BARTZELONAko ADIERAZPENA
16Uztaila
1998
16 |
Hainbat agiri

BARTZELONAko ADIERAZPENA

BARTZELONAko ADIERAZPENA
Uztaila 16 | 1998 |
Hainbat agiri

Etorkizunera begira, Bloque Nacionalista Galego, Euzko Alderdi Jeltzalea eta Convergéncia i Unió alderdiak Bartzelonan elkartu dira 1998ko uztailaren 16an. Bertan, hiru erakundeen artean lan egitasmoa ezartzea erabaki dute honako gaien inguruan: hizkuntza eta kultura; zergak eta finantzaketa publikoa; sinboloak eta instituzioak eta Europar Batasunean parte hartzea.
ADIERAZTEN DUGU:

·        Demokrazia garaiko hogei urteren buruan oraindik ere konpondu gabe dagoela espainiar Estatuaren izaera plurinazionala.

·        Garai honetan onespen juridiko-politiko baten gabezia nabarmen bat jasan behar izan dugula, eta, horrez gain, baita geure errealitate nazional bakoitzaren onespen kultural eta sozial baten gabezia Estatuaren esparruan.

·        Aipatu onespena, justua eta demokratikoa izateaz gain, ezinbestekoa dela erabat, alkarlotze ekonomiko eta politiko prozesu batean dagoen Europan, kontutan izanik, gainera, bere esparru eta maila desberdinen artean botere politikoaren birrantolaketa bateruntz doala. Beragan dituen herri eta kultura ezberdinen egituraketa eta errespetuan oinarritutako Europa batua.

·        Eta hori horrela dela, baita ere, geroz eta elkarlotuago ageri den mundu batean, beregain duen uniformizazio mehatsua kontutan izanik.

Guzti honengatik uste dugu aro berri bat ireki behar dela, zeinean gure errealitate nazionalen onespen bat eman behar den Estatuaren eta Europaren partitik, eta zeinean XXI mendeko erronkei geure erantzun propioak eskaintzeko adina botere politiko eskuratuko dugun.

ETA ADOSTEN DUGU:

·        Gizarte espainiarrari dei bate egitea, Estatuaren ideia horrekin bat datorren kultur apolitiko berri bati buruz partekatu eta elkarrizketatu dezagun, eta bere izara plurinazionalaren ideia indartuko duen kontzientzia kolektibo bat bultzatu dezagun.

·        Europari eta munduari eskaintzea gure dibertsitatearen defentsa proposamena. Nortasunen politikaren buru izatea, hala nola bere elkarbizitza positibo eta sortzailearena.

·        Era sistematiko batean antolatzea informazio, iritzi eta kolaborazio trukea, arlo intelektualean, kulturalean, hezkuntzazkoan, profesionalean eta enpresarialean gogotsu dabiltzan pertsona eta sektoreen artean, gure proposamenak gerturatu eta hedatzeko asmoz.

·        Lanerako plan amankomun bat ezarri geure erakunde desberdinen artean, hizkuntzari eta kulturari buruz, fiskalitate eta finantziazio publikoari buruz; ikur eta erakundeei buruz; Europar Batasunean izan beharreko presentziari buruz, hala nola adosten ditugun bestelako gaiei buruz.

Horregatik eta guzti horretarako, harreman egonkor eta jarrai bat finkatutako dugu geure hiru indar politikoen artea; erabaki eta adosturiko helburuak eskatzen dituzten ekimen amankomunak aurrera atertzeko egitura zaba bat.

Azkenik, lehenengo hiruko topaketa honetan aztertzen hasi garen gaiak lantzen eta garatzen jarraitzeko hitza ematen dugu, aurten bertan Bilbon, irailean, eta Santiagon, urrian, ospatuko diren bileretan.

Bartzelona, 1998ko uztailak 16

 


LANERAKO TESTUA

  

BNG – EAJ/PNV - CiU

GALIZA, EUSKADI ETA CATALUNYAKO INDAR NAZIONALISTEN LANKIDETZA, ESTATU ESPAINIARRAREN ULERKERA BERRIKUSTEKO ETA NORK BERE ESKUBIDE NAZIONALEN ERAKUNDE-AINTZATESPENA LORTZEKO

 

Bartzelona, 1998ko uztailaren 16a eta 17a

 

1.- ESTATUARI BURUZKO IKUSPEGI BATERATUA  

 

1.1.- Historiako aurrekariak

 

 XVIII. mendearen hasieran Estatu espainiarra eratzeko ezarri zen eredua erdirakoitasunean eta berdintasunean oinarrituta zegoen. Eredu haren ezarpenaren ondorioz eten egin ziren Estatuak autogobernurako erakundeekin ehundaka urtez izandako harreman begirunetsuak, eta hasiera eman zitzaion Iberiar Penintsulako nazio, hizkuntza eta kulturen aniztasuna aintzakotzat ez hartzeko joerari.

 

Zentzuzkoa denez, prozesu hartan euren nazio izaera ezabatzeko etengabeko ahaleginak jasan behar izan zituzten nazioek zapalkuntzapean harremanak egin zituzten euren artean –banaka eta taldeka– norbere arazo eta asmoen berri batak besteari emanez eta lehen aipatu dugun joerari aurre egiteko proiektuak eginez, batzuetan elkarren artean. Mende honetan zehar hainbat ekimen eta akordiok islatu izan dute Galiza, Euskadi eta Catalunyaren arteko nolabaiteko ekintza-batasunaren beharrizana, estrategiak itundu beharra.

