EAJ-PNV eta Eusko Alkartasuna koalizioaren oinarri politiko eta programatikoei buruzko hitzarmena 20
27Otsaila
2005
27 |
Hainbat agiri

EAJ-PNV eta Eusko Alkartasuna koalizioaren oinarri politiko eta programatikoei buruzko hitzarmena 20

EAJ-PNV eta Eusko Alkartasuna koalizioaren oinarri politiko eta programatikoei buruzko hitzarmena 20
Otsaila 27 | 2005 |
Hainbat agiri

Hainbat agiri


EAJ-PNV eta EAren arteko koalizioa osatzen dugun alderdi politikook, hurrengo legegintzaldiak gure Herriaren etorkizunerako izango duen garrantzi politikoaz jabetuta, euskal gizarteari etorkizunerako konpromiso itxaropentsua aurkeztu nahi diogu.

Gure kontratu soziala Euskadirekin

 

EAJ-PNV eta Eusko Alkartasuna koalizioaren oinarri politiko eta programatikoei buruzko hitzarmena 2005-2009 legegintzaldirako

 

“Erabakitzeko legegintzaldia. Aurrera egiteko legegintzaldia"

  

Sarrera

 

Gure kontratu soziala Euskadirekin

 

EAJ-PNV eta EAren arteko koalizioa osatzen dugun alderdi politikook, hurrengo legegintzaldiak gure Herriaren etorkizunerako izango duen garrantzi politikoaz jabetuta, euskal gizarteari etorkizunerako konpromiso itxaropentsua aurkeztu nahi diogu.

Uste osoa baitugu gure Proiektuak gure gizartearen gehiengo handi baten bide zentrala ordezkatzen duela, normalizazio politikorako eta bakerako behin betiko eszenatoki baten aldeko apustua egiten duena. Eszenatoki hori bi oinarri nagusiren gainean eraikiko da: bizitza errespetatzean eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea errespetatzean.

Gure erantzukizuna baita Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako Estatutu Berriaren Proposamenean oinarritu eta Estatuari eskatzea euskal gizartearen aldarriei erantzuna emateko.

Bermea eskaintzen baitugu euskal gizartearen aurrean agertu eta emandako hitza bete dugunok.

Fidagarritasuna sortzen baitugu euskal gizarteari honakoak eskaintzen dizkiogunok: orbanik gabeko printzipio etiko eta demokratikoak, bide argi eta zehatza, Eusko Legebiltzarrak onartutako Proposamen politiko bat, gure konpromisoak betetzeko berme sendoa eta etorkizuneko proiektu bat Euskadiren eraikuntza sozialean aurrera egiteko.

Ilusio itzela baitaukagu hurrengo urteetan Euskadiren etorkizun politikoa baldintzatuko duen legegintzaldiari ekiteko. “Erabakitzeko legegintzaldiri eta aurrera egiteko legegintzaldiari ekiteko”.

 

EAJk eta EAk osatutako koalizioak kontratu sozial bat aurkeztu nahi diogu euskal gizarteari legegintzaldiko bi erronka nagusiei erantzuna emateko: “Erabaki eta Aurrera egin”.

Elkarbizitzarako proiektu sendoa aurkeztu nahi dugu, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako proiektu bat.

Buruzagi zintzoa aurkeztu nahi dugu, koherentea, langilea eta eraginkorra: Ibarretxe lehendakaria.

Ilusioa eta indarra eskaini nahi dugu, gure koalizioak 604.222 herritar baititu atzean eta euskal gizartearen bide zentrala ordezkatzen baitu.

 

 

I.- OINARRI POLITIKO ETA PROGRAMATIKOAK

 

A)  Gure konpromiso politikoa: erabakitzeko legegintzaldia.

1)    Oinarrizko printzipio bat defendatzen dugu: errespetua.

-      Norbanakoen giza eskubideekiko eta askatasun zibil eta politikoekiko errespetua.

-      Herria garenez, gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidearekiko errespetua.

Adierazi nahi dugu gure konpromisoa guzti-guztion giza eskubideak defendatzea dela, guztiok gauza dezagun bakean eta askatasunean bizitzeko eta erabakitzeko eskubidea. Beraz, berriro eskatu nahi diogu ETAri behin betiko bazter dezala indarkeria; izan ere, indarkeria baztertzea oinarrizko premisa da giza eskubideez baliatzeko.

