Hitzaldia
18Abendua
2004
18 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Donibane Lohitzunen Konferentzia 2004.12.18

Hitzaldia
Abendua 18 | 2004 |
Hitzaldia

Josu Jon Imaz

Hitzaldia


Lehenik, Donibane Lohizuneko Biltzarrari eskerrak eman nahi nizkioke gaur hitz egin behar dugun gaiari buruzko nire ideiak, gogoetak (zoritxarrez agian ez nire erantzunak) adierazteko aukera eman didalako: Euskadi osoko egoera politikoa, Euskal Autonomia Erkidegorako Estatutu Politiko Berriaren proposamena, eta kontinenteko Euskal Herriaren eta penintsulako Euskal Herriaren arteko harremanak eta egunez egun eraiki den Europaren eremuan kokatzen den eurolurralde baten etorkizuna.
Nire aldetik, egoera horren aurrean hego Euskal Herriko egoera azaltzen saiatuko naiz, agian ez naiz egokiena nik baino hobeto ezagutzen duzuen zuen egoerari buruz hitz egiteko, baina, hala ere, ideia batzuk agertzen saiatuko naiz, Eusko Alderdi Jeltzaleko lehendakari gisa, eta azkenik, erronka honen aurrean zenbait esparrutan elkarrekin lan egiteko izan litezkeen sinergia edo beharrezko lankidetzei buruz hitz egingo dut.

Lehenik, nire frantsesagatik barkamena eskatu nahi nuke, baina ulertarazteko gai izango naizela uste dut.

Nire lehenengo gogoeta, maila orokorrean, EAJren proiektuaren barruan Iparraldeko garatze politiko, kultural, ekonomiko eta sozialak duen garrantziari buruzkoa da.
Europako Batasuna Euskal Herriak duen azalera eta biztanleria izatera iristen ez diren Estatuei irekia dagoen garai batean; Europa Konstituzio batekin hornitzeko prestatzen ari denean, EAJren ikuspuntu nazionalak Europako hedadura bati atxikitzea besterik ez du. Dimentsio horrek, aldi berean nazionala eta europarra izanik, Iparraldea, hau da, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurraldeak, EAJren proiektuaren bihotzera mugiarazten ditu.

Zalantzarik gabe, zirkunstantziazko diskurtsoen eta Hegoaldeko pisu demografiko eta politikoaren gainetik, nazio eraikuntzaren etorkizunerako garrantzikoa da Iparraldearen garapena bere alderdi guztietan egitea; instituzionalak, hizkuntzarenak eta kulturalak, ekonomikoak, lurraldekoak, sozialak eta ingurumenekoak...

Iparraldearen garapen hori ezin da «anekdotikoa» edo Hegoaldearen bilakaeraren paraleloa izan. Estatu batean baino gehiagotan egoteagatik desberdintasunak sortu arren, garapenak EAEkoarekin eta Nafarroakoarekin bat izateaz gain, osagarri ere izan behar du. 

Iparraldea errealitatea da. Beraz, azterketa berezia eta estrategia aproposa behar ditu. Hori da gure helburua Alderdi gisa. Iparraldeko egoeraren azterketarekin hasi aurretik, bizi dugun mundu mailako erronka politikoa azaltzen saiatuko naiz ondorengo minutuetan.

XXI.mende hasiera honetan euskal nazioa sustatzeak gaur eta hemen euskal nazioa eraikitzeko eredua zein den aztertzera derrigortzen gaitu.

Bizitzea egokitu zaigun errealitatea inflexio puntua da historian. XVI eta XVIII.mendeen artean, zabaldutako merkatuek eta uniformizazio kultural eta linguistikoek, piskanaka Estatu-nazioa estruktura politiko bezala eraikitzen dute. Gaur egun, informazio teknologiek gizarteak eta gizarte harremanak kualitatiboki aldatzen dituzte. Gaur egungo garaiaren ezugarri esanguratsuenetakoak informazioaren stocker gaitasun izugarriarekin, lurreko edozein lekutatik beste batera informazio-transmisio azkarrarekin, eta baita euretara mugarik gabeko aukera edukitzea eta gero, bere dimentsioa alde batera utzita, pertsona orori edo/eta komunitate orori luzatzearekin zerikusia dute. Eta inozoa litzateke informazio edo ezagutzaren gizarte honek, izendatu ohi denez,  bere estruktura politikoak eta antolaketa erak berdin gordeko dituela pentsatzea.