  1923ko irailaren 11n, Catalunyan Diada Nazionala ospatu zuten egunean eta Primo de Rivera jeneralaren kolpe militarra baino egun bi lehenago, Bartzelonan Hiruko Aliantza izeneko ituna egin zen. Catalunyaren ordezkari legez Francesc Macià, Nicolau d’Olwer, Ventura Gassol eta Antoni Rovira i Virgilik sinatu zuten ituna, Euskadiren izenean Egileor, Gallastegui, Uribe Etxebarria eta Robles Arangizek eta Galizaren izenean Alfredo Somoza eta Francisco Zamorak.

  Hiruko Aliantza osatu eta handik hamar urtera, 1933ko uztailaren 25ean, Fonsecako Pazoan Compostelako Ituna sinatu zen eta harexen bitartez eratu zen Galeuzca elkartea, hots, Galiza, Euskadi eta Catalunyako alderdi eta erakunde abertzaleek osaturiko organoa. Hiru nazioetan aurkezpen ekitaldiak egin ziren. Abertzale nabarmenak izan ziren han, besteak beste Batista i Roca, Nicolau d’Olwer, Castelao, Suárez Picallo, Alonso Ríos, Irujo eta Rezola. 1934an ERCk ituna berretsi zuen Gernikan. Geroago, 1939 eta 1950 bitartean, Agirre, Castelao eta Pi i Sunyer akordioari indarrean eusten saiatu ziren.

  Galeuzca sortu elkartasun mugimendu gisa sortu zen; hiru mugimendu abertzaleen jarduerak etengabe koordinatu behar zituen erakundea eratzea zuen helburutzat. Horretarako egitura egokia sortzea proposatu zen. Egitura horren barruan, herri bakoitzean idazkaritza bat antolatu behar zen.

  Euskaldun, kataluniar eta galiziarrek aurrera jarraitu zuten elkarren arteko harreman eta konpromisoetan, frankismo ostea eta demokraziaren etorrera prestatzen. Bide horretan baterako adierazpena egin zuten: nazio guztiek autodeterminaziorako eskubidea dute, eta beti ere modu baketsu eta demokratikoan erabili behar dute.

  Estatuko esparru politikoaren homogeneizazio autonomikoak honezkero politikagintza eta administrazioaren deserdiratzea eragin du; ez digu ekarri, ostera, nazio anitzeko estatu-eredurik, gure nazio-eskubideen egikaritza aintzat eta ontzat hartzen duen estaturik. Trabak jartzen dizkiote gure Estatutuen garapen osoari eta gure erabaki-guneak gutxietsi egiten dituzte. Jarrera horrek berriro ere elkarrengana hurbiltzeko gogoa berpizten digu.

  Gure nazioen berezitasunak eta egoera objektibo desberdinak gora-behera, beharrezkoa deritzogu elkarren arteko lankidetza-estrategia antolatzeari guztion helburura iristeko. Geure nazioen izaerak eta hauen ondorio politikoak aintzat har daitezen lortzea, horixe da helburua. Beraz, egungo esparruaren mugak gainditu eta nazio anitzeko estatua erakundeetan nahiz politikagintzan eratuz joatea xede dugula, gure hiru nazioen arteko lankidetza politikoa gorpuztu beharra dugu. Lankidetza hori gai izango ahal da gure indarrez gainera beste batzuen partehartzea ere onartzeko.

 

 

 1.2.- Gure eskubide alienaezinak

  Bakoitzak bere herria nazio gisa eraikitzea, horixe da alderdi nazionalista ororen oinarrizko egitasmo politikoa. Pentsamendu nazionalistaren muina den abiaburu horrek gidatu behar du gure jarduera politikoa, bai norbere ekintzetan eta bai espainiar Estatuarekiko eta Europar Batasunarekiko harremanetarako proiektu politiko bateratuan ere.

  Horregatik, gure nazio errealitatearen eta zuzenbidez dagokigun aginte politikoaren aintzatespena da gure ekintza politikoaren lehen helburua. Hori horrela izan dadin, nahitaez onartu beharko dira abiaburu hauek:

·    Bere burua naziotzat daukan eta nazio izan nahi duen herri orok autogobernurako eskubidea du.

·    Herrien autogobernua haien askatasunaren gorpuztea da.

·    Askatasunaren bidetik datoz herrien arteko harremanak eta lankidetza.

 

   Espainiar Estatuaren gaur egungo nazioaniztasunari buruzko gure ikusmoldearen abiaguneak objektibotasunez aztertuz gero ukaezinak diren errealitate nazionalak dira, berezko adierazpideak eta nazio-kontzientzia sendoa dituztenak, Europan estatu era modernoak agertu baino are lehenagotik historian indarrean egon zirenak, eta mende honetan espainiar Estatuan bi aldiz eurak aintzatesten dituzten konstituzio diseinuak eta eurengan datzan arazo politikorako konponbidea ezartzera jotzen duten erakunde-formulak eragin dituztenak. Galiza, Euskadi eta Catalunya dira errealitate horiek, nazio diren aldetik euren nazio subiranotasuna egikaritzeko eskubidea duten herriak.

  Gure nazioen eskubideak Konstituzioa baino lehenagokoak dira. Hala ere, ulerkera erdirakoi batzuen arabera autogobernurako eskubidea Konstituzioan dago eta ez nazioetan. Gure nazio eskubideak ukatu ezinezkoak dira estatu demokratiko batean. Berriro diogu, Galiza, Euskadi eta Catalunya naziotzat onartzea aurretiazko eta ezinbesteko baldintza da espainiar Estatuaren nazioaniztasuna Konstituzioan islatzeko.

  Subiranotasunaren abiaburua eta Autonomia Estatutuak garatuz sendotu beharreko autogobernuaren abiaburua desberdinak dira. Bigarrenak, garapen osoa lortuta ere, politikagintza eta administrazioaren deserdiratzea baino ez du ekarriko, aginpideak Estatuaren eskuetan iraungo du eta. Eredu autonomikoa gainditu beharra daukagu, eredu hori eman digun Estatua nazio bakar eta banaezinean, nazio espainiarrean oinarrituta dagoelako, bere Konstituzioak dioenez. Estatu horrek ez du onartzen nazioaniztasuna, espainiarrarekin batera beste nazio batzuk ere izatea.

