Hitzaldia
22Ekaina
2005
22 |
Hitzaldia

JUAN JOSE IBARRETXE
Inbestidura-eztabaidako hitzaldia

Hitzaldia
Ekaina 22 | 2005 |
Hitzaldia



 


AURKEZPENA

 

 

I.-     GOBERNU AURRERAKOIA, AURRERA EGITEKO

 

-     Euskadi, aurrera doan Herria

-     Gizarte osoari begira, laster helduko diegun helburuak

 

I.1)      Pertsonen zerbitzuan, pertsona guztien zerbitzuan jardungo duen proiektu bat.

 

I.2)      Garapen iraunkorra eta orekatua bultzatuko duen proiektu bat.

 

I.3)      Munduratzeko proiektu bat.

 

 

II.-    BAKEA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA LORTZEKO LEGEALDIA

 

Itxaropenari leihoak ireki dizkiogu

 

II.1)     Bakea eta adiskidetzea, amets.

 

II.2      Normalizazio politikoa lortzeko aukera.

 

II.3      Eusko Jaurlaritza, Bakea eta Normalizazio Politikoa ekartzeko eragilea.

 

II.4      Euskal gizarteak du azken hitza 


- Legebiltzarreko burua, legebiltzarkide jaun-andreok, egun on guztioi!

Benetan ohore handia da niretzat, lehendakari izateko hautagai naizen honetan, hemen, zuen aurrean egotea, zortzigarren legealdi honetan gobernua osatzeko koalizio-hitzarmena sinatu dugun hiru alderdi politikoen ordezkari modura; ohore handia da niretzat hemen izatea, Legebiltzar honetan, joan den apirilaren 17an izandako hauteskundeetan berritu den Legebiltzar honetan.

Aurkezten ari garen Gobernua aurrera begira dago, etorkizunera begira, eta hiru helburu nagusi ditu: bake-prozesu baten alde lan egin nahi du, modu eragingarrian, azkenean, elkarrizketaren bidez indarkeria amaitu dadin betiko. Alderdi politiko guztien artean normalizazio-akordioa lortzea nahi dugu, eta, horretarako, modu eragingarrian lan egin nahi dugu, ondoren akordio hori euskal gizarteak berretsi dezan kontsulta demokratiko baten bidez. Eta, jakina, ildo beretik jarraituta, orain arteko bideari ekin nahi diogu Euskadi gizarte eredugarria izan dadin; gizarte solidarioa, orekatua eta bateratua izan dadin, arlo guztietan: ekonomian, kulturan eta gizarte-arloan ere bai.

Horiek dira, beraz, hiru ardatzak: bakea, normalizazioa eta gizartearen aurrerabidea; hiru zutabe nagusi horiek eusten dute gure gobernu-akordioa, EAJ-PNV, EA eta Ezker Batua-Berdeak alderdien artean osatua; orain, aintzakotzat hartuko duzuelakoan, Legebiltzar honetara ekarri dudan hitzarmena, alegia.

Ez gatozkizue hona esku hutsik, ondo erakutsi baitugu badakigula, ematen dugun hitza betetzen. Horixe da gure bermea: aurreko legealdian ibilitako bidea bera.

Azken lau urteotan, zintzo jokatu dugu, gure konpromiso etikoari eutsi diogu, giza eskubideen eta askatasunen alde tinko eginez; eta, euskal gizarteak bere jarrera erakutsi duenean irmo, indarkeriaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen murrizketaren aurka aitzindari izan gara.

Gure konpromiso demokratikoari erantzun diogu, euskal gizartearen borondatea errespetatu, eta estatu espainiarrekin beste era bateko harremana izateko Estatutu Politiko berriaren proposamena landu eta plazaratu genuen, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuena.

Era berean, Euskadiren eraikuntza sozialari dagokion konpromisoari ere erantzun diogu, politika aurrerakoiak garatuta, eta benetan aurrera egin dugu gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko bidean.

Horixe da, bada, aurreko legealdian ibili dugun bidea. Bene-benetan uste dut euskal gizarteak aurrera egin duela nabarmen, aipatutako hiru arlo horietan.

Orain, beste aro baten hasieran gaude; beste etapa bat hastekotan gara; beste aukera bat daukagu; gauzak egiten jarraitzeko abagune ederra.

Lehendakari izateko hautagai naizen aldetik, ordezkatzen dudan gobernu-koalizioaren izenean, esango dizuet, inolako zalantzarik gabe, ziur egon behar duzuela, egokiera horretaz baliatzeko prest gaudela.

Horixe da gure konpromisoa: eskua zabalik luzatzea euskal indar politiko guztiei, bai Legebiltzar honetan dauden indar politikoei, bai eta, euskal gizartearen zati esanguratsu baten ordezkari izanik, hemen ez izan arren, gizartearen zilegitasuna dutenei ere, guztion artean, akordio politikoa lortu behar dugulako, Euskadiren normalizaziorako eta elkarbizitzarako.

Aro berria, aro erabakigarria

Joan den apirilaren 17an egindako hauteskundeetan, argi ikusi dugu oraingoan ere, demokrazia berreskuratu genuenetik halaxe izan baita behin eta berriz, euskal gizartearen errealitatea anitza dela, askotarikoa dela, eta hementxe dugu, Legebiltzar honetan bertan, horren erakusgarri argia. Oraingo honetan, gainera, aritmetika parlamentarioa nolakoa den ikusita, talde politiko guztiok dugu aro berri garrantzitsu honi ateak zabaltzeko konpromisoa hartzeko premia eta beharra.

Euskal gizarteak guztioi agindu digu denon artean erantzun egokia aurkitu dezagun, bai indarkeriaren arazoa konpontzeko, bai normalizazio politikoa lortzeko. Langintza horretan guztiok gara beharrezko eta inor ere ez da bere kabuz nahiko. Nahitaez erreparatu behar diogu, beraz, aldamenekoari, halaxe egiteko agindu digulako euskal gizarteak. Gizarte honek bakea lortzeko itxaropena zapuztuta ikusi du askotan, gehiegitan; eta gizarte hau etsita egon da sarri, normalizazio politikoa lortzeko trenari alde egiten utzi diogun bakoitzean. Gizarte honek nahi duena, azken batean, horixe da, bere etorkizuna bideratzea eta zuzentzea.

Ez da atzera begira egoteko tenorea. Guztiok mugitu gara honaino iristeko. Euskal gizartea konponbidea aurkitzeko atearen aurrean jarri dugu guztion artean. Dena daukagu alde. Badugu elkargune bat, hots, elkarrizketaren bidez behin betiko indarkeriaren amaiera lortzeko abagunea dela uste izatea. Badugu topaleku bat, bat eginda, estatu espainiarrarekin batera elkarrekin bizitzeko beste harreman-esparru bat eratzeko beharra dagoela uste dugula; eta, batez ere, gizartea dugu alde; gizarte modernoa, zentzuduna, adinez nagusia; erabaki nahi duen gizartea, eta indar politikooi, indar politiko guzti-guztioi, argi eskatzen diguna hitz egin dezagun, negoziatu dezagun eta ados jar gaitezen. Ezin dugu huts egin.  Ez dugu kale egiteko eskubiderik.

Hiru helburu nagusi ditugu aurrez aurre: bakea, normalizazio politikoa eta gobernagarritasuna

Horiexek dira helburu nagusiak, lehentasuna duten mugarriak; horiei erantzun behar diegu denok batera, gizarte modura, legealdi honetan. Banan bana aipatuko ditut, nire ustez, gai horietako bakoitzak bere prozesua behar duelako; eta gai horietako bakoitzak bere mintzakideak behar dituelako. Hiru prozesu horiek, dudarik gabe, badute elkarloturarik, baina ez ditugu hirurak nahastu behar, eta ez ditugu bata bestearen mendean jarri behar.

Bakea, edo, beste era batera esanda, zoritxarrez denbora luzeegian jasan behar izan dugun indarkeriaren gatazka konpontzea; eta Normalizazio Politikoa, hau da, Euskal Herrian sustrai politikoak dituen auzi historikoa konpontzea; horiexek dira gure gizarteak etengabe dituen jomugak, gurariak.

Horrez gainera, gobernagarritasuna ere badugu; alegia, legealdi honetan askatu beharko dugun beste korapilo bat; horri ere erantzun egokia eman beharko diogu, gaur egun dugun konplexutasun eta aniztasun politikoa kontuan hartuta. Ondotxo dakit ordezkatzen ari naizen gobernu-koalizioak ez duela bermatuta, hasieran behintzat, Legebiltzarraren gehiengo osoa. Egoera horretaz jabetzea, horixe besterik ez da, alegia, errealitatearen printzipioa. Eta errealitatearen printzipio horrek guztioi eskatzen digu elkarrekin akordioak lotzeko jarrera aktiboa izan dezagun, era horretara jarriko baititugu euskal herritarren arazoak konponbidean.

Aurrera egiteko metodo bat proposatzen dugu: elkarrizketa.

Ez dut inolako zalantzarik: elkarrizketa da porrotik ez izan eta orain arte lortu ez diren oinarrizko akordioak lortzeko modu bakarra. Elkarrizketa bai jendaurrean eta baita modu pribatuan ere. Bi alderen artekoa eta guztion artekoa. Pertsonenganako nahiz iritzi politikoenganako inolako betorik gabeko elkarrizketa. Aldez aurretik jarritako baldintzarik gabeko elkarrizketa. Irtenbideak bilatzen saiatuko den elkarrizketa nahi dut, ez demagogiaz hedabideetan erabiliko den fetitxea.

Bada garaia bakoitzak argi eta garbi esan dezan zertaz ari den elkarrizketa hitza aipatzen duenean. Elkarrizketa norekin, elkarrizketa zertarako, eta elkarrizketa non? Izan ere, pasa berri den legealdian denok hitz egin dugu elkarrizketaren premiaz, baina egia esanda, ez da halakorik gertatu. Ez dugu elkarrekin hitz egin. Batzuetan indarkeria zen aitzakia, beste batzuetan esaten zenez, aurkeztutako proposamenak Konstituzioaren aurkakoak omen ziren. Ez hori bakarrik; zenbait jendaurrean harro agertu da Jaurlaritzarekin eta Lehendakariarekin elkarrizketatzerik nahi izan ez duelako. 

Baina hori iraganeko kontua da. Zorionez, gaur badirudi ikasi beharrekoa ikasita gatozela, eta ortzi-mugan berriro ere elkarrizketa hitza ageri dela. Bakearen aldeko elkarrizketa, normalizazioaren aldeko elkarrizketa, elkarbizitzaren aldeko elkarrizketa. Lehendakaritarako hautagai naizen aldetik, une honetan bertan, nire konpromisoa plazaratu nahi dut, elkarrizketa zintzo bati ekiteko, baldintzarik gabe. Pertsonen aurkako betorik gabe, bazterkeria politikorik gabe, eta aldez aurretik inork ezeri uko egin behar izan gabe.

Oinarrizko printzipio bat aldarrikatzen dugu: Errespetua

Elkarrizketak oinarrizko printzipio bakarra bete behar du: errespetua. Giza eskubideak errespetatzea. Proiektu politiko guztiak errespetatzea. Printzipio demokratikoak errespetatzea. Euskal gizarteak hartutako erabakiak errespetatzea. Euskal gizartearen erakundeak errespetatzea, eta gauza guztien gainetik, ororen gainetik, pertsonak errespetatzea.

Errespetuaren baldintza hori betetzen ez bada, nekez lortuko dugu elkarrizketarik.

Eta hori hala izanik, benetan tristea bada ere, aitor dezadan: legealdi honi ez diogu bide onetik ekin. Hain justu ere Legebiltzar hau hasiera oker horren lekuko aparta izan da. Zehazki esanda, Legebiltzar honetako mahaiburua aukeratzeko izandako prozesu tamalgarriaz ari naiz.

Bidezkoa eta demokratikoa da Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek hautagai baten edo bestearen alde egitea, dela Legebiltzarreko lehendakaritzarako, dela Biltzar honetako mahaia osatzeko; hori politikako eta Parlamentuko joko-arauen barruan dago. Baina nire ustez guztiz onartezina da azkeneko hauteskundeetan gehiengo demokratikoa lortu zuen koalizioak legitimitate osoz aurkeztutako lehendakaritzarako hautagaia beto pertsonal erabatekoaren bidez kanpoan utzi nahi izatea. Ezin da onartu betorik eta bazterkeriarik gabeko elkarrizketa aldarrikatzen dutenek legealdiaren hasieran bertan Juan Maria Atutxaren aurkako beto pertsonala proposatzea.

Era horretan jardunda, ezin dugu elkarrizketari eta errespetuari buruz berba egin; horren ordez, mendeku politiko eta pertsonalak hartzen du lekua, norekiko eta giza eskubideen alde lan nabarmena egin duen pertsona batekiko, eta Mahaiko kide Kontxi Bilbao eta Gorka Knör-ekin batera, Legebiltzar honen duintasun eta independentziaren alde lan nabarmena egin duen pertsonarekiko.

