik ez –debekurik ez” bikotea gure egiten dugunean. Horretaz ari gara nazioa eta gizartea eraikitzeko berme izango diren erakundeen aldeko apustua egiten dugunean. Horretaz ari gara ere Estatuarekin Ituna egitea eskatzen dugunean.
Euskaldun guztiak, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak, barne hartuko dituen nazio bat nahi dugu. Baina inposatu diguten lurralde-batasunaren aurrean, geuk nazio-proiektu erakargarri bat defendatzen dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean erreferentzia demokratikoa izango den proiektua, alegia. Euskal Herriko hiru barruti politikoetako euskaldunek gizarte, ekonomia, kultur eta politika arloan erakargarri ikusi behar gaituzte. Nortasun eta proiektu erakargarriak dira euskaldun guztion nazioa lortzeko giltza, horixe izan baita gure bidezko helburua, demokraziaren ikuspegitik 110 urteotan.
Ekimen politikorako abagune egokia
Gaur egungo Euzko Alderdi Jeltzalearen gizon-emakumeok garai berri hau sendotzeko abagune bereziki egokia bizitzeko zortea dugu. Euskal nazio eta haren garapenari buruzko akordioaren oinarriak lantzeko aukerez beteriko garaia. Eta bake gizartea lortzeko garaia, indarkeriaren eta tolerantziarik ezaren mamua gure Herritik behin betiko aldentzeko helburuaz.
Egun, iraganean bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleak ekimen politikoz hartuko du konpromisoa, eginkizun honetan. Helburu politikoak, prozedurak eta gainerako alderdiekin batera lan egiteko metodologiak zehazteko gauza izango da. Beste talde politiko batzuekin eta gizarte-eragileekin elkarrizketa izan nahi du, printzipioei argi eta irmo eutsiz, eta prozeduretan eta edukietan malgutasuna erakutsiz.
EAJ erronka hori bere gain hartzeko moduan dago, guk guztiok oinarriak, hau da, gure jokaera politikoa bultzatzen duten uste sendoak partekatzen ditugulako. Eta jakin badakigulako egun Euskadin bizitzen ari garen erronka politikoak behar bezala ebazteko, guztion parte-hartzea eta erantzukizuna (handiagoa edo txikiagoa) beharrezkoa dela.
Akordio integratzailea gure tradiziorik onenean dago
Erantzukizuna gure gain hartu eta malgutasunez, uste sendoekin, jarrera negoziatzaileaz, izpiritu integratzaileaz, diplomaziaz eta apaltasunez jokatzeko prest gaude; izan ere, inork ez du formula magikorik, ezta geuk ere, eta ez dugu inor baztertu behar. Egiteko daukagun bidea ilusio zein zuhurtasun handiz egin behar dugu baina inuzente edo boluntarioegi izan barik, gure akatsetatik eta besteen akatsetatik ere ikasi dugunez gero.
Gaur egun, Nazioa egiteko lehentasun politikoak akordio politiko zabala exijitzen du. Euskal nazio kohesionatu bateko oinarrien zimenduak jarriko dituen akordioa. Egungo euskal gizartea errespetatuko duena. Euskal gizarteari bere bidea eraikitzen joateko aukera emango diona, herritarren gogoa oinarri hartuta. Euskal gizarteak bere nahia adierazi eta bere oinarrietatik abiatuta eraiki ahal izateak eragiten du, gaur egun ere, gure “ibilbide-orria”.
Geuk, EAJko gizon-emakumeok, politika hau aldarrikatzen dugu inposizioaren, fanatismoaren, ezkortasunaren, mugiezintasunaren eta irudimen ezaren aurrean. Jakin badakigu politika dogmatismo eta eskema itxi barik eginez gero, bakea lortzeko eta normalizaziorako bitartekoa badela, eta horretarako nahitaezkoa da konpromisoa hartzeko eta gure tradiziorik onenean dagoen akordio integratzailea lortzeko prest egotea.
Honela izan zen orain dela 110 urte, eta honela izan da gure historia osoan zehar, eta, guztion konpromiso eta lanaz, honela izango da hurrengo urteetan ere.
Gora Euskadi Askatuta!