  Estatu espainiarra aldi berean da nazio garen aldetik zor zaigun subiranotasuna ukatzen digun erakundea eta elkarren arteko ekintzaren bitartez nazio askatasuna eskuratzeko, konfederazio motako Estatu nazioanitza eratzeko nahitaez erabili behar dugun gune politikoa. Izan ere, Estatu mota horixe izango litzateke Estatu nazioanitzaren eredu egokia, nazio bakoitzaren subiranotasunaren aintzatespena, berdinen arteko harreman begirunetsuak eta ekitatean, elkartasunean eta bakoitzaren askatasunean oinarritutako lankidetza eta koordinazioaren sustapena abiaburu dituen Estatua, hain zuzen. Autodeterminaziorako eskubidearen egikaritza, behar den moduan ulertuta, arestian aipaturiko prozesu eta xedeetan dago finkatuta.

  Eskubide hori funtsezko talde-eskubidea da. Nazio bakoitzak edonoiz eta edozein egoeratan aukera izan behar du bere egitura politikoa, administrazio egitura eta kanpoko erakundeekiko menpekotasun edo askatasun maila erabakitzeko.

  Gainera, bai alderdi nazionalistok bai Estatu mailako alderdiek jabetu beharra dugu herrien arteko harremanen kategoria politikoak aldatzen ari direla Europako egoera berrian. Subiranotasun, autogobernu, autonomia, independentzia, autodeterminaziorako eskubidearen kontzeptuek orain dimentsio berria dute, eta beste era batera adierazten dira. Aldakuntzak, ordea, denok ukitzen gaitu, nola Estatu egiturarik gabeko nazio erkidegoetako alderdiok hala Estatudun nazioen ordezkariak diren beste horiek.

  Estatu espainiarra birmoldatzeko proiektuan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da, nazionalistok prozesuari eta proiektuari lotuta gaudelarik, Estatuko alderdiek ere gure nazio erkidegoen erabakiguneak aintzakotzat hartzea eta zaintzea, horrek dakartzan aukera guztiak onartuz (independentzia, konfederazioa, federazioa etab.). Konpromiso bikoitz horri eutsi ezik ez dugu aurrera egiterik birmoldaketa prozesuan.

 

  Nazio, kultura eta hizkuntza anitzeko Estatuaren eraketa izango da elkarlaguntzaren helburua, eta Galiza, Euskadi eta Catalunyan sortuko diren burujabetze proiektuak, berriz, Estatuaren ardatza. Autodeterminazioaren aldeko borroka prozesu baketsu eta demokratikoa izango da; hainbat eskakizun eta ekintza politiko uztartuko ditu, bakoitza bere izaera eta ezaugarriekin, guztien artean nazio subiranotasunaren hautabidea osatzeko.

  Kataluniar, galiziar eta euskaldunen nazionalismoaren ikuspegitik egiten ari gara gogoeta hau, baina ziur gaude erabaki-eremu demokratikoaren begirune eta aintzatespen hori berdin erabil daitekeela Estatu espainiarreko beste herri eta nazio batzuen errealitateei begira.

  Gure ustez, gainera, herri bat edo talde-eskubidea gauzatzen duen eremu bat mugatzeko orduan kultura, hizkuntza eta historia garrantzizkoak izanik ere, herritarrek euren erkidegoa eremu subirano gisa garatzeko agertzen duten borondatea da mugatzaile nagusia. Horrexegatik esaten dugu eskubide hori berdin onar litekeela Estatuko beste nazio eta herri batzuentzat ere.

1.3.- Gure oraingo eta geroko eginkizuna Estatu espainiarrean

  Autonomien Estatuaren erakundetzea, konpromisozko formula gisa, mugimendu nazionalistek trantsizioaren unean osatu zuten masa kritikoaren emaitza izan zen neurri batean. Konstituzioan ezarritako eredua Autonomia Estatutuen bitartez garatu eta pixkanaka guztien eskumenak berdintzea, aldiz, Estatuko indarren estrategiari lotutako prozesua izan zen; Estaturik gabeko nazioen autogobernua indargabetzea eta botere zentralak politika, kultura eta ekonomia antolatzeko zituen erakunde-tresnak sendotzea zuen helburu.

  Konstituzioan, nazioak eta erregioak bereiztu arren, ez zitzaien estatus berezirik eman Galiza, Catalunya eta Euskadiri. Lehenengo xedapen erantsian euskal lurraldeen berezitasuna azaldu zen eta bigarren xedapen iragankorrean nazio historikoen aipamena egin zen, besterik ez.

  Indar nazionalisten arteko aliantzak edo elkarlanerako egitasmoak ezartzea behar-beharrezkoa da, horrela egin ahal izango baitugu aurrera oraingo eredua hobetzeko eta Estatu espainiarrak gure nazio eskubideak aintzatestea ahalbidetuko duten eraldakuntzak eta neurriak jartzeko bidean.

  Etorkizunean ugaritu egin behar ditugu elkarlanaren bidezko jarduketak. Espainiar Estatuko gizarteari, oro har, zuzendu behar diogu geure ekintza politikoa. Gure alderdiek ezezik, sustatzen ari garen Kultura Politiko Berriaren abiaburu orokorrekin bat datozen guztiek parte hartu behar dute goian aipaturiko jarduketetan, eta Estatu mailako egungo alderdiak ere ez dira haien eragin-eremutik kanpora geratu behar.

