Andoni Ortuzarren Kataluniari buruzko adierazpena
27Urria
2017
27 |
Adierazpena

Andoni Ortuzarren Kataluniari buruzko adierazpena

Andoni Ortuzarren Kataluniari buruzko adierazpena
Urria 27 | 2017 |
Adierazpena

Gaur arratsaldean Katalunian gertatutakoa ikusita eta Kataluniari buruz hartutako erabakien aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak zera adierazten du:

-Erabateko errespetu eta begirunea kataluniar erakunde legitimoek hartutako erabakien aurrean, gaurko honetan erabakia Kataluniako Parlament-arena izan delarik. Adierazpen honen garrantziak eta adierazgarritasunak amaiera ematen diote Estatuko botere zentralarekin eman den ezbai prozesu luzeari. Gaur gogoratu behar dugu 2005ean kataluniar erakundeek gehiengo nagusi batez Estatutu egitasmoa onartu zutela eta, ondoren, Diputatuen Kongresuaren Batzorde Konstituzionalean, Estatut hori “zepillatua” izan zela. Hala ere, 2006. urtean eta aldaketa haiek onartuta, erreferendumean bozkatu zen eta gehiengo zabal batez Estatut bat onartu zen, Partido Popularrak arduragabekeria osoz Auzitegi Konstituzionalean errekurritu zuena. Horren ondoren, 2010ean eman zen epaiak testu haren edukiaren zati handi bat hustu eta mutilatu zuen.

Kataluniako erakundeen legitimitate demokratikoaren eta kataluniar herriaren erabakiaren aurrean, legalitate estu eta motza inposatu zen. 2010 hartatik eta gaur egunera arte, kataluniar erakundeen aldetik hainbat saiakera egin dira Kataluniak Espainiar Estatu barruan egoteko modurik izan zezan errespetuarekin eta era harmonikoan, baina ahalegin horiek ez dute emaitza onik izan. Eta gaur Parlament-ek “Kataluniako hiritargoarengandik jaso duen agindua betetzeko” Kataluniar Errepublika eratzea eta aldarrikatzea erabaki du.

-Gure erabateko desadostasuna eta arbuioa Senatuak Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko hartu duen erabakiarekin eta Ministroen Kontseiluak artikulu hori berehala aplikatzeko hartu dituen neurriekin. Kataluniako herritarrek askatasunez eta burujabetasunez aukeratutako erakunde legitimoak kargugabetzeak, konponbidea izan beharrean, Estatuko botere zentralek kataluniar auziaren gaiarekin 2005etik hona eginiko akatsak finkatu eta gogortu baino ez ditu egiten. Katalunia soilik gobernatu ahal dute kataluniar hiritarren babesa jasoko duten pertsonek eta erakundeek. Euzko Alderdi Jeltzaleak ez zuen Espainiako Konstituzioa babestu, eta hainbat arrazoi izan zituen horretarako. Arrazoi horietako bat izan zen, hain zuzen, Estatuko gobernuari nagusitasun bidegabe hori eta bera bezain legitimoak diren beste erakundeen gainetik inposatzeko gaitasuna ematen dion artikulu horregatik. Gaur, artikulu hau aplikatzen dela ikusten dugularik, Konstituzioari eman genion abstentzio kritikoa berresten dugu.

-Erabaki hauen ondoren irekitzen den denbora honetan ezin dira nagusitu elkarrizketarik eza, inposaketa eta desadostasuna. Kataluniak eta bere eskakizunei irtenbidea emateko konponbideak demokrazia eta ariketa demokratikoa beharko dituzte ezberdinen artean hitz egiteko, gehiengo zabalekin adosteko eta hiritargoak bere iritzi eta erabaki politikoa adierazteko aukera izan dezan, berme guztiekin eta erabateko eraginkortasunarekin. Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur adierazten du demokraziarekin konprometituta dagoela eta berretsi egiten du etorkizunari aurre egin ahal izateko oinarririk onena dela Katalunia eta Euskadi nazio bi direla eta gure gizarteek erabakitzeko eskubidea dutela aitortzea. Katalunia eta Euskadi nazio bi gara, bakoitzak dauka bere bide propioa, baina nazio biak batzen gaitu askatasun eta demokrazia nahi berberak.

PARTEKATU