Ortuzarrek Bizkargitik egin du Aberri Eguna “nortasuna eta aberrigintza aldarrikatuaz” ospatzeko deia

“Azken 40 urte hauetan bide bat egin dugu eta Euskadi une honetan dagoen egoera onera ekarri dugu; beste batzuek ezin dute gauza bera esan” esan du Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak

Ortuzarrek Bizkargitik egin du Aberri Eguna “nortasuna eta aberrigintza aldarrikatuaz” ospatzeko deia 31Martxoak
2018
2018 MartxoaK 31 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Bizkargi mendira igo da gaur goizean euskal herritar guztiak bihar, Aberri Eguna, Euskal aberriaren egun handia ospatzera deitzeko. Euriari, kazkabarrari eta haizeari aurre egitera ausartu diren 300 bat alderdikide eta alderdizalerekin batera, Ortuzar Guda Zibilean erori ziren gudari guztiak gogoratzeko egin den elizkizun laburrean parte hartu du  eta Ikurrina igo du  Euzko Abendaren Ereserkia abestu duten bitartean. Azkenik, hamaiketakoa egin dute Bizkargitik beherako biderako indar berriak hartzeko.

“Aurtengo Aberri Eguna ospatuko dugu nazioarte mailan eta Estatuan arlo politiko, ekonomiko eta sozialean ematen ari den egoera konplikatu batean” azaldu du Ortuzarrek. “Horregatik egin nahi dugu dei berezia Aberri Eguna ospatzera eta euskal nazio nortasuna eta aberrigintza aldarrikatzera, euskal gizartearen etorkizuna Euskadiren nazio eraikuntzara estuki lotuta egongo dela uste dugulako. Zailtasunen gainetik, nahiko ondo ari gara. EAEn, Autogobernu Lantaldea etorkizunerako autogobernuaren oinarriak finkatzen ari da, Nafarroan Aldaketaren Gobernua indartzen ari da eta Iparraldean, historian lehen aldiz, Euskal Elkargoa eratu da, soilik euskal herrialdeek osatua. Bide onetik goaz, aurrera egiten ari gara, baina aberria eraikitzen jarraitu behar dugu”.

EAJ-PNVk bere adierazpenean “eusteko beharrarekin” zer esan nahi duen galdetuta, jeltzaleek buruak argi baino argiago hitz egin du. “Une konplexu eta konplikatuak dira esparru politikoan eta ekonomikoan. Horregatik pentsatzen dugu gurea defendatuaz, gureari eutsiaz, orain daukaguna defendatuaz, etorkizunean aurrera egiteko oinarririk onenak jartzen ari garela. Guk bide hori azken 40 urteotan egin dugu eta Euskadi une honetan dagoen leku eta egoerara ekarri dugu, eta benetan uste dut leku eta egoera ona dela. Guk hori esan dezakegu, eta uste dut beste batzuek ezin dutela berdin esan”.

Ortuzarrek era berean gogoratu du EAJ-PNVk bihar ospatuko duela bere jai handia Bilboko Plaza Barrian goizeko 11:30etik aurrera. Ekitaldi politikoa amaituta, jaia Bilboko Areatzara eramango da. Edozein kasutan,Ortuzar hiritar guztiak gonbidatu ditu Aberri Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldi guztietan parte hartzera, dela Bilbon, dela Iruñean edo beste tokietan, eta deituko dituena deituko dituela.

Interesatu Zaitez