Bitxia da oso; kontraesana izanda ere, bi aldetatik betatu dute: batetik, ETAren aurkako borrokan jardun izana barkatzen ez diotenen aldetik, eta, bestetik, Espainiako Estatuak Eusko Legebiltzarrean esku hartzearen aurka erakutsi duen irmotasuna barkatzen ez diotenen aldetik.

Esandako guztiagatik, izan bitez hitzok Juan Maria Atutxarenganako nire omenaldia, duintasunaren eredu izan baita bizitza osoan, bai politikan, eta baita pertsona gisa.

Hiru alderdik osatutako gobernua eskaintzen dugu, elkarrizketa eta akordioaren bidetik aurrera egiteko bidearen erdigune izateko.

EAJ-PNV, EA eta Ezker Batua-Berdeak alderdiek osatutako hirukoaren lehendakarigaia naizenez, beste behin ere aipatu nahi nuke alderdi politiko guztiekiko elkarrizketaren eta akordioen aldekoak garela, aurrean ditugun erronkei denon artean irtenbide bat aurkitzeko, gizarte bereko atal garen neurrian.

Gure aldetik, gobernua osatzeko akordioa lortu dugun hiru alderdi politikook ahalegin handia egin dugu eskuzabaltasunez eta barne-negoziazioaren bidez gure arteko ezberdintasunak alde batera utzi eta erdigunea berregiteko, euskal gizarteari lasaitasuna eta egonkortasuna emanda. Bene-benetan diogu: gure ustez, hiru alderdion artean, hau da, bi alderdi abertzale eta alderdi federalista baten artean lortutako koalizioak hiru oinarri nagusi ditu euskarri, eta oinarriok, bestalde, euskal gizartearen gehiengo handi batentzako zutabe dira:

-        Giza eskubideen errespetuaren zutabea.

-        Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen errespetuaren zutabea.

-        Euskadiren gizarte-eraikuntzaren zutabea.

Azken batean, koaliziorako akordio bateratzaile eta irekia aurkeztu nahi dugu, ondorengo lehentasun politikoa duela: bakea eta normalizazioa, eta baita gizarte ikuspegiko konpromisoa ere: garapen iraunkorra eta solidaritatea.

Gure abiapuntua aniztasuna onartu eta elkar errespetatzea dira, eta horrela, jarrera hori ordezkatzen dugun gobernu-koalizioaren ardatz nagusia izango da. Hiru alderdiok, ezberdinak izanik ere, gure egin dugu pluraltasunaren printzipioa, aniztasun hori gizartea aberasteko ondarea dela uste baitugu.

Helburu horiek izanik, aurrerabidea xede duen gobernua osatu dugu, eta denon artean azkeneko hauteskundeetan emandako botoen %44 ordezkatzen dugu.

Dena den, badakigu, jakin, euskal gizarteak zein misio jarri duen gure eskuetan: lortu dugun barne-adostasun horren ateak etengabean zabalik izan behar ditugula Legebiltzarreko gainontzeko alderdi guzti-guztientzat, eta lortu dugun gehiengo erlatiboarekin eta kontuan izanda aurrean ditugun erronkak handiak direla, elkarlanerako eta lankidetzarako topaguneak landu beharko ditugula, eta konfiantza dugu gure gobernu-programan aipatzen diren lehentasunak, behar bezala negoziatu ostean, guztiok bat etorri eta elkarrekin jarduteko osagaiak izan daitezkeela. Hala izatea nahi genuke.

Azken finean, aurrean dugun legealdiak “taktika” gutxiago eta “argudio” gehiago eskatuko ditu. Bizitza politikoan hizpide izan beharko dute integrazioa eta elkar ulertzea aldarrikatzen duten baloreak.

Aurrez aurre garai politiko berria dugu, eta Jaurlaritzaren eginkizuna, eta nirea, lehendakari bezala, gure arteko konfiantza berreskuratzearen alde aritzea izango da, nahikoa hondatuta baitago; ez du merezi oraingo egoeraren errudunak nortzuk izan diren eztabaidatzen indarrik galtzea. Gorputz eta arima saiatuko gara konfiantza hori berreskuratzen.

_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Jarraian, gobernu-koalizioak legealdi honetako erronkei aurre egiteko garatuko dituen helburu eta ekimenak aipatuko ditut. Hasteko, gobernagarritasuna aipatuko dut, eta horren ostean, Bakegintzari eta Normalizazio Politikoari helduko diet.

 

 

I.-   GOBERNU AURRERAKOIA, AURRERA EGITEKO


 

I.-     GOBERNU AURRERAKOIA, AURRERA EGITEKO

Euskadi, aurrera doan Herria

Azken legealdian, politika munduko iskanbilek eta hedabideetako zalapartak sarritan ezkutuan utzi dute aurrera doan herri honetako benetako egoera. Non geratu dira gure ekonomia maldan behera amilduko zela zioten mehatxu haiek, gaur egun dugun elkarbizitzarako esparruaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzea proposatze hutsagatik?

Zorionez, harrotasunez eta pozik esan dezakegu azken urteetan ekonomiako eta gizarteko adierazle guztietan asko aurreratu dugula. Gizartea gaur aurreko legealdia hasi genuenean baino prestatuagoa, modernoagoa eta orekatuagoa da.

Datu batzuk baino ez ditut azalduko, hori hala dela erakusteko.

2001 eta 2004. urteen artean, eta biztanle bakoitzaren errentari dagokionez, Euskadi Europaren bikoitza hazi da, eta beraz, Europako Batasunarekiko errenta-konbergentzia gainditu du, eta errenta erabilgarriari dagokionez, estatuko aurreneko lekuan dago.

Gure historia osoan zehar inoiz izandako biztanle landunen kopuru handiena lortu dugu. Eustat-ek dituen azkeneko datuen arabera, hau da, 2005eko lehen hiruhilabetekoari buruzkoak, Euskadin lana duten 936.000 pertsona daude, eta langabezia-tasa, berriz, azken 25 urteetako baxuena da, % 7koa hain justu, hau da, Europako batez bestekotik bi puntu behera eta estatuko batez bestekotik hiru puntu beherago. Horrekin batera, eta lehen aldiz, lanik gabe dagoen emakumeen kopurua, kopuru absolutuetan, gizonezkoena baino apalagoa da.

Gure bizitza-itxaropena munduko bigarren luzeena da, justu Japoniako biztanleen atzetik.

20 eta 24 urte arteko gazteen %80 baino gehiagok bigarren mailako edo goi mailako ikasketak gainditu ditu, eta horren arabera, Europako sailkapeneko bosgarren lekuan gaude hezkuntza mailari dagokionez.

Eta gizarte orekatuago eta solidarioagoa ere bagara, nahiz eta oraindik zer egina badagoen. Esaten ari garenaren inguruan, ez dut estatuarekiko konparaziorik egingo osasun arloan, babestutako etxebizitzen arloan, elkarlanerako programen esparruan, inmigrazioaren aldeko lanean eta abar. Datu bat baino ez dut aipatuko esandakoaren erakusgarri: gure gizartea erreferentzia da marjinazioaren aurka borroka egiteko programei dagokienez. Euskadi izan zen oinarrizko errenta bat eta gizarte arloko larrialdiko laguntzak legez onartu zituen lehen erkidegoa, hain zuzen ere lan-merkatura iristeko arazoak zituzten herritarrei laguntzeko. Azkeneko lau urteetan, gizarte arloko laguntza horiek gora egin dute nabarmen, eta ez soilik kopuruari dagokionez; izan ere, 2000. urtean 69 milioi eurotakoak izan ziren, eta 2004.ean, berriz, 138 milioikoak, baina horrekin batera, eta kualitatiboki, 2000. urtean lanbide arteko gutxieneko soldataren % 61 ziren, eta 2005ean, berriz, %84.

Bukatzeko, esan beharrekoa da Euskadira etorritako bisitarien kopurua joan zen urtean 1.750.000ra iritsi zela, orain arteko errekorra, eta horrek erakusten duenez, kanpotarrentzat gero eta erakargarriagoa da gure herria, bizitza kalitate handikoa eta ezagutu eta bertan gozatzea merezi duena.

Ondorioz, egia da, asko aurreratu dugu, baina bistan da oraindik ere asko dugula aurrera egiteko esparru guztietan. Izan ere, gizarte moderno batean, eta euskal gizartea gizarte modernoa da, oso garrantzitsua da autoestimuaz jardutea, baina horrekin batera, autokritika egiteko gauza ere izan behar dugu, erronka berriei, helmuga berriei ekiteko.

Gizarte-konbergentzia eta konbergentzia teknologikoa, guztion hurrengo erronkak.

Aurreko legealdian hartutako konpromisoa errenta eta enpleguaren arloan Europako Batasuneko zenbatekoekin bat egitea izan zen, eta lortu ez ezik, gainditu ere egin ditugu kopuru horiek. Eta esandakoa ez da izan Jaurlaritzaren eta euskal erakundeen kudeaketaren meritua soilik; euskal gizarte osoaren ahalegin solidarioaren emaitza dira datu horiek. Denok izan gara lortu ditugun emaitza onen eragile.

Dena den, ez da ahaztu behar iraganean lortutako arrakasta horiek ez dutela esan nahi etorkizuneko ongizatea bermatuta dagoenik. Mundua oso azkar ari da aldatzen. Eraldaketa sakona ari gara bizi izaten, eta ez soilik ekonomiaren esparruan; gizartea bera ere asko ari da aldatzen. Ia azkeneko bost urteetan soilik, aldaketa orokor sakona gertatu da ekonomia, kultura eta pertsonen arteko harremanetan, teknologia berrien garapenaren eta komunikazio-sareen eraginez.

Mundu osoan, informazioaren eta ezagupenaren gizarte-eredu berria ari da sortzen, eta horrek ez die soilik enpresen eta multinazionalen arteko lehiari eragiten, baita pertsonen arteko harremanei ere.

Esandakoaren eraginez, Euskadik, euskal gizarteak ahalegin orokor handia egin behar du aldaketa berri horietara egokitu eta euskal herritar guztien ongizatea hobetzen jarraitzeko. Kokaleku berri horretan gakoa pertsonak dira. Prestakuntza jaso duten pertsonak, beharrezko arreta eta laguntza jasotzen duten pertsonak.

Hori horrela izanik, hasi berri dugun legealdirako ditugun helburuak argi eta garbi zehaztuta daude: Konbergentzia teknologikoa eta gizarte arloko konbergentzia lortu nahi ditugu, eta herri solidario gisa agertu nahi genuke nazio artean, munduko lehen hamar herrien artean dagoen herrialde gisa Giza Garapenaren Indizeari dagokionez.

Horiek dira gure gizarte osoarentzako helburuak. Esandakoa lortzeko, euskal gizartearen zerbitzuan jardungo duen gobernu aurrerakoia osatu nahi dugu. Pertsonen zerbitzuan, pertsona guztien zerbitzuan jardungo duen proiektu bat; garapen iraunkorra bultzatuko duen proiektu bat; munduratuko gaituen proiektu bat.


 

I.1)   Pertsonen zerbitzuan, pertsona guztien zerbitzuan jardungo duen proiektu bat

Gure gobernu-proiektuaren erreferentzia nagusia pertsonak dira;  pertsona guztiak. Inor ere ezin da geratu hazkunde ekonomikoak dakartzan onuretatik kanpora. Gizarte solidario eta orekatua eraikitzeko egingo dugu lan, merkatua pertsonen zerbitzura egongo den gizartea lortzeko, kontua ez baita hazkunde hori azkarra izatea, baizik eta denok batera aurrera egin ahal izatea, desorekarik gabe.

Aurrerabide etikoaren alde egin nahi dugu, garapen ekonomikoaren erdigunean pertsona egon dadin. Helburua hori izanik, gure gizarteko pertsona guztiek etxebizitza duin bat izatea ahalbidetuko duten programa eta gizarte arloko politika guztiak bultzatuko ditugu, horretarako, lanpostuak izatea erraztuz, hezkuntza, osasun eta etxebizitza arloan zerbitzuak eskuratzeko aukera eskainiz eta gizarte-babesa eta integrazio kulturala areagotuz.

Azken batean estatuan eta Europan erreferente bihurtuko den gizarte‑eredua eraiki behar dugu, ongizatean oinarritutako eredua.

