GABON 2014.
Gabon dizuela.
Urte berriaren sarrerak atzera eta aurrera begiratzeko aukera ematen digu.
Atzera begiratu ezkero, zailtasunak ikusten ditugu, batez ere. Krisialdi gogorra igaro dugu, bazter guztiak jo dituen krisia.
Enpresa askok ezin izan dute beren jarduna mantendu. Itxi egin behar izan dituzte ateak eta horrek langabezia ekarri du.
Lanik eza da gure arazo nagusia, pertsona eta familiengan duen eraginagatik. Egoera honi buelta ematea izan da, eta izango da, gure helburu nagusia.
Urte berriari begira uste dut itxaropen handiagoa izan dezakegula.
Zergatik?
Elkarrekin igarotako zailtasunei aurre egiten jakin izan dugulako.
Denok elkarrekin.
Hau da azpimarratu nahi dudan aurreneko ideia.
Denok ezagutu dugu, era batera edo bestera, krisiaren eragina.
Denok ikusi ditugu arazoak eta zailtasunak.
Argi eduki dugu gehien sufritzen dutenei laguntzea dela gure lehentasuna.
Ondo ulertu dugu denok “pertsona helburu” dela gure norabidea. Eta Jaurlaritza, honetan saiatu da hasiera hasieratik.
Zailtasunen aurrean Herriaren diruak zorroztasunez kudeatuko genituela esan genuen, eta horretan ahalegindu gara.
Badakit ez diegula beharrizan guztiei aurre egin, baina zailtasunen gainetik, gure Herriak elkartasuna erakutsi du.
Ahalegin berezia egin dugu inor atzean ez uzteko.
Elkartasun ahalegin hau azpimarratu eta eskertu nahi dut gaur.
Eskertu nahi dut Erakunde eta Alderdi politiko guztien artean lortu dugun akordioa. Honen bidez, babes soziala bermatu egin dugu etorkizunari begira. Beharrizanik handiena duten pertsonek laguntza izango dute.
Hau guztion konpromisoa izan da eta guztiok harro sentitzeko modukoa da.
Orain 2015 urteari begira, oinarri sendoen gainean egin dezakegu aurrera. Etorkizuna itxaropen handiagoz ikusi dezakegu.
Guztion konpromisoari esker lortu dugu. Elkartasunak, zintzotasunak eta zuzentasunak eskaintzen diguten konfiantza da.
Urte berrian hazteko eta enplegua sortzeko aukera izango dugu.
Hau da azpimarratu nahi dudan bigarren ideia.
Oso presente dauzkat gazteak eta gazteen ideiak.
Oso presente dauzkat enpresa guztiak, txikienetik handienera: tailerrak, dendak, autonomoak edo zerbitzu profesionalak.
Oso presente, baita ere, inbertitzeko erabakiak har ditzaketen pertsonak.
Momentu egokia da honako hau, oinarri sendoagoak ditugu: ekonomiak hazten jarraituko du eta aukera berriak etorriko zaizkigu.
Konfiantza eduki behar dugu etorkizuneko proiektu bat dugulako.
Duela bi urte egoera ekonomiko larrian geunden.
Egoera honi buelta ematen ahalegindu gara, guztion artean.
Nola egin dugu?
Egia esanez, zorroztasunez kudeatuz, elkarlana erreztuz…
Ez dago aurrera ateratzeko beste modurik.
Bi urte hauetan Eusko Jaurlaritzak oinarri sendoak ipini ditu, epe ertainera eta luzera begira, krisialdi honetatik indartuta ateratzeko.
Bi norabide ditugu: giza garapena eta hazkunde iraunkorra.
Eta bi helburu: ekonomia berpiztea eta enplegu berriak sortzea.
Abantaila bat dugu: norabide argi bat ezarri dugu.
Europara begira gaude.
Ekonomiaren sektore berriak aukeratu ditugu… Industria indartu behar dugu… Espezializatu egin behar dugu gure jarduna… Nazio artera atera behar ditugu gure enpresa eta produktuak… Berrikuntza sustatu behar dugu.
Hau izan da Eusko Jaurlaritzaren jarduna: gure ereduaren oinarriak sendotu, etorkizuneko norabidea argitu, zubiak eraiki hazkunde iraunkorra bermatzeko.
Hau da azpimarratu nahi dudan hirugarren ideia: krisiaren sakontasunak elkarlana eskatzen digu.
Elkarrekin lortuko ditugu gure helburuak.
Ekonomiaren arloan, aurrera ateratzen hasi gara, hazten hasi gara.
Datorren urtean, krisi luze honetan lehen aldiz, enplegu berriak sortzen hasiko gara. Hau da gure lehentasuna.
Bide luzea izango da, baina ziurra.
Bakea eta Bizikidetza sustatzeko bidea ere luzea eta neketsua izango da.
Guztion ahalegina eta bultzada beharko da. Guztion ardura.
Urte hasiera honetan eskuzabaltasuna eskatu nahi dut.
Guztion konpromisoa ezinbestekoa izango da. Erraztu dezagun beraz guztion konpromiso hori.
Pentsa dezagun belaunaldi berrietan. Hartu ditzagun erabakiak, bakoitzak bereak. Erakutsi dezagun eskuzabaltasuna, kalkulurik gabe. Eskaini dezagun gu guztion onena, belaunaldi berriei hoberena uzteko.
Plaza publiko bat eraiki nahi dugu, Herri honetako familia politiko guztientzat lekua eskaintzen duena. Berreraiki ditzagun zubiak bide hau elkarrekin egiteko. Berreskuratu dezagun horretarako behar beharrezkoa den bidea: elkarrizketaren bidea.
Gauza bera pentsatzen dut etorkizun politikoari dagokionez.
Aurreneko aldiz, Legebiltzarrean ordezkari politiko guztiak elkartu gara, Ponentzia batetan, hausnarketa eta proposamen berri bat adosteko.
Aukera daukagu hitz egiteko eta eztabaidatzeko.
Ideiak partekatzeko eta akordiotara iristeko.
Aukera daukagu Estatus Politiko berri bat lortzeko.
Oinarrietan ados bagara, ahalegindu gaitezen akordiotara iristen. Aurrera egin behar dugu Estatus Politiko berria adosteko bidean. Beharra dugu, nahia dugu eta aukera dugu. Aurrerapauso bat eman behar dugu gure Herriarentzako etorkizun politiko berri bat irekitzeko.
2014 amaitzera doa. Aldi zailak ezagutu ditugu.
Aurrera egin nahi badugu ezkortasuna eta enfrentamendua ez dira lagungarri izango.
2015 urtearen atarian ikuspegi positiboa proposatu nahi dizuet.
Orain arte guztion arteko konpromisoa oinarri bat izan da.
Konpromisoaz batera izan dezagun konfiantza.
Horrela lortuko dugu:
-Ekonomia berpiztea eta enplegu aukera berriak sortzea.
-Bakea eta Bizikidetza sustatzea.
-Etorkizun politiko berri bati ateak irekitzea.
Egin dezagun ahalegina elkarrekin urrats berriak emateko.
Herri bezala hazten jarraitzeko.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
Gabon dizuela eta Urte berri on!