Iragan maiatzaren 24an, euskal hiritargoak botoa eman zuen gure herrialdeetako Batzar Nagusietan eta Udaletan ordezkari izango zituenak aukeratzeko.
Ariketa demokratiko haren ondorioz, aniztasuna agerian utzi duen ordezkaritza mapa osatu da eta, salbuespenak salbuespen, alderdi bakarrak ere ez du gobernatzeko gehiengo absoluturik lortu. Zatiketa politiko hau ez da berria gure artean, Euskadin etengabe adierazia izan delako lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenetik eta gaur arte.
Haren eraginez, euskal herritarrok elkarrizketan eta akordioan oinarritutako kultur politika garatu izan dugu eta, bere arrakasta eta porrotekin ere, arlo politikoan gizarte dinamikoagoa egiten eta finkatzen lagundu izan digu, eta gardenago egin gaitu kudeaketa politikoari dagokionean ere.
Horren ondorio kaltegarri modura, alderdien arteko zatiketa horrek zera ekarri digu: ziurgabetasuna eta, une batzuetan, Euskadin toki esparruko, herrialdeetako eta erkidego mailako nolabaiteko oreka ezegonkorra.
Une honetan bizi ditugun denboretan,zeinetan milaka familia gogor kolpatu dituen eta gure gizartearen sektore zabalak langabeziara kondenatu dituen krisi ekonomiko latzaren joera aldatu ahal delako lehen zantzuak antzeman daitezkeen, erantzukizun politikoak eta hautestontzietan nagusitasunez adierazitako borondateak derrigortzen gaitu akordio zabalaren, elkarrizketa eta konpromiso partekatuaren formula berreskuratzera, aldi berrirako ateak zabal ditzagun.
Hori dela eta, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV) eta Euskadiko Alderdi Sozialista-Euzkadiko Ezkerrak (PSE-EE) udal eta foru erakunde indartsuak bultzatzeko eta babesteko konpromisoa hartu dugu, krisialdi ekonomikoa gainditzeko aukerari erabakimenez ekin diezaioten eta enpleguaren pultsua, hazkundea eta euskal hiritargoaren ongizatea berreskuratzeko lana egin dezaten.
-Jarduketa politikoaren erdian jarriz kalitatezko enplegua sortzeko ekimenak abian jartzeko bultzada, 2013ko irailean izenpetu genuen akordioan jasotzen denarekin bat eginez.
-Herri moderno eta eraginkorra eraikitzeko ekimena berreskuratuz, herritarrei lana emateko, aberastasuna banatzeko eta gizarte zerbitzuak bermatzeko aukera ahalbidetuz.
-Duela gutxi onartu zen zergen erreforma finkatuz, eta progresibotasun irizpidean aurrera egiteko eta iruzur fiskalaren eta elusio fiskalaren kontrako borroka irmo eta erabakigarria eginez, inork ere gizartearen solidariotasunetik ihes egin ez dezan.
-Gure Administrazioak modernizatzeko lanean aurrera eginez, gardenago eta eraginkorragoak izan daitezen, esparru publikoaren kudeaketan efizientzia irizpideak aplikatuz eta sortuko diren beharrizan berriei erantzuteko baliabideak jarriz, herri gisa izango ditugun erronkei aurre egin ahal izateko: zahartzea, langabeziaren kronifikazioa, mendekotasun egoerak, berrikuntza,...
-Gure gizarte ongizate sistemarekiko konpromisoari eutsiz eta berau udaletan garatzeko konpromisoa hartuz, behar besteko finantzaketa jarriz.
Gaurko honetan izenpetzen dugun konpromiso berri hau, talde bien artean 2013ko irailean Euskadi modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa egiteko izenpetu ziren akordioei eransten zaie, eta beronen garapenak dagokion bidea egin beharko du, bakoitzak zilegi dituen desberdintasun ideologikoetatik eta programa ezberdinetatik harago, behar besteko konfiantza eta lankidetza giroa bermatzeko, erakundeen jardun egonkorra bideratzeko, gobernu indartsu eta eraginkorrekin, denok krisitik irtetea ahalbidetzeko eta gizarte zerbitzuei eustea eta denontzako bizitza kalitatea eta ongizatea berreskuratzea bermatzeko.
Kontuan izanik eta argi ikusirik,horiek helburu guztiak gure foru eta toki erakundeetan gehiengo egonkorren bidez baino ez direla lortuko, EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k zera adostu dugu:
1.- BATZAR NAGUSIAK
1.1. Aniztasun politiko printzipioari kalte egin gabe eta erakunde bakoitzak arauz dituen aurreikuspenei men eginez, alderdi biek ordezkaritza izango dute hiru Batzar Nagusietako Mahaietan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), denetan elkarri babesa emanez.
2.-FORU ALDUNDIAK
2.1.Talde biek adostuko dute herrialde gobernurako programa,zeinetan jasoko diren erakunde bakoitzak legegintzaldi osorako ezarriko duen jarduera sektorial bakoitzerako ildo nagusiak.
2.2. PSE-EE-k konpromisoa hartzen du erraztu egingo duela EAJ-PNV-k herrialde bakoitzean Ahaldun Nagusirako proposatuko duen hautagaia aukeratzea.
2.3. EAJ-PNV-ren eta PSE-EE-ren arteko Koalizio gobernuak Herrialde Historiko bakoitzean adostuko dira. Bakoitzeko Gobernu Batzordeak herrialde mailan adostuko eta erabakiko dira.
3.-UDALAK
3.1. Zerrendarik bozkatuena PSE-EE-rena edo EAJ-PNV-rena denean, beste Alderdiko zinegotziek ahalbidetuko dute talde horrek proposatutako hautagaia Alkate aukeratua izatea. Horretarako, gutxien bozkatua den alderdiak ez du hautagaia aurkeztuko, eta boto zuria edo aldeko botoa emango du, egoeraren arabera.
3.2. Zerrendarik bozkatuena beste alderdi edo hauteskunde koalizioarena denean, EAJ-PNV-ko eta PSE-EE-ko zinegotziek alderdi bion artean zerrenda bozkatuenaren aldeko botoa emango dute, zerrenda honek hala eskatzen duen guztietan.
3.3. Alderdi bion arteko elkarrekiko konpromisoa, alkatetza bere eskuetan izango duenak besteari gobernu ardurak edo legegintzaldirako akordioa eskain diezaion, eskaintza jasoko duen alderdiaren borondatearen arabera.
4.- EGONKORTASUN BERMEA
Oro har, EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k hitza ematen dute akordio honetan aurreikusten diren toki eta foru erakundeen egonkortasuna bermatuko dutela, eta hitza ematen dute legegintzaldi osoan ez dutela zentzura moziorik aurkeztuko edo babestuko, eta urteko aurrekontuak elkarrekin negoziatuko dituztela, hauen onarpena ahalbidetzea xede.
Euskadin, 2015eko ekainaren 12an