Elkarrizketak
19Ekaina
2005
19 |
Elkarrizketak

Joseba Egibarri elkarrizketa Argia aldizkarian

Elkarrizketak
Ekaina 19 | 2005 |
Elkarrizketak

Joseba Egibar: «Ibarretxek ez ditu alderdiaren jarrerak azaltzen soilik, adostasunarenak baizik"

Mikel Asurmendi (ARGIA)

EAko idazkari nagusi ohi Gorka Knörrek politikaren parte handi bat politikarien arazo pertsonalek baldintzatuta dagoela esan berri du ARGIAn. Ados?

Berari esperientzia hori hurbiletik bizitzea tokatu zaio nonbait. Argi dago: politika ez da aseptikoa, pertsonak gara. Politika eta taldearen lana pertsonekin duzun konfidantzaren arabera gauzatzen da, elkarren arteko konfidantza mailak baldintzatzen du politika. Eta horrek ez du esan nahi talde bat osatzeko denek berdin pentsatu behar dutenik. Alderdi barneko aniztasunaren isla izan behar du taldeak. Gure alderdian, proportzio eta batzorde ezberdinetan, aniztasuna badago.

Josu Jon Imaz EBBko presidente hautatu ondoren horrela esan zuen Arnaldo Otegik ARGIAn: "Agian hobe EAJn agintzen dutenekin hitz egitea, ezta?" Nork agintzen du EAJn?

Horretan Arnaldok arrazoi du. Garai bakoitzean zer tokitan nork agintzen duen harekin hitz egin behar da. Uste dut Batasunak logika hori jarraitu duela. Harreman kolegiatuak dauzkagu indar politikoekin, ezker abertzalearekin barne, eta hitz egiten dugunean bakoitza zein den badakigu. Denok kontziente gara horretaz, alderdi barruan aginte maila zeinek daukan garbi delarik. Gurean garbi dago, alderdia erreferentea da, eta aldi berean, Ibarretxek ûjarduneko lehendakaria orainû Jaurlaritza eta alderdia erreferente nagusitzat ditu.

Nolanahi ere, iruzurtua sentitu al zinen EBBrako hauteskundeetan?

Ez. Nik argi daukat alderdiko batzuentzako ez naizela gustuko pertsona. 1991z geroztik, Leitzarango auzia konpondu zenean, bakarren batzuk ez zuten egokitzat jo GBBren jarrera. Geroago, 1995 eta 1998ko gertaera politikoetan, GBBk estilo bat erakutsi zuen. Eta estiloa, ez politika egiteko moduan. Norbera finago edo baldarragoa izan daiteke, estiloa diot, norabide politikoa marraztu eta ziurtatzeko garaian eztabaidak gure modura planteatu eta garatu genituelako. Batzuek Xabier Arzalluzek urtetan agertu zituen nolabaiteko autoritate eta lasaitasunari galdera ikurra jarri zioten nolabait.

Alderdi barruko bi arima delakoak agertu ziren nolabait. Egun Imazek eta Egibarrek ordezkatuta?

Arima horiek ote diren ere ez dakit. Batzuk Comunión eta Aberri ildo historikoekin alderatu nahi izan dituzte. Ni ez naiz eztabaida horretan sartuko. Garbi dudana da, 2000 eta 2002. urteetako alderdiaren ponentziak ûnahiz eta emendakinak izan zirenû aho batez onartuak izan zirela. Agian, aho bateko hori ez zen benetakoa, eta bakarren batzuek beste ideia batzuk eduki ditzakete. Denborak erakutsiko du zertan dabilen sektore hori. Hau ez da alderdi barruko lasterketa bat. Nik alderdia herri honen zerbitzurako dagoen tresna bezala ulertzen dut, eta ni parte naiz beste 33.000 kideak bezalaxe. Gure erabakiek herriaren zerbitzura egon behar dute, eta herriaren nahitik aldentzen bagara, herritarrek abisua emango digute, eta modu berean jarraitzen badugu, bide horretatik baztertuko gaituzte. Zorionez, azken 25 urteetan, EAEn, herri honen gehiengoaren babesa jaso du EAJk.

Dena dela ere, Imazen izendapenak alderdiko "pisu astu»nen sostengu interesatua izan omen zuen. Ba al daude "pisu astun" horiek?

Agian egongo dira. Beraiek jakingo dute. Herri honetan erreferentea diren erakunde eta pertsonak direnak direla ere, denok ezagutzen dugu elkar. Nahiz eta ezkutuan edo azpi-jokoan ibili eta batzuek ez duten beren benetako iritzia behar adina azaltzen, Joseba Egibarri baino beldur gehiago diote herri honek hartu duen atzeraezinezko bideari. Adibidez, lehendakariak nora garamatzan edo nora eraman gaitzakeen horrek beldurtu egiten ditu sektore horiek. Askoz garrantzia handiagoa dute lehendakariaren jarrerak eta estrategiak Egibarrek pentsa dezakeenak baino.

Batzuentzat Arzalluzen delfina edo izurdea zara. Beste batzuentzat marrazoa.

Xabier Arzalluz EBBko buru zela eta ni bozeramalea, talde erreferentzial bat osatu genuen. Arzalluzek egina hor dago, garai ezberdin batean egina. Utzi duen legatu politikoak autoritate ukitua eman zion alderdiari. Eta nik asko eztabaidatu nuen Arzalluzekin. Baina nahiago dut berarekin izan nuen eztabaida izatea ûgaur egun ere jarraitzen dugunaû eztabaida ez den giroa baino, edota gauzak joan doazela uztea baino.

