Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ohartarazi duenez Albert Riverak planteatutako hauteskunde erreformarekin litekeena da alderdi hori “Eusko legebiltzarrean existitu ere ez izatea”
Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea, oso kritiko agertu da Ciudadanos alderdiak hauteskundeetarako proposatu nahi duen erreformarekin, zeinen bidez %3ra murriztu nahi den Kongresuan ordezkaritza izateko aukera. Azaldu duenez Albert Riverak zuzentzen duen alderditik uste dute “berenak ez diren ahotsak isilarazita, hau da, alderdi txikien ordezkaritza politiko eta demokratikoa ukatuaz, beren Espainia proiektu hori aurrera eramatea lortuko dutela”, esan du. “Bitxiena da beren proiektuak beti negatiboak direla. Nork bere burua deskribatzerakoan ez dena azaltzen duenean bezala, edo besteekin alderatuta zer ez den edo zer ez duen esaten duenean bezala”, kritikatu du. “Oraindik pentsatzen dut garrantzitsua dela gutxiengoak errespetatzea eta, batez ere, gizartea interpretatzen jakitea, eta uste dut Ciudadanosek ez duela halakorik egiten”, tamaldu da. Gaur goizean Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan BBBko buruak gogoratu duenez “Ciudadanos sortu zen pertsona batzuek Rajoy zegoen lekutik kentzeko asmoa zutelako baina, gainera, oso jarrera ezkorrarekin sortu zen Kataluniarekiko eta Estatuko beste identitate batzuekiko; eta ez naiz soilik independentziaz ari, beste errealitate batzuez ari naiz”. Alderdi laranjak ez dauka “Estatuaren kontzeptu nazio-anitza eta, ondorioz, ez du halakorik ahalbidetuko”. Atutxak ohartarazi duenez Ciudadanosek bere hauteskundeen erreforma hori aurrera ateratzea lortuko balu “Eusko Legebiltzarrean edo beste erakunde batzuetan ere ez litzateke existituko. Ezin delako izan leku batean balio duenak bestean balio ez izatea; ez diezaiogun gure buruari iruzur egin”, ohartarazi du.
‘Egun on Bizkaia’ irratsaioan Atutxak era berean hitz egin du atzo Valentziara ‘Aquarius’ itsasontzian heldu ziren errefuxiatuez. “Orain ezin gara geratu urteko edo legealdiko balentria egin dugulako horrekin, egindako hori egin egin behar zelako”, adierazi du. “Pertsonak ezin dira bertan behera utzi, ezin dira noraezean eta itoan hiltzen utzi. Ez ‘Aquarius’ itsasontzian etorri direnak ezta beste herrialde batzuetako kostetara iristen direnak ere”, esan du. Bizkaiko jeltzaleen buruaren aburuz Europan arazo bat dago eta hori da ez direla aintzat hartzen “denoi dagozkigun politikak”. Era berean gogora ekarri duenez Euskadi beti egon da “harrera emateko eta datozenak hartzeko prest, eta kasu horietarako ezarrita dauden protokoloak daude” heldu diren pertsona gutxi horien kasuan abian jarri direnak. Baina politika eta protokolo horiek guztiak aplikatzeko orduan konponbideak “estrukturala izan behar du”. “Neurriak Europak ezarri behar ditu baina Europako Batzordeak izan behar du gobernuek eurek onartutako programak betearazi behar dituenak”, baieztatu du.
Hurrengo urteko udal eta foru-hauteskundeen inguruan ere aritu da Itxaso Atutxa. Gezurra badirudi ere, “hauteskundeak bertan dira”. Bizkaiko jeltzaleen buruak azaldu duenez, EAJ-PNVk herrialdeko 112 herrietatik 110etan aurkezten du hautagai-zerrenda (Amoroton eta Gizaburuagan, ez) eta hauetako asko jada aurkeztu diren arren, “irailean azken hautagaitzak aukeratuko ditugu”. “Hurrengo urteko urtarrilean kanpainari hasiera emando diogu. Baina, egia esan, gu kanpainan etengabe gaude lana ere egunero egiten dugulako. Udaleko lana hain da etengabea eta egunerokoa, ezen ez baituen ez ordurik ezta egunik ere. Baina, lanaren alderdi politenetakoa ere bada”, aitortu du. Emaitzen aurreikuspenaz ere mintzatu da Atutxa: “2015eko hauteskundeetako emaitzak hobetzeko asmoa daukagu, helburu erraza izan ez arren. Aurreko hauteskundeetan batzarkide bat gehiago lortu genuen beste alderdi bat Gernikako Ganbaran sartu zen arren. Orain 23 horri eutsi nahi diogu, baina hobetzeko asmoa ere badaukagu”. “Egia da inkestek nahiko ondo jartzen gaituztela. Hauteskunde datatik hurbil gaudela pentsa dezakegu lan handia geratzen zaigulako baina, aldi berean, urrun gaude egoeraren irakurketa erreala izatetik. Horretarako falta da aktore eta aktoresa guztiak jokalekura sartzea”, aurreratu du.