Iraultza teknologikoaren ondorioak agerikoak dira ekonomian, mundu-mailako bihurtze bezala ezagun den fenomenoan. Bere agertzeko era nabariena mugikortasuna da : mundu osoan zehar produktuen mugikortasuna, mota guztietako zerbitzuen mugikortasuna (finantzetakoa, teknologikoa, juridikoa, eta abar), kapitalen mugikortasuna.
Prospektiban adituak diren mundu-mailako ikerlari batzuk informazioa Estatu-nazio klasikoa, estruktura politiko gisa, gainbeheratu eta eraldatzen ari dela esatearekin ados daude. Merkatu zabalenek estruktura supraestatikoak eskatzen dituzte, merkatuaren arautzeak ingurumen, gizarte, zerga eta diruari buruzko egitasmoen erabakitze mailak ondorioztatzen dituen neurrian. Estruktura zurrunek -eta XIX.mendeko gisara diren Estatu nazioak horrela dira- handiegi eta txikiegi izateko anakronismoa beregain dutela esan daiteke: handiegiak meatze-arazoak konpontzeko eta txikiegiak garrantzi  handiko arazoak arautzeko.

Hain zuzen ere, arazo horiek dira mundu garatuan «eskualdetutako» espazioak sortzera bultzatu dituztenak, Europako Batasuna, Mercosur, Merkataritza Libreko Tratatua eta ASEAN, adibidez. Horien artean Europako Batasunaren kasua dago, estruktura politiko makroestatikoaren itxura erdiesten duena, finkatutako barne-merkatu, diru bakar eta espazio polizia eta judiziala martxan jartzeko mailaz hornitua. Eta baita limbeetan segurtasun komunaz hornitua ere.

Fenomeno honen paralelo, beste bat ere abian da mundu-mailan. Estaturik gabeko herrien nazionalismoa deituko geniokeena, eta autore batzuren esanetan Estatu-herrialdeen berpizkundea izango litzatekeena. Mundu-mailako bihurtzearen fenomenoaren ondorio den euren lehen motibazioa «sustraien beharra» moduan ezagutzen den sentimendua da. Nazioz gaindiko munduan, irekia, gizabanakoaren pertzepziotik erabat urrutiratua, gizakiek euren sustraiak inguruan aurkitzeko beharra dute, horiekin identifikatuz, eta horiek gabe euren burua ezin ulertuz.

 Gizarte eta ekonomia mundializatu batean, tamaina handiak abantaila izateari utzi dio. Orain dirua eta informazioa transnazionalak bihurtuta, unitate txikiak ekonomikoki bideragarriak izan daitezke.

 Bi joera horiek aztertzen zituen, «Lehenengo iraultza globala» izeneko prospektiba-lan interesgarria argitaratu zuen Romako Klubak 1992an. Bietatik zaharrena, zentralista eta uniformatzailea, eta modernoena, identitate kulturaletan eta adesio libreko maila nazionaletan zentratua. Txosten horrek adierazten duenez : «Itxuraz, gatazka dagoen sistema politikoaren barruan biak batera bakean egotetik dator, Estatu-nazio modeloan era zurrunean oinarritzen dena. Beharrezkoa da beraz, erabakiak hartzeko maila egokiak berriz formulatzea, ondorioak aprobetxatu edo sufritzen dituztenen erabaki-guneak gerturatu ahal izateko.»

 Euskal nazioaren eraikitzea, muga fisikoen desagertzean oinarritua, erregulazio homogeneoz hornitutako merkatu zabal bakar batean murgiltzeak, kontinenteko defentsa eta segurtasun espazio gorenak eta europako planarekin komunak diren txanpon eta diru-politikak, definizio berriak eta baliabide berriak eskatzen ditu. Zentzu horretan, lehendakariaren proposamenak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatutu Berriaren proposamenak, funtsezko gaiei ekiten die : euskal nazioaren onarpen juridiko eta politikoa ; hiritartasuna, pertsonak zuzenbidezko subjektu, euskal gizartearen erabakiarekiko errespetua indarkeriarik gabe eta bere estatutu politikorako askatasuna ; autogobernurako beharrezko mekanismoak aldatzen ari den mundu honen barruan euskal gizartearen garapen eta ongizatea.

