SANTIAGO COMPOSTELAKO AKORDIOA
31Urria
1998
31 |
Hainbat agiri

SANTIAGO COMPOSTELAKO AKORDIOA

SANTIAGO COMPOSTELAKO AKORDIOA
Urria 31 | 1998 |
Hainbat agiri

1998ko urriaren 29, 30 eta 31an BNG, EAJ-PNV eta CIU alderdiak Santiago de Compostela hirian bildu ziren Espainiar Estatuak nazio anitza den aldetik duen artikulazioari irtenbidea aurkitzeko beharraz hausnarketa egiteko.

Santiago Compostelan topaketa hau eginez, Bartzelonako adierazpena sinatu dugun erakunde politikook hiruko topaketen lehenengo zikloa bukatutzat jo gura dugu. Topaketa horietarako konpromisoa hartua genuen hasieran, zertarako-eta gure nazio-errealitateen aintzatespenarekin bat datorren kultura politikoari buruz hausnarketa sakona egiteko.

Orain arte garatutako lanak Estatu Espainiarraren egituran nazio-aniztasuna aintzatetsi beharrari buruzko eztabaida irekitzea ahalbidetu du.

Estatuaren izaera nazioanitzaren aintzatespenarekin bat datorren kultura politiko berria konpartitu eta berari buruz elkarrekin hitz egiteko deiak, agintari politiko eta sozialek jendaurrera agertarazitako jarrerek eta Euzkadin irekitako bake-prozesuak aldi politiko berria markatzen dute gure ustez.

Bartzelonako, Gasteizko eta Santiago Compostelako akordioek, uztailekoek, irailekoek eta oraingoek hurrenez hurren, baterako lan-prozesua ireki dute, neurtua eta kalkulatua, zehatza baina presarik gabea, Estaturako aldi politiko berriranzkoa. Akordioon bitartez lortu ahal da Herrien Europako batasuna etorkizunean.

Gure ahotsak aho batez eta elkartasunez entzunarazi nahi ditugu Estaturik gabeko herri guztiekin batera Penintsulako eta Europako eraikin berria eraikitzeko. Eraikin berri horretan nazioek ekonomi garapeneko, gizarte ongizateko eta kultur loraldiko beren helburuak lortzeko dagokien boterea subirano eta elkartasunez burutzeko eskubidea izan behar dute, beren eskubideen eta interesen egituraketa eredu egokian eta askatasun-, parekotasun- eta elkarrekikotasun-irizpideekin.

Gure alderdiek elkarlanean jardungo dute nazioaniztasunaren aintzatespenean eta gure nazioen erabaki-eremu demokratikoekiko errespetuan oinarritutako amankomuneko estatu-marko bat eratzeko

1978ko Espainiako Konstituzioak 20 urte bete dituen honetan, gure ustez, beharrezkoa da haren bi hamarkadotako irakurketari, garapenari eta aplikazioari buruzko gogoeta sakona egitea. Ziur gaude hausnarketa horrek gure nazio-errealitateen aintzatespen juridiko-politikoa bermatzen duen Konstituzioaren berrirakurketa aberasgarria burutu beharra ekarriko duela.

Haren berrikuntza planteatuko da. Era berean, horrek Estatuko hiritarrek gizarte mailan errealitateok berenganatzea bultzatzeko balio izan behar du. Horretarako beharrezkoak diren elkarrizketan eta eztabaidan, gure ustez, honako gaiok jorratu behar dira:

Estatuaren izaera nazioanitza.

Kultur eta hizkuntz aniztasunaren aurreko jarrera berriaren beharra.

Ikur eta erakundeetan aniztasun hori agertzea.

Estatuaren nazioaniztasunaren aintzatespena politikoki benetako bihurtzen duen eskumen-egituraketa.

Herri finantzaketako ereduak nazio-errealitate bakoitzaren arabera gobernatzeko ditugun beharrizanetara egokitzea.

Senatuaren eginkizuna eta berrikuntza egokia aztertzea, baita beste erakunde-organo batzuk ere.

Europar Batasunean eta nazioarteko eremuan present egotea, gure nazioen aintzatespen juridiko-politikoarekin bat etorririk.

Santiago Compostelako topaketa honetan gure erakundeen arteko baterako lan-planari jarraituz.

HONAKO HAU HITZARTU DUGU

Bartzelonako, Gasteizko eta Santiago Compostelako bileretan hitzartutako helburuek beharrezko dituzten baterako jarduketak burutzea ahalbidetzen duen topagune bezala gure erakundeen arteko lankidetza egonkor eta iraunkorra egitea. Halaber, Estatuaren ulerkera nazioanitz eta hizkuntzanitzarekin bat datorren Kultura Politiko Berriari buruzko elkarrizketaz interesatuta dauden hiritarren arloekiko eta Estatuko beste  alderdi eta erakunde batzuekiko lankidetza eta informazio- eta iritzi-trukea izango dugu.