Horretarako, politika sozial integratzailea bultzatu behar da, bi lan‑ildo nagusitan oinarrituta:

a)            Elkartasuna eta gizartearen aurrerabidea.

b)            Berdintasuna eta kulturaren arloko garapena.

a)            Elkartasuna eta gizartearen aurrerabidea, Euskadi soziala eraikitzen hasteko lehen euskarria

Lehen ardatz horren inguruan, integrazioa lortzeko eta bizitzaren kalitatea hobetzeko eraginik handiena duten zerbitzu eta politika publikoak sustatuko ditugu, eta, horrekin batera, modu osagarrian, programa zehatzagoak ere eramango dira aurrera, bereziki ahulagoak diren giza taldeei laguntzeko.

Gure ustez elkartasuna ez da besterik gabe karitatearen bidetik jotzea, estrategia aktibo batzuk aurrera eramatea baizik, horren bidez pertsona guztiek lan munduan sartzea lortu eta gizartean ere lekua izan dezaten, bereziki horretarako arazo handienak dituztenek.

Esandako helburu horri begira, gure ardura nagusia enplegua, lana izango da. Aurrera egin dugu lanpostuak sortzeari dagokionez, eta Europako neurrietan gaude langabeziako datuei begira.

Une hauetako erronka, berriz, lanpostu egonkor eta eskubideak dituztenak lortzea izango da. Helburu horri begira, Enpleguaren aldeko Erakunde arteko Plan bat aurkeztuko dugu, eta helburu nagusia lanpostuak sortzea eta lanpostuen aldi baterakotasuna eta prekarietatea gutxitzea izango da. Horri begira, kontratu egonkorrak egitea sustatzearen aldeko eta aldi baterako kontratuak muga gabeko kontratu bihurtzearen aldeko neurriak jasoko dira.

Esandakoaz gainera, ekintza positiboak jasoko dituzten programa bereziak ere zehaztuko dira, lan-mundura iristeko arazo handienak dituzten giza taldeei laguntzeko, eta laneko eta etxeko erantzukizunak bateragarri egiteko neurriak ere hartuko dira.

Enpleguak dagozkion eskubideak izan behar ditu, eta behar besteko babes-maila eta laneko segurtasuna bermatu behar ditu.  Horretarako, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Plan Zuzentzaile berria egingo da, laneko istripuen indizeak txikiagotu, eta Espainiako eta Europako batez bestekoen azpitik jarri arte.

Arlo soziolaboralean, gogoeta egin nahi dugu eragile ekonomikoekin eta gizarteko beste eragile batzuekin elkarlanean, elkarguneek gaur egun nola diharduten ikusteko, hain zuzen ere gune horiek eraginkorragoak izan daitezela lortzeko elkarrizketa soziala dinamizatzeari begira, ondorengo arloetan akordioak erdiestea erraztu nahi baita: egonkortasunean, produktibitatean, prestakuntzan, laneko segurtasunean eta enplegua sortzeko neurrietan.

Era berean, Euskal Enplegu Legeari ere ekingo diogu, enplegu-politikak behar bezala eta modu egokian gara daitezen. Hogeita sei urte igaro dira, eta, oraindik ere, enplegu-politika eragingarrien eskumenak emateko daude, eta, ezin dut atal hau amaitu, berriz ere, Estatuari eskumen hori eskatu gabe, ezinbesteko tresna baita guretzat enplegua sustatzeko estrategia integralari ekiteko orduan.

Bestetik, gaur egungo osasun sistema sendotu nahi dugu, zerbitzu publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin, ezinbesteko tresna izango baita hori gizartea batzeko, eta baita oinarrizko euskarrietako bat ere gure ongizateko estatuan. Horri begira, gizarte eta osasun arloko laguntzarako Plan Estrategiko berria onartuko da; osasun arloan dauden ezberdintasunak %25ean murriztuko dira; kirurgiako operazio baten zain daudenen zerrendak modu eraginkorragoan kudeatzeko neurriak hartuko dira; osasun eta botiken arloko ikerketak areagotzea bultzatuko da; sendagai generikoak gero eta gehiago erabiltzea bultzatuko da, eta dauden osasun azpiegiturak hobetu eta berriak ere eraikiko dira.

Legealdi honetan benetan nabarmentzekoa izango da etxebizitzaren alde aurrera eramango den politika publikoa, kontuan izan behar baita etxebizitza duin bat eskuratzea dela gizatalde askorentzako gizarte arloko arazo nagusia, bereziki gazte askorentzat. Hori dela eta, okertzeko beldurrik gabe esan dezaket arlo honetan estatuan lehen lekuan egoten jarraitzeaz gainera, are gehiago sendotuko dugula eraikitzeko lurrak izan eta etxebizitzak egiteko politika aktiboa.

Horretarako, Etxebizitzako Plan Zuzentzailearen aurrekontua gutxika-gutxika handitzeko asmoa daukagu, Legealdiaren amaieran 200 milioi eurokoa izatera iritsi arte.


 

Bide horretatik, hartuko dugun lehenengo neurria Legebiltzar honetara Lurzoruaren Legearen egitasmoa ekartzea izango da, hain zuzen ere aurreko legealdian landu eta adostasuna lortu baitzen. Babestutako etxebizitzen lege-egitasmoa ere onartuko da. Era berean, Etxebizitzaren Plan Zuzentzaile berriaren bidez, % 50ean areagotuko da etxebizitza publikoen kopurua, eta etxebizitzak alokairuan hartzea ere sustatuko da, hutsik daudenak merkatuan jarriz, “Bizigune” izeneko programaren bidez. Esandakoaz gainera, adinekoentzako apartamentuen plan berezi bat abiaraziko da, hondatutako guneetan dauden etxebizitzak zaharberritzeko neurriak hartuko dira, eraikin zaharrak konponduko, ingurumenaren iraunkortasuna zainduko eta etxebizitzen arloan ere teknologia berriek lekua izatea bultzatuko da.

Legealdi honetan izango dugun lehentasunezko beste helburuetako bat pobreziaren aurka borroka egitea eta gizartearen marjinazioa jasaten dutenei lana aurkitzen laguntzea izango da. Gure konpromisoa Gizarteratzeko Erakunde arteko Euskal Plana idaztea da, bi eskubidetan oinarrituta: Gizarteratzeko arazorik handienak dituzten pertsonek gizarte arloko laguntzak jasotzeko duten eskubidea, eta laguntzok jasotzen dituztenek, aldi berean, lana aurkitzeko duten eskubidea.

Esandakoa lortzeko, sendotu egingo da oinarrizko errenta, eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren bilakaeraren arabera egokitu; gizarte larrialdiko laguntzak areagotu egingo dira, eta, esandakoez gainera, lehentasuna izango du Pobreziaren Aurkako Planaren hirugarren ardatza deitu izan denak, hau da, lan-munduan sartzeak, bereziki “Auzolan” deituriko programaren bidez, lana lortzen laguntzeko enpresak sortzearen bidez eta enplegu soziala sustatuta, diputazio eta udalekin elkarlanean. Gure helburua hirugarren ardatz hori sendotzea da, arazo gehien dituzten pertsonei lan-munduan sartzen laguntzeko gastua areagotzearen bidez, eta legealdiaren amaieran partida hori gaur egun erabiltzen denaz alderatuta % 50 handiagoa izatea nahi dugu.

Gizarte-behar larrietarako laguntzak indartu egingo dira, eta, horien barruan, etxebizitzako sorospenak ere asistentziarako eta epe baterako diru-laguntzatzat joko dira, osagarri.

Neurri horiek batera, beste lege bat ere egingo dugu, bazterkeria sozialari aurre egiteko gaur egun dugun arautegia eta eskubide sozialen gutuna biak elkarri batzeko, era horretara, oinarrizko errenta pixkanaka unibertsala izan dadin eta familia-unitateen eredu berriei egoki dakizkien. Era berean, Gizarte Zerbitzuen Legea egokitu egingo da, gizarte arloko zerbitzu eta laguntzen katalogoa zehaztu eta erakundeen hiru mailen arteko koordinazioa hobetzeko.

Ekimen orokor horiekin batera, solidaritatearen eta gizarte‑aurrerabidearen arloan beste jarduera jakin batzuk ere burutuko dira, giza talde zehatzago batzuek dituzten arazoak konpontzen saiatzeko. Horri begira, Drogamenpekotasunei buruzko V. Plana abiaraziko da; ezinduak diren pertsonek lana aurkitu ahal izatea bultzatuko da, ezintasunak dituzten pertsonei arreta eskaini eta aurrera egiten laguntzeko erakunde arteko planaren bidez; beste norbaiten laguntasuna behar duten adinekoei zuzendutako zerbitzu publikoak sustatuko dira, beste norbaiten premia duten pertsonei laguntzeko erakundeen arteko plana abiarazita. Familiari laguntzeko erakunde arteko beste plan bat idatziko da, familiak behar dituen laguntza-moduak jasotzeko, eta horrekin batera, Familiako Bitartekaritzarako Lege Egitasmoa ere izapidetuko da, gatazkak dituzten familiei horiek gainditzen laguntzeko.

Immigrazioko Euskal Plana indartu eta zabalduko da, eta gazteei laguntzeko politika integrala eramango da aurrera, estrategia orokor baten bidez, bereziki ondorengo arloetan eraginez: prestakuntzan, lan-arloan sartzeko aukeretan, etxebizitzan eta kultura eskura izateko neurrietan.

Atal honekin amaitzeko, berariaz aipatu nahi dut haurrei eta nerabeei eskainiko diegun arreta berezia, Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Defendatzailetza eta Behatokia sortzearen bidez, eta berriki 0nartu den Haurtzaroari Arreta eskaintzeko Legearen bidez.

b)      Berdintasunaren eta kulturaren garapenaren oinarria

Jaurlaritzak aurrera eramango dituen ekintzen erdigunean pertsonak egon daitezen, gure jardunak izango duen bigarren ardatza berdintasunarekin, hezkuntzarekin eta kulturarekin zerikusia duten politikena izango da, hori baita benetan gizarte-aurrerabidean oinarritutako gobernu baten oinarria.

Asko aurreratu dugu berdintasunaren arloan; ez dago ganbera honen osaera ikusi besterik. Otsailaren 18an Berdintasunaren Euskal Legea onartu zen, eta benetan mugaegun historikoa izan zen, ziur asko hori baita gure autogobernuak orain arte betetako 26 urteetan zehar onartutako legerik garrantzitsuena. Benetan diotsuet, hala uste baitut: gure gizarteak etorkizuna izango badu, gauza izan beharko dugu emakumeek bizitzako arlo guztietan duten eginkizuna elkarbanatu, errespetatu eta aitortzeko. Horren inguruan, beste behin ere esan behar dut nire konpromisotzat hartu nahi dudala Berdintasunaren Legea oso-osorik garatzea, hain zuzen ere emakume eta gizonok elkarrekin bizi eta gure gizarteko arlo guztietan berdintasunean oinarrituta parte hartu dezagun. Hori lortzeko, beste neurri batzuen artean, Berdintasunerako Defendatzailetza eta ordaindu gabeko pentsioak bermatzeko funtsa abiaraziko dira.

Gainera, ezinbestekoa da emakumeak lan-merkatuan sartzeko erraztasunak jartzea, eta ez soilik gizartean bidezkoa delako, baita oinarri-oinarrizko eragileetako bat ere badelako gure sare ekonomikoaren eraginkortasuna eta produktibitatea areagotzeko. Bide horretatik, plan berezi bat sustatzeko asmoa dugu, eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean, emakumeei lan-munduan sartzen laguntzeko, eta bereziki lanbide-heziketa eta unibertsitatean emakume gutxien dagoen arloetan.

Bestetik, gure gobernu-programan hezkuntza oinarri nagusia izango da pertsonen berdintasuna lortu eta denek gizartean lekua izan dezaten, eta, horrekin batera, gure ekonomiaren hazkundearen palanka izatea ere nahi dugu.

Eskola-porrotaren berri ematen duten tasak % 10etik beherakoak izatea nahi dugu, hau da, Europako herririk onenen parekoak, eta Euskadi ikaskuntzaren herrialdea bihurtu gura genuke; hezkuntzako erreferente izan nahi dugu ez soilik estatuan, baita Europan ere.

Esandakoa lortzeko, eta derrigorrezko irakaskuntzaren baitan, Euskal Hezkuntza Sistemaren Legea sustatuko da, beti ere hezkuntza‑administrazioaren eta eskola-komunitatearen artean ahalik eta adostasun handiena erdietsita. Gainera, ikastetxeen autonomia indartuko da, baita hizkuntza‑aniztasuna ere, eta horrekin batera, ikastetxeek kalitatearen ziurtagiriak lortzea, aukera-berdintasunaren aldeko politikak eta irakasleek lanbidean aurrera egiteko aukerak.

Unibertsitate-sistemaren baitan, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea garatuko dugu, hain zuzen ere hiru euskal unibertsitateak Europako goi hezkuntzako sistemaren barruan sartuta; horrekin batera, Euskal Unibertsitate Publikoak finantziazioa izatea bermatu eta gure ikasleek nazioartean lekua izan eta elkartrukean aritzea bultzatuko dugu.