Penintsulako Euskal Herriak oraintxe Estatutu Politiko Berria lortzeko konpromisoa dauka. Eztabaida garrantzitsua da, guretzat autogobernua erabakigarria baita. Lehenik, instituzio euskaldunak Hegoaldean sortzeak eta autogobernuaren tresnek Euskal Herriko Hegoaldean eduki duten garrantzia azpimarratu behar da. Erabakitzeko gaitasuna, baliabideak beharretara eramateko aukerak, azken hamabost urte hauetan azpiegitura mailan egin den ahalegin izugarria, agian zuetako batzuk ondo ezagutzen duzuena, ezerezetik abiatuta sortu den zentro teknologiko eta unibertsitarioen sarea, industria maila guztietan laguntzeko programak, inbertsioak erakartzeko neurri fiskalak, hori dena, Hegoaldeko ekonomia eta gizartea Europako errealitate berrira moldatzearen oinarrian dago baita ere.

Eta hori dena posible egin duen baliabidea, Gernikako Estatutua izan da eta Kontzertu Ekonomikoa deitzen duguna, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako lau lurraldeek garatu duten zerga-erregimen subirano eta partikularra dena. Horrek zerga guztiak igo, errentaren gainean, kapitala, enpresen irabaziak, HBP (Helduarora Bideratzeko Programa) eta zerga bereziak, gure errealitate ekonomikora egokitutako zergak eta gure ingurune ekonomiko eta sozialean aberastasun eta aktibitate sortzaileak.

Euskadiko gobernuak eta Aldundiek zerga guztiak jasotzen dituzte, Espainiako Gobernu Zentralak emandako zerbitzuen ebaluazioa (Kanpo-politika, armada eta abar) egin ostean, urtero kopuru bat ordaintzen zaio Kupo deiturikoa, eta horrek guztiak Euskadiko Administrazioei urtero 10.000 milioi euro sortzen utzi die.

Zoritxarrez, Euskal Herriko hegoaldearen autogobernuaren garapen izugarriaren oinarria izan den autonomia estatutu hori, disolbatua eta ebakia izan da hiru tresnaren bidez :

- Sinisteko zaila bada ere, duela hogeita bost urte bozkatutako Estatutu horretako konpetentzien zati handia, euskal instituzioen gobernurako garrantzitsuak direnak, ez dira inoiz besterendu. Gizarte Segurantza, lan politikak edo ikerketa zientifiko eta teknikoaz ari naiz.

- Osasun, hezkuntza, unibertsitate edo beste eskumen batzuk euskal gobernuaren eskuetan badaude ere, Espainiako Parlamentuan oinarrizkoak (organikoak) diren  lege batzuk onartuak izan dira adierazitako gaietan; esku hartu eta erregulatzen dituzte baita Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan ere. Beraz, eskumen batzutan errealak baino teorikoak bihurtu dira.

- Azkenik, Europako Batasunean sartzeak Gobernu zentralari Bruselan esertzeko aukera eman dio, eta nekazaritza, arrantza, industria, zerga edo beste gai batzuetan erabakitzeko ahalmena, kontutan hartu gabe Euskal Gobernua konpetentzia horien benetako titularra dela, Europako Erakundeko eserlekuetan benetako presentziaren aukera ukatuz, Flandria, Balonia, Babiera edo beste batzuek aukera duten bezala.

Duela hogeita bost urte sinatutako hitzarmena Madrilek hautsi du. Egoera horrek itun berria aurkeztera behartzen gaitu, bizi dugun errealitateari fidel izango zaion hitzarmena.

Funtsean, Lehendakariaren proposamenak prozesu politikoa ireki nahi du, horren helburu nagusia, alde batetik, Espainiako Estatu eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harreman-proiektu berria sortzea da eta, bestetik, euskal lurraldeen artekoa ; asoziazio aske eta subiranotasun partekatuan oinarritutako egitasmoa.

Egitasmoa bera idazteko, Estatutu Politiko Berria abiapuntutzat hartuz, Ibarretxe lehendakariaren proiektua oinarrizko hiru zutabetan finkatzen da :

a) Euskal herriaren identitatearen onarpena...

b) bere autogobernu maila erabakitzeko eskubidea duena...
c) gaur egungo maila juridiko eta politiko ezberdinetako herritarren erabakien errespetuan oinarritua

 Proiektuaren edukiari dagokionez, Lehendakariak funtsezko hamar oinarri proposatzen ditu :

1. «Gure identitate nazionalaren onarpen juridikoa eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2. «Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko harremanak  mantentzeko askatasuna.

