Bilboko Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagai gisa agertzen naizen lehen aldi honetan, lau mezu labur baino ez:
- Lehenengo eta behin, nire eskerrik zintzoena Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteari eta nire alderdiak Bilbon dituen Uri Erakunde guztiei, nigan jarri duten konfiantzagatik.
- Era berean esan nahi dut, errespetu eta sentimendu handiz jaso nahi dudala, hautagai naizen aldetik, oso kontuan izango ditudan hiru pertsonek utzitako oinordetza eta lana:
- Iñaki Azkuna, Azkuna Alkate jauna. Estimatua, errespetatua, hiri honen zerbitzura bere azkeneraino egon zena. Eredugarria da niretzat.
- Ibon Areso, Areso Alkate jauna. Zerbitzari publiko bikaina. Bera gabe ezin liteke ulertu Bilbo hiribilduan azken bi hamarkada hauetan egin den aldaketa eta transformazio ikaragarria.
- Eta, nola ez, Ibone Bengoetxea anderea, Bilbo barrutitik Batzar Nagusietarako zerrenda-buru izango duguna. Bere eskutik ikasi nahiko nuke gure "botxoko" txoko eta bazterretaz dakien guztia.
- Era berean aprobetxatu nahiko nuke, Unai, Bizkaiko hurrengo Ahaldun Nagusia izango dena, hemen dagoela. Berak lideratuko du Bizkaiko Foru Aldundia. Eta, Aldundiaz ari garenean, ezin dut esan gabe utzi , nik Bizkaiko Foru Aldundian asko eta asko ikasi dudala, eta gogorapen pertsonal eta profesional ikaragarri onak utzi dizkidala. Zentzu horretan esan nahi dut Bilbo eta Bizkaiaren artean, Udalaren eta Aldundiaren artean dagoen akordioa, Jose Luis Bilbaok esaten duen "Burdinezko itun" hori, berritzera natorrela.
Asko dira, gaur, Bilbon ikusten eta gozatzen ditugunak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntasunik eta lanik gabe ezinezko izango liratekeenak.
Aldundiagatik ez balitz, Bilbo eta Bizkaiaz ezingo genuke esan ekitaldiak eta gertakariak antolatzeko leku bikaina dela, nazioarteko kongresu eta jarduerak egiteko toki paregabea dela.
Eta gaur, “Bilbao Bizkaia be Basque” nortasun marka baino askoz gehiago da, gure burua mundu mailan aurkezteko izena da".
Eta amaitzera noa, etorkizun hurbilean egingo dudan guztia gidatuko duen konpromisoarekin:
Bilbao buruan,
eta bilbotarrak, bihotzean .
Gaur eta hemen, zuen aurrean hartzen dudan konpromisoa da, apaltasun osoz, baina BILBOKO izateak ematen didan harrotasunarekin.
Eskerrik asko.