Esparru horren barruan, unibertsitaterako beste plan bat onartu, titulu berriak sortu eta unibertsitate eta enpresen arteko lankidetza sustatuko da.

Arreta berezia jarriko dugu unibertsitatean oinarrizko ikerketak lekua izan dezan. Asmo hori izanik, eta Unibertsitateko Plan berriaren baitan, bitariko fundazio bat sortuko da, Jaurlaritzak eta Unibertsitateak parte hartuta eta enpresa pribatuen eta ikerketako erakundeen lankidetzari irekia, guztien arteko proiektuak aurrera eramateko.

Agentzia horrek unibertsitatearen baitako ikerketako arlo eta departamendu guztiak bildu eta koordinatuko ditu, enpresa pribatuekin batera landutako proiektuak bideratu eta Europa eta mundu osoko beste agentzia eta fundazioekin lankidetza-hitzarmenak zehaztuko ditu.

Lanbide Heziketaren esparruan, bete-betean jarriko da indarrean Lanbide Heziketako Euskal Plan berria, lanbide heziketa arautua nahiz etengabeko prestakuntza eta okupazionala kalitatezkoak eta lehiakorrak izan daitezen, eta, horrekin batera, lan-merkatuan integratzeko eta merkatu horrek bizi dituen aldaketetara etengabe egokitzeko bidea eskain dezaten. Esparru horretan Lanbide Heziketako Euskal Legea sustatu eta Lanbide Prestakuntzaren Euskal Kontseilua sortuko dira.

Bukatzeko, kultura eta euskara izango ditut hizpide, gure herri-nortasunaren osagaiak diren aldetik, eta pertsonengan oinarritutako estatu sozial baten kate-maila nagusia baitira. Eta pertsonak diogunean, baloreak dituzten pertsonez ari gara, sustraiak dituzten pertsonez, eta, aldi berean, munduari so dauden pertsonez. Horretarako, Kulturaren Euskal Plana garatuko dugu, ondorengo ardatzen inguruan egituratuta: euskara, kultur ondarea, kultura sortu eta hedatzea, kultur arloko azpiegiturak eta industria, eta ikus-entzunezko hedabideak.

 

Esparru horretan, museo, artxibo eta liburutegien euskal sistemak egituratuko dira, kasu bakoitzerako onartu beharreko legeak onartuta; Kultur arloko Azpiegituren Lege bat garatuko da, ikus‑entzunezkoen sektoreari bultzada emango zaio Ikus‑entzunezkoen Legea onartuz eta Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua sortuta, eta esandakoez gainera, kulturaren inguruko industriak, ikusizko arteak eta arte eszenikoak sendotzeko programak ere bultzatuko dira.

Legegintzaldi honetan oinarrizko lehentasuna izan beharko da gure hizkuntzak gero eta hiztun gehiago izatea eta hizkuntzak erabilerako beste esparru batzuk ere bereganatzea. Helburu hori lortzeko, arreta berezia jarri behar dugu etorkinak hizkuntzari dagokionez errealitate elebidunean gizarteratzeko; gainera, euskara esparru sozio-ekonomikoan hedatzen hastea ere bultzatu behar da, eta baita informazio eta komunikazioaren teknologia berrien eremuan euskarak lekua izatea ere, eduki digitalak sortzearen bidez eta aplikazio berriak eta baliabide teknikoak garatuta.

Euskal gizarteak behin eta berriz erakutsi du borondate irmoa eta indarra dituela euskararen aldeko lanean jarritzeko. Aurrerantzean ere beharrezkoak izango dira hemen bizi garenon aupada, erantzukizuna, atxikimendua eta lankidetza, euskararen etorkizuna, gure herri-izatearen adierazgarri eta erakusle nagusiaren etorkizuna, Euskal Herrian erabakiko baita, inolako zalantzarik gabe.

 

I.2)   Garapen iraunkorra bultzatuko duen proiektu bat

Teknologia eta iraunkortasuna izango dira ekonomiaren hazkundea bultzatzeko eta euskal gizarte osoaren ongizatea areagotzeko gure politikaren ardatzak.

Herri gisa izango dugun hurrengo erronka teknologiaren arloan ere Europako neurriekin bat egitea izango da. Ildo horretatik, Euskadiren bigarren eraldaketa ekonomikoaren alde egin behar dugu teknologiaren garapena oinarri hartuta, baina adierarik zabalenean ulertuta, hau da, ikerketako programak bultzatu, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatu, eta bikaintasun eta erabateko kalitatearen printzipioak enpresa eta erakundeetara iristea lortu behar dugu.

Ikerketarekin eta berrikuntzarekin dugun konpromiso publikoaren erakusgarri, Berrikuntzaren Euskal Agentzia abiaraziko dugu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema koordinatu eta horri bultzada emateko. Agentziak sistemako eragile guztiak bilduko ditu bere baitan, berrikuntza kudeatzeko erreferentziazko eredu bat zehaztuko du, patenteak eta teknologia eskualdatzea sustatuko du, eta, esandakoez gainera, Europako proiektuetan parte hartzea eta nazioarteko harremanak lantzea bultzatuko du.


 

Gainera, berrikuntza eta garapen teknologikoko programetan egingo den gastu publikoaren zenbatekoak urtero gora egingo du Barne Produktu Gordinaren hazkunde nominalak baino kopuru handiagoan, eta lortu nahi dena da 2009an I +G arloko inbertsioetarako erabiliko den dirua hasiera batean behintzat 2005. ekitaldian erabiliko duguna baino % 50 handiagoa gutxienez izatea.

Oinarri horiek hor egonda, gainera politika publiko horizontal guztiak ere sendotuko ditugu, euskal industriaren lehiakortasuna, produktibitatea eta nazioartekotzea hobetzeko. Horretarako, beste programa batzuk abiarazi behar ditugu, ondorengoak lortzeko: enpresa berriak sortzea errazagoa izatea, finantza-tresna berriak garatu ahal izatea egoitza Euskadin izan eta nazioartean diharduten enpresa-multzoak sendotzeko; enpresen arteko lankidetza, clusterren eraginkortasuna areagotzea, dibertsifikazioa, bidegileak izateko kultura sustatzea, arrisku-kapitalaren bidez finantziatzea, ekonomia soziala lantzea, teknologia zentro berriak sortzea, industria-erabilerako lurra izatea, eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainei (PYME deiturikoei) laguntzeko programa integral berezitua.

Hazkundea lortzeko gure estrategiaren beste oinarri sendoa iraunkortasuna izango da.

Garapen iraunkorraren alde egin behar dugu, baina iraunkorra gizartearen, lurraldearen, sektoreen, azpiegituren, energiaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Eta asmoa hori izanik, hurrengo helburuen alde jardungo duten politikak garatuko ditugu:

-     Gizartearen eta lurraldearen garapen orekatuaren alde egitea, premia handiena duten eskualdeei laguntzeko programen bidez.

-     Lehen sektorearen orekaren alde egitea, gure arrantzale eta nekazarien bizitza-kalitatea hobetuta eta baserri aldean bizi diren biztanleen alde eginda, natura eta aniztasun biologikoa babesten dituztenez.

-     Azpiegituren politika garatzerakoan, irisgarritasuna eta iraunkortasuna eskatzen duten irizpideak betetzea, eta horretarako, garraio publikoari eta trenbideetako eta itsasoko komunikabideen sareei lehentasuna ematea, oreka intermodala gordetzeaz gainera. Hori guztia Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailea betetzearen bidez egingo da, kontuan izan behar baita 2012. urtera arte dituela zehaztuta ildo estrategikoak. Horren arabera, abiadura handiko trenbide bat eraikitzea aurreikusten da (bidaiari eta salgaiak eramateko balio izango duena) Europarekin eta Penintsularekin zuzenean lotuta egoteko.

-     Euskadiko energiaren arloko plan estrategiko berria garatzea, gas naturala eta energia berriztagarriak gero eta gehiago erabil daitezen, energia aurreztu eta atmosferara gas kutsakor gutxiago bota dadin eta Kyoton hartu ziren konpromisoak betetzeko modua egon dadin.


 

-     Garapen Iraunkorraren Euskal Estrategia aurrera eramateko liderrak izatea, 2020. urtera bitartean gure eguratseko airearen kalitatea hobetuz, ibaiak eta itsasoa garbituz, kutsatutako lurrak berreskuratuz, hiri-hondakinak eta industriakoak gutxitu eta birziklatuz, eta naturguneak eta babestutako eremuak gero eta gehiago izatea lortuz.

 

I.3)   Munduratzeko proiektu bat

Jaurlaritzak aurrera eramango dituen ekintzen hirugarren ardatz nagusia Euskadik atzerrian irudi ona izan dezala sustatzea da. “Unibertsala onartu eta gurea eskaini”, horrek izan behar du herri gisa dugun misioa, elkarri gero eta lotuago eta globalizatuago dagoen mundu batean. Hori dela eta, munduko joerentzat ateak zabalik dituen herri irekia bihurtu nahi dugu Euskadi, mugaz bi aldeetako euskal lurraldeen arteko barne-harremanak bultzatuko dituen herria, atzerrian bizi diren euskaldunekiko loturak sendotuko dituen herria, Europan eta munduan gero eta leku handiagoa izango duen herria, eta premia handiena duten herriekiko elkartasuna areagotuko duen herria.

Nola? Europa barruko euroeskualde bat sortuz,

Horretarako, Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Akitaniarekin historia, kultura, ekonomia eta gizarte arloan ditugun loturak sendotuko ditugu, Europa barruan mugaz gaindiko euroeskualde bat garatu eta Europako ardatz atlantiarrean denok ditugun interesen alde egiteko.

Europan gero eta gehiago agertuz,

Horretarako, gero eta sarriago parte hartuko dugu Batasuneko erakundeetan eta Batasuneko erabakiak hartzen diren guneetan. Europako beste eskualde eta herri batzuekin gero eta harreman handiagoak izango ditugu. Europako eskualde arteko foroetan gero eta ordezkaritza zabalagoa izaten saiatuko gara, eta beste horrenbeste egingo dugu Uztai Atlantiarraren Batzordean ere; Europa barruko “zeharbide” garrantzitsu horretan Euskadik duen posizio estrategikoa sendotuko dugu.

Nazioartean gero eta leku handiagoa hartuz eta atzerrian bizi diren euskal gizataldeekiko harremanak sendotuz,

Euskadik gaur egun atzerrian dituen ordezkaritza ofizialak sendotu eta beste bulego batzuk irekitzen jarraituko dugu, hain zuzen ere gure enpresek nazioartean leku handiagoa izateko eta gure jarduera politikoa eta erakundeena garatzeko, lehentasunezkoak diren beste herrialde eta eremu geografikoetan.


 

Era berean, euskal kultura osotasunean eta gure nortasunaren adierazgarri gisa atzerrian agerrarazteko ahaleginak bultzada handia hartuko du Euskadi Institutua abiarazita; institutu hori beste tresna garrantzitsu bat izango da Euskadirekin historikoki harreman estuak izan dituzten herrialdeekiko loturak areagotzeko, bereziki Europan eta euskal giza taldeak eta euskal etxeak dauden herrialdeetan. Ildo horretatik, atzerrian bizi diren euskal herritarrekiko harremanak sendotzen jarraituko dugu, eta horretarako, elkartrukeko eta gazteek Euskadin ikasteko programak abiarazi, politikoki euskal herritarrak izan eta arazoak dituzten pertsonei laguntzeko moduak ezarri eta Euskal Emigrazioaren Museoa ere sortuko dugu.

Munduan gutxien garatuta dauden herrialde eta eskualdeekiko elkartasuna areagotuz,

Gure nortasunaren ezaugarri bereizgarrietako bat elkartasuna da. Euskal Herriak egunen batean solidario izateari uzten baldin badio, nortasun unibertsala duen herria izateari ere utziko dio. Eta, beraz, gure nortasunaren ezaugarri horrekiko koherentziaz, garapenaren aldeko elkarlanean aurrera daramagun politika sendotuko dugu, Nazio Batuen Milurtekorako Adierazpenean jasotako helburuekin bat. Horretarako, Kooperazioko Lege bat eta lau urteko Kooperazioko Plan Zuzentzaile bat igorriko ditugu Legebiltzarrera, komunitate txiroenetan bizi direnekin, gatazka-guneetan bizi direnekin eta estatutik izan ez eta giza eskubideak urratuta dituzten herriekin euskaldunok dugun elkartasuna sendotzeko; gure jardunean generoaren ikuspegia erabili, laguntzen eraginkortasuna bermatu, proiektuak irabazteko asmorik gabekoak izatea ziurtatu eta gobernuz kanpoko erakundeekin koordinaturik aritzea bultzatuko dugu.