EAEko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarren gain dagoen eskubidean oinarritutako askatasuna, euren artean euren garapenerako egokienak izango diren harreman politiko eta barne-harremanak mantenduz, euren ongizate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala egokitu ahal izateko, euren berezko borondateaz gain mugarik eduki gabe.

3. Iparraldearekin harremanak mantentzeko gaitasuna

Pirinioetako alde banatan kokatutako euskal lurraldeen arteko harreman eremuan sakontzea proposatzen dugu, Estatu frantsesean kokatzen den Iparraldeko lurraldearekin diren lotura historiko, sozial eta kultural bereziak estutuz. Horretarako erkidegoaren araudiaren erabilpen zabalago eta larritasun gutxiagokoa proposatzen dugu eta Europako Batasuneko bi estatutako lurraldeen arteko mugaz bestaldeko lankidetza ahalbidetuko duten akordioak.  
4. Euskal botere judizial autonomoa sortzea.

5. Euskadiko instituzionalizazio politikoa bermatzea

Autonomia osoa izatea ondorioztatzen duena, autogobernu politikoen erakundeek berek emandako definizioaren barnean. Horrek izaera esklusiboa dakar erakundean bertan, segurtasun publikoa eta administrazio foral eta lokala. Horrez gain, eskubide pribatua ere badakar auzotasun, familia, harreman patrimonial, enpresa nahiz sozietate zibilean.

6.- Gure nortasun  kulturala babestea.

Politika publiko autonomoa martxan jarri prestakuntza eta ezagutza emateko sistemaren osotasunean identitate kulturalaren ezaugarriak babesten utziko duena. Horrek kultura, hizkuntza eta hezkuntza mailan eskuduntza esklusiboa dakar.

7. Gurea den maila sozioprofesional, ekonomiko eta gizarte-babesekoa garatzea.

Horretarako, berezko politika ekonomikoaren kudeaketa autonomoa behar da, ondasun eta zergen sistemena, eta harreman industrialen sistemena, gizarte ekimen eta segurtasun sozialaren aurreikuspena, Estatua eta Europarekin beharrezkoak diren elkartasun eta lankidetza baliabideak ezarri ahal izateko.

8.- Gure baliabide naturalen eta azpiegituren kudeaketa bermatzea.

Xedapen horrek ingurumen gaian garapen iraunkorrerako ekimen publikoen esklusibotasuna esan nahi du; baita lurralde-erregimen, baliabide naturalen erantzukizun oso eta komunikazio azpiegitura guztiena ere.

9.- Estatuarekiko bitariko berme-sistema ezarri, izenpetutako ituna alde bakar batek alda ez dezan.

Partekatutako Paktu eta subiranotasun libre eta borondatezkoari buruz hitz egiterakoan, beharrezkoa da izenpetutako itunaren alde bakar baten interpretazio murriztaile edo aldaketak eragotziko dituen berme-erregimena ezartzea.

10.- Europan eta munduan ahots propioa izatea

Europako erakunden barruan egotea aldarrikatzen dugu gure konpetentzi esklusiboak defendatzeko eta gure identitate propioaren ordezkari moduan. Ez dugu Europako Batasuneko Tratatuan aurreikusi ez den ezer eskatzen, eta hori hainbat lurralde eta naziok duten presentzia eta protagonismoak erakusten du, Kontseiluen buru izateko ahalmena barne.

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Euskadiko estatutu politikoaren proiektua onartu du, bilkura berezian, 2003ko urriaren 25ean izan zena eta Eusko Legebiltzarrera bidali dena bere prozedura administratiboa jarrai dezan, onartu ondoren bigarren pauso batean, Estatuarekin egin behar diren negoziazio eta akordio prozedurekin hasteko. Hurrengo abenduaren 30ean Gasteizko Legebiltzarrean bozkatuko da testua. Gehiengo osoa lortzeko beharrezkoak diren 38 botoak lortuko ez balira, Alderdi Popularra, Batasuna eta Alderdi Sozialistaren oposizioarengatik, gizarteari hurrengo maiatzeko hauteskundeetan gehiengo nahikoa eskatuko diogu.