Adierazi nahi dugu gure konpromisoa euskal gizartearen borondate demokratikoa errespetatzea dela, euskaldunon borondatea errespetatzea, Euskadin bizi eta lan egiten dugun guztion borondatea errespetatzea inor baztertu gabe. Denok erabaki behar dugu!

 

2)   Proposamen demokratiko bat eskaini nahi dugu: Estatutu Politiko Berria, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutakoa.

Estatutu Politiko Berriaren Proposamena, Eusko Legebiltzarrak abenduaren 30ean gehiengo osoz onartutakoa, da orain ere euskal gizartearen aktibo nagusiena eta gure gizartearen bide zentralak abalatutako elkarbizitza proiektu bakarra.   
Proposamen hori normalizazio politikorako baliabide oinarrizkoena da, euskal herritar gehienen gogoari ‑normalizazio politikoa eta bakea erdiesteko gogoari, alegia‑ baiezko erantzuna ematen diolako.

EAJk eta EAk osatutako koalizioak bere egiten du Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Estatutu Politiko Berriaren Proposamena.

Hauxe dio proposamen politiko horrek:

-   Bai guzti-guztion giza eskubide eta askatasunak defendatzeari.

-   Bai etorkizuna erabakitzeko euskal gizarteak duen eskubideari, 1990ko otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen autodeterminazio eskubidearekin bat etorriz.

-   Bai Estatuarekin elkarbizitzeko itunari, elkartasun askean oinarritutako itunari.

-   Bai Nafarroarekin eta Iparraldearekin harremanak estutzeari.

-   Bai Euskal Herriaren identitate nazionala onartzeari.

-   Bai hobeto bizitzeko gure autogobernua gehitzeari.

-   Bai Europan eta munduan ahots propioa izateari.

-   Bai Estatuarekiko berme sistema bilateralari.

3)   Konpromiso politiko bat aurkeztu nahi dugu: hitz egin, negoziatu eta erabaki.

Ez gaude prest Espainiako Gorteen gaitzespena onartzeko Estatutu Politiko Berriaren Proposamena negoziatzeko orduan, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoz onartua izan baitzen.

Ez gaude prest euskal politikaren bi ertzek elkarrizketari emandako ezetza etsipenez onartzeko. Izan ere, ertz horietako batek ez baitu gaitzetsi nahi gizabanakoen eskubideak urratzea eta besteak ez baitu onartu nahi Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea.

Horregatik, EAJk eta EAk osatutako koalizioak gure gain hartu nahi dugu euskal gizartearen eskakizuna gauzatzeko konpromisoa eta Estatuari Eusko Legebiltzarrean onartutako Estatutu Politiko Berria negoziatzeko prozesua zabal dezala eskatzeko.

Adierazi nahi dugu, halaber, borondatea dugula euskal alorrean elkarrizketa multilateralari beste aukera bat emateko. Elkarrizketarako eta negoziaziorako konpromiso bat aurkeztu nahi dugu, Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berriaren Proposamenean jasotako printzipioak eta edukiak errespetatzetik abiatuta. Inor baztertzen ez duen elkarrizketa bat, Proposamenak duen gehiengo osoa ‑39 legebiltzarkidek osatutakoa‑ zabaltzeko, hala badagokio, eta euskal gizarteak etorkizuna erabakitzeko duen eskubidean oinarritutako Itun politiko baterako baldintzak ezartzeko.

Euskal gizartearen bide zentralaren alde egiten jarraituko dugu. Ez ditugu iraganeko eskemak erabiliko bi ertzetako baten gainean eraikitako eskemak baitira. Helburu bat duen bidea proposatu nahi dugu: “euskal gizarteari galdetzea”. Konponbidearen giltza euskal gizartearen erabakia baita.

Gure konpromisoa argia eta zehatza da. Euskal gizartearekiko konpromiso bat aurkeztu nahi dugu, euskal gizarteak legegintzaldi honetan erabil dezan erabakitzeko kontsultatua izateko eskubidea.

Konpromiso hori gauzatzeko, hurrengo Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko eszenatokian, euskal gizarteari herri kontsulta egiteko, euskal gizarteak berretsi dezan lortutako Akordio Politikoa; hori da gure nahia behintzat. Baina elkarrizketa ez bada onartzen, Estatuak negoziazio prozesua ez badu ireki nahi, euskal gizartea kontsultatua izango da Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako proiektua berretsi dezan.