_ _ _ _ _ _ _ _ 

 

Azken batean, orain arte aipatu ditudanak dira, laburbilduz, Jaurlaritzak aurrera eramango duen kudeaketaren ezaugarri nagusietako batzuk.

Horren inguruan, berriki lortutako koalizio-akordioan esaten dena ikus dezazuen eskatzen dizuet, bertan 200 konpromiso baino gehiago aipatzen baitira, eta konpromiso horiek baitira Euskadiko gizartearekin legealdi honetarako kudeaketa-arlo guztietarako “izenpetu” dugun kontratuaren muina.

Aipatu berri ditudan ekimenak adibide nabarmenetako batzuk baino ez dira, legealdi honetako hiru erronketako bati buruz, hau da, gobernagarritasunari buruz, hartu ditugun konpromisoen berri emateko. Jarraian, baina, nire hitzaldiaren bigarren zatia garatzeari ekingo diot, alegia, Koalizioak lehentasunezko beste bi konpromisoei zer nolako erantzuna emango dien azaltzeari. Hauek dira beste bi konpromiso horiek: hau da, bakea eta normalizazio politikoa.

 

 

II.-   BAKEA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA LORTZEKO LEGEALDIA

 

 

II.-    BAKEA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA LORTZEKO LEGEALDIA

Atzera begiratzen baldin badugu, itxaropenari leihoak zabaldu dizkiogula ikusiko dugu

Ia lau urte igaro dira 2001eko uztailaren 11n, aurreko legealdiari hasiera eman zion inbestidurako saioan, konpromisoa hartu nuenetik itxaropenaren ate bat irekitzeko. Abiapuntua konplexua zen, eta zailtasunez betetakoa. Aurrez aurre geneukan eszenatokia indarkeriazkoa zen, dramatikoa, ETAk menia hautsita baitzuen ordurako.

Beste behin ere ikusten genuen bakea lortzeko aukera batek alde egiten zuela. Era guztietako elkarrizketa-moduak baztertu eta ez zen onartzen inolako eztabaidarik normalizazio politikoa lortzeko. PP eta PSOE “fundamentalismo konstituzionalaren” lubakian sartu eta ez zuten inolako aldaketarik onartu nahi estatuaren lurralde-antolaketarako ereduan. Gernikako Estatutuan inolako aldaketarik egitea onartu ez, eta, gainera, sozialisten ekimenez, burdinazko hitzarmen bat sinatu zuten PP alderdiarekin; horren ostean alderdi politikoen legea etorri zen, euskal gizartearen zati bat politikoki erakundeetatik kanpora uzteko asmoa zuen legea.

Gaur, ordea, eta zorionez, hastera doan legealdi honetan dugun eszenarioak ez du zer ikusirik aurreko inbestidurako eztabaidan mintzaleku honetatik ikusten nuenarekin.

Euskal gizartean berriz ere itxaropen zantzuak ageri dira. Lehen bazterkeria eta iskanbila politikoa zegoen lekuetan, elkarrekin aritzeko esparruak egotea lortzen ari gara. Horren inguruan, azken lau urteotan izandako aurrerapauso batzuk aipatu nahi nituzke, batez ere zortzi esparru komun behintzat lortu direla uste baitut; esparru horiek itxaropen eske dauden zortzi leiho ireki direla esango nuke. Banan-banan aipatuko ditut jarraian:

Lehen esparrua: Normalizazio politikoa eta bakegintza bereiztea.

Aurreko legealdiaren hasieran hartu nuen lehenengo erabakia Bakegintza eta Normalizazioari buruzko Osoko Bilkura Monografiko baterako deia egitea izan zen; 2001eko irailaren 28an burutu zen, eta helburu nagusia bikoitza zuen. Hona hemen orduan esandakoa, hitzez hitz:  “Batetik, giza eskubideen eta askatasunaren alde elkarrekin aritzea, indarkeriari aurre egiteko, eta bestetik, argi eta garbi bereiztea indarkeria eta normalizazio politikoaren arazoa; azken arazo hori hor dago eta elkarrizketa politikoaren bidez konpondu behar da”.

Lehenbiziko aldiz jarri zen mahai gainean bereiztu egin behar zirela, eta bakoitza bere aldetik aztertu, indarkeriaren amaiera eta normalizazio politikorako prozesua, eta horrek ondorengoak eskatzen zituela: solaskide, tresna, metodo, eduki eta prozesu ezberdinak.

Bereizketa hori gaur egun alderdi politiko gehienok onartzen dugun esparru komun bat da. Ondorengo printzipioa onartzea, hau da, herritarren borondatea ordezkatzen dutenei bakarrik dagokiela euskal gizartea normalizatzearekin zerikusia duten arazo politikoez arduratzea, oinarrizko abiapuntua da elkarbizitzarako ditugun arazoak konpontzen hasteko.

 

Bigarrena: Elkarrizketa, eta eztabaida errespetatzea.

Zorionez, legealdi honen hasieran demokrazian ezinbestekoa den esparru komun bat dugu, batez ere gurea bezalako gizarteen kasuan. Zertaz ari naizen? Alderdien arteko elkarrizketa politikoa onartu eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa instituzionala hasteaz ari naiz. Elkarrizketa demokraziaren sinonimoa da, norberaren ideiak defendatzea, baina besteak dituen arrazoiak ulertuta. Bene-benetan, gatazka gainditzeko modurik egokiena elkarrizketa dela dioen ideia gero eta indar handiagoa ari da hartzen. Gaur egun inork ere ez du ukatzen elkarrizketa, eta naturaltasunez onartzen da dauden egitasmo politikoei buruz eztabaidatzea, azken finean bakoitzak irtenbideak proposatzeko dituen moduez eztabaidatzea.

Euskal gizarteak garbi esan du ez dituela inmobilismoa eta blokeoa onartzen. Gure kokalekua irtenbideen kokalekua da orain, ekarpenen kokalekua. Denok ikasi dugu birkokatzen eta proposamenak aurkezten, eta ideia eta proiektuei buruz eztabaidatzen ere ikasiko dugu, elkar errespetatuta eta akordioetara iristeko bokazioa izanda.

Hirugarrena: Giza eskubideak eta bide politiko eta demokratikoak

Giza eskubideak defendatzea denok onartzen dugun printzipioa izan da, baina askotan zalantzak sortu izan dira alderdi politikoetan, gai hori interpretatu eta praktikan gauzatzeko orduan. Benetan uste dut azken lau urteetan guztiok aurrera egin dugula pedagogia sozialaren arloan, eta behin betiko aitortu dugula giza eskubideak defendatzeari dagokionez ezin dela gune lausorik egon. Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat! Hori da euskal gizartearen gehiengo handi batek jarraitu nahi duen erdigunea.

Bestetik, gatazkak konpontzeko soil-soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen aldeko apustua egin behar dela aitortzea dagoeneko ez da inolako konpromisorik eskatzen ez duen adierazpen erretoriko hutsa. Eta horren ondorioz gizartea bera da ekintza politikoko tresna gisa indarkeriarik ez erabiltzeko eskatzen ari dena.

Laugarrena: Aniztasun demokratikoa eta bazterkeriarik eza

Euskal gizartea demokratikoki anitza dela onartzea eta politikoki askotarikoa dugula aitortzea ezinbesteko pausoak dira normalizazioa eta elkarbizitza lortu ahal izateko. Gure gizartean diren sentsibilitate guztiek erakundeetan ordezkaritza izateak asko laguntzen du elkarrizketaren bidez irtenbideen bila jo ahal izateko. Euskal gizarteak erakutsi du ez dagoela gertu gizarte honen borondate demokratikoaz kanpoko erabakiek eragindako bazterkeria politikorik onartzeko. Legebiltzar honetan garbi asko ikus dezakegu integrazio demokratikoaren printzipio horrek elkarbanatutako esparru bat izan behar duela, baldin eta benetan normalizazio politikoaren bidetik aurrera egin nahi badugu.

 

Bosgarrena:  Estatuaren lurralde-ereduari buruzko eztabaida onartzea.

Estatu-ereduari buruzko eztabaida onartzea dagoeneko ez da gai ukiezina, militarrenen erako hitzaldi beroak eta defentsa sutsuak sortzen dituena, Konstituzioaren interpretazio estu eta alde bakarrekoaren eraginez.

Orain dela lau urte, Estatutua eguneratzeari eta nazio anitzeko benetako estatua garatzeari buruzko gogoetari ekitea premiazkoa zela proposatu genuenean Euskaditik, estatuaren baitan zeuden herri eta nazioen identitatea aitortuta, era guztietako mehatxu eta deskalifikazioak entzun behar izan genituen.

Une honetan, ordea, autonomia erkidego guztiak, PPren eskuetan egon zein PSOEren ardurapekoak izan, estatutuen hitzarmenak eguneratu edo berritzeko lanetan hasita daude, dramatismorik gabe. Eta horra nire galdera: zergatik ukatu ote digute guri eskubide hori, eztabaida legitimo eta demokratikoa baino proposatu ez baldin badugu, eta hain justu ere gero gainontzekoek bide beretik jarraitu badute?

Seigarrena: Euskadi eta Estatuaren arteko harremanetarako esparru berria

Azkeneko lau urteetan zehar ganbera honetan eztabaidan jardun dugu Estatuarekiko harremanetarako esparru berria sortzeari buruz. Prozesu hori joan zen abenduaren 30ean amaitu zen, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak Estatutu Politikorako Proposamen Berria onartu zuenean.

Bistan da ez garela bat etorriko proposamenaren zenbaterainokoa eta edukia zehazterakoan, baina zalantzarik gabe denok, Alderdi Popularra izan ezik, bat gatoz Euskadiren eta Espainiako Estatuaren artean harreman politikorako beste esparru bat zehaztu behar dela eta une egokia dela aitortzeko. Eta hori ere, besterik gabe, itxaropenari irekitako beste leiho bat da.

Zazpigarrena: Erabakitzeko eskubidea

Seguru asko hau da gehien sakondu beharra dugun esparrua. Izan ere, oraindik ere lortzeke dugun normalizazio politikoko prozesuaren funtsa da. Dena dela, legealdi honen hasieran nahikoa modu naturalean ari gara erabiltzen kontzeptuok: erabakitzeko eskubidea, atxikipen askea eta euskal gizartearen borondatearen onarpena. Ez hori bakarrik, gehiago ere esango nuke: Ganbera honetako inork ere ez luke ukatuko, argi eta garbi behintzat, euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea daukala. Elkar ulertzen hasteko modu bat da.

Zortzigarrena: Bakea izateko itxaropen berria

Bukatzeko, eta abagune berri honetan, nire ustez azpimarratzekoa da euskal gizarteak, osotasunean hartuta, bete daitekeen itxaropen moduan ikusten duela bakea. Heriotzak eragin dituzten atentaturik gabe denbora luzea igaro denez, Diputatuen Kongresuak indarkeria elkarrizketaren bidetik amaitzen saiatzeko ebazpena onartu duenez, Espainiako Gobernuaren Lehendakariarekin modu zibilizatuagoan hitz egitea dagoenez, eta hautetsien kontra atentaturik ez duela egingo adierazi duenez berriki ETAk, badirudi norabide berean doazen urratsak ageri direla bata bestearen atzetik, eta beraz, ortzi mugan itxaropena ageri dela esan dezakegu.

_ _ _ _ _ _ _ _ _

Azken batean, aipatu ditudan hauek guztion artean irekitzeko gai izan garen esparruak dira, eta printzipioz behintzat, uste dut orain dela lau urte baino oinarri sendoagoen gainean mugitzen ari garela esateko moduan gaudela. Itxaropenari sartzen uzteko leihoak direla esango nuke, irekita dauden leihoak, Bake eta Normalizazio Politikoko legealdiari ekiteko.

 

II.1)  Bakea eta adiskidetzea, amets.

Abagune historikoa dugu aurrean

Erabat ziur gaude datorren legealdian abagune ezin hobea izango dugula, aukera paregabea, bakea lortzeko guztiok dugun ametsa egia bihur dadin. ETAk ulertu behar du indarkeriak, terrorismoak, ez duela ezertarako balio, hutsaltasun ikaragarria dakarrela, eta erakutsi behar du argi eta garbi armak uzteko prest dagoela behin betiko.

Ildo horretatik, hautetsien aurkako erasorik ez egiteko erabakiaren berri emanez ETAk kaleratu berri duen adierazpena, bide horretan egindako lehendabiziko urrats positiboa da, nahikoa ez den arren, eta nahitaez beste urrats batzuk ere joan beharko dira horien atzetik, gure bizitzatik indarkeria erabat eta betiko kendu arte, eta mehatxurik edo jazarpenik jasan behar duen pertsonarik ez egotea lortu arte.