 

  Kultura Politiko Berri horrek osagai pedagogikoak eduki behar ditu, Estatuaren eredu eta ikuskera berria zabaldu behar baititugu, kultura eta hizkuntzen aniztasunari buruzko jarrera berria. Beharrezkoa dugu, halaber, aniztasuna ikurretan eta erakundeetan gauzatzea, nazioaniztasunaren araberako gobernu beharrizanetarako finantzaketa egokia, Estatuaren aniztasuna politikagintzan isla dadin beharrezkoak diren eskumenak geureganatzea, eta gure nazioen aintzatespenari dagokion presentzia izatea nazioartean.

  Beraz, fase horretan hauxe izango litzateke alderdi nazionalisten egitekoa: alderdi nazionalista bakoitzak bere nazioaren autogobernu eta aginterako esparrua diseinatu behar du, abagune politiko berriaren erronkei aurre egin ahal izateko adinakoa, eta geroago alderdiek elkarri lagundu behar diote norbere eskakizunak aldarrikatzen. Alderdi nazionalista guztiek jaso behar lukete gainerako itunkideen laguntasuna.

 Adibide gisa, baterako ekintza horietariko batzuk edota horien helburuak zehatzago azalduko ditugu:

·        Zeinek bere hizkuntza eta kulturaren gaineko eskumen osoa eta esklusiboa lortzea.

·        Nazio anitzeko Estatuan Senatuak duen eginkizuna aztertzea.

·        Galiza, Catalunya eta Euskadiko parlamentuek euren ordezkariak izendatzea Estatuko Konstituzio Auzitegiko magistratu talderako.

·        Eskumen juridikoak zabaltzea, Justizia Auzitegi Nagusiei eginkizun egokia emanez.

·         Autonomia erkidegoaren mugaz barruko herri segurtasuna benetan kontrolatzea.

·        Toki administrazioaren gaineko eskumen osoa izatea, haren eremu guztiak egituratzeko ahalmenarekin, probintzi eremuak eta aldundienak aldarazteko ahalmena barne dela.

·        Autonomiaz eta inoren laguntzarik gabe jardutea bermatzen duen finantzaketa sistema ezartzea.

·         Norbere lurraldeko natur baliabideen gaineko eskumen esklusiboa.

·         Nazioartean naziotzat hartuak izatea, eta horrek erakunde-ondoreak ekartzea nortasunari eta interesik behinenei dagozkion arazoetan.

 

  Estatu espainiarrean bete beharko dugun eginkizuna berrikuntzak eta aurrerakuntzak ahalbidetzea izango da batik bat, horiexek bermatuko baitute herri garen aldetik ditugun asmoen euskarri izan litezkeen gutxieneko baldintzak betetzea.

  Sistema demokratikoa bermatu behar dugu, gizartearen batasunaren oinarri izango den aurrerakuntza ekonomikoa bermatu behar dugu, eta Estatuaren egiturak berriztatu, haren nazioaniztasunari eta Europako Batasunak elkartasun ekonomiko hutsetik harantzago joanez ezarri duen  esparru berriari egokituz.

 

1.4.- Estatuaren estrategia alderdi nazionalistei begira

  Espainiar Estatua, nazionalismoei buruz betidanik erabiltzen duen estrategiaren eraginez, historian zehar ez da gauza izan bere baitan nazio desberdinak izateak begi aurrean jartzen dion auziari egokiro heltzeko.

  1978ko Konstituzioaren bidez errealitate horri aurre egiteko saioa egin zuen. Alabaina, hainbat autonomia erkidegoren diseinuan oinarritutako egungo Estatu autonomikoa sortzean eta garatzean, “denontzako lain” banatu behar horretan oinarrituta, agerian utzi du zernolako zailtasunak dituen funtsezko arazoari, hau da, espainiar Estatuko nazioaniztasunaren arazoari ekiteko orduan.

  Zailtasunak zailtasun, 1975az gero eratu den ordena politiko berriak bidea eman du indar nazionalistek zabalago jokatu ahal izan dezaten. Horrela haien eragina sendotu egin da ekintza politiko askearen bidez eta gobernu jardunaren bidez, gobernuaren ardura izan duten lekuetan.

  Halaber, Estatuaren gobernagarritasunaren giltza izan diren aldetik, nazionalismoak ohiko osagai eta nahitaez kontuan hartu beharreko erreferentzia bihurtu dira Espainiako politikagintzan. Inguruabar horrek nazionalismoek hedabideetan oihartzuna izatea eragin du, eta, ondorioz, Estatuko kultura politikoaren elementu arrunt bihurtu ditu, baita herri xehearen mailan ere.

  Hori guztia gora-behera, Estatuaren benetako nazioaniztasuna kontzeptu gisa onartzea kosta egiten zaie indar erdirakoiei, era bateko nazio-estatuaren eredu zaharkituaren arabera ikusten baitute Estatu espainiarra. Ildo horri jarraituz, politikagintzan eta hedabideetan agertzen duten jokaerak borroka ideologikoaren indarberritzea, batasunaren aldeko jarrera eta nazionalismoen aurkako eraso gero eta nabarmenagoak ditu ezaugarri.

  Estatu espainiarra hainbat naziotan banaturik berregituratzeko bidean aurrera egiteko zailtasunak indar erdirakoien arteko itun iraunkorraren ondorio dira. Ahaleginak egiten dituzte jarduteko eta maniobrak egiteko eremua gero eta gehiago estutzen, Konstituzioaren eta estatutuen gaurko esparruak sakratu eta ukiezin bihurtu nahian.

  PP eta PSOE norgehiagoka ari dira nazionalismoaren aurkako jarreraz baliatzen hauteskundeetako emaitzak hobetzearren. Lehia horretan erabiltzen duten erretorikak, hain zuzen ere, Estatuko nazio, hizkuntza eta kulturen aniztasuna eta gure nazioen eskakizunen zuzentasuna onartzearen aurkako giro ideologikoa sortzen du Estatuan.