Baina Iparraldera itzul gaitezen. Zein da nire ustez Iparraldeko egoera? Lehenik, nik beti aldarrikatu dut, eta gaur ere halaxe egingo dut, Iparraldearekiko konpromiso partikular eta pertsonala. Hurrengo lau urteetan frogatu ahal izatea espero dut. Konpromiso hau onartu eta kontuan izan behar da egin behar diren ekimen politikoak zehaztu ahal izateko. EAJrentzako Iparraldea lehentasun handikoa da eta alderdiaren politika zehazteko garaian printzipio batzuk hartu behar dira kontutan :

-  Lehenik Ipar Buru Batzar eta Euskal alderdi nazionalaren autonomia, zuek baitzarete loturen egoera eta hortaz, hartu behar diren erabakiak hobekien ezagutzen dituzuenak.

- Bigarrenik, egoera legalaren errespetoa eta Europako Batasunean dauden oraingo eta etorkizuneko aukerak.

- Hirugarrenik, Iparraldean dauden agintari eta instituzioekiko gure leialtasun osoa.

- Azkenik, Iparraldeko herritarrek azaldutako borondate demokratikoaren errespetua, XXI.mendean gure eginbeharra beti elkar-ulertzea eta elkarrekiko lankidetza bilatzea dela uste baitugu, eta ez inposaketa.

Iparraldeko gizarteak erritmo politiko propioez markatua jarraitzen du eta espazio administratibo frantsesean lekurik ez edukitzeagatik inoiz baino gehiago sufritzen du. Hala ere, gizarte garapen sakonak abian dira (euskararen defentsa, garapen lokala, aukeratuen «kontzientzi hartzea» ...). Mugimendu abertzaleak, bere aniztasunean, askotan garapen horien bultzatzaile da. Horietako kasu askotan sortzen diren trabak, pentsamoldeak garatzeko moteltasunak eta botere paristar zein lokalen gogogabetasunak bultzatuak dira. Hori gizarte oso aktiboa, edo askotan, gizarteak berak eraberritzeko gaitasuna edukita ere gertatzen da. Baina ez-eraberritze hori zapaldua izan da azken urteotan eta nire ustez gutxienez hiru arrazoigatik izan da : botoaren bultzada konstantea eta, zatitua badago ere, abertzaletasunaren influentzia, «BATERA plataforma» eta euskal departamenduaren aldeko mobilizazioa, eta Konstituzio frantsesaren erreforma eta deszentralizazioaren II aktua.

Batera garrantzitsua izan da. Biztanleen gehiengoa, alkate eta kontseilu orokorretako hautetsi asko, bai eta egile sozioekonomikoen zati handia Iparraldearentzako instituzioa sortzearen aldekoak dira. Iparralde eta Béarnekoa. Nahiz eta Baterak paristar botere zentrala menderatzea lortu ez, gutxienez departamenduaren aldeko mugimenduak Iparraldeko diskurtso politikoa egituratzea lortu du. Hautagai, hautetsi, iritzi aitzindari bakoitza Euskal Herriko departamentuari buruzko posizionamendua azaltzera derrigortua dago.

Bestalde, gizarte frantsesa geldiarazten duten paralisien jakitun, orokorrean, eta Estatuaren zentralizazio handiaren ondorioz, Raffarin gobernuak 2002ko urrian Republikaren deszentralizazioan etapa berriari ekitea erabaki zuen, «gobernabilitatearen» izenean (demokrazia partizipatiboa maila lokalean), gertutasun eta eraginkortasunean.

Ez gaitezen okertu. Frantziaren testuinguruan «iraultza txiki» bat bada ere, eta horren ondorioek luze joko badute ere «berdintasun jakobinoa» hautsiko dutelakoan, ez ditzagun ilusioak egin. Frantses sistema instituzionalak oso hierarkizatua jarraitzen du eta boterearen kontrol paristarrak, inoiz baino gehiago. Ekimen berri oro indar-harremanen mendean dago. Beraz, indar-harreman horiek aldatu beharko dira, bai Euskal herriko departamenduaren inguruan BATERAk egindako mobilizazioak, baita deszentralizazioarekin bat datozen eredu instituzionalak proposatzeko AB eta EAJ-PNB eta EA eta Elgar Ensembleren ahaleginek ere, ez dute Frantses Gobernuak gure aldarrikapenei kasu egiterik lortu. Eta egoera larriaren aurrean egon gaitezke, horrek gazteria eta mugimendu abertzalea erradikalizaziora eraman baititzake.