Aurrean dugun egokiera hau baliatu behar dugu, elkarrizketaren bidez indarkeriari irtenbidea aurkitu ahal izateko; beharbada, azken aukera izan litekeelako, giza eskubideak urratuta ikusita, bizi guztian inguruan sufrimendua ezagutu duen belaunaldi oso batentzat. Mina, min handia; sufrimendu handia; handiegia, Herri batentzat. Bakea eskatzen dugu. Bakea merezi dugu. Gure ametsak egia bihurtzeko eskubidea dugu. Bakea da gure gizarteak duen premia behinena. Lan egingo dugu tinko, ahalegin guztiak eginda, bakearen alde. Lan egingo dugu ausardiaz, inor baztertu gabe, eta guztiei dei eginda, denon helburu hori lortzeko.

Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea: abiapuntua

Gizakiaren bizitzaren aurkako erasoa, bestelako pentsamoldea duena hiltzea, hertsatzea edo torturatzea, hori dena, gizateriaren aurkako krimena da, eta horrek ez dauka inola ere tokirik inongo gizartetan. 

Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea; horrexek izan behar du beti abiapuntu edozein bake-prozesutan.  Era berean, indarkeriaren eta terrorismoaren aurkako borrokan ere ezin da inoiz bidezidorrik eta lasterbiderik erabili. Indarkeriaren itzaletan, indarkeria aitzakiatzat hartuta, ezin dira herritarren eskubide zibil eta politikoak murriztu, edo ezin dira atxilotutakoen eta beren senideen eskubideak urratu.

Euskal gizarteak sakon barneratuta dauka eskubideen printzipioa erabat defenditu behar dela, giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar direla salbuespenik gabe, eta pertsona guztien eskubideak inor baztertu gabe, benetan elkarbizitzarako oinarri sendoak ezarri nahi baditugu.

Horrexegatik, behar-beharrezkoa da gizaki guzti-guztien giza eskubide guzti-guztiak errespetatzea; horrexek izan behar du guztiontzat funtsezko eta oinarrizko konpromiso etikoa, eta horrexek zuzendu behar du herri-agintari eta indar politiko guztien jarduna.

Biktimen oinazea aitortzea

Biktima gehiago ez egotea; horixe da bake-prozesu guztietan helburu nagusia, lehentasunik handiena duena. Min gehiago ez egotea, sufrimendu gehiago ez egotea. Heriotza bat izaten den bakoitzean, guztiok egiten dugu huts. Bakea baina, ezin da eraiki indarkeriaren atzaparkadaren samina beren haragitan jasan duten herritarrak ahaztuta.

Euskal herritarrok bide luzea ibili dugu, eta nabarmen egin dugu aurrera indarkeriaren biktimei elkartasuna erakusteko orduan; gainera, segurtasun-neurriak aplikatzen ere lagundu dugu, eta biktima gehiago egon ez dadin beharrezko diren ekimen politiko guztiak bultzatu ditugu. Jakitun gara biktimak aintzakotzat hartzea funtsezkoa dela bake-bide horretan, eta herri-agintarioi dagokigula garatu beharreko neurri eta ekimen guztiak garatzea eurekiko elkartasuna erakusteko, eta aitormen etiko, moral eta materiala burutzeko, biktimak oroimenean izanda, etorkizunean, hurrengo belaunaldietan inork ez dezan inoiz indarkeriaren ankerkeria ezertarako erabil.

Indarkeria elkarrizketaren bidez amaitu nahian

Iragan maiatzaren 30ean bi urte bete dira ETAk Zangozan heriotza eragin zuen azken erasoa burutu zuenetik. Trantsizio demokratikotik hona euskal gizarteak eta Espainiakoak ETAren heriotzarik gabe igarotako denbora-tarterik luzeena. Poztu egin behar dugu horregatik, nahiz eta jakin, zenbaitetan, halabeharrak eta poliziaren jardunak eragotzi dutela ezbehar gehiago izatea.

Dena dela, egoera hori izanda, alderdi politiko gehienok, joan den maiatzaren 13an Gorteetan onartutako ebazpenean, elkarrizketaren bidez indarkeriari amaiera emateko prozesua bultzatzeko prest gaudela erakutsi dugu. Horretarako, ETAk argi eta garbi adierazi behar du indarkeria uzteko prest dagoela, eta, herriak halaxe aukeratuta, herritarren ordezkari direnen esku utzi behar du zeregin politikoa, bide baketsu eta demokratikoak erabilita, arazo politikoak konpon ditzaten.

Egia da, bai, nahiz eta behin baino gehiagotan ahalegindu garen, ez dugula indarkeriarik gabeko erabateko eszenatokirik lortu orain arte. Baina ezin dugu etsi; ezin dugu amore eman. Bakea lortzea, horixe da gure jomuga. Bakea da-eta egin dezakegunik inbertsiorik onena; bai indarkeria jasaten duenarentzat, bai indarkeriaz jokatzen duenarentzat ere.

Giza eskubideak errespetatuko dituen kartzela-politika.

Atxilotutako pertsonek, baita delitu izugarriak egin dituztelakoan akusatuta daudenek ere, pertsona diren aldetik dagozkien eskubideak dituzte, eta herri-agintarioi dagokigu beren duintasuna errespetatuko dela zaintzea, eta tratu txarrei eta torturei aurre hartzea.

Ildo horretatik, gure ardurapeko esparruan, Eusko Jaurlaritzak aztertu eta hobetu egingo ditu atxilotutako pertsonentzako laguntza- eta arreta-protokoloak, batez ere, salbuespen gisa inkomunikazio-erregimenen bati lotuta dauden pertsonei begira; erregimen hori bakar-bakarrik aurretiaz ebazpen judiziala tartean egonda aplikatuko da, eta, ez, modu sistematikoan; egoera horretan zehatz-mehatz eta zorrotz aplikatuko da inkomunikazio-erregimenean dauden pertsonen eskubideak babesteko protokoloa, betiere, torturaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioan jasotako neurrien arabera.

Pertsona guzti-guztien giza eskubideak defenditzeko orduan herri-agintari guztiok izan behar dugun konpromiso etikoa oinarri hartuta, euskal preso guzti-guztiak Euskadira hurbil daitezen eskatuz, Eusko Legebiltzarrak behin eta berriz egin dituen eskariak eta eman dituen ebazpenak aintzakotzat har ditzan eskatu nahi diot hemendik Espainiako Gobernuko presidenteari.

Ildo horretatik, Espainiako Gobernuari adore eman nahi diogu, distentsio- eta humanizazio-eszenatoki bat sortzeko lan egin dezan, eta hartu beharreko neurri guztiak kemenez har ditzan, bake-prozesua atzera-bueltarik gabekoa izan dadin.

Uste dut beharrezkoa dela beste jokabide bat garatu beharra dagoela aldarrikatzea; giza eskubideak errespetatu eta indarkeria betiko amaitzeko bidea bultzatuko duen jokabidea, kartzela-politikan jokabide adostua, dinamikoa eta malgua garatu beharra dago-eta.

Elkarrekin adiskidetzeko bidean abiatu behar dugu

Indarkeria betiko amaitzea, emandako mina eta jasandako atsekabea aitortzea, humanizatzea, justizia, egia, oroimena, eskuzabaltasuna… Urrats horiek guztiak dira beharrezko, adiskidetze-bidean barrena abiatzeko eta ibiltzeko.

Gure Herria adiskidetzeak hartzen ditu, bai, bere baitan bakegintza eta normalizazioa, baina, normalizazioa eta baketzea bera baino haratago doa. Herriak, indarkeriarik ez izan arren, baita politikoki normalizatua izanda ere, ez duelako nahitaez adiskidetutako herria zertan izan. Horretarako, galdutako konfiantza berreskuratu beharko dugu berriz, era horretara, gure gizartean guztiongandik sor daitezen autokritika egiteko espiritua, barkamena eskatzeko apaltasuna eta barkatzeko eskuzabaltasuna.

Behar-beharrezkoa da, gizalegeak hala aginduta, elkarrekin batera lan egitea, guztion artean sufrimendua senda dezagun, eta adiskidetze-bidean bidaide izan gaitezen, horixe da-eta guztion arteko bizikidetzak gizarte modura izan dezakeen oinarririk sendoena.

 

II.2   Normalizazio politikoa lortzeko aukera.

Konpontzeke dagoen gatazka politikoa zertan den

Ageri-agerikoa da indarkeria dela giza eskubideen eta askatasunen aurkako mehatxurik handiena. Horrexegatik, bake-egoera bat lortzea da guretzat behinena, gauza guztien aurretik lehentasuna duena; eta horrexegatik eskatzen diogu ETAri indarkeria baztertu dezan behin-betiko.

Aldarrikapen horrekin bat gatoz ia denok; horretan ados dago indar politikoen eta euskal gizartearen gehiengo zabala. Baina, horrez gainera, indarkeriaz haratago doan gatazka politikoa ere badagoela aitortu behar dugu; eta auzi horri konponbidea emateko ardura ordezkari politikoei dagokigu; ordezkari politikoei bakar-bakarrik, eta ez beste inori.

Sustrai politikoak dituen gatazka dago aspaldidanik, XIX. mendetik hona, eta gatazka hori hor dagoela zuzen-zuzenean erakutsi izan du gizarteak, eta erraz egiaztatzen da, esate baterako, egoera zenbaitetan; gure erkidegoko herritarrek oso sostengu eskasa eman zion 1978an Espainiako Konstituzioari, % 30,8koa, hain zuzen; Legebiltzar honen gehiengo osoak Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea onartu zuen 1990eko otsailean; eta, azken gertakaria aipatzearren, Legebiltzar honek 2004ko abenduaren 30ean gehiengo osoz onartu zuen Estatutu Politiko Berrirako Proposamena, eta Madrilgo Gorteetan otsailaren 1ean atzera bota zuten, negoziazioari ateak “danba” itxita.

Madrilen adierazi nuenez, Espainiako Kongresuak Eusko Legebiltzarraren proposamena atzera botata, ez dira arazoak konpontzen, eta, areago, horrela, nabarmen eta agerian geratzen da konpontzeke dagoen gatazka politikoa benetan hortxe dagoela, batez ere, elkarrizketarako eta negoziaziorako aukera handia eta abagune ederra galdu zirelako.

Argi ikusten da, beraz, argi eta garbi, euskal gizartearen zati handi bat ez dela egungo esparru konstituzionalean eroso sentitzen, ez delako onartzen Euskal Herria berezko nortasuna duen subjektu politikoa dela, ez zaiolako aitortzen eskubide historikoak dagozkiola, Konstituzioaren aurretik ere hortxe baitzeuden, eta, azken finean, ez zaiolako aitortzen askatasunez eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna baduela.

Era berean, egia da errealitate horrekin batera beste sentsibilitate politiko batzuk ere bizi direla, bai Konstituzioaren barruan estatutuaren aldaketa mugatua defenditzen dutenak, baita Gernikako egungo Estatutua inola ere aldatu edo moldatu nahi ez dutenak ere.

 

Errealitatea zein den ikusita, begi-bistan dago elkarrizketa politikoari ekin behar diogula, sakon-sakonetik, Normalizazio-akordio batera hel gaitezen elkarrekin eroso bizitzeko funtsezkoak diren osagai batzuk direla-eta, hala nola, nortasuna, subiranotasuna, lurraldetasuna, autodeterminazio-eskubidea, lortu nahi dugun autogobernu-maila, edo Euskadi eta Espainiako estatuaren arteko harreman-esparrua. Heldu da, bada, eguna; iritsi da ordua.

Aurreko legealdian ibili dugun bidea

Zorionez, normalizazio politiko horri ekiterakoan, ez dugu legealdi hau esku-hutsik hasiko. Urratu dugu bidea, eta hamaikatxo eragozpen aurkitu dugu hona iristeko; horri esker baina, konponbidetik hurbilago gaude orain.

Duela lau urte abiatu ginen, 2001ean; abiaburu hartan oinarriak finkatu ziren, bizikidetza-esparru berria eratzeko eztabaida zabala eta irekia egin ahal izateko. Geroago, Autogobernu Batzordean ia urtebetean eztabaida-prozesu batean jardun ondoren, Legebiltzar honek zazpi oinarri finkatu eta onartu zituen, 2002ko uztailaren 12an, proposamen juridikoa eraiki ahal izateko, eta Jaurlaritzari eskatu zion proposamen hori urtebeteko epean Legebiltzarrean aurkez zezan.

Agindu horri erantzutearren, Gobernuak 2003ko urriaren 25ean proposamena onartu, eta Legebiltzarrera bidali zuen, Ponentzian eztabaida zedin; Ponentzia horretan, talde politikoez gainera, gizarte- eta ekonomia-arloetan diharduten eragileek ere hartu zuten parte. Azkenik, Eusko Legebiltzarrak proposamena gehiengo osoz onartu zuen 2004ko abenduaren 30ean. Ez ditut hemen aipatuko, jakina, bide luze horretan gainditu behar izan ditugun era guztietako errekurtso juridikoak, eragozpenak, behaztopak eta trabak.