  Estatuko indar politikoen estrategiak ildo hauek jorratzen ditu nazionalismoari begira:

·        Nazionalismoa eta haren bereizgarri diren osagai politikoak indargabetzen saiatzen dira autonomi sistemaren orokortasun artifizialean nahasturik, nazionalisten xedeak ingurune horretan bitxikeria edo pribilegiotzat hartzen baitira.

·        Estatutuen garapena atzeratzea edo eragoztea, autogobernua mugatzeko eta aldi berean nazionalistak “aseezinak” direlako ustea eragiteko.

·         Nazionalismoaren bidezkotasuna ukatzea Espainiako gizartean (Euskadiko indarkeria, kataluniarren eskakizun ekonomikoak etab. direla eta).

·         Erakunde-sare bat eratzea (oinarrizko antolamendu juridikoa, Senatua, Konstituzio Auzitegia etab.) non, jokabide politiko autonomo, kultur ezaugarri eta tokian-tokiko berezitasunen batzuk alde batera utziz gero, ukaezintzat jotzen baita Espainiako esparru juridiko eta politikoaren batasun orokorra.

·        Azpiegitura nagusiak eraikitzean, komunikabideak orokortzean, egitura ekonomikoak bat egitean, ahal den neurrian sendotzea Estatu espainiarraren batasuna.

·         EBan eta nazioarteko erakundeetan zuzeneko ordezkaritza eta partaidetza izateko aukerarik txikiena ere ukatzea.

  1.5.- Erantzukizunezko jokaera politikoa

  Arlo batzuek esparru guztietan irekitzen ari den ikuspegi politikoaren  (globalizazioa, Estatu-nazioaren krisia, aniztasuna, gizarte identifikazioen aldarazpena,...), aurka egin  arren, denok ukitzen gaituen errealitatea da.

  Kultura berria nagusitzen ari da eta guk eskuordetzen ditugun moduko nazionalismo identitarioek horren guztiaren subjektu eta protagonista izan behar dugu. Kultura politiko berria estatu espainiar osorako eta horren hedakuntza nahitaezko baldintza da guk aldarrikatzen ditugun helburu politikoak eskuratzeko.

  Kultura berria, estatu mailako errealitatearen ulermenean finkatuko dena alegia, besteak beste Estatu bateratzaileak gizaldi asko eta askotan zabaldu dituen gizarte errealitateen balorazioetatik urruntzeko irizpideak eskatzen dituena.

  Horregatik guztiagatik, bada, helmugako proiektu politiko eta sozial guztiak gora-behera eta gerta daitezkeen alde biko legebidezko harremanak gaindituz, gure alderdiek uste dute beharrezkoa dela egineran arestian aipatu ditugun oinarri eta helburu horien garapenean finkatuko den politika bateratuari ekitea.

  Kultura politiko berri horren sustapenak hurrenez hurreneko bileretan zehaztuko ditugun ekintza politikoak eragingo ditu, adibidez:

·    Gure indar politikoen arteko harremanetarako esparru egonkorra eta iraunkorra sortzea. Esparru irekia izango da, dokumentu honetan ezarri diren oinarri eta helburuekin bat datozen alderdi politiko guztiek eskuhartzeko modukoa alegia.

·    Kultura politiko berri hau zuzpertzeko gai izango diren beste indar politiko batzuekin harremanak sustatzea eta horiekiko koordinazioari ekitea.

·    Estatuaren izaera nazioanitza, eleanitza eta kulturanitzaren eta gure hiru nazio hauen izaeraren ikuspegia bultzatzeko borondate horrekin bat datozen ekintza politikoak, gero horietan ideia, kontzeptu, egitarau eta jarduketak aztertzeko, analizatzeko eta gertutzeko elementuak zuzpertuz.

·     Honako oinarri politiko hauek gizarte osoari jakinaraztea, zertarako-eta bultzatzeko eta ezagutzera emateko eta denok batera nazio bakoitza eta horren oinarrizko eskubideen aurkako jarrera bortzitzei aurre egiteko.

·     Kultura, hizkuntzalaritza, pedagogia, kirola, ekonomia eta beste arlo batzuetako elkarteak bultzatzea komunikatzeko, elkar ezagutzeko eta lankidetzari ekiteko tresna bezala.

·     Gure indar politikoek nork bere herrian antolatuko dituzten prestakuntza ikastaroetan, udako eskoletan, eztabaidetan eta abar azaltzea. Ekintza politikoaren maila guztietan esperientziak, informazioa eta alternatibak elkartrukatzea (toki, nazio, estatu eta Europa mailan alegia).

·    Diputatuen Kongresuko eta Senatuko politika koordinatzea, indar politiko nazionalista guztion ekimen eta jarreren arteko eztabaidaren ondoreetarako eta denon burujabetasun proiektuetarako funtsezkoak edo adierazgarriak izan daitezkeen gaietan Gobernuak duen politikan daukagun jokaera ezagutzearen ondoreetarako, gero erabakiak baldintzatzeko.

·    Erakundeen bilbaduraren eraldaketari bultzada bateratua ematea (Konstituzioa, oinarrizko antolamendu juridikoa, Senatua, Konstituzio Auzitegia,...) gure nazioen politika erabat ezagutzeko aukerak izan ditzagun.

·    Lan koordinatua Europako eta nazioarteko foroetan eskuhartze zuzena eta eraginkorra eskuratzeko.