 

B)  Gure konpromiso soziala: Aurrera egiteko legegintzaldia.

1)    Gure bermea: “Emandako hitza betetzea”.

Giza eskubideak eta askatasunak defendatzeko gure konpromiso etikoa bete dugu. Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako Estatutu Politiko Berriaren proposamena aurkeztuz gure konpromiso demokratikoa bete dugu. Eta bete dugu, baita ere, Euskadiren eraikuntza sozialarekin genuen konpromisoa. Euskadi aurrera doan herri bat da gaur. Hori diote adierazle ekonomiko eta sozialek; adierazle horien artean, argigarri gisa, honako hauek:

-   Gure errenta erabilgarria Estatuaren buruan aurkitzen da, eta Europako 7. herrialdea gara biztanleko BPGn.

-   Gure historiako okupaziorik altuena lortu dugu.

-   Langabezia tasa Europako bataz bestekoa baino txikiagoa da, Estatuko bataz bestekoa baino bi puntu txikiagoa.

-   Gizon eta emakumeen arteko Berdintasun Legea onartu dugu.

-   Babes ofizialeko 20.000 etxebizitza eraikitzeari ekin zaio.

-   Ia 30.000 familiak oinarrizko errenta gozatzen dute.

-   Gure osasun adierazleak eta bizi itxaropen adierazleak munduko onenen artean daude.

-   Kalitatezko hezkuntza sisteman aurrera egin dugu.

-   Euskadiko Justizia Administrazioaren garapena eta modernizazioa sendotu ditugu.

 

2)   Gure konpromiso soziala: aurrera egiten jarraitzeko proiektu bat.

Euskal gizarteari etorkizunerako proiektu bat aurkeztu nahi diogu.

-   Giza eskubideak eta askatasunak errespetatzearen gainean eraikitako proiektu bat.

-   Pertsonengan oinarritutako proiektu bat, pertsona guztiengan.

-   Gure hazkundea eta ongizatea areagotzeko proiektu bat.

-   Integratze soziala eta garapen kulturala sustatzeko proiektu bat.

-   Gure ingurugiroa hobetzeko proiektu bat.

-   Gure kanpora irekitzea bultzatzeko proiektu bat.

 

Euskadiren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko itxaropena sortzen duen proiektua.

-   Euskadi giza eskubideekin konprometituta.

-   Euskadi kohesionatuagoa.

-   Euskadi aberatsagoa.

-   Euskadi integratzaileagoa.

-   Euskadi iraunkorragoa.

-   Euskadi irekiagoa eta solidarioagoa.

 

_ _ _ _ _ _ _ _ _

 

Elkarbizitzarako Proposamen bat. Buruzagi zintzoa eta konfiantzazkoa. Euskadiren eraikuntza sozialean aurrera egiten jarraitzeko proiektu bat. Horiexek dira Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Eusko Alkartasunak euskal gizartearekin izenpetu nahi dugun Kontratu-Programaren ardatzak. Itxaropenean eta esperantzan oinarritutako kontratu bat.

 

 

II.- KOALIZIOAN AURKEZTEA ETA LEHENDAKARIGAIA

EAJ-PNVk eta EAk Eusko Jaurlaritzaren buruzagi izateko borondatea dugu eta, hitzartutako oinarri politiko eta programatikoen arabera, Juan Jose Ibarretxe Markuartu proposatu nahi dugu lehendakarigaia izan dadin.

 

 

III.- ELKARLANA-HAUTESKUNDEEN ONDOKO NEGOZIAZIOA

EAJ-PNV eta EA alderdi politikoek hauteskunde hitzarmen hau sinatzen dute eta Konpromiso Politikoari eta Konpromiso Sozialari buruzko oinarri politiko eta programatikoak ezartzen dituzte hitzarmen horretan. Oinarri politiko eta programatiko horiek izango dira 2005-2009 legegintzaldiko Gobernu Programaren ardatzak eta, behar izanez gero, erreferentzia printzipio nagusiak, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario batekin edo bat baino gehiagorekin dagozkion hitzarmenak negoziatu eta Jaurlaritzan edo Legebiltzarrean lankidetzan aritzeko.

 

Donostia, 2005eko otsailaren 27a.

 

 

 

 

 

 

PARTEKATU