EAJ-PNVren erantzuna Giza Eskubideen Europako Auzitegiak `Bateragune auzia´ izenekoaren inguruan emaniko epaiaren aurrean

EAJ-PNVren erantzuna Giza Eskubideen Europako Auzitegiak `Bateragune auzia´ izenekoaren inguruan emaniko epaiaren aurrean 06Azaroak
2018
2018 AzaroaK 06 |
EBB

PARTEKATU

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionalak `Bateragune auzia´ izenekoaren epaiketan Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Rafa Díez Usabiaga, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodríguezen oinarrizko eskubideak urratu zituela egiaztatutzat jo ondoren, zera adierazi nahi du EAJ-PNVk:

-Estrasburgoko Auzitegiak emaniko epaiak berretsi du prozesu hau Auzitegi Nazionalean abiarazi zen une beretik EAJ-PNVk adierazi duen iritzia: zentzugabekeria politiko-judiziala izan zela Ezker Abertzalearen munduan dena ETA zela baieztatzea; hasiera-hasieratik bilera askatasuna argi eta garbi urratu zela; eta horrek denak beharrezko ez ziren oztopoak ekarri zituela Euskadiko bizikidetzaren normaltasunerako bidean.

-Prozedura judizial haren dotrinaren oinarrian Alderdien Legea zegoen, Euzko Alderdi Jeltzaleak erabat arbuiatu zuen legea. Bazterketa politikoak eta aukeratzeko eta antolatzeko oinarrizko eskubideak mugatzeak ez dute sekula ere zentzurik izan, ez gaur ezta atzo ere; eta salbuespen neurri horiek Estatu demokratikoaren mugak txikiarazi ditu.

-Zigor hau da zerrenda luze eta kezkagarri baten azkena, zeinetan jasotzen diren Europako instantzia gorenek Espainiako Erresumaren kontra eman dituzten epaiak, akusatuek epaiketa bidezkoa izateko duten eskubidea urratzeagatik eta inpartzialtasunik gabe jokatzeagatik. Horrenbeste gaitzespen judizial jaso izanak Espainiako estatuko Justizia Administrazioa lotsarazi beharko luke. Ordua da, beraz, Espainiako Justizia Administrazioak bere egiturak, funtzionamendua eta aukeratzeko irizpideak goitik behera berrizta ditzan eta bere jarduerak Europako estandarren mailara eraman ditzan, Giza Eskubideak defendatzea xede.

Interesatu Zaitez