  2.- EUROPAR BATASUNAREN IKUSPEGI BATERATUA

2.1.- Nola ulertzen dugun Europar Batasuna

  Europar Batasuna denok ulertzen dugu berdin; ikuspegi hori ondoko azterketa eta ziurtasun hauetan dago oinarrituta:

·    Europan antzina-antzinatik sustraiak ditugun herriak gara eta gizaldietan zehar Europaren historian murgilduta egon gara.

·     Historia horretan lan egiten jarraitzeko borondatea duten herriak gara. Guretzat hori ez da aukera bat, gure nortasunaren adierazpena baizik.

·    Eraikintza hori herrien arteko berdintasunean egitea nahi dugu eta, ondorioz, estaturik gabeko egungo nazioen errealitatea integratuz.

  Prozesu honetan guk herri bezala egin behar dugun ekarpenak burujabetasunaren kontzeptuaren transformazioaren testuinguru berrian nazio identifikaziorako ezaugarriak sendotzea eskatzen digu.

  Eszenatoki berrietan burutu behar den barneko identifikazio hori, seguruenik, izateko era kolektiboa eratzen duten faktoreetan oinarrituko da, eta horien artean historia, hizkuntza, kultura, lan egiteko era  eta baita hain argiak ez diren beste batzuk ere badaude, baina gizarte bat biltzeko direnak eta oro har nortasuna ematen digutenak.

  Europar Batasuna errealitate ukaezina da gure herrientzat, eta, ondorioz, gure nazio erakundeetatik nahitaez egon behar dugu Europan, adierazgarriak diren erakundeetan eta derrigorrez herri katalan, galiziar eta euskaldunaren asmoak eta interesak defendatzeko, hala esparru politikoan nola ekonomikoan eta hizkuntzan eta kulturan, eta bide guztiak erabili behar ditugu, bai zuzenak eta bai, gaur, estatu espainiarra.

  Europar Batasun horrek integrazioa bilatu behar du, uniformetasuna eta inposaketa saiheztuz, Europa barruko nazio errealitate eta herriek askatasunez erabakitako atxikimenduak bideratu eta bermatuz. Horretarako, ezin bestekotzat jotzen dugu Europako herri guztiek duten autodeterminaziorako eskubidea, Europear Batasunaren eraikuntzaren zutabe bat izatea.

  Gure iritzi eta helburuak:

·    Batasunak sistema politikotzat demokrazia babesten duten politiken aitzindari izan behar du, eta. aldi berean, etorkizunaren funtsa izango den eusteko moduko ekonomia zainduko du, gizarte justiziarako elementua den ongizatearen gizartea eta sorospidetza bultzatuko ditu, beti ere hiritarren benetako eskarietara hurbiltzeko.

·    Europako Parlamentuaren kontrol eta bultzatze gaitasuna indartuko duen esparru demokratikoa, Batzordea eta Kontseiluarekin alegia, arlo guztiei buruzko legeak sortzeko ahalmena izango duena, nazio mailako parlamentuen eskumenak zainduz, erabakiak hartzerakoan gardentasuna bultzatuz eta Europar Batasuneko erakundeetan egon dagoen  mentsa demokratikoa zuzenduz.

·     Esparru demokratiko hori, eszenatoki orokorrean egoteagatik, politika ekonomikoak eta banaketarako politika doituagoen erreferentzia izango da, gizartearen konkisten eta Ongizatearen Estatuaren babeslea izango dena; Europa osoan 18 milioi pertsona ukitzen dituen enplegu-gabeziaren aurkako berariazko politika sendoa garatuko duena, biztanleria aktiboaren %11a alegia, eta ekonomia orokorrari gizarte, ingurugiro eta askatasunen babesaren izaera duten osagaiak ekarriko dituzten munduko egituren ezarpenaren alde borrokatuko dena.

·    Europar Batasunak giza eskubideen eta herrien arteko berdintasunaren defentsa aktiboan jardun behar du, arraza, etnia edo gizarte bereizkeria guztien aurka borrokatu, inmigranteen integrazioa bideratu eta asilo eskubidea garatu; emakumeen eskubideak konkistatzeko eta babesteko ekintzak behar ditu defendatu, egineran politika berdinzaleak bultzatuz eta gazteriaren berariazko arazoak konpontzeko politika sustatuz, batez ere enplegu-gabeziari dagokionean.

·     Gure asmoa garapenerako lankidetza politikak  ardatz bihurtuko dituen Europa eraikitzea da, Hirugarren Munduko herriekiko justizian eta elkartasunezko erlazioan oinarrituko dena.

  Ildo horretatik, funtsezkoa da gure presioa eta lan bateratua Europar Batasun horretan aurrera egiteko, arestian zehaztu ditugun ardatz horien inguruan mugitzen diren proiektu politikoak dituena, hau da, Batasun ekonomikoa hutsa gaindituko duena.

2.2.- Gure jarrera Europar Batasunarekiko

  Europar Batasuna Galiza, Catalunya eta Euskadirentzat erlaziorako eta inguruko hurrengo esparru berria da eta horren barruan gure nazioek euren burujabetasuna garatuko dute. Europar Batasunaren eraikuntzak bide bikoitza du estaturik ez duten gureak bezalako herrietan.

  Alde batetik, Europa mailan hartzen diren erabakiek Europako erakunde amankomunek gure burujabetasunari dagozkion eskumenak hartzea esan nahi du, erabakiak hartzeko espazio amankomun horretan eskuhartze zuzenaren kontrapartidarik egon gabe eta horrek esan nahi du gure herrienak diren eskumenen aldarazpena eta gutxipena dagoela, gure burujabetasunaren kalterako eta Europar Batasunaren estatuen partaidetzaren onerako.

