Onartu behar dut horien inbidia dudala, hori bai, inbidia zintzoa, horrelako ezaugarriak dituen prozesuan eurek zituzten egileen atal baten benetako inplikazioa lortu dutelako eta egun eskura dutelako Irlandako egoera korapilotsua konpontzea eta, aldi berean alderdi guztiek aintzatetsi duten nazioarteko proiekzioa eta laguntza lortu dituztelako batez ere Bill Clinton Estatu Batuetako presidentearena berarena, eta ohartu direlako babes horrek lagundu ez ezik, alderdi guztiak behartzen dituela gutxieneko akordio batzuk garatzera eta betetzera.
Egoera hori abiatzerakoan behintzat ez da Euskadin daukaguna. Eta hori ez da bakarrik bertako eragile batzuek egunera arte behintzat izan duten hutsaren pareko borondate ezaren ondorioz guri nazioarteko babes eta laguntza hori falta zaigulako, hau da, egoera honi aurre egiteko ahalegina egiteko asmorik ere ez dutelako.Euskadin, aldi berean, abiatzerakoan beste oztopo bat daukagu. Alderdiei buruzko Legea eta Batasuna legez kanpo uztea. Britainia Handian, nahiz eta arazo irlandarra deritzona era oso bortitz eta gordinean gauzatu, Estatuari tory eta whig-ei ez zaio inoiz burutik pasatu ere egin Sinn Feinek eskuordetzen zuen gizarteko atal oso hori eszenatoki politikotik egoztea. Estatu espainiarrean bai. Gaur atzera begiratuta Erdi Aroko historiatik ateratakoa ematen duen garaian eta aukera guztiak zarratzeko helburuarekin, ez bakarrik akordiora iristeko aukerak, hitz egiteko aukera bera ere ekiditeko, Estatuak PPk eta PSOEk, Alderdiei buruzko Legea onestea erabaki zuelako.Arau horrek itxura faltsua eta helburu bakarra zituen eta ditu. Demokraziaren zaintzailearen itxurarekin bere asmo eta xede bakarra Euskadiko hauteskunde-mapa aldatzea da. Sortu zutenean, eta egun ez da aldatu, Estatuak Euskadirako ad hoc burututako legea da. Funtsezkoa den askatasunaren defentsaren oinarria aitzakia moduan jarrita helburu bakartzat herritarren atal bat (gutxi gorabehera %10) hauteskunde-mapatik kanpo uzteko asmoa zuen eta duen araua. Zer lortzeko? Bada, horrela sortzen duen kaosa, biktimismoa eta ziurgabetasunarekin ugazaba espainolistak dituzten alderdiek eurei berez dagokiena baino eskuordetza politiko handiagoa lortzeko eta, bide batez, EAJ-PNV izatea legez kanpo geratu den atal horren demanden jasotzailea eta, bere eskumena izan ez arren, legearen ondorioak ordainduko dituena. Beraz, derrigorrez konpondu behar dugun arazo erantsiaren aurrean gaude eta gogorarazi behar dugu arazo horren sortzaile nagusia Rodriguez Zapateroren Alderdi Sozialista dela. Ondorioz, Euskadin 2005ean gutxienez hiru elementu batu behar ditugu eta hasi beharko genuke horientzako irtenbidearen bila. 1) Derrigorrezkoa da bakea errealitate bihurtzeko lanean hastea. 2) Derrigorrezkoa da tresna juridiko berria garatzea eta onestea adostasun politiko zabalean finkatuko den estatutu politiko berria, erabakien subjektu nagusiak euskaldunok izateko aukera emango duena; eta 3) Derrigorrezkoa da normaltasun demokratikora itzultzea eta ezker abertzale osoak aukera eta bide politiko guztiak berreskuratzea gizartearengandik lortuko duten eskuordetza horrekin nahi duena adierazteko.Horiek dira etapa berri hori eraikitzeko hiru zutabe nagusiak. Egungo abagune honetan uste dut aukera bakarra hiru ardatz horietan aurrera egitea dela eta ziur nago beharrezkoa dela etapa berri hori amets izatetik errealitate bihurtzeko