Hitzaldia
10Abendua
2015
10 |
Hitzaldia

10-12-2015 Almudena Otaola Gasteizen - Errezentralizazioa

Hitzaldia
Abendua 10 | 2015 |
Hitzaldia

Euskaldunok argi eta garbi dakigu gauza bat: abenduaren 20an emango dugun botoak ez du erabakiko nor egongo den Moncloan. Guk beste zerbait erabakiko dugu: Araba eta Euskadi Madrilen ordezkatuko dituzten pertsonak nortzuk izango diren erabakiko dugu.

Bere bizitza osoan, Euzko Alderdi Jeltzalea Arabaren eta Euskadiren interesen alde ibili da Madrilen. Bakarrak izan gara.  Gure ahotsa Arabaren ahotsa da, Euskadiren ahotsa da. Ibilian-ibilian, hamaikatxo baliabide lortu du Euzko Alderdi Jeltzaleak gure Herriarentzako. Aurrerabidean jarri dugu gure Herria. Han, Madrilen, Euskadiren alde egin dugu. Gure eskubideen alde egin dugu. Gure izaeraren alde egin dugu. Aurrerantzean ere, horretantxe emango dugu gure denbora. Horretantxe jarriko ditugu gure buru-bihotzak.

Bere burua gehiegi estimatzen dute Rajoyk eta PPk. Baina, Rajoyren gobernua murrizketen gobernua izan da.  Atzerapenen gobernua izan da. Errezentralizazioaren gobernua izan da. Krisia aitzakiatzat hartu dute, nahita eta uste osoz, hogeita batgarren mendeko demokraziaren balio inportanteena bazterrean uzteko: aniztasuna bazterrean utzi dute, sentsibilitate desberdinen onarpena alde batera utzi dute; elkarrizketa bazterrean utzi dute. Legealdi honetan Amnistia fiskala ekarri dute; epaitegietako tasak neurri gabe igo dituzte; biziarteko kartzela ekarri dute; mugak jarri dizkiote askatasunari.

A ze nolako lau urte eman dizkigun PPk! Gehiengo absolutoak harropuztuta, PPk entzungorrarena egin du. Lege-dekretuak eskutan hartuta, bizkarra eman die eztabaidari eta gizarteari. PPk hezkuntzari kaltea baino egiten ez dion alde bakarreko erreforma egin du. Zuzenean eraso egiten dio Euskal hezkuntza eredu errotu eta adostuari.

Lau urte hauetan atzerapausoak ikusi ditugu errotuta zeuden eskumenetan. Behin eta berriro helegiteak jarri ditu Madrilek euskal eskumenen aurka. Hor dago, Ertzaintzan belaunaldi berriak sartzea saihesteko egin duten ahalegina. Madrilgo Gobernuak ez du Euskadirekin hitz egiteko tarterik hartu azken lau urteetan.

Estatu autonomikoak ziklo bat bete du. Eta orain aldaketen garaia dator.  Zalantzaz beteriko garaia. Horregatik, garrantzitsua da EAJk Madrilen inoiz baino indar handiagoa izatea.

Arriskuan gaude. Krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, Madrilek boterea errezentralizatzen jarraitzeko arriskua dago. Estatu autonomikoa bertan behera utz dezakete. Mahai gainean dago eskumenak Estatuari itzultzearen inguruko eztabaida. Eta, horren aldekoak dira PP, Ciudadanos, PSOE eta Podemos.

EAJk ez du onartzen errezentralizazio joera horrek Euskadin eragina izatea. Bere garaian ez genuen onartu herri moduan ditugun izaera eta ezaugarriak disolbatu nahi zituen  “denontzako kafea”.  Orain ere ez dugu onartuko.

Euskadin zerbitzu publiko aurreratuak eta kalitatezko kudeaketa uztartzen jakin dugu. Euskadin jasangarritasuna gogoan izan dugu sektore publikoa planifikatu eta kudeatzeko. Inork bere eredua aldatu behar izatekotan, gainontzekoak izango dira, ez euskaldunok! Konstituzio aldaketa iragartzen duen haizea dator. EAJk ez dio eztabaida horri bizkarra emango. Eztabaida horretan parte hartuko du baina bi oinarri argi ditugu: Lehenengoa, Euskadiren nazio izaera aitortzea eta, bigarrena, Estatuarekin berdinen arteko harremana izatea.

Begien aurrean dugun Legealdia irekia eta zalantzagarria da, ezezaguna. Abenduaren 20a abiatzeko funtsezko data izango da. Bi aukera posible baino ez daude: bata, errezentzalizazioa da, estatu-izaera duten alderdiek defendatzen dutena. Bestea, euskal autogobernuari dagozkion tresnen babesa. Hau da Euskadiren gizarte- eta ekonomia-garapenaren sinonimo diren tresnen babesa. Bi aukeretatik, bigarren hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen aukera.

 

Almudena Otaola. Vitoria-Gasteiz. 10-12-2015

(El único discurso válido será el pronunciado por el orador en el acto. Balioa izango duen diskurtso bakarra hizlariak ekitaldian bertan eskaini duena da)

 

 

 

PARTEKATU