  Baina, beste alde batetik, mugen irekierara eraman gaituen integrazio eredu berria gauzatzen ari den neurrian, estatuz gaindiko erakundeei eskumenak emateak eta, neurri batean, estatu-nazioak beti izan dituen ezaugarrien ahultzeak, erreferentzia politikorako esparru berria ekarri du, baina artean ondorio argirik ez duena eta, hori gora-behera, aurreikusi ez direnak eta Estatu espainiarrean egun integratzeko dagoen forma hori alde batera utzita, gure nazioen estatuz gaindiko berariazko ekintza eskatzen duena, zertarako-eta gure herrien esparru politiko berriko eskuhartze zuzena bideratzeko.

  Bada, testuinguru horretan, gure borondatea nazio onarpen horren eta gure herriek eskatzen duten botere politikoaren zabalkuntzaren ondorio diren emaitzak lekuz aldatzean datza, nora-eta Europa mailako eta nazioarteko eszenatokira, eta hori da gure helburu politiko amankomun nagusia.

  Jarduketa honek, maila honetan, egun gure ekintzak gidatzen dituen kultura politiko berriaren oinarriak diren gidalerroak aplikatu behar ditu. Horrek esan nahi du nazioarte mailan ere erakunde politikoen esparru hertsiak gainditu beharko ditugula eta plangintza hauek gizarte zibilaren beste arlo batzuetara hedarazi, hori baita aipatu diren helburu horiek eskuratzeko eta gizarte laguntza lortzeko aurretiazko nahitaezko urratsa.

 

2.3.- Europako gizartearekiko estrategia

   Barneko ikuspegitik, gure geure gizarteen barruan, nazioarteko politikako gai nagusiei buruzko eztabaidak bultzatu behar ditugu eta bereziki zuzenean ukitzen gaituztenei buruzkoak. Horrek era aktiboan eta kritikoan iritzi egoeren sorkuntza eta nazioarte mailako arazoei buruzko erabakiak hartzeko eskuhartzeko bidea emango digu.

  Garrantzitsua da gure ekarpena Europar Batasunak ekialdeari begi izan behar duen zabalkuntza bezalako gaietan, edota migrazioa, Estatu ereduaren eta ongizataren gizartearen defentsa, Europako eskubide  demokratikoak eta gizarte eskubideak, Hirugarren Munduko herri baztertuekiko elkartasuna eta lankidetza, Europako segurtasun politika, nazioarteko merkataritza, nazioarteko merkataritzako gizarte alderdiak eta ingurugirokoak, gatazka belikoak eta politikak munduan edo planeta mailan ingurugiroa babestea bezalako arloetan.

  Eztabaida nagusi horrek inplikazio eraginak izan behar ditu gure gizarteen  barneko esparruan, baina, aldi berean, kanpoko partaidetza eta hedapen eragina ere; eragiketa hori gure gizarte bilbadura beste toki batzuetako erakunde homonimoetan horrela eskuhartzeko izango dugun gure gaitasunaren araberakoa izango da.

  Ildo horretatik gure nazioetako elkarte eta talden nazioarteko aintzatespen zuzena eta nazioarteko federazio eta izakietan izan behar duten presentzia bultzatu behar dugu, baita Europako eta nazioarteko profesionalen elkarteen, federazioen, izakien eta nazioz gaindiko herri elkarteen eta pribatuen egoitzek gure herrietan izan behar duten kokapena ere.

  Gure nazioen proiekzio kulturala sendotu behar dugu, eta hori nazioarteko ikuspegitik egin behar dugu. Gauza bera gertatzen da  esparru ekonomikoari dagokionean. Ildo horretatik gizarte zibilaren presentzia aprobetxatu behar dugu, atzerrian bizi diren gure erkidegoetako pertsona eta erakundeak edo guri oso lotuta daudenak eta proiekziorako sarea ezartzeko gaitasuna dutenak.

 

  Kanpo mailako jarduketa horrek gure nazioen interes politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen defentsa bidera dezake Europa eta nazioarteko testuinguru horretan, erakundeen lanaren osagarria izango dena alegia. Oro har, gure nortasuna eta gure errealitate sozio-ekonomikoak, kulturalak eta politikoak Europan eta munduan defendatzeko bideak emango dituen formulazioak bilatzean datza.

  Baldin eta Catalunya, Euskadin eta Galizan geure buruak antolatzeko gauza bagara Europar Batasunean eta nazioarteko mailan argi antzeman daitezen katalan, galiziar eta euskaldunon interesak eta “lobby” bezala legezkotasuna eskuratuz Batasunaren eta munduaren mailan eskuratu nahi dugun nazioaniztasun eta norbanakotua lor dezakegu.

 

 2.4.- Europako erakunde politikoetan gauzatu behar dugun estrategia

  Esparru europarra gure erlazioak egiteko eta jarduteko gure hurbileko eremu politikoa den neurrian, eta horrek gura burujabetasuna ukitzen duen ginoan, Europako erakunde politikoetan estrategia politiko bateratua garatu behar dugu, nazio katalan, galiziar eta euskadunaren aintzatespenerako balioko duena eta esparru berri horren aniztasun eta oparotasunean finkatuko dena eta, bereziki, gure nazio burujabetasun eskumenak eta gure berariazko interesak ukitzen dituzten erabakien tokietan bertan egoteko.

 

 

  Kultura politiko berriaren gure kontzeptuak eginera politikoa ulertzeko era berria sortarazi nahi du, sistema demokratikoaren benetako aplikazioa bermatuko duten mekanismoetan zintzo eta eraginkortasunez sakonduz alegia, hau da, hiritarrek gizartearen eskubide eta betebeharren benetako gauzatzean izan behar duten partaidetza eta erantzukidetasuna sustatuko duen sistema demokratikoa. Kontzeptu horiek Europako erakundeetan hedatu nahi ditugu hiritarrei hurbiltzearen ondoreetarako. Gure herriek Europako erakundeetan izango duten partaidetzak, hiritarrak identifikatzen dituen hurbileko errealitateak eskuratzen baditugu, inolako dudarik gabe hurbiltasun horrek, partaidetza politikoa eta erantzukidetasuna  eskuratzeko balioko luke.

