Abanto-Zierbenako Uri Erakundean 1979an alderdikidetua
1962an jaioa
Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziaduna
EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidentea
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusi ohia
EiTBren zuzendari nagusi ohia
Bizkai Buru Batzarraren presidente ohia
Eusko Legebiltzarrean EAJ-PNVren legebiltzarkide ohi
Andoni Ortuzar nauzue, kazetaria naiz lanbidez, kazetari egin nintzen bokazioak gidatuta, eta azken aldi honetan politikagintzan nago sartuta, nire Alderdiaren zerbitzura, Euzkadi Buru Batzarraren presidente naizen aldetik. Abertzale ditut arbasoak, aita eta amaren aldetik, hamalau urterekin, 1976 urtean EGI gazte erakundean sartu nintzen, eta bi urte geroago EAJ-PNV-ren alderdikide egin nintzen. Niretzat zeozer naturala izan zen, politika giro nahasia zegoen orduan eta gaztea nintzen arren, nire Herriarekin konpromisoa hartzeko beharra sentitu nuen. Puntu honetan, aurreko lerroak irakurri, eta konpromiso hitza birritan erabili dudala konturatu naiz. Eta, kontua da, kontzeptu hori guztiz funtsezkoa dela niretzat. Konpromisoa hartzen duen jendea dut gustuko, eta ez bakarrik politikan,baizik eta beste edozein arlotan edo lanetan.
Kazetaria naizela esan dut, Leioako fakultatekoa (EHU-UPV) eta harro nago. Zorioneko izan nintzen (oro har, oso zorionekoa izan naiz bizitzan) eta laster aurkitu nuen lana. ETBra lan egitera joan zen jendeak utzitako tokiak baliatuta, DEIA egunkarian sartu nintzen 82an. Lehenago Herri Irratiko korrespontsala izan nintzen eta DEIAn ere egin nuen lan hori Meatzalde inguruan, nire ‘inguru naturala’. Sanfuentesko semea naiz (Munduko hiriburua) eta hantxe bizi naiz, Serantes mendiaren babesean, Triano meategien aurrean, Herri honen iragana inoiz ahaztu ez dezadan. Etxeraino heltzen da Arena hondartzako kresala. Orduak eta egunak ematen ditut bertan uda partean. Alaba biren aita naiz, Garazi eta Maddalen. Nire nesketaz hitz egiten dudanean, Kantauri itsasoa ere handitu egiten da nire adurrarekin. Baina, egia da, sorgin bi ditut etxean, edonor sorgintzen dakitenak. Lastima ezin naizela, beraien ondoan nahiko nukeen bestetan egon.
Jakin-min handia daukat eta 1987an Eusko Jaurlaritzara gonbidatu ninduten, hasiera batean, behintzat, nahiko labur antzeman zitekeen denbora baterako (EAJren banaketaren ondorengo egunak izan ziren) eta zalantzarik gabe eman nuen baietza. Azkenean, hamaika urte eman nituen eta, bizitzak halakoak ekartzen dituelako, Jaurlaritzaren nazioarteko politika antolatzeko ardura izan nuen, Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusian. Urte politak izan ziren haiek. Maite dut gauza sortzea, egitasmoak martxan jartzea. Gainera, munduan ibiltzeko aukera izan nuen eta beste errealitate batzuk ezagutu ahal izan nituen. Aldi hartan egindakoak nire ikuspegia zabaltzen lagundu zidan. EiTBren zuzendaritza eskaini eta, jakina, hari ere baietza eman nion. Lanbidera itzultzea suposatzen zidan, medioa, telebista zelako, gutxiago ezagutzen nuen arren. Lanbidean buru belarri egon nintzen murgilduta. Hamar urte aldaketa teknologiko ikaragarrien erdian, audientzia lortzeko borrokan, irrati-telebista mende berrira eramateko ahaleginean eta, gainera, gogor ekin behar izan nion euskara ondo ikasteko. Nire inguratukoek ondotxo dakite apurtxo bat penatuta ibili nintzela handik joatean. Baina hori da konpromisoak egiten diguna, Alderdiarentzat oso une garrantzitsuan politikagintzan sartzeko proposamena egin zidaten eta nik baiezko erantzuna eman nuen. Lehenengo eta behin, Bizkai Buru Batzarraren presidente gisa eta gero, Iñigo Urkullu Lehendakari egin zenean, EAJ-ren Aberri Batzarrak Euzkadi Buru Batzarraren presidente izendatu ninduenean. Alderdikide izan naizen berrogei urteotan sekula bururatu ez zaidan zerbait izan zen.
Lanari ekiteko orduan, taldean baino ez dut egin nahi. Beti jakin izan dut pertsona egokiez inguratzen. Eta beti izan dut pertsona prestatu eta argiez inguratuta egoteko zortea izan, gauzak aurrera ateratzen lagundu izan didatenak. Eta oso gustuko dut barre egitea.
Ibiltaria naiz (orain, nik neuk eta Miriam bikoteak nahiko genukeen beste egiten ez dugun arren), baina kirolik gogokoena pilotalekuan praktikatzen dut, larruzko paletarekin, eta astero praktikatu ohi dut, eta batzuetan irabazi ere bai. Beste zaletasun handienetakoa da onddo eta zizak batzen joatea. Barkaidazue, baina ez dizkizuet nire txoko ezkutuak esango, baina urtea ona baldin bada, otzaretan ekartzen ditut boletusak, urritxak, gibelurdinak eta besteak…
Sukaldaritza zalea ere banaiz, jakiak prestatzeko eta gero lagun artean dastatzeko. Janariak ‘pailan’ erre ohi ditut, eta egur ikatza erabiltzen dut horretarako. Lagunak etxera sarri etortzen zaizkidala ikusita, esan liteke ez dudala bat ere txarto egiten. Ardoaren mundua ere gustatzen zait. Errioxako ardoaren defendatzaile sutsua naiz, baina ez diet muzin egingo beste lekuetako ardoei, onak badira. Besteak beste, gustuko ditut Somontano, Duero, Bordeleko ardoak, mendoinoak, Txilekoak edo Napa Valley-koak. Uda aldean, txakolina. Ondo ezagutzen nautenek ondotxo dakite nire ezkutuko asmoa dela erretiratzean upeltegian lan egitea.
Musikazalea naiz, oso aukera zabala daukat, baina bereziki beren abestiak egiten dituzten abeslariak eta bakarlariak, besteak beste Sabina, Phil Collins, Benito Lertxundi eta Fito, eta Andrea Bocelli ahaztu gabe.
Ahal dudan guztia irakurtzen dut, eleberriak nagusiki.