Etorkizuna hiru uste osoren gainean eraiki behar da:

- Inongo proposamen seriok ezingo du etorkizunik izan abertzaleen konpromisorik ez badauka.
- Inongo proposamen seriok ezingo da sinesgarria izan enpresa lokalen laguntza eta bitarteko sozioekonomikoen atxikimendurik ez badu.
- Inongo proposamen seriok ezingo du gauzatua izan berekin batera Errepublika eta Estatuaren erreforma sakona ez badarama.

Eta nire ustez, uste sendo horiekin, Iparraldearen instituzionalizazioaren alde lan egin behar dugu, oinarrizko autonomia eskakizunari erantzungo diona. Oinarri horien gainean, ondorengo ildo hauei determinazio eta gogo handiz ekin beharko diegu :

- Lehenik Euskararen biziraupena.
- Bigarrenik, mugen arteko lankidetza, hau da, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko benetako lankidetza. Gure gizarteen artean. Elkar ezagutzeko beharra baitaukagu, elkarrekin biltzeko, euskal eurolurraldea batera eraiki ahal izateko.
- Azkenik Iparraldeko lurraldeak hartuko dituen instituzio politikoaren ezarpena, herritarren beharrei hobeto erantzun ahal izateko.

Iparraldek onarpen instituzionala behar du, konpetentzia errealak, araudi eta legislazio gaiak barne, aurrekontu gaitasuna eta Hegoaldearekin bere harremanak garatzeko eskubidea Europako markoaren barnean. Horretaz ziur gaude.

Europako markoari buruz asko hitz egin dut. Gai horri buruzko azken gogoeta. Estatuen hesien ezabaketa fisikoa, aduana-mugen desagertzea, Estatuen konpetentzi galtzea Europako Batasuneko markoan, lurraldeen arteko promozioa, Bruselak sustatuak aukera berriak sortuz, espero ez direnak gutxi badira ere, Bidasoaren alde bateko eta besteko lurraldeen arteko lankidetza formula berriak eskainiz. Hori dela eta, euroaren ezarpena kasu, Iparraldean eta Hegoaldean txanpon bakarra izateak, Bidasoaren alde bateko eta besteko bazkide ekonomiko eta sozialen arteko harremanak errazten ditu.

Europa bere lehen Konstituzioa onartzeko dagoen garai honetan, gure eginbeharra, abertzale gisa, duela bost hamarkada norabide honetan pausuak eman zituztenak gogoan izatea da. Agirre lehendakariaren mendeurrena ospatzen dugu. Eta gu Agirre, Landaburu, Irujo eta euskal nazioaren eraikuntzaren gaia mugarik gabeko Europaren etorkizunean jarri dutenen oinordekoak gara. Gizon horien ikuspegia omendu nahi nuke.

Europako proiektuen aiten bizitza aztertuko bagenu, Schuman, Gasperi edo Adenauerren kasuan bezala, hirurek komunean gauza bat dutela ikusiko dugu : mugen zentzugabetasuna euren eserlekuetan zeudela bizi izan zuten. Schuman, garai hartan gobernu frantsesean zegoena, Europako Batasunaren hasierako ideiaren aita izan zen. Aita Lorrainekoa zuen, lurraldea Frantziaren eskuetan zegoen garaikoa. Hala ere, Schuman 1876. urtetik aurrera jaiota, alemana zen eta Frantzia eta Prusiaren arteko gerraren ondorengoa. Urte batzuk beranduago, 1918an, frantsesa bilakatu zen eta, 1940an, alemana bihurtu bazen ere lau urte geroago, 1844an, berriz ere frantses bilakatu zen. Egia esateko, berak ez zion inoiz lorraindarra izateari utzi, hainbat gerrak zenbait aldiz nazionalitatez aldarazi bazuten ere.
De Gasperi, Europaren beste aita, Italiako lehendakari izan zen. Vienako Austriako Parlamentuan, oraindik eserleku baten gainean plaka ikus dezakegu. Honek De Gasperi diputatu gisa bertan eseri zela gogorarazten digu. Bera izatez Trentinekoa zen, Austriako Tirolen hegoaldeko eskualdekoa, eta 1928an italiar bilakatu zen.

