Mikel Burzako Samper

Euzkadi Buru Batzarra Mikel Burzako Samper

Mikel Burzako Samper

Leioako Uri Erakundean 2002an alderdikidetua

1969an jaioa

Enpresa Zientzietan lizentziaduna

Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Zuzendari ohia

PARTEKATU

PROFILA

Mikel Burzako Samper 2016ko otsailean bihurtu zen Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarteko Harreman arlorako burukide arduraduna. 1969ko abenduaren 17an jaio zen eta Donostian bizi da. Amama Agirre izan zen politikarenganako “zirrara” sortarazi ziona. Burzakok aitortu digu bera izan zela bere bizitzan eraginik handienetakoa izan duen pertsona. Amamarengan alderdiarekiko eta politikarekiko pasio hura ikusirik, Mikelek ez zuen zalantzarik izan, gazte-gaztetik, Eusko Jaurlaritzak lehen ordezkaritza modernoak irekitzeko lana eman zionean. Txilera bidaiatu zen. Hantxe bat egin zuen “betidanik” erreferente politiko jo duen alderdikidearekin: Andoni Ortuzar, gaur egun EBBko presidentea dena. “Lankide izateaz gain, lagun handia da” esaten du Mikelek gorritu gabe. Ortuzarrekin batera, Burzakok oso momentu latzak bizi izan ditu, besteak beste, Paineko Dorreetan hil ziren euskal mendigoizaleen gorpuak etxera ekartzeaz arduratu behar izan ziren haiek , edo Perun bahitu zuten neska euskaldunaren kasuan bizi izandakoak. Baina, pozak eta lorpenak ere ezagutu zituzten. “Bereziki gogoratzen dut, eta harrotasunez esan dezakegu gainera, Eduardo Frei Txileko orduko presidentea ekartzea lortu genuenean, gure bi herrien arteko harreman ekonomiko eta enpresarialak sustatzeko. Garai hartan, Estatu buruek ez zituzten autonomi erkidegoak bisitatzen. Lorpen handia izan zen Euskadirentzat” esan du harrotasun puntu batekin. Burzakok berak aitortu digu horiek esperientzia guztiek pertsona bezala markatu dutela.

Zerbitzu publikoan egin duen ibilbidea oso lotuta dago Eusko Jaurlaritzarekin. 2000 urtean Garapenerako Lankidetzako Zuzendari izendatu zuten Ibarretxe Lehendakariaren Exekutiboan. Ondoren, Kanpo Harremanen Zuzendari izan zen izendatua, eta orduan ekin zion Euskadiren ordezkaritzak AEBn, Mexikon, Txilen eta Argentinan ezartzeari. Urkullu lehendakariaren lehen legealdian, Burzakok Lehendakaritzako Koordinazio Zuzendaria izan zen eta gobernu egitasmoaz eta Exekutiboaren planifikazio orokorraz arduratu zen. Gaur egun Sektore Publikoaren Azterketa eta Analisietarako aholkularia da Ogasun eta Ekonomia Sailean.

Burzako bidaiari nekaezina ere bada, eta hainbat inguruabar direla eta, hainbat herrialdetan bizi izan da, besteak beste, Txilen (zazpi urtez), Indian, AEBn, Mexikon, Brasilen,… eta, izatez, Leioakoa den arren, Donostian bizi da Galiziatik etorritako Fabirekin. Galizian ezagutu zuten elkar, eta duela bederatzi urte Gipuzkoako hiriburura etorri ziren bizitzera. Donostia dauka Mikelek bere `kanpo-basea´eta handik hasten ditu Mikelek bere mendi ibilbideak, oreka eta lasaitasuna ekartzen diotenak . “Mendiak eta naturarekin harreman zuzenean egoteak buruan behar dudan oreka ematen didate lana eta bizitza pribatua uztartu ahal izateko. Emazteari askotan tokatzen zaio asteburuetan lan egitea eta larunbat eta igandeetan aprobetxatzen dut Otzaurtetik (Gipuzkoan) edo Aranotik ( Nafarroan) laupabost orduko ibilbideak egiteko. Donostia hiriari dagokionez, Burzakok azpimarratu digu hiri “zoragarria” dela eta “kirola egiteko giro aparta” eskaintzen duela. “Ikaragarria da adin guztietako zenbat pertsonek egiten duten kirola. Oso giro osasuntsua dago” azpimarratu du.

Irakurle amorratua izanik, Burzakok hainbat liburu gomendatu dizkigu: Kirmen Uriberen`Elkarrekin esnatzeko ordua´, Truman Capoteren (bere idazlerik gogokoena) `Belarrezko arpa´ eta Haruki Murakamiren edozein. Dena dela, bere liburutegian beti dago lekutxo bat klasikoentzat, besteak beste Fiódor Dostoyevski eta Antón Chéjov. Milan Kundera eta Sándor Márai ere badira bere autorerik gogokoenetakoak.

Panorama musikalean “80. Hamarkadako Britainia Handiko taldeen seme” jotzen du bere burua. Gustuko ditu ‘Lloyd Cole&The Commotions’, ‘The Smiths’, ‘The Cure’… baina lehen tokian Bob Dylan jarriko du beti. Etxekoen artean, Kepa Junkera eta Mikel Urdangarin. Zinemari dagokionez, ´Misioa´ hainbatetan ikusi duela aitortu digu “eta, behin eta berriz ikusi arren, beti hunkitzen nau”. Antzinako zinema gustatzen zaio eta Italiako zinema dauka erreferentziatzat. “Tristetu egiten nau Italiak zinema munduan izan duen tokia galdu izana. Italian bestelako zinema egiten zen, emozionalagoa. Gaur egun, uste dut zinemarik onena Iranen egiten dela. Abbas Kiarostami hasi zen eta berarekin batera gazteagoak etorri ziren. Esan daiteke Iranen egiten dena dela gaur egun mundu mailan egiten den zinemarik onena eta gainera, gero eta presentzia handiagoa irabazten ari da Europan”, azaldu du.

Ez da gizarte sare zalea. Oso garrantzitsuak direla ulertu arren, berak nahiago du epe ertain eta luzerako estrategietan pentsatzea “eta hori, gizarte sareek exijitzen duten berehalakotasunaren mende bazaude, ezin duzu behar bezain ondo egin” argudiatu du.

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK

BARNE
ERAKUNDEAK