EBBko presidenteak Ezker Abertzaleari luzatu dio Euskadiko aurrekontuak babesteko proposamena. “Aukera paregabea dauka orain arte zehaztasunik gabe egin dizkigun eskaintzak gauzatzeko eta Euskadiren gobernagarritasunerako bidean bat egiteko”
Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Gai honetaz gehien dakien pertsona dela uste dugu eta, gainera, horrela da objetibotasun osoz”. Hitz horiekin erantzun du Andoni Ortuzarrek Mikel Legarda Estatus Politiko Berriaren artikuludun testua idazteko lanerako EAJ-PNVren aditu gisa aukeratzeko arrazoiez galdetu diotenean. “Legardak urteak daramatza Estatutuarekin atzera eta aurrera, inkonstituzionaltasun errekurtsoekin, euskal autogobernuaren defentsarekin …. Arlo horretan ardura esanguratsuak izan ditu bere gain eta, gainera, elkarrizketarako joera handia dauka. Adostasuna desadostasuna baino gogokoago du. Ezaugarri horiek konbinatuta, gure ordezkaria izateko hautagairik onena dela esan genezake”, azaldu du Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan.
Ortuzarrek baieztatu duenez, Autogobernu Lantaldeak aste honetatik egin beharko dio aurre “egiaren tenore” izango denetako bati, baina argi eta garbi utzi nahi izan du ez dela “azkena” izango eta oraindik denbora badagoela orain artekoak baino adostasun zabalagoak bilatzeko. “Guk balioa ematen diogu Bildurekin adostutako akordioari, Bilduk ere bere ibilbide historiko osoan aldeztu dituenak baino jarrera errealista eta pragmatikoetara hurbilduaz egin duen keinu politikoa baloratzen dugulako. Baina, horrezaz gain, beste batzuk erakarri nahi ditugu eta gugatik ez da izango adostasun honen barruan alderdi politiko gehiago ez egotea”, baieztatu du jeltzaleen buruak. “PSEri eta Podemos taldeei eskatu diegu apur bat mugitzeko, baina ez dira mugitu. Eztabaida honetan ez dira egon egoerak eskatzen digun mailan, bateko guztiak mahukan gorde dituzte. Zergatia ere asma genezake, baina orain iritsi da urratsak emateko garaia. Beraiek urratsak ematen badituzte, guk ere urratsak emango ditugu. Atzo Pello Urizarri entzun nion beraiek ez direla maximalistak izango; beraz, jarrera ona alderdi guztietatik daukagu eta baita aurreko fasean baino adostasun zabalagoak lortzeko aukerak ere. Jakin dakigu ez dela erraza izango,hemendik aurrera juristek arkatza zorroztu beharko dutelako, baina ni baikorra naiz. Borondate politikoa badago, akordioak helduko dira”.
Urkullu Lehendakariaren Gobernuak aurkeztu behar duen Aurrekontu proiektuaz galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin nahi izan du. “Guk ahaleginak egingo ditugu Aurrekontuak egon daitezen. Lehengo batean Lehendakariari entzun nion, eta hau horrela da, ez dela inolako drama Aurrekonturik ez izatea, baina argi dago hobe dela Aurrekontuak izatea ekonomiak nolabait gora egin duen eta aldi berean beste batzuk hodei beltzak iragartzen dituzten honetan. Beraz, hobe da kontuak eguneratuta izatea eta Aurrekontuak suspertze ekonomikoaren aldeko tresna gisa erabili ahal izatea. Nik uste dut horrek denak batu behar gaituela. Gu behitzat saiatu egingo gara”. Ortuzarrek era berean gogoratu du 2017ko aurrekontuak PPren babesarekin irten zirela, une honetan eta Aurrekontuekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik “ EAJrengana hurbiltzeko asmoa erakusten ez duen alderdiaren babesarekin,hain zuzen”, esan du buruzagi abertzaleak, baina baita “Ezker Abertzalearen babesarekin”, eta aukera aprobetxatu du mezu argia bidaltzeko. “Ezker Abertzaleak une honetan aukera paregabea dauka orain arte zehaztasunik gabe egindako eskaintza horiek guztiak gauzatzeko eta herriaren gobernagarritasunarekin bat egiteko prest ote dagoen erakusteko. Laster batean egingo luke Aurrekontuak onartuta,baina horretarako proposamen zentzudunak egin behar ditu. Nik nahiko nuke hori gertatzea, Ezker Abertzalea politikoki heldutasunera iritsi dela ikusiko litzatekeelako eta, horrez gain, gai instituzionalaren desadostasunetara ez ezik akordioetara ere sartzeko gai dela”.
EBBren asteroko bilera bukatutakoan, Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea, Antolakuntza Arloko burukidea, Bartzelonara bidaiatuko dira Kataluniako Govern eta Parlamentek gaur iluntzean Plaça Sant Jordin egingo duten ekitaldian parte hartzeko. Kataluniako egoera politikoaz galdetuta, Ortuzarrek zera baieztatu du: “Politika egin ez den urtea bizi izan dugu eta orain galdutako denbora hori berreskuratu beharra dago eta politika egiten hasi beharra dago. Madril, logikoa denez, politika egiten hasi behar da, baina baita Katalunia ere. Politikaren unea da, bakoitzak bere interesak defenda ditzan baina elkarri bete ezin diren baldintzak jarri gabe. Horrela ez baitu funtzionatuko. Kataluniako egoera politikoa dagoena da baina baita Espainiako egoera politikoa ere. Oso egoera ahula bizi dugu, egoera politiko hau ez dakigu finkatuko ote den. Egoera oso zaila da, oso konplexua, eta elkarrizketa behar da, baina alde bateko eta besteko baldintzak ezinezkoak badira, elkarrizketak ez du ezertarako balio. Elkarrizketa positiboa eta onuragarria izan dadin, ezinbestekoa da hurkoaren mugak zein diren jakitea. Nire ustez hor dago gakoa: Katalunian bidea aurkitzea elkarrizketak bere fruituak eman ditzan”. EBBko presidenteak era berean salatu du politikaren judizializazioa “gerta daitekeen gauzarik txarrena da eta, gainera, oso zail jartzen du elkarrizketak emaitzak ematea”. Ortuzar eta Aurrekoetxea Lledonerseko espetxean bisitatuko dituzte bihar Josep Rull, Jordi Turul eta Joaquim Forn, “hiru lagun hauekin hainbat ordu partekatu ditugu politikagintzan.Bisita hau aurreikusita zegoen uztailaren 16 edo 17rako Estremerako espetxean. Zorionez, egoera txarra den arren, Katalunian daude orain eta bisita ikasturte hasierara arte atzeratu behar izan genuen. Ez dut ukatuko bisitak esanahi politikoa duela, baina horren gainetik ere lagunei egiten diegun bisita ere bada, hirurekin oso harreman estua daukagulako”.