Duela hiru aste, areto honetan bertan iragarri genuenez, EAJ-PNVren ustetan, heldu da jada, Legebiltzar honetan euskal autogobernuaren egoerari eta bere berrikuntzari buruzko eztabaidari ekiteko garaia. Helburu horrekin, Legebiltzar Ponentzia bat eratzeko eskaria erregistratu berri dugu, bakoitzaren ikuspuntu politikotik abiatuta, denok batera adostasun zabala lor dezagun; geroan ere, adostasun hori euskal hiritargoaren baitan sor dadin. Beharrizan bat dugu une honetan, gure Herrian etorkizunerako aukera bihurtu behar duguna.
Oraingo marko juridiko politikoa berraztertu beharra dugu, Gernikako Estatutuan gorpuztuta dagoen, eta duela 35 urte onartu zen markoa, hain zuzen. Ordutik hona, denbora luzea igaro da, euskal gizarteak, Espainiar Estatuak eta Europar Batasunak bizi izan dituzten aldaketak kontuan hartzen baditugu; baina, batez ere, Gernikako Estatutuak aldi honetan guztian izan duen garapen korapilotsu eta konplexua gogoan izanda. Estatutu honek argi ugari piztu ditu gure herrian; ongizatea, garapena eta autogobernu maila handia ekarri digu; baina, ilunpean ere bizi izan da osorik garatu ez delako, gehiegitan oinarrizko legeak egin direlako, eta Auzitegi Konstituzionalaren aldetik ebazpen gehiegi adostu direlako bere ahalmen politikoak, ekonomikoak eta sozialak zapaldu dituztenak.
Horregatik ba, une honetan aukera bat zabaltzen zaigu. Aukera bikaina, ahal dugun akordiorik zabalenarekin, gure estatusa europar esparru barruan eguneratu dezagun. Eragin kaltegarri horiek zuzentzeko aukera. Hiritargoak adostutakoa eta erabakitakoa osorik betetzen dela bermatzeko aukera. Aukera, azken finean, euskal hiritargoak, berriro ere, bere etorkizuna erabakitzerik izan dezan. Euzko Alderdi Jeltzaleak konfiantza du, eta benetan espero du gainerako indar politikoak Ponentzia honetara EAJ-PNVren aldetik jarriko dugun elkarrizketa eta akordio gogo berberarekin etortzea.
Guk lan honi ekingo diogu ardura osoz eta ilusioarekin; baina, batez ere, argi izanik gure estatus juridiko-politikoa erabakitzea euskal alderdi politikooi eta, batez ere, euskal hiritargoari dagokiola.