Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ez du alderdirik baztertu nahi 2019rako aurrekontuen inguruko akordioa adosteko orduan eta ildo beretik baieztatu duenez “herriak behar du eta hori da garrantzitsuena”
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, ez du baztertzen EAJ-PNVk EH Bildurekin aurrekontuei buruzko akordioa adostea, baina era berean uste du, azkenean, koalizioak “arazoak asmatu ohi ditu eta eman gabe uzten du gobernagarritasunari laguntzeko akordioak ixteko urratsa”. Gaur goizean Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketan “arraro” jo du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari egin dion eskaintza, hau da, kontuak bi legebiltzarkideren abstentzioarekin onartzekoa. Baina era berean baieztatu du proposamen horretan “oposizioko alderdiekin hitz egiteko benetako aukera” ikusi nahiko lukeela. Atutxak berretsi du 2019ko kontuak hitzartzeko orduan Eusko Jaurlaritzak ez duela inor baztertzen, eta baieztatu duenez “herriak behar du eta hori da garrantzitsuena”.
Bizkaiko jeltzaleen buruak zehaztu duenez EH Bildu “hiru lerro nagusiri” buruz ari da baina horiek ere badira Jaurlaritza lantzen ari den gai batzuk eta ez dira koalizioak eginiko “ekarpen berriak”. Pentsioak, esaterako, “Euskadin beste alderdirik ote dago aurten gehiago egin duenik?”, galdetu du. “PSOE alderdia ere ari da baliatzen EAJk eta Rajoyren Gobernuak 2018ko aurrekontuekin adostu zuten akordioa”, azaldu du. Ildo beretik baieztatu duenez “gai horretaz ezin dugu gehiago erabaki Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa ez delako. Beraz, gu gai horretan tematu arren, Madrilen aldatu behar den zerbait da. Bada, ekin diezaiogun lanari denok!”, aldarrikatu du. EH Bilduk egin duen eta Atutxak gogora ekarri duen beste eskari bat izan da “enplegu gehiago eta hobea” bultzatzeari dagokiona, eta zentzu honetan gogoratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak hitzeman zuela Euskadiko langabezia %10etik behera jaistea, eta “aurten lortuko duela ematen du”. Berdintasunari dagokionez, hirugarren eskaria delarik, Atutxak esan du hori ez dela koalizioak planteatzen duen zerbait, Eusko Legebiltzarraren aldarria delako. Zentzu berean zehaztu duenez “Eusko Legebiltzarra, aho batez, soldata berdintzaileak ahalbidetzeko politika aktiboak abian jartzearen alde jarri zen. “Legebiltzarraren agindua da, EAJ-PNVk alde bozkatu zuen eta guk Legebiltzarrak eskatzen digunari ez diogu sekula muzin egiten”, baieztatu du. Horregatik guztiagatik laburbildu duenez “behar duten guztia hori baldin bada, ez dakit nik arazoa non egon daitekeen. Orain bai, ondoren, EH Bildu beti ari da arazoak asmatzen eta beti uzten du urratsa eman gabe, hau da, EAJ-PNVrekin gobernagarritasuna dakarren zerbaiten inguruan adostea”.
EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Sánchezi Alderdi Egunean egin zion ohartarazpenaz eta “pazientzia agoertzeaz” galdetuta, Atutxak zera erantzun du: “Transferentzien eta Partido Popularrarekin adostu ziren akordioen betepenaren zain gaude, eta Sánchezek gure Madrilgo taldeak aldeko botoa eman baino lehen hizlarien tribunatik bertatik esan zituen hitzak gogoratzen baditugu, konpromisoa zen EAJ-PNVk Rajoyren Gobernuarekin adostu zituen akordioak betetzea. Eta oraindik zain gaude”. Dena dela Sánchezek bere hitza betetzea espero du eta konfiantza daukala esan du.
Bizkaiko jeltzaleen buruak datorren maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeez ere hitz egin du. Aurreratu duenez, Bizkaiko EAJ-PNVk aukeratuak ditu hautagaitza guztien %75 edo %80. “2015ean Bilboko alkategaia, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia eta Batzar Nagusietako presidentegaia aldatzea oso ikusgarria izan bazen”, oraingo honetan “hainbat udalerri handitako hautagaiak aldatuko ditugu, hala nola Getxon, Leioan, Erandion, Galdakaon, Durangon, Basaurin…”. Lehen lerroan aldaketarik egingo ez denez, “bigarren lerroan bai egingo dira, informazioetan agertzen ez den horretan”. Gainera, zoragarria izan da ikustea Uri Erakundeek zer nolako profilak aukeratu dituzten . Oso harro nago”, eskertu du.