GALIZIA, CATALUNYA eta EUSKADI: euren hizkuntzaren eta kulturaren duintasuna defendatu eta garatzeko
24Uztaila
2002
24 |
Hainbat agiri

GALIZIA, CATALUNYA eta EUSKADI: euren hizkuntzaren eta kulturaren duintasuna defendatu eta garatzeko

GALIZIA, CATALUNYA eta EUSKADI: euren hizkuntzaren eta kulturaren duintasuna defendatu eta garatzeko
Uztaila 24 | 2002 |
Hainbat agiri

2000ko uztailaren 24an Galeuska Santiago de Compostela hirian bildu zen Galizako, Euskadiko eta Catalunyako hizkuntzak eta kulturak normalizatzeko eta sustatzeko borondatea berreste aldera, eta lan horretan herri guztiek elkartu eta egon behar dutelakoan.

Hemen bildu gara, Galiziako Aberri Egunaren bezperan, Galizia, Catalunya eta Euskadiko ordezkariak, Rosaliak ondo baino hobeto ezagutzen zuen lekuan, haren estatuatik hurbil, haren begiradapean. Emakume honek eta bere idazlanek, Galizia zein mundu osoan ukatuak, isilaraziak eta bortxatuak izan diren aberrien alde izan zuten eragina eta, egun ere badutena, goraipatu nahi genuke gur hitzekin. Gure duintasuna, herri guztien eta hizkuntza eta kultura guztien duintasuna defendatzeko eskubidea aldarrikatzen zituen behin eta berriz eta horixe da, hain zuzen ere, hemen bildu garenok defendatzen duguna, Catalunya, Euskadi eta Galizian.

Horrela guztiz logikoa da gure hizkuntzek eta kulturek bizi izan dituzten egoerak kontuan izatea eta gogora ekartzea. Hori egiten dugunean, ezezko biribila esan nahi diogu mendeetan zentralismoan eta berdinkerian oinarritutako Espainiar Estatu hark ezarri izan zigun zapalkuntzari.

Baina, milioika galiziar, katalan eta euskaldunen ahaleginak bertan behera utzi zuen erasoa eta amets gaiztoa ez zen inoiz gauzatu. Hori ere gogora ekarri nahi genuke Rosaliaren oroit-harri honen ondoan.

Gure herriek dituzten eskubideen aldeko aldarrikapen politikoa egin nahi dugu eta ez dugu amore emango. Ez ditugu onartuko arauak nola hala edo, konstituzioak dionaren aurka interpretatuz dihardutenen erasoak. Jakin bezate, Espainiar estatua, kulturaren eta hizkuntzaren aldetik anitza dela eta ez bat eta bakarra. Guk ez diogu inori ezer indarrez inposatu nahi. Lurralde bakoitzean, hizkuntzen eta kulturen normalizazio bidea ireki, bultzatu eta finkatu nahi dugu eta ez besterik.

Gure herriak berezko historiaren jabe dira. Sasi-historia ofizialaren aitzakiarekin ezin dira gure herriak gutxietsi, baztertu eta ukatu. Ez dugu onartzen sasi-historia ofizial horren aitzakiarekin ezarri nahi diguten menpeko papera, betikoa omen den balizko espainol nazio bakarraren mende. Historiaren manipulazioa da hori, datu eta ebidentzien kontrakoa baita eta historia eta historian zehar izan ditugun hartu-emanak argitzeko ahaleginen aurkakoa, gainera. Ezin gara isilik geratu, guztiz kezkagarria baita Gobernu zentralak duen boterean oinarriturik, bere esku dauden aginte eta propaganda aparatu guztiak erabiliz, hezkuntza sisteman, historiaren ikerketa eta irakaskuntzaren kontrakoa den eta aniztasuna, nazionala eta soziala,ukatzen duen eredua ezarri nahi izatea. Alor honetan, Gobernu zentralak daraman politika ezagutza eta informazioaren etsaia da. Jakintza eta informazioa baitira aurreiritziak eragozteko gakoak eta Estuaren izate multinazionala ezagutzera emateko bideak. Hori da gainera, Bartzelonako Adierazpena sinatu dugun alderdiok zabaldu nahi dugun elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko mezuaren oinarria.

Elkarrekin lan egingo dugu, norberaren nazio-izaerari men eginez, hezkuntza sistemako oinarrizko heziketan gure nortasuna murriztu, alboan utzi edo ukatu nahi duen gobernuaren ahalegina zapuztuz. Hezkuntza sistemen arteko ezberdintasunek ez diote kalterik egiten Espainiako Estatuko aniztasunari. Gobernuak gai honen inguruan darabiltzan asmo ideologiko eta politikoak, demokraziak berekin daraman aniztasunaren kontrako dira, arrazoi zientifikoan oinarritutako ikerketa eta irakaskuntza-askatasunaren kontrako. Garbi dago, abertzaleen aurkako erasoa eta nazio aniztasuna desegiteko ahalegin itsua dela.

Rosalia aldarrikatu nahi dugu, oraindik orain ez-ezaguna gertatzen baita askorentzat, bere handitasun eta sakontasunean. Eta Rosaliaren izenean gure herriek aske izateko eta kultura eta hizkuntza normaldua izateko duten eskubidearen aldeko aldarrikapena egin nahi dugu. Horren alde lan egiteko hitza ematen dugu.

Beraz, gure hizkuntza eta kulturen normalkuntza eta etorkizuna bultzatzeko asmo tinkoa dugula adierazi nahi dugu. Ziur gaude, ekimen honetan bat gatozela hemen ordezkaturik gauden herriak eta gainera, ez dugula atzera pausorik emango. Gure kultura eta hizkuntzen aldeko aldarrikapena egiten dugu hastear dugun mende berriaren aurrean.

Santiago de Compostela, 2002ko uztailaren 24an

PARTEKATU