  Horretarako katalan, euskaldun eta galiziarron nazio erakundeen eta Europako erakundeen arteko harreman zuzenerako bideak ezarriko dira, nahitaezkoa delako.

 

  Partaidetza horren funtsezko elementuen artean, besteak beste, hauek egongo dira:

·    Nazionalitate guztietako agintariek Batasunean estatuetako eskuordetzak dituzten organo eta erakundeetan eskuhartzeko bermea (batez ere Kontseiluan eta COREPER-en), baldin eta estatutuen arloko eskumenak lantzen badira.

·    Batasuneko erakundeek sorospidetzaren oinarriaren aplikazioan sakontzea; erabakiak hiritarrarengandik ahalik eta hurbilen hartuko dira eta Estatu kideen egitura politikoa eta administrazioa kontuan hartuz.

·     Erkidegoaren arautegia egokitzea, horrela horren estatuko burutzapena aipatzerakoan berariaz bidezko nazionalitatearen maila azal dadin baldin eta delako horrek hori betearazteko eskumenak dituenean eta Estatu bakoitzeko antolamendu juridikoarekin bat egiten bada.

·    Maila politiko ahal eta deserdiratuenean aplikatzea eta kudeatzea erkidegoaren politikak; horretarako kontuan hartuko dira estatuz azpiko botereen eskumenak eta estatu kideen antolakuntza politikoa eta administraziokoa.

·    Justizia Auzitegian ekintzak burutzeko legezkotasuna baldin eta Europar Batasunak hartu dituen neurriek gure eskumenak ukitu badituzte; horren barruan Europar Batasuneko Justizia Auzitegira joatea sartuko da Batasuneko edo Estatu kideetako erakundeek burutu dituzten ekintzen aurkako errekurtsoak jartzeko, baldin eta horiek erkidegoaren antolamendu juridikoaren aurka jokatuz katalan, euskaldun edo galiziarren interesen aurka badaude edo, aldi berean, ekintzen defentsa, baldin eta Europako erakundeek dudatan jartzen badituzte.

·    Europako hauteskundeetarako nazio-barrutiak ezartzea. Ildo horretatik, eta Europako erakundeek hurbileko etorkizunean hauteskundeei buruzko lege baterarua garatuko duten neurrian, Europako erakundeetan lan egiteko esparrua ireki da.

·    Gure nazio parlamentuen eta Europako Parlamentuaren arteko harremanetan sakontzea Eurokamara eta estatuetako parlamentarioen eta Catalunya, Galiza eta Euskadiko Ganbaren artean bilerak egiteko mekanismoak garatuz.

·    Mugaz haraindiko lankidetza mekanismoak garatzeko aukerak emango dituzten bide juridikoak ezartzea, horretarako, beharrezkoa bada, akordio iraunkorrak edo erakundeen artekoak gauzatuz autogobernu katalan, galiziar eta euskaldunaren jarduketen esparruko eskumeneko arloetan.

·      Europa mailan katalana, euskara eta galiziera hizkuntzen ofizialtasuna aintzat hartzea; halaber, kontuan hartuko da azken hori eta portugesa hizkuntza bereko atalak direla eta, ondorioz, Europako maila guztietan erabil daitekeela gaurtik aurrera. Hizkuntza horietan azaleratuko den kulturak ekoizteko, hedatzeko, zabaltzeko eta publizitatea izateko estatuetako hizkuntza ofizialei lotuta azaltzen diren kulturek duten erraztasun berberak izan behar ditu.

·    Gure nazioen eskumenak ukitzen dituzten nazioarteko itunbenetan egiten diren negoziazioetan izan behar duten eskuhartzeko bideak hizpatzea.

·    Nazionalitateek izan dezatela eskuorderik Estatu espainiarraren eskuordetzan Europako erakundeen aldarazpenari buruzko gobernuen arteko Konferentzian.

·    Sistema garatzea Galiza, Catalunya eta Euskadik proiektuen eta Europar Batasunaren euren interesei buruz egiten diren eztabaidetan ezagutza sakona izateko aukera izan dezaten.

·    Europako Kontseiluaren bilerei dagokienean estatuko nazionalitateei aurretiaz kontsultak egiteko bitartekoak ezartzea, baldin eta esparru horretan euren eskumenei lotuta dauden gaiak landuko badira.

·    Europako Batzordeko komite guztietan eskuhartzea baldin eta nazionalitateen eskumenei lotuta dauden gaiak ukitzen badira.

·    Erkidegoaren egituraren finantzaketarako planak, egitarauak eta tresnak aurkeztea nazionalitateek horietan erabakiak hartzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko aukerak izan ditzaten.

·    Gobernu autonomiadunek euren eskumen propioen arloan garatzen diren erkidegoaren fondoak zuzenean jaso ditzalela.

Azkenik, uste dugu guk eskuordetzen ditugun planteamendu nazionalistek Europako mundu politikoan izan behar duten presentzia ezin dela herri erakundeen esparrura eta horien pentzutan dauden batzordeetara mugatu. Gure alderdiek, aldiro bilduko diren plataformak eta erakunde iraunkorrak taxutu behar dituzte, zertarako-eta baiazpenezko nazionalismoaren eztabaida eta plantemendu politikoak biltzeko eta sustatzeko, sorospidearen oinarria benetan sustatzen duen nazionalismoa agertzeko eta Europar Batasunak duen boterea estaturik izan ez arren nazio nortasuna duten herrietara hurbiltzeko balio duena.

PARTEKATU