Lehendakariak Ginkgo Biloba itxaropena dakarren zuhaitzaren kimu bat landatzeko ekitaldian hartuko du parte

Iñigo Urkullu lehendakariak Itxaropena dakarren Ginkgo Biloba arbolaren kimua aldatzeko ekitaldian parte hartu du Gernikan, eta “munduko bakearen aldeko eta gerraren aurkako erabateko mezua” zabaldu nahi izan du. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Gernikako alkatea, José María Gorroño, eta Hiroshimakoa, Kazumi Matsui.

Lehendakariak Ginkgo Biloba itxaropena dakarren zuhaitzaren kimu bat landatzeko ekitaldian hartuko du parte 29Apirilak
2018
2018 ApirilaK 29 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Japoniako arbolaren kimua Europako Herrien Parkean landatu ondoren, Iñigo Urkulluk azpimarratu du Gernikako haritza eta Hiroshimako ginkgo biloba senidetzeak esanahi sakona duela: “Gernikako eta Euskadiko beste hainbat herritako biztanleria zibilaren aurka 1937an egin ziren eta Hiroshiman 1945ean paroxismora iritsi ziren bonbardaketa bereiz gabeak ekartzen ditugu gogora eta haien injustizia berresten dugu". Izan ere, lehendakariak berak azaldu duenez, 1945eko bonba atomikoaren leherketaren epizentrotik mila metrora baino ez zegoen ginkgo biloba bat onik atera zen eta horregatik ohoratzen dute Japonian. Ekitaldian herritarrak, Gernikako bonbardaketatik bizirik irtetea lortu zuten personak eta erakundeetako agintariak elkartu dira.

Gernikako arbolari dagokionez, Urkulluk azpimarratu du arbola sakratua dela euskaldunontzat, eta nazioarteko proiekzioa duen bakearen, demokraziaren eta askatasunaren ikurra. “Inolako indarkeria justifikatzeko inoiz erabili beharko ez litzatekeen ikurra da, indarkeriaren eta gerraren aurka bihotzetik ateratzen den oihua baita. Bakea irrikatzen duten gizakien kontzientzia sendotzen duen ikurra da”, azpimarratu du. Hori dela eta, Urkulluk esan du gaurtik aurrera elkarren ondoan egongo eta haziko direla Gernikan bakearen eta askatasunaren ikurra eta itxaropenaren ikurra.   

“Elkarrekin zabalduko dugu konpromisoaren eta itxaropenaren aldeko mezua. Bakean elkarrekin bizitzea posible den itxaropena. Indarkeriarik, gerrarik eta terrorismorik gabeko mundua posible den itxaropena. Gizakien duintasuna eta elkarbizitza erein, ongarriztatu, zaindu eta hazarazi behar ditugun balioak diren itxaropena”, esan du lehendakariak. 

Japoniatik ordezkaritza zabala egon da ekitaldian, hala nola Yasuyoshi Komizo, "Mayors for Peace" erakundeko Idazkari Nagusia; Yasco Suehiro, "Mayors for Peaceko Presidentea"; eta Yuya Ishida, “Mayors for Peace” elkarteko idazkaria. Bizkaitik, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusia egon dira. Aldi berean, Kataluniako Granollers herriko alkate eta "Mayors for Peace"-ko lehendakariorde Josep Mayoral egon da. 

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez