Europako Parlamentuko Liberal eta Demokraten taldeak (ALDE) Donostia hiria aukeratu du datorren astean, maiatzaren 21, 22 eta 23, Europako parlamentariek Bruselatik at egingo duten urteroko bilera egiteko.
200etik gora pertsona, taldeko presidente eta Euroganberaren izenean Brexitaren negoziatzaile nagusiena izan den Guy Verhofstadtekin batera bilduko dira eta Donostian egoteak ematen dien aukera baliatuko dute bertako erakunde ezberdinekin harremanetan jartzeko. Besteak beste batzartuko dira Iñigo Urkullu Lehendakariarekin, Andoni Ortuzar eta exekutiba jeltzaleko hainbat kiderekin, EAJ nazioarteko talde demokrata honen fundatzaileetako bat delarik.
ALDE taldea osatzen dute Europako Talde Liberal eta Demokratek. Azken honetan, Europako Alderdi Demokrataren barruan, EAJ alderdia dago, Europako alderdi honen fundatzaileetako bat delarik. Izaskun Bilbao Barandika, parlamentuko taldeko presidenteordea da eta topaketa hau Gipuzkoako hiriburuan antolatzeko lana hartu du bere gain.
ALDE taldearen bilera astelehenean, hilaren 21a, hasiko da arratsaldeko azken orduan Donostiako Udaletxean egingo den harrera ekitaldiarekin. Bertan, Eneko Goia alkateak ongi etorria emango die Batasuneko hiriburutik Gipuzkoako hiriburura bidaiatuko diren 200etik gora pertsonari. Asteartean,goizez, eurodiputatuek eta beren taldeek Kursaal jauregiko instalazioak hartuko dituzte eta bertan bilduko dira hurrengo bilkurei begira taldearen koordinazio gaiak aztertzeko.
Ekonomia ituna,industria eta gastronomia
Arratsaldez, hiruretatik laurak arte, eta Kursaalen ere, ALDEko kideek Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batzartzeko aukera izango dute. Ondoren, Arantxa Tapia Industria eta Nekazaritza Sailburuarekin eta bere lantaldeko hainbat kiderekin batera, Basque Culinary Center izenekoa, CIDETEC, energia, bateriak eta nano-medikuntza metatzeko zentro espezializatua eta VICOMTECH (4.0 industria) bisitatzera joango dira.
Bisita horiek guztiak amaitutakoan, taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza bisitatuko du eta bertan hartuko ditu Markel Olano Ahaldun Nagusiak. Foru Erakundearen egoitzan Ekonomia Itunari buruz hitz egitea aurreikusi da. Euro ganberak hainbatetan hitz egin du estatuaren eta Euskal Autonomi Erkidegoaren arteko alde biko akordio honetaz, eta guztietan esan du federalismo ariketa egokia dela eta,horrez gain, defizitaren kontra egiteko eta ekonomia produktiboa sustatzeko tresna aproposa.
Maiatzaren 22ko egitarauari amaiera emango zaio taldeak eskainiko duen afariarekin. Bertan izango da EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzar. Topaketa asteazkenean amaituko da,maiatzak 23, ALDEko kideek egingo duten koordinazio bilera batekin, eta egun horretako arratsaldean bueltatuko dira Bruselara Hondarribiko aireportutik.