Uztailaren 16an Bartzelonako Adierazpena izenpetu genuen alderdi politikoek amankomuneko bidea hasi dute Estatuaren eremuan aniztasuna kontutan hartzeko eta gure nazioak juridiko-politikoki, sozialki eta kulturalki aintzatesteko.
Bartzelonako bileraren lan-agirian ageri dira azken urteotan gertatutako autonomia garapenerako prozesuari, Estatu Espainiarraren izaera nazioanitz, kulturanitz eta eleanitzaren aintzatespena eragozten duten oztopoak astindu beharrari eta subiranotasuna eta boterea berriro banatzeari begira aintzatespen horretatik datozen ondore politikoei buruzko gure jarrerak. Era berean, agiri horretan aurrera egin dugu Europar eraikuntzak gure ekintza politikoan duen eraginaren analisian, eta horri buruzko proposamenak egin ditugu.
Halaber, Bartzelonan adostutako Adierazpenean gure herrien nazio-izaera berriro baieztatu dugu eta aintzatespen hori bultzatu eta antolatzen ari den Europako errealitate berrira eta gero eta interdependienteagoa den mundu batera egokitu beharra aipatu- Gainera, funtsean honako hau ezarri dugu:
Era berean, Bartzelonan ezarri dugu gure hiru alderdien lankidetza iraunkor eta egonkorraren beharra zehaztutako helburuetan aurrera egiteko metodo bezala.
Bitxia bada ere, bereziki PPk eta PSOEk ordezkatutako zentralismo espainiarraren eta kazetari batzuen erantzuna hausnarketaren kontrakoa izan da oso: haiek kontrakotasunez eta erradikalak izateaz akusatu gaituzte. Erantzun horrek ez du zentzurik; izan ere, Bartzelonako Adierazpenak borroka irekiaren ordez lankidetza jartzeko kultura politikoan aurrera egin beharra azpimarraturik du. Era berean, kontrakotasunaren ordez elkar errespetatuz nazioaniztasunaren aintzatespenean oinarritutako estatu-marko bat ulertzeko akordio bat jar dadin gura dugu. Erantzun hori dela eta, indar handiagoz azpimarratu behar dugu Bartzelonan gizarte espainiarrari egindako deia. Egin-eginean ere, gizarte espainiarrarekin konpartitu gura dugu Estatuaren ulerkera horrekin bat datorren kultura politiko berria, eta beroni buruz hitz egin; gainera, haren nazioaniztasunaren ideia indartzen duen talde-jabearazpena bultzatu gura dugu.
Beste alde batetik, alderdi politikoen jarrera publiko eta pribatu batzuk egon dira Katalunian, Euzkadin eta Galizian, baita Estatuko beste lurralde batzuetan ere. Alderdi horiek Estatuaren ulerkerari eta europar eraikuntzari buruzko gure ikuspegiaren aldekoak dira, eta kultura politiko berri hori defendatzen dute.
Hori guztia dela eta, gure ustez, beharrezkoa da gure indar politikoen arteko lankidetzako bideari jarraitzea, zertarako-eta Bartzelonako Adierazpena hiru alderdi politikoentzako marko programatiko orokor bezala garatzen duen lankidetza zehatza zehazteko eta egituratzen joateko eta, aldi berean, aniztasuna errespetatzeko kultura politiko berria berenganaturik Estatuaren nazionaiztasuna aintzatesteko nahia gurekin konpartitzen duten gainerako indar politikoekiko hausnarketa eta lankidetza joritzen joateko. Horregatik Gasteizen, honako hau ERABAKI DUGU:
Ø Diputatuen Kongresuan eta Senatuan koordinazio politiko iraunkorra ezartzea, gure alderdi politikoetako bakoitzaren ordezkaritza batek osatutako koordinazio-organo bat eratuz, zertarako-eta alderdien jarrera politiko ezberdinak erakusteko, parlamentuko taldeekiko proposamenetako, emendakinetako eta negoziazioko amankomuneko jarrera iritsi nahirik. Gure ustez, Estatuaren izaera nazioanitza garatzeko alderdi garrantzitsuak diren gaiez ari gara. Halaber, eta koordinazio hori alderdi espezifikoetan zehazteko xedez, gai batzuen gaineko hiru lantalde eratu dira. Alderdi horiek honakook dira: konstituzio alderdiak -Konstituzio Auzitegia-, Parlamentutik datorren osaera duten Estatuaren erakunde ezberdinetako jarrera nazionalista eta Defentsa- eta Kanpo-politika.
Ø Gure nazioek Europar Batasunaren erabakitze-prozesuko partaidetzarako mekanismoei buruzko baterako proposamena, zertarako-eta eredu nazioanitza Estatuak Europako erakundeetan erabakitzeko duen gaitasunaren translaziora sartzeko. Proposamen hori aukera nazionalisten hauteskunde-programen amankomuneko proposamen programatiko bezala sartuko da, edo datozen europar hauteskundeetarako alderdi nazionalistaren bat agertzen den programen proposamen bezala, edo CiUk, EAJk, eta BNGk Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako aurkezten dituzten hauteskunde-programen amankomuneko proposamen programatiko bezala.
Ø Estatutik gabeko nazioen diputatu ordezkarien arteko Europar Parlamentuko parlamentu-koordinaziorako mekanismoak ezartzea, zertarako-eta legegintza-proposamenak aztertzeko, amankomuneko jarrerak finkatzeko eta baterako parlamentu-ekimenak burutzeko.
Ø Hizkuntzaren eta kulturaren eremuko lantalde bat (gure alderdi politikoen ordezkariek osatua) osatzea, zertarako-eta hizkuntz politikaren, kultur politikaren eta kiroletako politikaren eremuetan baterako lan-plana egiteko. Horrek zehaztutako gidoi bat izan behar du, Estatuaren errealitate hizkuntzanitza eta kulturanitza benetan aintzatestea lortzekoa eta mankomunean aztertu eta garatu ahal diren gure hizkuntza, kultur eta kirol egoeren alderdietan lan egitekoa.
Ø Gure alderdi politikoen ordezkariek osatutako lantalde bat osatzea, zertarako-ta zergatasun eta finantzaketa publikoari buruzko lan-plan bat eta amankomuneko programa bat egiteko. Izan ere, gure alderdi politikoek uste dute ezen botere politikoa benetan berriro banatzeko prozesu batek (esate baterako, autogobernukoak) barnean hartzen duela nahitaez zerga-politikaren edo sarreren eta finantzaketaren atala.
Ø Gure herrien nortasun nazionalaren aldeko konpromezua harturik duten kultur elkarteen eta fundazioen arteko koordinazio iraunkorrerako mekanismo bat ezartzea, haien arteko topabideak eta harreman-bideak bultzatuz.
Gasteiz, 98-09-16