guztiok ditugun itxaropenak betetzeko. Argudio moduan esan genezake gaien araberako mahai desberdinak eta bereiztuak eratu behar ditugula. Gutxienez bi. Baina uste dut denok dakigula bi mahaiek elkarri zeharka begira jardungo dutela. Jakin dakigu aurrera egiteko bide bakarra elkarrekin aurrera egitea dela. Agian bataren eta bestearen erritmoak desberdinak izan daitezke baina, argi dago, elkarren berri izanda. Inguruabarrak zeintzuk diren ikusita ez dago beste biderik. Hasi berria den prozesu honek porrot egiten badu, dudarik gabe, gauzak asko aldatuko dira.Nik neuk oso argi daukat alderdi politiko guztiak, Eusko Jaurlaritza eta gobernu espainiarra mugitzen ari direla. Horrela izan behar du eta horrela baino ezin da izan. Tren baten galdarak berotzen ari gara. Baina tren hori abian jartzeko nahitaezkoa izango da behar adina ikatz botatzea makina geratu ez dadin eta azken geltokiraino iristeko gauza izan dadin, ibilbidean aurkituko dituen bihurgune eta aldapak gorabehera. Une honetan ikatz gehien bota dezakeena, argi dago, ETA da, indarkeriarik eta estortsiorik gabeko abagunea bermatuz. Hori eginda, eta gobernuak espetxe-politikan keinu bat egingo balu, prozesu honetako trenak indar nahikoa izango luke hurrengo geltokien erronkari ekiteko. Nik gauza bakarra eskatuko nioke ETAri, gaur egun de facto egon dagoen su-etena bermatzeko, eta gobernuari espetxeen arloko legea, legearen espiritua, betetzeko. Uste dut ez dela gehiegi eskatzea.Halaber, oso argi daukat egungo egoerak lan egitera behartzen gaituela; agian ez azkar, baina seguruenik bai a priori gizarte honek dituen arazoetarako irtenbidea lortzeko egokiak izan daitezkeen abagune eta esparruak bertan behera utzi gabe. Ez presaka, baina gaur egun guztiok igartzen eta sumatzen ditugun konpontze-aukerak finkatuta.
Denbora alferrik galtzeak eta besterik gabe epea luzatzeak berriz ere porrota izatearen beldurra areagotuko du, eta alderdi guztien mesfidantza sustatu. Ikatza kargatzeko sasoia da, galdarak betetzekoa. Lan-jantzia soinean jartzeko unea da, esker txarrekoa baina derrigorrezkoa den isileko lanarena.Une honetatik aurrera hauteskundeei lotuta dauden abaguneak eta estrategiak ahaztu behar ditugu. Gaur bertan hasita guziontzat oso zaila izango da atzera egitea. Itxaropen asko piztu da, beharbada nahi gabe eta, horrexegatik, inolako bermerik gabe, baina igurikizun horiek ilusioz beteta daude eta, ondorioz, prozesu honetan eragozpen eta oztopo erreal bihurtzen denak gizarte honi eman beharko dizkio jarrera horren arrazoiak.
Gurako nuke EAJ-PNVren aurkako antzinako gorrotoa eta seguru nago gorroto hori bera alderdi politiko batzuentzat mugitzeko arrazoia izan dela bakera eta normalizazio politikora iristeko oztopo ez izatea eta argi bereiztea zer den eskuzabala izatea eta erantzukizunez jokatzea eta zer den EAJ-PNV makurraraztea eta iraintzea.Bere oroitzapen politiko hain arrakastatsu horietan Gerry Adams politikari abertzale irlandarrak egiten dituen azken hausnarketa horietako batekin bukatu nahi nuke. ÒGure helburua bake doia da. Inork ez zuen esan ataza erraza izango zenik, baina hau gure historiaren une honetan norberak, gutariko bakoitzak, egin dezakeen gauzarik garrantzitsuena daÓ. Nik gehiago esango nuke, gure obligazioa delako, gure betebehar nagusia guretzat geuretzat, baina baita gure seme-alaba eta hurrengo belaunaldientzat ere.