Ildo horretatik, foro honetako talde guztiek elkartrukaketa eta dialogo hori sustatuko dute, gutxienez, euren nazio esparruko alderdi eta erakundeekin eta baita koalizio araubidean eurekin daudenekin ere.

Galiziako, Euzkadiko eta Kataluniako Parlamentuetako gure alderdietako bakoitzaren ordezkaritza batek osatutako lankidetza politiko iraunkorreko organo bat eratzea. Organo hori bilduko da beraren ordezkariek biltzea beharrezkotzat jotzen dutenean eta kurtso politikoen hasieran.

Lankidetza-perspektibak hiru izaera izango ditu:

Esperientziak, proposamenak eta ekimenak elkarri trukatzeko tresna.

Nazioak benetako edukiz betetzeko Estatu Espainiarraren egungo marko juridiko-politikoari buruzko ulerkera berria beharrezko ikusarazteko bidean aurrera egin ahal izateko tresna.

Nazio-egituraketarako proiektua sendotzeko, eraikitzeko eta bultzatzeko herri bakoitzean burutzen diren estrategien ezagupena ahalbidetzen duten proiektuen eta ekimenen etorbidea.

Gasteizko bileran konstituzio-gaietarako sortutako lantaldeari konstituzio-problematika osoari buruzko azterketa eskatzea.

Konstituzio Auzitegiari buruzko Lantaldeak ekarritako ondorioetatik abiaturik egiaztatzea ezen, konstituzio-berrikuntza baten kaltetan joan barik, era berean posible dela Konstituzioaren irakurketa ezberdina, Autonomia Erkidegoen eskumenak eta Estatuaren errealitate nazioanitza gehiago errespetatzen dituena. Horren ondorioz, honakook eskatu gura ditugu:

Estatu-legegileak erabili eta Konstituzio Auzitegiak orokorrean berretsitako interpretazio-irizpide uniformista eta urriki autonomisten aldaketa. Izan ere, irizpide horiek, besteak beste, Autonomia Erkidegoen eskumen esklusiboen ukapena eta Estatuaren oinarrizko legeriaren gehiegizko hedapena ekarri dituzte.

Gatzaka ebazteko bateratzen diren botereen aniztasuna behar bezala islatzen duen Konstituzio Auzitegiaren osaera. Konstituzio Auzitegiko magistratuen izendapena Estatuaren errealitate nazioanitzera egokitzea ahalbidetzen duten mekanismoak bideratu behar dira.

Nazio-, estatu- eta mundu-eremuetan eta, bereziki, europar eremuan Bartzelonako Adierazpenaren akordioak sustatzeko Lan Plan bat betearaztea, zertarako-eta nazioaniztasunarekiko, kulturaniztasunarekiko eta hizkuntzaniztasunarekiko errespeturako kultura politiko berriari buruzko eztabaida bultzatzeko.

Herri finantzaketari eta zergei lotuta eratutako Lantaldearen markoan arlo estrategikoak aztertzeko talde bat sortzea, zertarako-eta gure ekonomien osagarritasunaren analisian nazio bakoitzaren arlo estrategikoak sendotzeko proposamenen elaborazioan sakontzeko.

Ildo programatikoak sartzeko eta Santiago Compostelako Topaketako lan-agirian ageri diren neurriak europar hauteskundeetarako hauteskunde-programen abiaburu orokor bezala bultzatzeko konpromisoa hartzea. Neurri horiek gauza batzuei lotuta daude. Gauza horiek honakook dira:

Europa eta aniztasunarekiko errespetua.

Europar politikei buruzko gure ulerkera.

Gure nazioentzako Europako partaidetza.

Gure nazioentzako hauteskunde-mugabarru bereziak.

Mugaz haraindiko lankidetza.

Kohesio-politika.

Herri komunikabideak diren TVEri eta RNEri Irrati- eta Telebista-estatutua betetzeko eskatzea, aniztasun politikoarekiko errespetuari, informazioaren objektibotasunari eta egiazkotasunari, iritzi-egiaztapenari eta talde politiko eta gizartezkoen sarbideari dagokienean bereziki. Komunikabide horiek abiaburuok betetzea dute, zalantzarik gabe, herri zerbitzuak izateko ezinbesteko ezaugarri.

Toponimiaren eta antroponimiaren erabilera ofizialari eta hizkuntza ofizialkideen Justizi Administrazioko erabilerari buruzkoa den eta legekoa ez den proposamen bezala baterako ekimena Diputatuen Kongresuan aurkeztea.

UNESCOrekiko lankidetza-batzordea eta Estatu Espainiarraren bertako ordezkaritza berriztatu beharrari buruzko baterako ekimena Gorteetan aurkeztea.

 

PARTEKATU