Lau urtean jardun dugu lanean, saiatzen, Legebiltzarrean eztabaidan, gizartearen partaidetza sustatzen… eta, azkenean, lanak eman du bere fruitua: proposamen bat legezkoa, zilegizkoa eta demokratikoa. Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Proposamena dugu, eta, gaur egunean ere, hortxe dugu proposamen hori, oinarrizko ondasun politikoa baita normalizazio-akordioari ekiteko orduan.

Ziur nago orain arte bidean bizi izandako nekeak ez direla alferrekoak izan.  Une honetan normalizazio politikotik gertuago gaude, joan den legealdia hasi zenean baino.

Estatutu Berrirako Proposamena, Normalizazio Politikorako ekarpena

Elkarrizketa-aro berri baterako nondik norakoak aztertzen hasteko prest gaude, orain arte lortutakoa baino normalizazio-akordio integratzaile eta zabalagoa iristeko. Helburu horren aurrean, guk jarrera irekia dugu; ez dugu aurretiaz baldintzarik jarriko, ez dugu mugarik jarriko.

Aro berri baten aurrean gaude. Euskal gizartearen aurrean zabaldu den esperantza-aro berri honetan, indar politiko guztiok beste aukera bat daukagu akordio zabalagoak lor ditzagun; ezberdin direnen arteko elkarrizketa politikoan konfiantza izanda, jarrera modura eskuzabaltasun politikoa erakutsita, eta beste proposamen batzuekin eztabaida demokratikoa eginda, normalizazio-egoera ahalik eta sendoena sortu ahal izango dugu.

Aukera guztiak daude orain zabalik. Baina, akordio berri bat lortzeko abagunea dela defenditzen dugun modu berean, Eusko Legebiltzarrak dagoeneko onartuta dituen erabakiekiko ere errespetu osoa adierazten dugu. Bide horretatik, Legebiltzar honetan gehiengo osoz modu demokratikoan onartutako Proposamena, gure iritziz, ondasun politikoa da, eta normalizazio politikorako akordioa lortu ahal izateko “zume” batzuk dakarzkigu.

Ondorengo hauek dira, bada, Estatutu Berrirako Proposamenean jasotako “zumeak” eta ene iritziz, normalizazio-akordio batera iristeko guztion artean negoziatu beharreko funtsezko gaiei erantzuten dietenak.

1.       Euskal Herria subjektu politikotzat aitortzea.

“Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna duen herria da, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldetan du bere leku geografikoa”. (Hitzaurrea)

2.       Erabakitzeko eskubidea.

“Euskal Herriak eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko, Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartu zen bezala, eta nazioartean aitortuta dagoen herrien autodeterminazio-eskubidearekin bat etorriz, besteak beste Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean onetsita baitago”. (Hitzaurrea)

3.       Erabakitzeko eskubidea baliatzea.

“Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen erabilera honela gauzatzen da: Euskal Herria egun antolatua dagoen eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatuz”. (Hitzaurrea)

4.      Lurraldetasuna.

“Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskal lurraldeei eskubidea aitortzen zaie harremanetarako lurralde-esparru erkide batean elkarri lotzeko, bakoitza bere lurraldeko herritarren borondatearekin bat etorriz”. (2,1. artikulua).

“Euskadiko Erkidegoak Euskal Herri osoko behar komunei aurre egiteko lankidetza-organo baten jarduera sustatuko du. Organo horretan, Frantziako Estatuan dauden euskal lurraldeekin batera arituko da Euskadiko Erkidegoa, eta Nafarroako Foru Komunitatearekin batera”. (7,2. artikulua).

5.       Aldebiko harremanak Nafarroako Foru Komunitatearekin.

“Euskadiko Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak beren herritarren garapenerako eta gizarte, ekonomia eta kulturako ongizaterako egokien irizten dieten lotura politikoak eta barne-harremanak ezarri ahal izango dituzte udalerri eta lurralde mailan, muga bakarra herritarren beren borondatea dela”. (6. artikulua).

6.       Bitariko harremanak Iparraldeko euskal lurraldeekin.

“Euskal instituzioek lehentasuna emango diete Iparraldeko euskal lurraldeekiko harremanei. Hartarako, …mugaz gaindiko lankidetzarako egungo zein etorkizuneko araudiak eskainitako aukerak erabili ahal izango dira…, Euskadiko Erkidegoaren eta Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurralde eta giza taldeen artean historia, gizarte eta kulturako lotura bereziak estutzeko, udalerri eta lurralde mailako lankidetzarako tresnak ezartzeko gaitasuna barne dela, alde bakoitzeko herritarren borondatea errespetatuz”. (7,1. artikulua).

7.      Euskadi eta Estatuaren arteko harreman-esparrua, elkartasun askean oinarritua.

“Euskal Herriaren zati osagarri direnez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal lurraldeak osatzen dituzten herritarrek, antolaketa eta harreman politikoetarako beren esparru propioa askatasunez eta demokraziaz erabakitzeko duten eskubidea erabiliz, euskal nazioaren adierazgarri eta autogobernuaren bermagarri, Espainiako Estatuarekin askatasunez elkartutako euskal erkidego gisa eratzen dute beren burua, Estatua osatzen duten herriekiko solidaritate askean”. (1. artikulua).

8.      Ituntzeko betebeharra.

Kanadako Auzitegi Gorenak emandako printzipio juridikoari dagokion testuan ezarritakoaren arabera, honako hau planteatzen da:

“Euskal herritarrek, berariaz egin zaien kontsultan beren erabaki askea demokraziaz erabilita, beren borondate argi eta zalantzarik gabea –baliozkotzat jotako botoen gehiengo osoan oinarritua– adierazten dutenean Estatutu honetan arautzen diren Espainiako Estatuarekiko harreman politikoaren eredua eta araubidea osorik edo funtsean aldatzeko, euskal instituzioek eta Estatukoek beren buruak behartutzat joko dituzte euskal gizartearen borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politiko berriak ezartzearen alde negoziazio-prozesu bat bermatzera”. (13. artikulua).

9.      Giza Eskubideen lehentasuna.

“Euskal herritarrek bere dituzte Konstituzioan eta Europar Batasuneko itunetan ezarritako oinarrizko eskubide eta betebeharrak, eta, orobat, nazioartean aitortutako banakoen eta taldeen giza eskubideak, bereziki honako hauek: Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean berariaz jasotakoak”. (10. artikulua).

Azken batean, gure ustez, Estatutu Berrirako Proposamenak bideak eta aukerak ematen ditu normalizazio politikoaren bidetik aurrera egiteko. Hori esanda, ez ditut beste proposamen batzuk gutxietsi edo murriztu nahi; bakar-bakarrik esan nahi dut abiaburu horiek eskuragarri ditugula aro berri honetan hasiko dugun eztabaidarako, eta ekarpen horiek, beste batzuekin batera, oinarrizko osagaiak izan litezkeela Normalizazio Akordioa iristeko.

Normalizazio Politikoa lortzeko Akordio bateratzailea

Aro berri baten aurrean gaude. Beste abagune bat dugu zain. Gure eskaintza hortxe dago, eta gure eskua zabalik; horixe da gure jarrera normalizazio-akordioa lortzeko bide horretan. Ez dugu, ez, gure erantzukizuna saihestuko; ez gara eskas eta urri ibiliko ahalegina eta lana egiteko orduan, helburu hori lortu behar badugu. Elkarrizketarako eta normalizazio politikorako bideari ate guztiak ireki nahi dizkiogu erabat, zabal-zabalik.

Hori bai; baina, nola egingo dugu aurrera bide horretan barrena? Zein prozedura-mota erabiliko dugu, Normalizazioa lortzeko Akordio integratzailea bideratzeko orduan, inor bazterrean utzi gabe, elkarrizketa-prozesua burutu dezagun guztion artean?

Hain zuzen ere, galdera horiexei erantzun behar diegu alderdi politiko guztiok batera, elkarrizketan hasi orduko, lan-arloa ondo jorratuta egon dadin.

Bide horretan abiatzea errazago izan dadin, gure helburua izango da alderdi politikoei metodologia irekia eta malgua proposatzea. Dena den, metodologia-arloari ekin aurretik, lehendakari bezala, iruditzen zait nire ardurapekoa dela inbestidura-eztabaida honetan arlo horri buruz zerbait ekartzea, eta auzia konpontzeko alde askotako elkarrizketa-prozesua garatu baino lehenago indar politikoen artean adostu behar genituzkeen printzipioak, edukiak eta tresnak direla-eta ekarpen bat egitea.

Ez naiz ari prozedura itxiei buruz; ez naiz ari tresna itxiei buruz. Ezin dira-eta itxiak izan. Jabetzen naiz gaur egun, itxia bada, ez dela ezer ere estrategikotzat hartzen. Era guztietako ekarpenak jasotzea eta ateak zabaltzea, horixe da estrategikoa den gauza bakarra.

Elkarrizketarako abiaburuko printzipioak

Gure iritziz, badira lagungarri gerta dakizkigukeen printzipio batzuk, oinarri bat emango baitigute, azken buruan normalizazio-akordio batera eramango gaituen elkarrizketan zintzo eta garbi hasteko orduan. Printzipio horiek, gainera, euskal gizartearen babesa dute. Bitartekari politiko zenbaitek, esate baterako, nabarmendu egin dituzte printzipio horiek; eta, horiez gainera, normalizazio politikoaren prozesuan proposamenak eta ekarpenak eginez parte hartze handia izan ondoren, beste gizarte-eragile eta foro askok ere babes bera eman diete printzipio horiei. Guztiak agortu nahi izan gabe, nire ustez, honako hauexek dira adostasun handiena biltzen duten printzipioak eta konpromisoak:

-     Indarkeria-ezaren printzipioa eta, bakar-bakarrik bide politiko eta demokratiko hutsak erabilita, giza eskubideak errespetatuko direlako konpromisoa.

-     Bazterkeria-ezaren printzipioa, eta, politika-, gizarte- eta lurralde-arloetako joera guztiek, nahi izanez gero, parte hartzeko duten eskubidea errespetatuko delako konpromisoa.

-     Demokraziaren printzipioa, eta herriaren borondatea eta euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidea errespetatuko direlako konpromisoa.

-     Berdintasunaren printzipioa, eta demokratikoki defenditutako proiektu politiko guztiek ordenamendu juridikoan txertatzeko bideak aurkitzeko modua izan behar dutela onartzeko konpromisoa.

-     Aniztasuna errespetatzeko printzipioa, eta euskal gizartean nortasunei dagokienez dauden sentimenduak ez inposatzeko eta ez eragozteko konpromisoa.

Normalizazio-akordioaren edukiak

Akordioaren edukiek benetako normalizazio politikoaren sustraian dauden gaiak jorratu behar dituzte, orain arte lortu ez diren oinarrizko adostasun bateratzaileen beharra eskatzen dutenak; hori nahi eta nahi ez gertatu behar diren alderdien arteko aurretiazko elkarrizketen ondorioz kontuan har litezkeen bestelako aspektuez aurrejuzkurik gabe.

Nire iritziz, hona hemen gaiok:

-     Euskal Herriaren izaera, subjektu politikotzat hartuta.

-     Erabakitzeko eskubidea izatea eta eskubide hori baliatzea

-     Lurraldetasuna

-     Estatuarekiko harreman-esparrua

-     Ituna, konpromisotzat hartuta

 

Elkarrizketarako tresnak

Elkarrizketan erabiliko diren tresnak eta bitartekoak ere aldez aurreko negoziazioetan zehaztu behar dira, eta, benetan diotsuet, nire ustez, elkarrizketa-prozesu bat bideratzeko tresnen gai hori ez da inoiz izan behar eragozpen gaindiezina edo baldintza negoziaezina. Malguak izan behar dugu, eta ez da inor ere, ez indar politiko bat ere, baztertuta geratu behar.

Aurretiaz izan beharreko adostasun-oinarria osatzeko, abiaburu-printzipioak, edukiak eta metodologia dela-eta foro bat bideratu beharko da, euskal indar politiko guztientzat zabalik, eta, hor, lehenago edo geroago, prozesu horren tarteren batean, nahitaez, gizarte-eragileen ekarpenak eta hausnarketak ere jaso beharko lirateke.

Nolanahi den ere, beharrezkoa izango da, era berean, foro horretan lortuko liratekeen akordioak Legebiltzarrean eta instituzioetan eztabaidatzea, garatzea eta onestea.

_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Atal hau bukatzeko, esan behar dugu, dudarik gabe, Normalizaziora iristeko Akordio integratzailea lortzea ez da inola ere lan erraza; erraza balitz, Akordio hori lortuta egongo litzateke aspaldidanik. Baina uste dut gure erantzukizuna dela, hori lortzeko guztiok dugun konpromisoa euskal gizarteari jakinaraztea. Erabat ziur nago, benetan guztion aldetik borondate politikoa izanez gero, ikuspegi politiko ezberdinen arteko Akordiora iristea posible dela, eta, gainera, atzeraezina dela, elkarrizketa-bideari ekiteko abiaburuak ditugulako.

