Senatuko EAJ-PNVren taldeko bozeramaileak 1978ko Konstituzioa onartu zeneko 40. urteurrenean gogoratu du euskal hiritargoaren %30ak baino ez zuela aldeko botoa eman: “Urruntze hori egunez egun areagotzen ari da”
“Konstituzioaren balizko erreforma batek, ezinbestean jaso beharko luke Euskadi nazio dela aitortzea. Arazoak ez dira konpontzen begiak itxita eta errealitateari ez begiratuta. Beren burua `konstituzionalistatzat´ daukaten alderdiak gonbidatu nahi ditugu ondorengo hausnarketa egitera: Horrenbeste defendatzen duten Estatuari zer kalte egin dakioke nazio errealitateak aitortzeak?”. Hauxe izan da Jokin Bildarratzek, Senatuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur goizean, Sabin Etxean, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenaren kariaz eskaini duen prentsa aurrekoan zabaldu nahi izan duen mezuetako bat. Efemeride hau ez dute ospatzen ez EAJ-PNVk ezta euskal hiritargoaren gehiengo handi batek ere.
Konstituzioarekiko urruntze hau ez da berria, eta hala gogoratu du Bildarratzek. “Euskadi izan zen 1978ko erreferendumean abstentzio gorena eman zen lurraldea”. “Konstituzioak euskal hiritarren %30en babesa baino ez zuen jaso, gaur egun ere deigarri egiten den zerbait, beste hainbat esparrutan portzentajeak eta gehiengoen osaera auzitan jartzen diren garaian”, Katalunian bertan edo Eusko Legebiltzarrean esaterako, nabarmendu du jeltzaleen bozeramaileak. “Eta urruntze hau egunez egun handitzen ari da, Konstituzioak planteatzen zaizkion arazoak konpontzen laguntzen ez duelako: Katalunia, Euskadiren nazio izaeraren aldarrikapena, judikatura, ustelkeria…. Estatuko botereak ere ez dira Konstituzioa erabiltzen ari gaurko arazoak konpontzeko, eta horri begira dago hiritargoa”, kritikatu du senatari abertzaleak. Urruntze hori berori elikatzen du “Konstituzioa eta legea bera behin eta berriz bete gabe uzten dela ikusteak. Gernikako Estatutua, esaterako, lege organikoa dena. Alderdi politiko batzuek legea errespetatzen dute soilik beraiei interesatzen zaienean”.
Bildarratzek argi eta garbi utzi nahi izan du EAJ-PNVk betidanik egin diola aurre birzentralizatzeko nahiari. “Eta bide beretik jarraituko dugu. Urteak daramatzagu birzentralizatzeko gosea ematen ari dela ikusten. Alde batetik, auzitan jartzen dira argi eta garbi dagozkigun eskuduntzak eta, beste alde batetik, ez zaizkigu aitortzen Gernikako Estatutuan ezarritakoaren arabera dagozkigun eskubideak. Euskal gizarteak gero eta autogobernu maila handiagoa eskatzen digu, gero eta eskuduntza gehiago, urte hauetan guztietan erakutsi dugulako hemendik hobeto kudeatzen ditugula eta horrek denontzako onurak dakartzala… euskal hiritargoak hauteskundez hauteskunde eskatu digu, 1978tik aurrera, eta guk birzentralizazioaren kontrako harresia eraikitzen jarraituko dugu”.