Arzalluz zegoenean baino gutxiago eztabaidatzen da orain EBBn?

Lehen asko. Orain, arazo asko dugu eta bagoaz berauek konpontzen. Egia esan, arazoek ondo bideratzea denbora asko eskatzen dute. Garai estrategikoetan Arzalluzekin eztabaidatzea luxua izan zen. Xabierrek boterea baino gehiago autoritate politikoa zeukan. Ez dakit besteen kasua nola izan zen, nik eztabaida aberatsa izan nuen EBBn eta ondorio oso positiboak.

Orduan EAJn Arzalluzen arima nagusia edo bakarra ote zen ez dakigu, baina gaur egun, analista politikoen esanetan, bi arima daude: Imaz eta Egibarrena.

Hemen analista gehiegi dago. Azken urtetako erreferentea desagertu denean, analisia noiznahi, nonahi eta nolanahi egiten da, alegia. Josu Jonek bere estiloa dauka. Berak garbi dauka zein garaian tokatu zaion EBBko presidente izatea eta alderdiak nondik nora joan behar duen, eta nik ez dut zalantzan jarriko alderdiarentzat eta herriarentzat hoberena nahi duela. Guk talde lanean aritu behar dugu. Diferentziak diferentzia, bakoitzak badakizki zein diren bere alde ahulak eta sendoak. Ni, alderdiak markaturiko estrategiaren barruan, eskatzen zaidan neurrian eta moduan, guztia ematen saiatzen naiz herri honen onerako.

Zein da Egibarren arima politikoa?

Alderdiarena. Herri honek 1998tik gaurrera estrategia berria gorpuzteko prozesua bizi izan du: alderdiak eta lehendakariak aurreko legealdian aurkeztu eta onetsi zuen proiektu hori ez zen onartuko 1998. urtean gertatu zena gertatu gabe. Urte hartan autonomiaren azterketa kritikoa egin zen. Su-eten garai bat ezagutu genuen. Alderdi abertzaleen arteko elkar lanerako aukera ireki zen, Lizarra-Garaziko Akordioan nahiz Legebiltzarrean gauzatuak. Estrategiak berrikusi ziren eta ez dut uste egoera berri batera estrategia egokitu zela su-etena eman zelako, herri honek heldutasuna eta herri bezala jauzi egiteko aukera ikusi zuelako baizik. Herriak horretarako indarkeriazko bidea behin betiko utzi behar zela adierazi zuen eta Espainiari gatazka konpontzeko nahia eta beharra agertu zitzaion. Hor kokatu behar dira alderdiaren gaur egungo jarrerak, eta nik aurreko jarrera horiek alderdi barruan nola proiektatzen diren begiratu behar dut. Nik horietan ikusten ditut nire arima, bihotza eta burua.

Juan Jose Ibarretxerenak eta zureak hurbil al daude?

Ibarretxek bere ardurak eta mugak ditu. Hiruko baten gobernuburua izan da. Aurrerantzean ikusiko dugu horrela izango den. Nahiko lan badu berau berresten. Instituzio gizona da. Erakundeetan dagoen gizona izaki, babesaz gainera, alderdiak bere bidea zabaltzen lagundu behar dio, alderdiak aurretik joan behar du, berak atzetik datorrela bide errazagoa eduki dezan, horretan lagundu behar diogu. Ibarretxek ez ditu alderdiaren jarrerak azaltzen soilik, adostasunarena baizik. Alderdiak aurretik joan behar du, eta nik hori botatzen dut faltan nolabait, aurreragotik joatea alegia.

Nola ikusten duzu bera eta bere izena daraman Plana aurrera joate horretan?

Agian, alderdiari dagokionean, Ibarretxe bezalako pertsona batek egin du egin zezakeena. Orain, Gernikako Estatutuaren garaia protagonizatu zuten pertsonek lagundu lezakete pertsona hau beste jauzi bat ematen. Ibarretxe berak bakarrik ezin du protagonizatu hori. Jauzi horren lidergoa berak hartu zuen, baina, aurreko belaunaldiak, apustu estrategikoa egin zutenek -Arzalluzek nahiz Garaikoetxeak, adibidez- duten eskarmentuaren laguntza ekarri beharko liokete. Denok bat gatoz, barne azterketa eta prozesu bat izan da, eta EAk nahiz EAJk babestu dute plana. Ibarretxek egin behar zuena egin du.

Planak balio al du aurrera egiteko?

Bai. Dudarik gabe. Plan horretan mugarri batzuk daude eta horiek alderdiak etorkizunean egingo dituen pronuntziamenduetan izango dira: hala nola Euskal Herria deritzan herri bat dagoela. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala. Autodeterminazio ariketa zuzen eta modernoa egin behar dela eta hori adierazi behar zaiela estatuei -epe laburrean, ariketa hori Espainiako Estatuari betetzea galdetu behar zaio, eta geroan Frantziakoari-: hau da, herri honek erabakitzen duena errespetatzeko prest al zaudete? Erabaki horren ondorioz elkar bizitzarako hitzarmen berri bat ituntzeko prest al zaudete?

 

PARTEKATU