 

II.3   Eusko Jaurlaritza, Bakea eta Normalizazio Politikoa ekartzeko eragilea.

Normalizazio politikoa, bakegintza eta adiskidetzea; horiexek ditugu legealdi honen joana gidatuko duten ardatzak.

Horiexek dira, batez ere, eta gauza guztien gainetik, “benetako arazoak”, premiaz konpondu behar ditugunak, egoera hori guztiontzat, elkarrekin erosoago bizi gaitezen laguntzeaz gainera, eragin ezin hobea eta erabakigarria izango baita hazkundean, ongizatean eta gizarte-aurrerapenean.

Gizarte oso-osoak igarriko du, zalantzarik gabe, egoera horretan onurarik handiena, eta, beraz, gizarte osoa sartu behar da buru-belarri gatazka konpontzen. Beharleku hau ez da soil-soilik “politikoen kontua” edo unean uneko gobernuari tokatzen zaion ardura. Bakoitzak bere konponbide-zatia eta bakoitzak bere aletxoa ekartzeko ordua heldu da. Guztiok gara partaide: sindikatu eta enpresaburuak, zahar eta gazteak, komunikabideak, Eliza, Unibertsitatea, gizarte- eta kultura-elkarteak. Guztion parte-hartzea eta laguntza behar dugu “euskal gatazka” deritzona konpondu ahal izateko. Euskal gizarteak ulertu behar du ezin garela 2010. urtera heldu gai hau konpondu gabe, korapiloa askatu gabe.

Lehendakaritarako hautagai naizen aldetik, nire hitza bermetzat jartzeko prest nago, eginahal eta ahalegin guztiak egingo ditudala, kosta ahala kosta, konponbidea aurkitzeko eta adiskidetasun-oinarriak ezartzeko. Horri lotuta, besteak beste, honako konpromisoak dakartzat.

Aldebiko elkarrizketa instituzionala, konpromiso iraunkorra

Nik neuk hartutako konpromisoa da, eta neure ardurapekoa izango da elkarrizketa-bideak etengabean zabalik mantentzea, eta Espainiako Gobernuko presidentearekin elkarrizketa iraunkorra, aldebikoa, erraza, zintzoa eta leiala izatea. Halaxe egitea erabaki genuen joan den apirilaren 17ko hauteskundeen ondoren Moncloan izan genuen bileran, eta halaxe berretsi nahi dut orain hemen zuen aurrean, Legebiltzar honetan. “Hau lehen urratsa da, eta, horren atzetik, beste urrats asko etorriko dira”; horixe da nire jarrera eta horixe da guztiok batera hartutako konpromisoa, bakea eta bizikidetza baitaude jokoan.

Alderdien arteko Elkarrizketa-mahaia sustatzea

Gure konpromisoa da alderdien arteko elkarrizketa-mahaia bideratzea eta bultzatzea, mahai horretan sentsibilitate politiko guztiak egon daitezen ordezkatuta. Helburu hori ahalik eta lasterren eta lehenbailehen betetzeko erantzukizuna ez da Jaurlaritzarena bakarrik, alderdi guztiek ere badaukate-eta horretan ardura. Nolanahi den ere, Gobernuak lantaldea jarri nahi du lehenbailehen berariaz horretan lanean. Lantalde hori indar politiko guztiek izendatutako ordezkariek osatuko dute, eta, urte politikoaren hasieran, aurtengo azken hiru hilabetean, taldeak adostutako proposamena egin eta aurkeztu beharko du, ondo zehaztuta egon dadin Elkarrizketa Politikorako Mahaiak erabakiak nola hartu behar dituen; besteak beste, metodologia, egitura, helburuak, edukiak, abiaburuak, osaera eta prozedura. Horrez gainera, lantalde horrek epe konkretu bat ere proposatu beharko du, eta konpromisoa hartuko dugu, normalizazio politikoa lortzeko akordio batera iritsiko garela epe horretan.

Plan integrala bakearen eta adiskidetzearen alde

Nire konpromisoa, sei hilabeteko epean gehienez jota, bakearen eta adiskidetzearen aldeko Plan integrala egitea eta onartzea; plan horretan, Jaurlaritzak giza eskubideen arloan bete beharko dituen zeregin guztiak aintzat hartu eta jasoko dira. Plan honek sei ardatz nagusi izango ditu jarduteko:

-     Bakearen kultura eta balio demokratikoak sustatuko dira

-     Elkartasuna erakutsiko zaie terrorismoaren biktimei

-     Frankismo-garaiko biktimei ordaina emango zaie eta oroimen historikoa berreskuratuko da

-     Herritarren eskubideak eta askatasunak errespetatu eta berreskuratuko dira, baita parte-hartze politikoa ere

-     Torturari aurre hartuko zaio eta atxilotutako pertsonen giza eskubideak defendituko dira

-     Giza Eskubideak eta Askatasunak Babesteko Nazioarteko Behatokia eratuko da; Legebiltzarrak emandako Lege baten bidez geroago onartuko den erakunde baten abiapuntu izango da.

Beste tresna bat, akordiorako lagungarri: Normalizaziorako Kontseilu Politikoa

Hartu ditugun konpromisoei erantzuteko, eta, normalizazio politikoa, bakea eta adiskidetzea ekartzeko eragile den aldetik, Jaurlaritzak dituen zereginak bultzatzeko, jakinarazi behar dizuet Kontseilu Politiko bat osatzeko asmoa dudala Gobernuaren barruan, mailarik gorenean; Kontseilu horrek kide izango ditu Eusko Alkartasunako sailburu bat, Ezker Batua-Berdeak alderdiko sailburu bat, eta ni neu; bere betebeharren artean hiru helburu nagusi izango ditu:

-     Eragile politiko eta sozialekin izan beharreko elkarrizketak eta harremanak sustatu behar ditu Gobernutik, horretan aitzindari izanik, elkarrizketarako mahaia osatzeko, alderdi askotakoa eta bazterkeriarik gabe, era horretara, Normalizazio Politikoa lortzeko Akordio batera iristeko modua bidera dadin.

-     Giza eskubide eta askatasunen aldeko plan integrala osatu, onartu, dinamizatu eta sustatu, horren bitartez, bake-prozesua bideratu eta adiskidetzerako oinarriak finkatzeko.

-     Gizartearen ordezkarien ekarpenak bideratzeko tresnak jorratu eta euskal gizartearen partaidetza ahalbideratu, indar politikoen eginkizun ordezkaezina gizarte-sare baten bidez osatzeko, bakegintza, normalizazio politikoa eta adiskidetzea lagundu eta gorpuztu dezan.

 

II.4)  Euskal gizarteak du azken hitza

Aukeraz betetako legealdia dugu aurrean. Guztion ardura da aukera hauek baliatzeko gai izatea eta Bakea eta Normalizazio Politikoa lortzea behin betiko. Guztiok, gutariko bakoitzak dauka helburu horiek lortzeko ekarpenen bat; bakoitzak, berea.

Inor ere ez da bere kabuz nahikoa; eta, aldi beran, denok gara beharrezko…

ETAri dagokio aurrerapauso erabakigarria egitea, eta argi eta garbi erakustea indarkeria bukatzeko borondatea duela.

Euskal alderdi politikooi dagokigu gure erantzukizuna hartzea eta, gatazka politikoaren sustraietan kateaturik dauden gaiak hartuta, Normalizazio Politikorako Akordioa lortuko dugula-eta euskal gizartearen aurrean konpromisoa hartzea.

Euskal gizarteari dagokio, oro har, komunikabideei, ekonomia- eta gizarte-arloetako eragileei, kulturaren munduari, unibertsitateari, gazteriari, eta, oro har, guzti-guztioi dagokigu, bake-prozesua bideratzeko eta sustatzeko lanetan zuzenean parte-hartzea. 

Guztion artean ahaleginak egin behar ditugu, eskuzabal, gure arteko konfiantza, gaur egun higatu samar dagoen konfiantza hori, bere onera ekartzeko eta, itxaropenez beteta aurrean dugun etorkizun honetan, elkarrekin bizitzeko esparrua ezartzeko.

Egoera korapilotsua da, bai, eta, aldi beran, pozgarria ere bai; euskal gizarteak arduradun politikoei eskatzen digu elkarrizketan jarduteko gai izateko, eta, horrez gainera, zintzo, argi eta konpromiso zehatzekin jokatzeko.

Euskal gizartea gizarte heldua da, zentzuduna; eta indar politikoei eskatu digu mahai baten inguruan eseri, eta ados jar gaitezen. Eta, horrez gainera, gogorarazi digu, lortutako erabaki demokratikoetan berak ere parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea duela.

Euskal gizarteari galdetzea eta herriari kontsulta egitea alderdi politiko gehienen asmoen artean azaltzen zaigu beti, goiburu, eta, horrenbestez, ordezkatzen ari naizen gobernu-koalizioaren konpromiso politikoaren muina da, oraingo legealdi honetarako.

Ildo horretatik, Legebiltzar honetan jakinarazi nahi dut, lehendakaritarako hautagai naizen aldetik, normalizazio politikorako eta bizikidetzarako akordio batera iristen bagara, Eusko Legebiltzarrari eskatuko diodala, lortutako Akordio Politiko hori berrets dezan, euskal gizarteari herri-kontsulta egiteko baimena, betiere, indarkeriarik gabeko testuinguru batean eta inolako bazterkeriarik gabe.

Legebiltzarraren baimen horretan txertatu beharko dira, adostuta, kontsultari berari dagozkion alde batzuk, hala nola, kontsulta indarkeriarik gabeko eta bazterkeriarik gabeko egoera batean egingo dela ziurtatu behar da, emaitzak onartzeko ezarritako oinarri demokratikoak ezarri behar dira, eta ordenamendu juridikoan emaitza horiek negoziatzeko eta txertatzeko gaikuntza-prozedura zehaztu behar da.

_ _ _ _ _ _ _ _ _ _

 


 

Hitzaldi hau bukatzeko, hasieran egin ditudan hausnarketak ekarri nahi ditut berriz gogora. Aro berria, aro erabakigarria hastekotan gara. Euskal gizarteak ordezkari politiko guztioi eskatu digu ahalegindu gaitezen arduratsu, argi eta zintzo jokatzen, konponbidea eman diezaiogun euskal auzi edo euskal gatazka deritzonari. Bagoaz joan bidean barrena aurrera, eta bidea bukatu arte jarraitu behar dugu. Hor daukagu gizartearen argazkia; argi eskatzen digu politikooi eragingarri izan gaitezen lanean, konponbideak aurki ditzagun eta sakon-sakoneko akordioak lot ditzagun. Horrexek izan behar du, bada, elkarrizketaren legealdia, akordio eta adostasunarena, eta erabakien legealdia.

Erabat sinesten dut abagune historikoa izango dugula aurrean, eta indar politiko guztiok eman beharko dugu maila, eta demari eutsi, azken buruan egia bihur dadin ilusioz beteta aurrean dugun egokiera hori.

Ordezkatzen dudan gobernu-koalizioaren izenean, euskal gizarteari jakinarazi nahi diot tinko lan egingo dudala eta eutsiko diodala hurrengo Jaurlaritza eragilea eta eragingarria izan dadin, elkarrizketaren aldeko jardunaren bitartez, normalizazio politikoa, bakea eta adiskidetzea ekartzeko. Gune zabal integratzailea eratu nahi dugu, nortasun-sentimenduen aniztasuna aitortu eta kudeatuta, Herria zuzen dezan, eta euskal gizartean bizi diren sentsibilitate politiko gehienak errespetatuta eta ordezkatuta bilgune izan dadin.

Bakoitzak bere erantzukizuna eta bere ardura hartzeko ordua iritsi da. Herritarrek eurek ere, bakoitzak bere ardura hartu beharko du. Guzti-guztiok, gutariko bakoitzak, eskuan daukagu-eta konponbidearen zatitxo bana. Demokrazia parte hartzea bada, eztabaidatzea bada, erabakitzeko eskubidea baliatzea bada, orduan, heldu da, bai, euskal gizarteak dagokion protagonismoa hartzeko unea.

Esku-eskura dugu geure etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko aukera.

Esku-eskura dugu elkarrekin bizitzeko eta adiskidetzeko beste aro berri bati ateak zabaltzeko aukera.

Hauxe da bizitzea egokitu zaigun une historikoa. Nik konfiantza oso-osoa eta erabatekoa daukat euskal gizartearengan, eta konbentzimendu osoa daukat guztion artean atea zabalduko diogula behin betiko itxaropenari.

Eskerrik asko.

 

PARTEKATU