Mintzaldia
01Abuztua
2015
01 |
Mintzaldia

Andoni Ortuzar Boisen. EAJ-PNVren sorreraren 120. urteurrena

Mintzaldia
Abuztua 01 | 2015 |
Mintzaldia

Boiseko Alkate David Bieter laguna, Urkullu lehendakaria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Amerikako lagunok eta Euskaditik etorri zaretenok. Eguerdi on guztioi. Esker mila, benetan, ekitaldi hunkigarri honetara etorri zaretelako.

We are celebrating today the 120th anniversary of our Party. 120 years building at the service of the Basque People. 120 years building the Basque Nation. In this significant day we are here in Boise, land also of our ancestors, to share with you this commemoration.  It is a celebration to express our gratitude for your contribution to keep alive the flame of the Basque cause.

 

Gure alderdiak gaur betetzen ditu ehun eta hogei urte. Ehun eta hogei urte, bai,  eta denak eman dira Euskadiren eta euskal gizartearen zerbitzura. Ehun eta hogei urte euskal aberria eraikitzen. Ehun eta hogei urte gure aberriaren eta gure herrikideen alde eginez, herriaren aurrerapena lortzeko ahalegina eginez.

Eta hona, Boisera etorri nahi izan dugu, ospakizun handi hau zuokin guztiokin ospatzeko. Eta, bide batez, hamarkada luzeetan Euskal Kausaren  su garra bizirik gordetzeko egin duzuen ahalegina eskertzeko .

Gure historia, gure Alderdiaren eta Euskadiren historia, poztasunez beteta egon da, bai, baina zailtasunak ere izan ditugu, minak, jazarpenak, debekuak eta erbestea. Garai batean- eta hori Herri gisa ez genuke sekula ahaztu behar- gure eskubide guztiak kendu zizkiguten. Ezin genuen euskaraz hitz egin, gure kultura isilpean gordeta zegoen, ez genuen demokraziarik. Eta, garai haietan, hain zuzen, euskal kausaren su garra  hementxe, Amerikan  piztu zen. Jon Bilbaok esaten zuen bezala, hamarkadatan, Idaho eta Amerikako beste hainbat leku izan ziren  euskaldunak benetan askeak izan ahal ziren toki bakarrak. Askeak ziren gure hizkuntzaz mintzatzeko, askeak ziren euskal nortasunaz pentsatzeko eta euskal nortasuna adierazteko. Hementxe bertan, askatasuna, lana eta euskal bizimodu berria aurkitu zuten.  "Euskaldunak euskaldunari laguntzen dio". Bai goiburu bikaina, Aberriaren, "Old Country" maitearen eta familiaren urruntasuna arintzen laguntzen zuena .

Eta, Amerikako Estatu Batu hauetan  babesa  lortu zuen euskaldun haietako bat izan zen, hain zuzen ere, Agirre Lehendakaria. Bizimodua egitera etorri ziren euskal artzain haiek lehenengo eta Agirre Lehendakaria gero, bi guda bidegabe bizi ondoren babes eta abegi bila etorri zena. Ordutik hona eta gaur arte, euskaldunok beti izan dute  hemen "home sweet home"  "etxe gozoa" eraikitzeko aukera eta, aldi berean, euskaraz bizi ahal izan dute, euskal nortasuna indartuz eta hurrengo belaunaldiengan sustraituz .

Eta, hori ere bada, gaur eta hemen eskertu nahi duguna. Gure esker ona, lehenengo eta behin, Amerika osoari, milaka euskaldun horren ondo hartu dituen kontinente honi. Gogoan dut Obama presidenteak berak Boisen gogora ekarri zituela hementxe bizi diren euskaldun- amerikarrak.

"Sweet Promise Land" izena eman zion lurralde honi, Robert Laxalt-en eleberrian esaten zen bezala .

Eta, bigarrenik, are hunkigarria den zerbait egitera etorri gara, Amerikako diasporako euskal emakume eta gizonoi eskertu nahi dizueguna. Denon artean, zortzigarren euskal herrialdea eraikitzen eta bizirik mantentzen jakin izan duzuelako. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!.

Eta, gure esker honekin, belaunaldi berriei egin nahi dizuegu, Jon Bilbaok edo Pete Cenarruzak  horren zuzen markatu zuten bidetik segitzeko deia eta eskaria. Euskadik une oparo eta itxaropentsua bizi du une honetan. Jakina arazoak ditugula!. Baina, aukera handia ere badugu, mundu globalizatu honetan Euskadiri txoko bat egiteko. Eta, lan horretan ere  behar zaituztegu. Itsasoaren beste aldean bizi zareten euskal emakume eta gizonak behar zaituztegu. Zuek ere Euskadi handiago egiten duzue, euskal aberriaren kausa  nazioarte mailan aurkezten duzue. Idaho Estatuko Kongresuak urteotan Euskadiren nazio eskubideen alde egin dituen adierazpenak dira horren erakuslerik argiena.

We never forget that this land has not only been a land of welcome for Basque people but also the Idaho State Congress has constituted a real and bright reference in defence of the national rights of the Basque Country.

Eta, opari berezia ekarri dizuegu gure esker on hau adierazteko. Argizaiola duzue hemen, argiaren, oroimenaren eta gu baino lehenago egon zirenak gogoan izateko sinboloa. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Katea ez da eten. Hemen ere ez. Boisen ere ez.

David, zu zeu euskalduna eta aldi berean Boiseko Alkatea zaren heinean, zu zara egokiena Euskaditik ekarri dugun argizaiola hau hartzeko.  Erkidego honenganako sentitzen dugun adeitasuna eta esker ona adierazi dugu bertan:

AMERIKAKO DIASPORAKO EUSKALDUNEI GURE ESKER  ONA  

ETA AINTZATESPENA  EUSKAL ABERRIAREN GARRA BIZIRIK GORDE DUTELAKO

OUR GRATITUDE AND RECOGNITION TO THE BASQUES OF AMERICAN DIASPORA FOR KEEPING ALIVE THE FLAME OF THE BASQUE CAUSE.

Euskal kausaren argia  piztuta egon dadila beti Atlantiko itsasoaren alde bietan.

The light of the Basque cause must remain on both sides of the Atlantic.

 

God bless America!

Gora Euskadi Askatuta!

PARTEKATU