Irailaren 18an Eskoziar herriak bere independentziaren inguruan egingo duen erreferendumaren kariaz, Convergència Democràtica de Catalunya (CDC), Nieuw-Vlaamse Alliantie (N-Va) eta Eusko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV) alderdiok honako adierazpen hauek egin nahi ditugu:
Lehena.- Eskoziar Nazioa agurtzen dugu eta herritarrak zoriondu nahi ditugu, Herri gisa dagokien eskubidea oinarri, erreferendum bidez askatasun osoz eta demokratikoki erabakiko baitute Eskoziaren etorkizuna.
Bigarrena.- Eskoziar gobernuak azken hamabost urteotan garatu izan duen administrazio zuzen eta eraginkorraren ondorioz -1999 urtean eratu zen aro modernoko lehen eskoziar gobernua- bere autogobernua indartzen lagundu du, herritarrek balorazio positiboa egin dute, eta ondorioz Eskoziar Herriak berak bere nortasuna sendotu dela ikusi du. Horrek guztiak lagundu du orain eskoziar herriak bere etorkizuna erabakitzeko izango duen aukera errealitate bihurtzea.
Hirugarrena.- “Unionista” deitzen diren Bretainiar alderdiei aitortzen diegu erakutsi duten sen ona eta sentsibilitatea -kontserbadoreak, laboristak eta liberal demokratak- Eskoziar Alderdi Nazionalista-Scottish National Party (SNP) alderdiak 2011ko maiatzaren 5ean gehiengo absolutuz irabazi ondoren, naturaltasun osoz onartu izan dutelako Eskoziaren etorkizuna eskoziar hiritargoaren borondatearen oinarrian eraikitzea. Zentzu horretan, London eta Edinburgoko gobernuen artean Eskoziar Herriaren asmo politikokoari bidea emateko garatu izan den elkarrizketa baloratzen dugu. Elkarrizketa honen fruitu izan zen 2012ko urriaren 15ean Erresuma Batuko Lehen Ministro, David Cameron, eta Eskoziako Ministro Nagusi, Alex Salmond-en artean izenpetu zen Edinburgoko Akordioa, zeinen bidez erreferenduma egingo zela eta nola egingo zen hitzartu baitzen. Bretainia Handiak, bere gobernuak eta bretainiar hiritargo osoak errespetu eta hiritartasun eredu bikaina eskaini dute.
Laugarrena.-Politikatik urruntzea nagusi den aldi honetan, erreferendumerako kanpainak eta eragile nagusiek, “Yes Scotland” batetik eta “Better Together” bestetik, beren proposamenak jendartean zabalduz eta publikoki egin diren eztabaiden bidez, hiritarra protagonismo politikoaren erdigunean kokatu dute, gizartea politikarekin berradiskidetzea ahalbidetuz .
Bosgarrena.- Aurrerapen esanguratsua da Estatu berriaren eraikuntza herritarrek askatasunez adierazitako herri borondatean oinarrituta eraikitzea, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren 1.1. artikuluak ezartzen duena betez “herri guztiek dute askatasunez erabakitzeko eskubidea. Eskubide honetaz baliatuta, beren estatus politikoa erabakitzen dute eta beren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez bilatzen dute”.
Zentzu honetan, ulertu egiten dugu eskoziar eredua eredu laudagarria dela herriaren borondatearen adierazpena lehenesten duelako, eta herrien erabaki eskubidea Estatuen lurraldea osorik mantentzeko printzipioaren gainetik jartzen duelako, printzipio honen barruan, demokraziaren kontra eginez, antzinako estatu egitura historikoen atabismoa mantentzen delarik. Zentzu honetan gogoratu behar dugu antzinako estatu egiturak, hainbatetan, guda eta gatazken gainean eta nazio gutxiengoak desagerraraztearen bidez eraiki direla.
Eskoziar auziak indartu egiten digu Estatuen barruan eta Europar Batasunaren barruan izan daitezkeen gobernu arazoen konponbideak errespetuaren, elkarrizketaren, negoziaketaren eta akordioaren eskutik etorri behar duelako ustea. Era berean, konponbidea zentzu praktikoaren aplikaziotik eta dogmatismo orotatik aldentzetik etorriko da, emaitza eta egoera zentzugabe eta eztabaidagarriak saihestea xede.
Seigarrena.- Adierazten dugu gure alderdiek, beste europar nazioetako alderdiak diren neurrian, ez dutela eztabaidetan inplikatu behar ezta ere eskoziar herriaren erabakian sartu behar. Eskoziar Herriak askatasun osoz erabakiko du erreferendumean planteatu den galderaren inguruan.
Dena dela, Scottish National Party alderdiari gure solidariotasun osoa adierazi nahi diogu, eta Eskozia independentea Europar Batasunaren barruan subjektu politiko bilakatzeko proposamena Batasuneko Erakunde guztiek eta Estatu Kideek errespetatu beharko luketela uste dugu, europar eraikuntzaren izpirituarekin bat datorrelako eta Batasunaren Hitzarmenaren 2. artikuluan ezarritako baloreak betetzen dituelako (gizakien duintasuna,askatasuna eta demokrazia errespetatzea).
Zazpigarrena- Eskozia prozesu honetan garaile irten dela aldarrikatzen dugu, erreferendumak -ariketa demokratiko bikaina- hiritarrek beren patua erabakitzea ahalbidetzen duelako. Era berean baieztatu nahi dugu erreferendumaren emaitza dena delakoa izan dela -Eskozia Erresuma Batuaren barruan jarraitzea edo Eskoziar estatu independentea eratzea-, eskoziar herriaren etorkizuna eskoziar herriaren erabaki askearen adierazpen bidez erabakiko dela. Eskoziar eredua askatasun erreferentea da Europa osoarentzat eta bere Herri guztientzat.
Edinburgon, 2014ko irailaren 17an