Itxaso Atutxa Atutxa

Euzkadi Buru Batzarra Itxaso Atutxa Atutxa

Itxaso Atutxa Atutxa

BBBko presidentea

Zeberioko Uri Erakundean 1984an alderdikidetua

Euskal Filologiako ikasketak

Bizkai Buru Batzarraren Presidentea

PARTEKATU

PROFILA

Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidente andreari ez zaio  aurpegian irribarrea sekula falta. Ezagun eta lagunen hitzetan da "langile nekaezina, adeitsua, hurbila eta euskaldun petoa". Indautxun jaio zen 1967ko uztailaren 19an, baina bere lehen 4 urteak Igorren eman zituen. Orduan izan zen, Javier Atutxa aita, EAJ-PNVko buru historiko hark itsasoa utzi (kapitaina zen) eta Deustura bizitzen joatea erabaki zuenean. Bilboko auzo hartan hazi eta bizi izan zen Itxaso, ezkondu eta Arratiara itzuli zen arte. Zeberion bizi da harrezkero. Ez dut "herritik sekula joan nahi", baina zalantzarik barik "Zeberioko tomatera  nauzue" zehaztu du.

Atutxak Deustuko ikastolan ikasi zuen, ikastetxeak bere lehen urratsak ematen zituen garaian. Ikastolan zegoela, saskibaloian jolasten zuen eta Ikasume abesbatzako kide izan zen, eskola berean sortu zen elkartean. "Partitura zahar haiek etxean gordetzen ditut oraindik. Ez dakit nik Aita Barturenek (zuzendariak) ‘Kili kili bat’ abestia zenbatetan errepikarazi zigun. Orduko OHO amaituta, BBP eta UBI La Salle Ikastetxean egin zituen eta Euskal Filologia Deustuko Unibertsitatean atera zuen.

Seaskatik datorkio Itxasori, EAJ-PNVrekin duen harremana. “Alderdia bizi izan dut amak perle-harizko arropez janzten ninduenetik" esaten du brometan. 1984an sartu zen alderdian Deustuko batzokian alderdikidetu zenean, gaur egun Zeberioko Uri Erakundeko alderdikidea da. Alderdiaren barruko bizitzan asko bizi izandakoa da eta "une zoragarrien" artean  gordetzen ditu Jesús Insausti "Uzturrerekin" bizi izandakoak.

Atutxak eskarmentu handia jaso du enpresa pribatuaren alorrean. Lehen lanpostua ETBko Informazio Zerbitzuetan izan zen 1987 urtean, oraindik ikasten zegoela. Urte bi beranduago Saio eta Entretenimenduen departamentura sartu zen, lehenengo erredaktore gisa eta gero Saioen koordinatzaile gisa. 1990tik 1993ra bitartean Zuzendari eta Produktore lana egin zuen. Bere gaitasun profesionalak, eskarmentuak eta lan egiteko eta lantaldeak zuzentzeko duen gaitasunak lagundu zioten 1994  hasieratik 1995 urte amaierara arte Bizkaiko Ikusentzuneko Elkarteko arduraduna izaten. 1996 urtean 3Koma produkzio etxean sartu zen zuzendaritza eta produkzio lanak bateratuz, eta urte bete geroago enpresako bazkide bilakatu zen. Bere zuzendaritzapean egin ziren ETB, TVE , Cuatro eta Canal Sur telebista kateetarako saioak, eta hainbat formatu beste herrialdeetara ere eman dira. Bere ibilbide profesionalak ez du,ordea, izaera kulturaleko ardurak hartzetik aldendu. Horrela izan zen Bilboko Museo Etnografikoko patroi, Sabino Arana Fundazioko presidenteorde, Emakundeko Zuzendaritza Taldeko kide, Zeberioko Udaleko alkateorde eta Aberri Batzarreko kide. Ikus-entzunezkoen alorrean 25 urtetan egon ondoren, 2013ko otsailaren 21ean, EAJ-PNVren Herrialde Batzarrak Bizkai Buru Batzarraren presidente aukeratu zuen. Talde jeltzalearen barruan kargu horretan egon den lehen emakumea da bera.

Aritz eta Oier semeak dira bere altxorrik handienak, eta lanez gainezka egonda ere, beti aurkitzen du denboratxoa sukaldean aritzeko eta Zeberioko etxean lagunak eta senideak hartzeko. "Esan egiten didate etxea baino, nekazal turismoko baserria dudala". Opera maite du eta irakurtzea du gustuko. "Biziki gustatzen zait lagunek gomendatzen dizkidaten emakume idazleak deskubritzea". Urtean behin gutxienez, "egutegia hartu eta asteburu batez lagunartean joaten gara, elkarrekin egoteko eta bakoitzak bereak kontatzeko",aitortu du. Kirola ere badago Itxaso Atutxaren egunerokoan. Athletik-eko bazkidea da eta gogoko du saskibaloi partidak ikustea.

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK

BARNE
ERAKUNDEAK