Adenaur kantziler alemana ere Renaniakoa zen izatez. 1918.urtearen ondoren nazioarteko desmilitarizazioa pairatu zuen zonaldea. Denak muga-gizonak ziren. Jose Antonio Agirre lehendakaria bezala,  euskaldun gisan muga batez erdibitutako herri batekoa. Alde bat Espainiako Estatuan. Bestea Frantziko Estatuan. Historiaren orbain batek banatuta, Bidasoaren bestaldeko gure anaiak atzerritar eginez.

Horrexegatik sinesten dugu Europan. Mugarik gabeko Europan. Ez dugu beste mugarik nahi. Guk gehiegi nozitu ditugu gure etorkizuna euren eta Estatu-nazioen gain uzteko. Nahi duguna daudenak desagertzea da. Horregatik toki komunean sinesten dugu, bere barruan dauden nazio guztiak, herriak, kulturak eta hizkuntzak errespetatuko dituena. Eraikitzen ari den Europak bide berriak irekitzen dizkigu eta Euskal Herriaren gure proiektua Europako marko berriak eskaintzen dizkigun aukera eta eskenatoki berrietan sartuko da.

Euskadi errespetatua izango den Europan sinesten dugu eta gure ekarpena egingo dugu ondare komun horretan. Besteekin harremanetan jartzeko prest egotea, gurea bezalako naziotasunari eskaintzen zaizkion diplomazia paraleloaren abantailak gozatuz, txikiak izan badaitezke ere, norabide honetan jarriak izango dira. Europak txanpon bakarra edukitzea onuragarria da eta baita Finlandian, Alemanian edota Iparraldean zein Hegoaldean eurotan erosi ahal izatea ere. Onuragarria da baita ere, europar kanpo politika komunarekiko pausoak ematen ari garela ikustea –Irakeko krisian gertatu bezala-, Europako segurtasun eta epaitegien espazioa edukitzea ahaztu gabe.
Horrexegatik konstituzio komuneko Europako egitasmoaren aldekoak gara. Egia de azken hori ez dela gure proiektu propioa. Proiektu aurrerakoiagoa, nazionalitate eta herriei toki handiagoa egingo liokeen proiektua nahiko genuke. Baina momentu honetan hori da dagoen aukera. Eta Agirre eta Arzallusengandik ikasi dugu bide onetik doan pausoa onartu behar dela, guk nahi dugunetik urrun ez badoa. Odola bero, burua hotz eta hankak lurrean edukitzeko beharra daukagu. Baita Europan ere. Honexegatik gaude Europako Tratatu Konstituzionalaren alde.

Europako proiektua, eta Euskadi proiektuko zati erabakigarria izatea, gure helburu nagusienetakoa da.  Hau espazio komunean sinesteko arrazoia da, bere barruan dauden nazio, herri, kultura eta hizkuntzak errespetatuko dituena. Euskal Herria errespetatuko duen Europa eta ondare komuna.

Estatuen arteko lotura moduan jaio zen Europa horrek, bere espazio monetarioa, bere barne-merkatua, zerga-politika, segurtasun komuna, judiziala, bere kanpo-harremana ahul sortu zuen. Geldi badoa ere, horrelako prozesua geldiezina izango da. Estatuen Europaren eraldatzearen gainean eragin zuzena dauka, beste errealitatea egiteko, Europa elkartzeak politika markatua erakutsiko duelarik. Hori berretsiz, gaur egungo  beste errealitate batzuk norabide horretarantz begira jarri dira.
Erronka guztiek bezala, Europako proiektuak gure inguruarekin mantentzen ditugun erabakitze maila eta harreman markoen berrikusketa egitera behartzen gaitu. Aukera desberdinak irekitzen ari dira, konplexuak izan litezkeenak, baina nire ustez interesgarriak XXI.mendeko euskal nazio baten eraikuntzarako. Bakea, askatasuna eta herritarren ongizatea bilatzen duen Europako kide izanez. Bere barnean dauden nazio eta zatien dibertsitateaz aberastu nahi duen Europa osatzen lagundu eta parte hartu nahi duen gizalegezko nazioa.

Izan ontsa eta anitz esker.

PARTEKATU