Iritzia
18Azaroa
2014
18 |
Iritzia

Zemendia oroimenean

Iritzia
Azaroa 18 | 2014 |
Iritzia

Gaur filosofiaren eguna da. Etimologikoki,  jakinduriarekiko jitea da filosofia, zentzuaren inguruko gaiak, arlo personala  zein gizartekoetan, arakatzen dituena ; J. Beneteren esanetan aldiz, "filosofia, mundu guztiak dakizkin gauzak konplikatzen duen zientzia da" , eta askotan pazientziaren sinonimoa baino ez. Beno bada, pazientziaz edo filosofiaz hartuz, neguaren atea den zemendiari ekingo diogu. Baina zemendia, ereiteko hilebetea ere bada ;  nahiz eta gaur egun, bai linu, bai garia historia bihurtu diren gure soloetako jardunetan, badira gure eremuetan erein daitezkeen zenbait amets eta proiektu. Baditugu hilabete honetan elkarbizitzarako adibide eta ikasbide diren zenbait une eta gertaera gogoangarri. Ematen du zemendiak horrenbesterako.

Data esanguratsuak bizi izan eta biziko ditugu azaro honetan, gogoetara eraman behar gaituztenak, bideak zabaltzeko aukerak emoten dituztenak, ezin ahaztekoak! Honezkero, katalaluniarrek ekimen jendetsu batez, bultzada ederra eman diote euren burujabetasunari. Berlingo harresia behera etorri zen egunak, azaroaren bederatziak, badu beste une garrantzitsu bat ospatzeko; porrotaren adierazpen tristearen aurrean, Herri bat zutik jarri zenekoa. Eta azaroaren bederatziari, hamarra darraio. Zemendiaren 9ko etorkizunerantz garamatzaten pausu berriei so gaudela, Oroimenaren eguna.

Letra larriz idazten den Memoria, danona eta bakoitzarena dena, bat eta mila izateko gaitasuna duena. Aspaldi honetan hamaika gara honen inguruan idaztera ausartutakoak, baina benetan zein  da oroimen zuzena? Zein egiazkoa? Bat datoz gurea eta zurea, nirea eta berea, goikoa eta behekoa edo ezkerrekoa eta eskumakoa? Oroimena bakoitzak izandako gorabehera eta eskarmentuetan oinarrituta dagoela diote . Nik neurea dut,  eta horretan oso  gogoan ditut  75eko zemendian, bere ohean hil zen diktadore madarikatuaren garaiak , beldurrak, biolentziak eta askatasun faltak. Gogoan ere aurrekoek bizi izandako guda , erbeste eta kartzelak ekarritako ondorioak. Gogoan azken berrogei urteko hilketak, zemendian zenbait, bahiketak eta mehatxuak. Ezin ahaztu baztuk eta besteen izenean egindakoak, gogoan batzuk eta besteak. Eta gero eta sakonago sentiarazten zidaten mina. Bazioen Ortega y Gassetek; "elkar ulertzen hasteko lehen pausua, ustekabean hartzea eta harritzea da". Aurten, Bilbon, biktimen oroimenez jarritako monolitoaren aurrean denok batu ginen, batzuk eta besteak, elkarrekin; eta bihotza zabaldu zitzaidan. Eta bertan nengoelarik, zemendi baten joan zitzaidan aita gogoratu nuen .Oso kontuan ditut bere jarrerak; haren begietako garrasi mutuek adierazitako berbari gabeko kontaketak; bere aurrera egite kementsua, beti atzokoa aldean mantenduz eta  herriarekiko konpromezu tinkoa. Eta kontutan keinuak;  edonori luzatutako esku emote sendoa eta begirada argia, gorroto bakoa, arrazoiak ematen duen zilegitasunezkoa. Eta oso kontutan lekzioa; elkarbizitzaren alde egin behar den etengabeko ahaleginarena.

Eta emakume senak 1960ko zemendiaren 25a ere oroimenean. Dohakabeko egun hartan, Dominikar Errepublikan, Mirabal ahizpen gorpuak  amildegi sakon batean aurkitu zituzten . Askatasunaren aldeko borrokalari sutsuak Trujillo diktadorearen aginduz erahil zituzten, baina euren heriotza ez zen alferrikakoa. Herriak gogor erantzun zuen; diktadura suntsitu eta ia berrogei urte geroago 1999an, NBEari, hiru tximeleten oroimenez, "Emakumearen Kontrako Ez Biolentziaren Eguna" ezartzeko eskatu zion, eta ezarri egin zuen. Halere, gaurkoz, emakumeen aurkako erasoak baimentzen eta legitimatzen dituzten jarrerak, ugariak dira; horregatik,  gizarteak eta erakundeek batez ere, argi utzi behar dute emakumeen osotasunari eraso egiten diotenek legearen indar osoa jasango dutela, borrero eta hiltzaileenganako juztizia eta zigorra aldarrikatu behar ditugu. Mirabal ahizpek hiltzerainoko ausardia erakutsi zuten arren, ez dugu horrelako gehiagorik nahi, ezta zigorrik gabe jarraitzen duten UCAko martiri bezalakorik. Atzo bete ziren 25 urte askatasunerako teoriaren jarraitzaileak, fedea, konpromisoa eta maitasuna medio, zuzentasunagatik asasinatuak zirela. 25 urte juztizia bako otzoitzarena.  Zemendia edo azaroa, duhintasun eta askatasunaren gomuta eta oroigarriz beteko hilabetea , baina ondoriorik? Sartre filosofoak, zera zioen:  Zoriontasuna ez da gogoak ematen duena egitea, baizik eta egiten dena gogoz egitea. Bada, horixe bera!

PARTEKATU